2024/01/10

Mendibeltz (1411m) eta Xardeka (1440m)

EGUNA: 2024/01/09

ABIAPUNTUA: Irati (1024m)

ZAILTASUNA: S2

DENBORAK:
  • Irati - Mendibeltz : Ordu bat
  • Mendibeltz - Irati : Ordu erdi
  • Irati - Xardeka : Ordu bat
  • Xardeka - Irati : Ordu erdi
NOLA AILEGATU:
Iratira joateko Donibane Garazitik Donazaharrera joanen gara eta hemendik Iratiko ipar eskiko pistak dauden ingurura igotzen den errepidea hartu behar da. Burdinkurutzetako mendatea igo eta bertze aldera jaitsiko gara, pare bat kilometrora ezkerretara hartuz bidegurutzean. Bagargiko mendatea igotzen hasi eta berehala utziko dugu ibilgailua errepidearen ezkerretara korrale baten ondoan dagoen aparkaleku txikian.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc

KRONIKA:
Asteburuko elurteek elurra etxetik hurbil utzi digute eta horrek lanegunetako ordu libreetan jokatzeko aukera ematen du. Hurbilena Saioa ingurua da, baina pixka bat bide gehiago eginda arrastoz beteta ez dauden mendietan eskiatzeak ez du preziorik. Erabakia erraza izan zen beraz!

9:21 : Irati (1024m)
Eguraldi zoragarri eta hotzak eman zigun ongi etorria Iratiko gainetan. Autotik atera, elurra ukitu eta egun ederra izanen zela jakiteak ematen duen pozarekin abiatu ginen goiti.



Oraindik itzaletan zegoen lehen maldatxo hau iganten hasi ginen. 


Bezperan mendi honen magaletan eskiatu zuten eskiatzaile pare batek eta haien arrastoari segituko genion kaskoraino.


Hego isurialdeko magal leuna segitzea bertzerik ez genuen egin behar.


Puntu honetatik gailurra begien bistan genuen. Elur malda zabaletatik ailegatuko ginen bertaraino eta oso-osorik guretako izanen genituen jaitsieran gure bidea egiteko.


Ekialderago Xardeka eta Arthanolatze mendiak daude. Hirurak lotu genituen duela hiru urte Xabik eta biok ibilbide eder eta bakartia osatuz. Ordutik inguru honi estimu berezia diot.


Zuria eta urdina, a zer eguna!


Kaskoaren azpiko partean malda pixka bat eztitzen da momentu batez. Tontorrera ailegatzeko ezkerreko bizkarrera iganen ginen.


Azken bizkarrean... Hemendik ere hego-mendebaldeko malda bikainetik jaitsiera ederra dago errepideraino. Ondoko aldirako ideiak hartuak gelditzen dira.


10:03 : Mendibeltz (1411m)
40 minutuko igoera azkarra eta kaskoan ginen. Haizerik ez, jenderik ez, aunitz gehiago ezin genion eskatu egunari...


Transizoa egin eta eguneko lehen jaitsierari ekin genion. Igoerako bidea baino ekialderago dagoen bizkar batetik jaitsiko ginen errepideraino. Argazkian jaitsiera zati handi bat ikusten ahal da.


10:41 : Irati (1024m)
Errepidean berriz foka-larruak paratu eta bigarren igoerari ekin genion.


Argazkian ikusten den Mendibeltz mendia baino ekialderago dagoen Xardeka aldera abiatu ginen.


Hego-mendebalderantz erortzen den bizkar zabal eta eztitik iganen ginen goitiraino. Galbiderik ez du...


Bizkarraren zati batean harkaitz erraldoiak daude. Elur aunitz zegoenez eskiak kendu gabe pasatu ahal izan ginen haien tartetik. Jaitsiera bizkar zati hau ekialdetik inguratuz eginen genuen eta elur guti dagoelarik hobe da igoera ere hala egitea.


Arroken zatia gaindituta alfonbra zuria kaskoraino...


Argazki honetan errepideraino eskiatuko genuen malda perfektua ikusten da gure azpian. Ez dago lautadarik, ez arbolik, ez ja... Elurra eta elurra!


11:31 : Xardeka (1440m)
Ertz zabal eta horizontaletik azken metroak egin eta eguneko bigarren kaskoan ginen.


Aitzineko mendian pare bat eskiatzaileren markak bazeuden, Xardekako maldak guretako bakarrik harrapatuko genituen. Elurraren kalitatea arras arras ona!

 
12:00 : Irati (1024m)

Hala akitu genuen eguna. Lanera joan behar nuelako, bertzela bertan geldituko ginen bizitzen!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina