EGUNA: 2024/01/13
ABIAPUNTUA: Lazako lepoa (1129m)
ZAILTASUNA: S3
DENBORAK:
- Igoera : 3 ordu
- Jaitsiera : Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Iruñetik Jaka aldera doan autobide berria hartuko dugu Irunberriraino. Irunberriko irteera hartu ondotik, herrian berean, Nabaskoitze aldera joanen gara. Nabaskoitzetik goiti Zaraitzuko bailaran barneratuko gara eta osorik zeharkatuko dugu iparraldera Izaba aldera doan errepidea hartzeko. Errepide honetatik ailegatuko gara Lazako lepora.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Euskal Herriko Pirinioetan segitzen dugu, Nafarroa eta Zuberoa artean zehazki. Asteburuko bigarren egun honetan hegoaldetik abiatu dugu ateraldia, Erronkari eta Zaraitzuko bailarak bereizten dituen Lazako portutik. Abodira neguan igaten garelarik eskuinetara ikusten ditugun elur malda politetara sarbide ona dugu alde honetatik.
9:47 : Lazako lepoa (1129m)
Autoa lepoan utzi eta bertatik iparraldera abiatzen den pista hartuko genuen.
Bi ordu pasatuxean kaskoan ginen, erritmo bizian egindako igoera eta gero. Bertatik Otsogorrigaina nahiko hurbil ikusten da; eta beraz bide aproposa da hegoaldetik Otsogorrigainara eskiz igateko, Aboditik abiatzen dena baino aise aproposagoa.
Kaskoan haize bizia zebilen eta beraz ez ginen aunitzik luzatu. Transizioa burutu eta iparraldera eginen genuen lehen jaitsiera Mulidoiko harantxoan beheiti. Gure asmoa bezperan hemendik ez urrun harrapatutako elur hautsetan eskiatzea zen, baina haizeak eta tenperatura epelak elurraren kalitatea okertua zuten.
12:39 : Mulidoiako harana (1455m)
300 metro inguru jaitsi genituen iparraldera eta harantxoko malda gututzen hasten den puntuan gelditu ginen. Berriz ere foka-larruak paratu eta tontorrera itzultzeko momentua ailegatua zen.
Elhürosoko lepo ingurutik pasatu ginen tontorrerako bidea. Gibelean uzten ari ginena Otsogorrittipia zen.
13:15 : Gaztarrigaina (1733m)
Hala bigarren aldiz gailurrera ailegatu ginen. Haize babesean foka-larruak kendu eta hegoaldera jaisten hasiko ginen.
Udaberriko elurra aurkituko genuen bigarren jaitsiera honetan, goxoa goitian eta pisuagoa beheitian.
Berriz 1100 metrora dagoen punturaino jaitsi ginen. Bertan foka-larruak azkenengoz paratu eta autora itzuliko ginen. Nire ustez, ez du merezi zati honetan fokak paratu eta kentzen gehiago ibiltzea, ez baitago jaitsiera luzerik.
14:58 : Lazako lepoa (1129m)
Aspalditik fitxatuta nuen bertze leku bat ezagutzeko aukera izan genuen honenbestez. Eskiatzeko malda politak eskaintzen ditu eta bakardadea ziurtatua dago, baina ordainsari eskiatzeko moduko maldetara ailegatzeko hiru kilometroko pista zatia zeharkatu beharko dugula da. Hala ere, itzultzeko modukoa izan da!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina