2024/01/15

Binbaleta (1758m), Ezkantola (1511m) eta Izeito (1464m)

EGUNA: 2024/01/12

ABIAPUNTUA: Santa Grazi - Urdatx auzoa (854m)

ZAILTASUNA: S2

DENBORAK:
  • Urdatx - Binbaleta : 3 ordu eta erdi
  • Binbaleta - Ezkantola : Ordu bat
  • Ezkantola - Izeito : Ordu eta erdi
  • Izeito - Urdatx : Ordu erdi
NOLA AILEGATU:
Gure kasuan Izpegiko lepoa zeharkatu eta Behe Nafarroa eta Zuberoan barrena egiten dugun Lojibarrerainokoa. Garazitik Larzabalerako bidea hartu eta hemendik Atharratze aldera doan bidea hartuko dugu. Atharratze gurutzatu eta eskuinetara Santa Grazi eta Larrainera doan bideari segituko diogu. Bi herrietarako bideak bereizten direlarik Santa Graziko bidea hartuko dugu. Santa Graziko lehen auzora ailegatzean eskuinetara asfaltatutako bide batetik Urdatx auzora iganen gara. Hortik goiti igaten den bidean bidegurutze aunitz daudenez, hasmentako puntuaren kokapena duzue azpian. 


ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Mapa eta pantailei ordu luzez begira diseinatutako ibilbideak praktikara eraman eta arrakastatsuak izateak ikaragarrizko poza ematen du. Halako zerbait gertatu zitzaigun ortziralean. Zuberoako mendietan eskiatzeko malda politak mapetan bilatuak nituen, eta baita haiek lotuz bidea pentsatua ere. Baina gero errealitatean ez dakizu zer harrapatzen ahal duzun. Kasu honetan bidea ongi hautatua zela baieztatu ahal izan genuen elur baldintza bikainak lagun.

9:27 : Santa Grazi - Urdatx auzoa (856m)
Asfaltoa akitzen den tokitik beretik Anhauko lepora igaten den pista abiatzen da eta elur pixka bat izanda ere, pista horren zati bat autoz igan ahal izan genuen. Ibilgailua bide bazterrean utzi eta puntu beretik eskiak zangoetan genituela abiatu ahal izan ginen.


Pistatik egin genuen lehen bihurgune hetsia hau utzi arte. Bideak egiten dituen Z batzuk larre elurtuetatik moztuko genituen. GR10 bidearen markak harrapatu genituen zati honetan.


Goitiago berriz ere pista hartuko genuen eta mantsoago iganen genuen Izeito mendiaren hego-aurpegia bertatik zeharkatu genuen.


Erran bezala, pista Izeitoren hego aurpegi tentea zeharkatzen du. Aitzineko asteburuko elurteen ondorioz elur-jausiak erori ziren aurpegi honetan beheiti. Zati arriskutsua da beraz elurra egin berritan eta hobe da halakoetan gailurretik pasatzea pista honetatik baino.


Hego aurpegiko zeharkaldia akituta, Izeixiloako etxola inguruan baso ttipi batean sartzen da pista.


Guk hemen berriz ere Z zabal bat zuzenean iganez moztuko genuen.


Altuera irabazten...


Berriz ere pista nagusira atera eta Anhauko leporako azken metroak egin genituen. Eskuinetara metro gutira utziko genuen Izeitoko gailur borobila.


Gure gibelean Anhauko etxolak eta Auñamendi...


10:54 : Anhauko Khürütxea (1381m)
Pistak lepoa zeharkatu eta bertze aldean Zuberoako tontorrik altuenak ikusarazi zizkigun: Xardekagaina, Orhi...


Paraje ederrak...


Lepotik hegoaldera biratu eta aitzinera segitzen du pistak.


IGN mapetako 1408 metrora dagoen bizkarra pasatu eta metroak galtzen hasten da pista Zakiko erreka zeharkatu arte. Puntu honetatik Binbaleta mendia parean genuen eta bertara ailegatzeko malda etzanak identifikatu genituen.


Eskuinetara Sakiako etxola utziko genuen.


Pista Ezkantolako etxola inguruan akitzen da, izen bereko gailurraren azpian. Geroago iganen ginen horra ere.


Arestian erran bezala, Binbaletara iparraldetik igaten diren maldak etzanak eta zabalak dira. Haietatik segituko genuen leporaino eta gero kaskora.


12:00 : Binbaletako lepoa (1677m)
Lepotik Erronkariko bailararako ikuspegia irekitzen da. Kartxela mendia gibelean utzita gailurrerako azken metroak iganen genituen. 


12:12 : Binbaleta (1758m)
Eskiak zangoetan genituela ailegatu ginen gailur errazera.


Egun osoan bezala, gailurrean ere bakar-bakarrik ginen, eguraldi ederra, elur hauts arina gure zain... Ezin gehiago eskatu...


Gailurrean egonalditxoa eginda, zuzenean ipar-mendebaldeko maldetatik jaisten hasi ginen. Elur bikaina harrapatu genuen lehen metroetatik eta hala izanen zen egun osoan.


Malda osoak guretako bakarrik...


Lehen malda jaitsita, gibelera begiratu eta gure arrastoak ageri ziren desertu zurian...


13:05 : Ezkantolako Olha (1422m)
300 bat metroko altuera jaitsita Ezkantolako etxola ingurura itzuli ginen. Hemendik pixka bat gehiago jaisten segitzen ahal da Anhauko lepo aldera itzultzen den pista igan baino lehen. Hala ere, jaitsieraz gehiago gozatzeko hobe da pistatik itzuli ordez Ezkantolako gainera igatea.


Hala egin genuen guk. Foka-larruak paratu eta gailurrerako metro urriak igaten hasi ginen. Bizkarretik iganen ginen eta argazkian ikusten den irtengunea eskuineko aldetik inguratuko genuen.


Inguratzea hego-ekialdeko malda tenteetatik egiten da eta elur baldintza onak behar dira malda hau segurtasunez zeharkatzeko.


13:19 : Ezkantola (1511m)
Hala plantatu ginen eguneko bigarren kaskoan. Transizioa egiteko geldialditxoa egin eta iparraldera bigarren jaitsiera eginen genuen.


Bigarren jaitsiera oraindik lehena baino hobea izan zen. Elur hautsezko malda leunetatik Anhauko etxolara egine genuen jaitsiera ez dugu aise atzenduko.


13:43 : Anhauko Olha (1279m)
Etxola irekia bisitatu, foka-larruak paratu eta Anhauko Khürütxera igaten den pista hartuko genuen berriz. Berez nahi izanez gero pistaz pista beheiti egiteko aukera genuen goizean igandako bidetik, baina jaitsieraz gehiago gozatzeko Izeito mendiaren ipar aurpegia eskiatu nahi genuen.


Berriz goiti arrastoa irekitzen...


14:18 : Anhauko Khürütxea (1381m)
Ordu batzuk lehenago egondako lepora itzuli eta eskuinetara biratuta Izeitorako azken metroak igan genituen.


Kaskora ailegatzen...


14:44 : Izeito (1464m)
Lepotik 80 metro eskas bertzerik ez dira ign behar gailurrera ailegatzeko. Honenbertzez, eguneko igoerak akituak genituen eta azken jaitsieraz gozatzeko ordua ailegatua zen.


Gailurretik ipar-ekialderantz jaitsi ginen basoen arteko bizkar politetik eski-saio zuzena eginez autoa utzitako lekuraino bereraino.


15:18 : Santa Grazi - Urdatx auzoa (856m)
Aldez aldeko irribarrearekin akitu genuen leku bakarti honetan egindako ibilbide ederra. Aurreikusitakoak aise gainditu zituen egunak.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina