2024/01/02

Auza (1306m)

EGUNA: 2024/01/01

ABIAPUNTUA: Erratzu (285m)

ZAILTASUNA: Erraza

DENBORAK:
  • Igoera (Mazatik): 3 ordu
  • Jaitsiera (Elortatik): Ordu eta erdi
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc

KRONIKA:
Joan den egunean nonbait aditu nuen euskaldunon erdiek urtea parrandan hasten dugula eta bertze erdiek, aldiz, mendiren batean. Aurtengoan bigarrena hautatu dut nik ere eta zer hobe horretarako gu mendi kuttunera joatea baino. Kasu honetan Auza mendiaren bi bide lotu ditut: Mazakoa igateko eta Elortakoa jaisteko.

9:57 : Erratzu (285m)
Goiza fresko zela abiatu nintzen etxetik. Herritik beretik Xorroxin ur-jauziko ibilbidea segitzen hasiko nintzen.



Bide polita da, jendetsua uda partean, baina nik ez nuen inor gurutzatuko.


Gorostapolo lehen zatitik...


Xorroxingo bidea bidegurutzera honetara ailegatu arte segitu nuen. Hemen ezkerreko pista hartuko nuen Iñarbegira doan PRaren markak segituz. Bide honek pistatik egiten ditu lehen metroak, baina erne egon behar da eskuinetara ateratzen den bidexenda bat hartu behar baita goitiago.


Bidexendan jadanik... Altuera arras mantso irabazten da eta arras erosoa da.


Auza aldea bidetik, beranduago hor gainean egonen nintzen...


Zati batzuen kaltzada zaharraren gainetik doa bidea...


Bidexenda Iñarbegira igaten den errepidean akitzen da. Errepide hau hartu eta bertatik segituko nuen. 800 bat metro egin eta seinale hau dagoen pista ezkerretara ateratzen den pista bat hartu behar da.


Pista ere segidan utzi eta belai bat inguratzen duen bidexka bat hartu nuen. Belaitik goiti argazkiko iratzalekutik segitzen du bidexka ahulak. Hemendik goiti gupidarik gabe irabazten da altuera goitian ikusten den tontortxoraino.


Iratzelekutik amezti batera pasatzen da bidea eta 400 bat metroko malda igaten du. Gibelean Iñarbegiko baserrian beheitian gelditzen hasiak ziren...


Malda tenteena Maxilgo Harria (992m) deitzen den bizkar inguruan akitzen da, borda honen ondoan zehazki. Puntu horretan Iñarbegitik paraje honetara igaten zen pista zaharra hartuko dugu. Auzako kaskoa ere ikusgai dago leku horretatik...


Malda tenteenak gibelean utzita, zati erosoa da Mazako bizkarra deitzen den goi-lautada hau zeharkatzen duena. Erosoa eta ikuspegi ederra eskaintzen duena...


Mazara ailegatzen den pista garai batean bertako harriak ustiatzeko erabiltzen zuten eta kamioiak igaten ziren puntu honetaraino. Orain, ordea, leku bakartia da eta apenas ikusiko nuen behorren bat edo bertze. Auza ailegatzeko bizkarretik goiti altxatzen diren bi puntatxo inguratu behar dira. 


Baztangoiza aldea Mazatik...


Erregarri izeneko tontortxoa ezkerretik inguratzen du bideak...


Berriz bizkarrera ateratzeko...



Hala harresi honen azpiko aldera ailegatuko nintzen. Hemen ibili nintzen azken aldian harresia zuzenean gainditu nuen, baina oraingoan eskuinetik inguratu eta gero berriz bizkarrera ateratzeko ezkerretara malda tentea iganen nuen.


Harresia gaindituta bertze malda bat igan eta Auzaren mendebaldeko sasigailurrera ailegatu nintzen. Gailurraren inguruko zati harritsu berezia zeharkatu eta kaskoan egonen nintzen. 


11:48 : Auza (1306m)
Gailurrean  egonaldi luze samarra egin nuen eguraldi ona lagun.



Jaitsiera Izpegi aldera jaisten den bide ezagunetik eginen nuen. Horretarako, kaskotik beheiti ekialdera malda tentea jaitsi behar da Harrigorri aldera...


Harrigorri ingurutik pasatzen da GR10a eta 11a lotzen dituen GRa. Horri segituko nion Elorrietako leporaino pagadi maldatsuan.


Lasterka, minutu gutian harrapatuko nituen Elorrietako lepoko larre ederrak. Hemen GRa utzi eta Elortako erreka gurutzatuta, eskuinetara atertazen den lehen bidetik jaitsiko nintzen.


Bidea pagadi polit batetik beheiti jaisten da eta Elortako pista nagusiarekin elkartzen da.


Behin pista nagusia hartuta, hura segitzea bertzerik ez zen gelditzen, lehenik Larreta auzora eta gero handik Iñarbilera. Eskuineko aldean Olateko Ttutturru polita utziko nuen.


Iñarbilgo askan tragoxka bat...


13:01 : Erratzu (285m)
...eta bermuteko ordurako berriz herrian nintzen. Urteari ekiteko modu aski polita!



















iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina