2015/11/29

Col d'Aoube (2369m)

EGUNA: 2015/11/29

IRTEERA: Tournaboup (1450m)

ZAILTASUNA:
  • Eski zailtasuna: S2
DENBORA:
  • Igoera: 2 ordu eta erdi
  • Jaitsiera: Ordu bat
NOLA IRITSI:
Lourdes hiritik hegoaldera joanda, Argeles eta Luz Saint Sauveur herrietara iritsiko gara hurrenez hurren. Azken herri honetan Tourmalet mendate mitikorako bidea hartu behar da eta Tournaboupeko aparkalekura igo.
Tournaboupeko aparkalekua gauean

DESKRIBAPENA:
Hasi dugu aurtengo eski denboraldia eta elur eta egun bikainarekin hasi ere. Lehen elurteak elurra nahiko altu utzi badu ere, Pirinioek aukera anitz eskaintzen dituzte elur horretaz gozatzeko. Horietako bat da Bareges eski estazio ingurua, zalantzarik gabe klasiko bat eskiatzaileen artean. Barbe, Bedera, Onceteko lepoa, Aoubeko lepoa, Bonida... aukerak ugariak dira.


 9:15 : Tournaboup (1450m).
Furgonetan gau hotza pasa eta gero, presa gehiegirik gabe abiatu ginen, eguzkiari bere lana egiten uzteko.


Lehen metroak errepidetik eginda, 1650 metro inguruan errepidea utzi eta Aoubeko bailaratxoan barneratu ginen.


10:15 : Cabanes d'Aoube (1850m).
Lehen malda bat gaindituta, Aoubeko etxolen lautadatxora ailegatu ginen.


11:02 : Lac d'Aouda (2225m).
Bertze malda tenteago bat gainditu eta Cremat eta Pene Blanque mendiek osatzen duten zirkura ailegatu ginen. Eskuinean Onceteko lepoa ageri da, izen bereko mendia eta Pene Blanqueren artean; ezkerrean berriz, gu igoko ginen Aoubeko lepoa.


11:44 : Col d'Aoube (2369m).
Bertze malda tenteago bat eta kornisa delikatu bat zeharkatuta lepora ailegatu ginen. Berez asmoa bertze aldera jaitsi eta ibilbide zirkular bat egitea zen. Baina, bertze aldea elur gutxirekin zegoenez, igotako bidean harrapatutako elurra aprobetxatzea erabaki genuen.


Honela denboraldiko lehen jaitsiera elur bikainetik egin genuen.


13:51 : Tournaboup (1450m).
Berriz ere autoan, trasteak bildu eta etxera.


BIDEOA:

2015/11/14

Ballibierna (3067m), Culebres (3062m)


EGUNA: 2015/11/14

IRTEERA: Embalse de Llauset (2200m)

ZAILTASUNA:
Nahiko erraza (F+). Teknikoki ez da ibilbide zaila baina hainbat puntutan bidea aldeetako bertikalitateak inpresio handia eragin dezake. Hauxek dira ibilbideko puntu klabeak:
  • Ballibiernako sasigailurretik gailurrera doan ertza: Ez da zaila baina bi aldeetara erorketa handia du. Estu xamarra da eta ezin da hutsik egin.
  • Pas de Cavall: Ballibierna eta Culebreseko gailurren arteko ertz zatia da. 20 bat metroko luzera izanen du baina arras estua da eta erorketa handia du bi aldeetara. Iparraldera plaka inklinatu bat da, baina 300 bat metroko erorketarekin. Hegoaldera berriz, erorketa ttikiagoa izan arren bertikalagoa da.
  • Culebresen hegoaldeko jaitsiera: Llauseteko lepora ailegatzeko hainbat destrepe egin behar dira (I).
DENBORAK:
  • Embalse de Llauset - Ballibierna (Xelateko lakutik): 3 ordu eta erdi
  • Ballibierna - Culebres : 10 minutu
  • Culebres - Embalse de Llauset (Llauseteko lepotik): 2 ordu
NOLA IRITSI:
Euskal Herriko iparraldetik joanez gero, errazena A64 autopistatik joatea da. Bertatik Lleida/Bagneres de Luchon irteeraraino segitu eta irteera hau hartuta Lleidako norabideari jarraituko diogu une oro. Val d'Aranera ailegatuko gara horrela. Hemen Vielha zeharkatu eta tunela pasata Aneto herrira ailegatuko gara. Herri honetatik goiti abiatzen da Llauseteko urtegiraino igotzen den bidea, egoera kaskarrean dagoena. Azken zatian tunel ikusgarri bat zeharkatzen du bideak.

DESKRIBAPENA:
Astebete lehenago egindako saiakeraren ondotik gelditu zitzaidan arantzatxoa atera nahi nuen eta berriz Aran aldera itzultzeko aukera ezin nuen pasatzen utzi. Ortziral arratsaldean abiatu ginen Aran aldera bertan asteburua pasatzeko asmoz. Asteburuko plater nagusia tarunbatean eginen genuen Ballibierna igotzeko saiakera izanen zen.

7:58 : Embalse de Llauset (2200m).
Azaroko udatxoak aitzinera segitzen zuen eta ez zegoen hotz handirik Llauseteko urtegian. Aste batez elur pixka bat joan zen, ipar aurpegietan izan ezik. Eguna bikaina!! Ezin genuen hutsik egin.



Aparkalekuaren ondoko tunela zeharkatu eta lehen seinalean Ballibiernako gailurrera eramanen gintuen bidea hartu genuen. Igoera lakuen bidetik eginen genuen, jaitsiera aldiz Llauseteko lepotik. Horrela egitea gomendatzen dut nik. Izan ere, igoera eztiagoa da lakuen inguruetan atsedenguneak daudelako. jaitsiera aldiz arras zuzena, baina baita erosoa ere, Llausetetik beheiti bidexka erosotik egiten baita.


Lakua inguratu genuen marka zuri-gorrien segika.


Lakua inguratuta bertze seinale batera ailegatu ginen. Hemen, erran bezala, lakuetako bidea hartuko genuen igoeran eta bertze aldetik jaitsiko ginen ibilbide zirkularra eginez.


Ipar aurpegietan elurrak bere horretan dirau. Gutti hala ere azaroaren erdia izateko.


8:39 : Cabaña del Botornas (2343m).
Lehen malda gaindituta etxola hau utzi genuen gure eskuinetara. Bisitatxo bat egiteko aprobetxatu genuen. Nahiko sinplea da, baina ez dago gaizki.


Etxola pasata segidan izen bereko lakura ailegatu ginen.


Inguru ederra da lakukoa.


Gure ezkerretan utziko genuen Cap de Llauseteko errekaren bazterretik segituko genuen goiti, iparralderantz.


Segidan begiztatu genuen Cap de Llauseten eraikitzen ari diren aterpe berria. Laster irekita egonen omen da. GR11ren ibilbidean kokatua dago.


Bertze malda bat igota lehen aldiz bistaratu genuen Ballibiernako gailurra. Zuri-zuri zegoen, dotore, edozein mendizale beregana erakartzeko moduan.


Azken maldara ailegatu aitzinetik ordea Coma Arnauko lakuak inguratu behar genituen, hirurak gure ezkerretara utziz.


Coma Arnauko erdiko lakua, ederra!



Azken malda gero eta hurbilago...


10:04 : Estany Xelat (2760m).
Metroak irabazi ahala ingurunean gero eta ikusgarriagoa da. Xelateko lakura ailegatzean Aneto, Tempestades eta Rusell mendiek ongi-etorria egiten digute. Puntu honetan hasten da azken malda, beraz geldialdia egin genuen kranpoiak janzteko eta zerbait jateko.


Azken maldak zati tente batzuk baditu, baina elurra baldintza bikaina aurkitu genuen eta aunitz gozatu genue zati horretan.


Azken metroak ertzera ateratzeko...


10:57 : Antecima Este de Ballibierna (3035m).
Ballibiernako sasigailurrera ailegatuta ertza hasten da. Teknikoki ez da zaila, baina aereoa da eta gainera elur pixka bat aurkitu genuen guk. Kranpoiak jantzita pasa genuen beraz eta horrek harrizko zatietan nahiko baldar ibiltzea eragin zigun.


Hasieran nahiko zabala da ertza, baina gero pixka bat estutzen da. Iparraldeko aurpegian pilatuta zegoen elurrak zirrara eragiten zuen.


11:06 : Ballibierna (3067m).
Ertza gaindituta gailurra harrapatu genuen. Ikusgarria da!!


Gailurrera ailegatzen...


Poza nabaria zen gure aurpegietan. Mendi ederra, eguraldi ona eta gainera bakar-bakarrik ginen kaskoan.


Ballibiernatik Culebreseko gailurra hurbil dago, baina horretarako Pas de Cavall pausua gainditu behar da. 20 bat metroko pausu estua, Gure kasuan elur pixka batekin zegoena...


Zalantza batzuk izanda, xerpa bidali genuen ingurua aztertzera.


Eta horrela, hirurek uste baino errazago gainditu genuen.


Culebresera ailegatzen...


11:40 : Culebres (3062m).
Eguneko bigarren tontorra sakelera! Gailurretik Aneto eta inguruko mendietara bista ederra dago.


Gailurreko argazkia.


Gure oinetan Ballibiernako harana eta urrunago Monte Perdido, Bachimala, Posets eta Perdigueroko mendilerroak.


Culebres utzi eta gure ibilbidea segitu genuen. Erran bezala, igotako bidetik jaitsi ordez hegoaldera jaitsiko ginen, lehenik destrepe batetik Culebreseko sasigailurrera.


Llauseteko urtegia Culebreseko sasigailurretik.


Bertze destrepe batek Llauseteko lepora eramanen gintuen. Zorteko geunden, destrepe hauek elurrik gabe baitzeuden. Elurrarekin dexente zailagoak bihurtuko dira.


12:18 : Coll de Llauset (2865m).
Culebreseko sasigailurra eta bere hegoaldeko destrepea lepotik ikusita. Pareta horretatik jaitsi ginen.


Lepotik beheiti berriz zailtasun guztiak akitu ziren. Gainera, paisaia bolkanikoan bidexla arras erosoa da jaisteko, harri txikiekin.


Llauseteko bailara goitik behera zeharkatu eta lakuaren hasierara ailegatu ginen. Puntu honetan itxi genuen ibilbide zirkularra. Lakua goizejko bidetik inguratzea bertzerik ez zen gelditzen mendi buelta bikaina akitzeko.


14:08 : Embalse de Llauset (2200m).
Hasi eta sei ordu geroago akitu genuen ibilbidea. Laku bukolikoak, ertz bertikalak, elurra, eguzkia, ezin da gehiago eskatu!!


BIDEOA:


2015/11/11

Alkaxuri (967m), Gorramakil (1087m)

EGUNA: 2015/11/11

IRTEERA: Sumutsuko Borda (150m)

ZAILTASUNA: 
  • Erraza (F). Ibilbide luze xamarra baina zailtasunik gabea. Alkaxurirako igoeran trepada erraz batzuk egin behar dira.
DENBORA:
  • Sumutsuko Borda - Alkaxuri : 2 ordu
  • Alkaxuri - Gorramakil : Ordu bat
  • Gorramakil - Mehaka : Ordu bat
  • Mehaka - Sumutsuko Borda : 3 ordu
NOLA IRITSI:
Baztango bailaran dagoen Otsondoko lepo ezagunera joan behar da. Hemen Gorramendira igotzen den errepidea hasten da. Errepide horretatik goiti Itzulegiko Leporaino joan behar da. lepo honetatik ateratzen da Aritzakungo errekara jaisten den pista. Pista honetatik jaitsiko gara (egoera onean) beheitiraino Aritzakun guzia zeharkatuz. Bailararen akabailan zubi bat ikusiko dugu etxe baten ondoan. Zubi horren ondoan utziko dugu autoa. Puntu honetara Behe Nafarroako Bidarrai herritik ere ailega daiteke, Errolanen Pausu ezagunean barrena.
Alkurruntz mendia eta Baztan lainopean, Otsondotik Gorramendi aldera doan errepidetik

DESKRIBAPENA:
San Martingo uda egun ederrak uzten ari zaigu eta ahalik eta hoberen aprobetxatzen saiatu behar. Aspalditik buruan nuen ibilbidea egiteko aukera izan dugu. Alkaxuri edo Irubelakaskoa mendia igo ipar-ekialdeko ertzean goiti, gero Gorramakilen barrena Mehakaraino joan eta hemendik Urritzateko erreka osoa zeharkatuz berriz autora itzultzeko. Bortz izarreko ibilbidea, dudarik gabe!



8:44 : Sumutsuko Borda (150m).
Autoa lehen benta izandakoaren ondoan utzi eta goiti abiatu ginen.


Igoera latza genuen esperoan, 800 metroko desnibela egiten baita ia atsedenik gabeko bidean.


Aritzakungo bazterrak ilun zeuden. Bagenekien ordea behe-lainoa bertzerik ez zela.


Metro batzuk igota laino akitzen zen lekura ailegatu ginen eta hemendik aitzin hasi zen ikuskizuna.


Itsusiko Harriak lainoaren gainetik.


Lehen malda gogorrak igota, Ezkieta mendia inguratzen du bidexkak eta momentu horretan agertzen zaigu lehen aldiz Alkaxuri edo Irubelakaskoa mendia.


9:25 : Ezkietako lepoa (585m).
Metro batzuk galdu eta Ezkietako lepora ailegatu ginen. Ziztu bizian pasa genuen lehen zatia, oraindik erdia gelditzen zen ordea.


Ezkietako lepotik goiti oihan eder batean sartzen da bidexka.


Zoragarria zegoen oihan zati hau.


Oihanaren goitiko partean borda zahar honetara ailegatu ginen. Hemendik aitzin oihana akitzen da.


Bidea ipar-ekialdeko aristara ateratzen da eta hortik egiten dira gailurrerainoko azken metroak.


Aristak ez dauka inongo zailtasunik. Gainera, pausu txarrenak ezker edo eskuinetik inguratzen dira.


Azken metroak, igotako bide guzia gibelean dugula.


10:02 : Alkaxuri edo Irubelakaskoa (967m).
Horrela lehen izerdiak botata gailur eder honetan plantatu ginen. Ez hartu denborak kontuan, erritmo bizian igo baikinen.


Bertze aldera segitu beharreko bidea genuen. Lehenik metro batzuk galduko genituen Gorostiko lepora. Gero, Gorramakilera igoko ginen eta handik errepide zaharra hartuta lehendabizi eta pista bat gero Mehakako leporaino. Mehaka Gorramakilen ezkerretara dagoen mendi lerrotxoan ikusten den bigarren lepoa da. Hortik beheiti Urritzateko bailaratxo luzea zeharkatuko genuen.


Urritzateko erreka.


Beraz luze gabe martxan ginen berriz ere Alkaxuri gibelean utzita, bide luzea baikenuen aitzinetik.


10:25 : Gorostiko lepoa (810m).
Belarrezkoa alfonbratik segidan ailegatu ginen Gorostiko lepora. Hemendik, argazkian ezkerretan ikusten den Gorramakilgo malda igotzea tokatzen zitzaigun.


Gorramakilgo azken maldara bidean.


Gibelean Alkaxuri eta hurbilago Akomendi., igotzen ahal den bertze mendi bat.


Azken metroak Gorramakilgo gailur zabalera ailegatzeko.


10:55 : Gorramakil (1087m).
Bi ordu eta hamar minutuz Gorramakilen ginen, uste baino lehenago, hiru bat ordu beharko genituela kalkulatzen baikenuen. Bertatik ikuspegi ederra dago Lapurdi aldera, kasu honetan laino estalita ikuskizun ederra genuen. Larrun mendia laino-itsasoko irla bat izanen balitz bezala, baita ezkerrerago Aiako Harriak ere.


Gorramakilgo gailurretik errepidea hartuko genuen zati batean, soldadu amerikarrek bere garaian bertara igotzeko egindakoa.


Bigarren kaskoa sakelera...


Pirinioak urrunean...


Gorramakilgo tontorrean bi iruindarrekin elkartu ginen eta solasaldi luzea egin genuen. Denboraz uste baino hobe gindoazen egia erran. Haiekin eginen genuen Mehaka arteko zatia ere. Agur bat irakurtzen badute.


Egun ederra soroetan etzanda egoteko.


Iparla ingurua Mehakara jaisteko pistatik.


Auza handia eta bere magalean Larreta auzoa, nire sorlekua...


12:08 : Mehaka (700m).
Lehenik errepide zaharretik eta gero Aizpitzako antenen ondotik ateratzen den pistatik Mehakako leporaino ailegatu ginen. Hemen iruindarrak agurtu eta zerbait jateko geldialditxoa egin genuen. Oraindik bide luzea genuen Urritzateko errekan beheiti. Bide hori, irudian ikusten den ehiza-postuaren ondotik ezkerretara abiatzen da.


Hala sartu ginen Urritzateren erraietara. Garai bateko bide zaharrean beheiti. Leku magikoa dudarik gabe. Harri hauek solastatuko balira...


Zubi polita bide zaharrean.


Lehen borda batera ailegatu ginen.


Konpontzen ari diren borda ederra.


Garai batean, duela urte batzuk arte hogei baserri ingurutan jendea bizi zen. Nafarroako bailararik galduenetarikoa izanen da, galduena ez bada. Argirik gabe, zibilizaziotik urrun, baina gaur egun guk ez dugun lasaitasunaz. Zalantzarik gabe, garai horretan bide hau erabiliagoa izanen zen.


Urritzate %100...


Bide zati batzuetan garai bateko kaltzada kontserbatzen da. Garai batean Bidarrai eta Erratzu lotzen zituen kaltzada da. Kontrabandoa, merkantziak, aziendaren joan-etorriak, bide honetatik joaten ziren baserri hauetako haurrak Erratzuko eskolara ere. Gaur egun ordea, zuhaitzak erortzen ari dira, errekak bertze bide zati batzuk eraman ditu eta sasiek ere beren lana egin dute. Naturak bere legea betetzen du, garai bateko nekazarien eskulanetik libre.


Bide zaharra luzea da arras eta azkenean pista honetara ateratzen da. Interesa galtzen du hemendik Sumutsuko bordarainoko bideak. Irudian, ikusten da Bidegorrietako borda ere. Garai bateko urritzateren azken lekukoak. Duela urte gutti arte, argirik gabe bizi ziren, baina hor segitu dute naturarekin eskuz esku bizitzen. Azken mohikanoak!


14:17 : Sumutsuko Borda (150m).
Urritzateren erraietara egindako bidaiak ordea bere bukaera zuen, normala den bezala. Sentsazioz betetako bidaia. Bikaina!


BIDEOA: