2015/11/14

Ballibierna (3067m), Culebres (3062m)


EGUNA: 2015/11/14

IRTEERA: Embalse de Llauset (2200m)

ZAILTASUNA:
Nahiko erraza (F+). Teknikoki ez da ibilbide zaila baina hainbat puntutan bidea aldeetako bertikalitateak inpresio handia eragin dezake. Hauxek dira ibilbideko puntu klabeak:
  • Ballibiernako sasigailurretik gailurrera doan ertza: Ez da zaila baina bi aldeetara erorketa handia du. Estu xamarra da eta ezin da hutsik egin.
  • Pas de Cavall: Ballibierna eta Culebreseko gailurren arteko ertz zatia da. 20 bat metroko luzera izanen du baina arras estua da eta erorketa handia du bi aldeetara. Iparraldera plaka inklinatu bat da, baina 300 bat metroko erorketarekin. Hegoaldera berriz, erorketa ttikiagoa izan arren bertikalagoa da.
  • Culebresen hegoaldeko jaitsiera: Llauseteko lepora ailegatzeko hainbat destrepe egin behar dira (I).
DENBORAK:
  • Embalse de Llauset - Ballibierna (Xelateko lakutik): 3 ordu eta erdi
  • Ballibierna - Culebres : 10 minutu
  • Culebres - Embalse de Llauset (Llauseteko lepotik): 2 ordu
NOLA IRITSI:
Euskal Herriko iparraldetik joanez gero, errazena A64 autopistatik joatea da. Bertatik Lleida/Bagneres de Luchon irteeraraino segitu eta irteera hau hartuta Lleidako norabideari jarraituko diogu une oro. Val d'Aranera ailegatuko gara horrela. Hemen Vielha zeharkatu eta tunela pasata Aneto herrira ailegatuko gara. Herri honetatik goiti abiatzen da Llauseteko urtegiraino igotzen den bidea, egoera kaskarrean dagoena. Azken zatian tunel ikusgarri bat zeharkatzen du bideak.

DESKRIBAPENA:
Astebete lehenago egindako saiakeraren ondotik gelditu zitzaidan arantzatxoa atera nahi nuen eta berriz Aran aldera itzultzeko aukera ezin nuen pasatzen utzi. Ortziral arratsaldean abiatu ginen Aran aldera bertan asteburua pasatzeko asmoz. Asteburuko plater nagusia tarunbatean eginen genuen Ballibierna igotzeko saiakera izanen zen.

7:58 : Embalse de Llauset (2200m).
Azaroko udatxoak aitzinera segitzen zuen eta ez zegoen hotz handirik Llauseteko urtegian. Aste batez elur pixka bat joan zen, ipar aurpegietan izan ezik. Eguna bikaina!! Ezin genuen hutsik egin.



Aparkalekuaren ondoko tunela zeharkatu eta lehen seinalean Ballibiernako gailurrera eramanen gintuen bidea hartu genuen. Igoera lakuen bidetik eginen genuen, jaitsiera aldiz Llauseteko lepotik. Horrela egitea gomendatzen dut nik. Izan ere, igoera eztiagoa da lakuen inguruetan atsedenguneak daudelako. jaitsiera aldiz arras zuzena, baina baita erosoa ere, Llausetetik beheiti bidexka erosotik egiten baita.


Lakua inguratu genuen marka zuri-gorrien segika.


Lakua inguratuta bertze seinale batera ailegatu ginen. Hemen, erran bezala, lakuetako bidea hartuko genuen igoeran eta bertze aldetik jaitsiko ginen ibilbide zirkularra eginez.


Ipar aurpegietan elurrak bere horretan dirau. Gutti hala ere azaroaren erdia izateko.


8:39 : Cabaña del Botornas (2343m).
Lehen malda gaindituta etxola hau utzi genuen gure eskuinetara. Bisitatxo bat egiteko aprobetxatu genuen. Nahiko sinplea da, baina ez dago gaizki.


Etxola pasata segidan izen bereko lakura ailegatu ginen.


Inguru ederra da lakukoa.


Gure ezkerretan utziko genuen Cap de Llauseteko errekaren bazterretik segituko genuen goiti, iparralderantz.


Segidan begiztatu genuen Cap de Llauseten eraikitzen ari diren aterpe berria. Laster irekita egonen omen da. GR11ren ibilbidean kokatua dago.


Bertze malda bat igota lehen aldiz bistaratu genuen Ballibiernako gailurra. Zuri-zuri zegoen, dotore, edozein mendizale beregana erakartzeko moduan.


Azken maldara ailegatu aitzinetik ordea Coma Arnauko lakuak inguratu behar genituen, hirurak gure ezkerretara utziz.


Coma Arnauko erdiko lakua, ederra!



Azken malda gero eta hurbilago...


10:04 : Estany Xelat (2760m).
Metroak irabazi ahala ingurunean gero eta ikusgarriagoa da. Xelateko lakura ailegatzean Aneto, Tempestades eta Rusell mendiek ongi-etorria egiten digute. Puntu honetan hasten da azken malda, beraz geldialdia egin genuen kranpoiak janzteko eta zerbait jateko.


Azken maldak zati tente batzuk baditu, baina elurra baldintza bikaina aurkitu genuen eta aunitz gozatu genue zati horretan.


Azken metroak ertzera ateratzeko...


10:57 : Antecima Este de Ballibierna (3035m).
Ballibiernako sasigailurrera ailegatuta ertza hasten da. Teknikoki ez da zaila, baina aereoa da eta gainera elur pixka bat aurkitu genuen guk. Kranpoiak jantzita pasa genuen beraz eta horrek harrizko zatietan nahiko baldar ibiltzea eragin zigun.


Hasieran nahiko zabala da ertza, baina gero pixka bat estutzen da. Iparraldeko aurpegian pilatuta zegoen elurrak zirrara eragiten zuen.


11:06 : Ballibierna (3067m).
Ertza gaindituta gailurra harrapatu genuen. Ikusgarria da!!


Gailurrera ailegatzen...


Poza nabaria zen gure aurpegietan. Mendi ederra, eguraldi ona eta gainera bakar-bakarrik ginen kaskoan.


Ballibiernatik Culebreseko gailurra hurbil dago, baina horretarako Pas de Cavall pausua gainditu behar da. 20 bat metroko pausu estua, Gure kasuan elur pixka batekin zegoena...


Zalantza batzuk izanda, xerpa bidali genuen ingurua aztertzera.


Eta horrela, hirurek uste baino errazago gainditu genuen.


Culebresera ailegatzen...


11:40 : Culebres (3062m).
Eguneko bigarren tontorra sakelera! Gailurretik Aneto eta inguruko mendietara bista ederra dago.


Gailurreko argazkia.


Gure oinetan Ballibiernako harana eta urrunago Monte Perdido, Bachimala, Posets eta Perdigueroko mendilerroak.


Culebres utzi eta gure ibilbidea segitu genuen. Erran bezala, igotako bidetik jaitsi ordez hegoaldera jaitsiko ginen, lehenik destrepe batetik Culebreseko sasigailurrera.


Llauseteko urtegia Culebreseko sasigailurretik.


Bertze destrepe batek Llauseteko lepora eramanen gintuen. Zorteko geunden, destrepe hauek elurrik gabe baitzeuden. Elurrarekin dexente zailagoak bihurtuko dira.


12:18 : Coll de Llauset (2865m).
Culebreseko sasigailurra eta bere hegoaldeko destrepea lepotik ikusita. Pareta horretatik jaitsi ginen.


Lepotik beheiti berriz zailtasun guztiak akitu ziren. Gainera, paisaia bolkanikoan bidexla arras erosoa da jaisteko, harri txikiekin.


Llauseteko bailara goitik behera zeharkatu eta lakuaren hasierara ailegatu ginen. Puntu honetan itxi genuen ibilbide zirkularra. Lakua goizejko bidetik inguratzea bertzerik ez zen gelditzen mendi buelta bikaina akitzeko.


14:08 : Embalse de Llauset (2200m).
Hasi eta sei ordu geroago akitu genuen ibilbidea. Laku bukolikoak, ertz bertikalak, elurra, eguzkia, ezin da gehiago eskatu!!


BIDEOA:


2 iruzkin:

  1. Azkenean igo zenituzten eh????

    Ballibierna eta Culebres arteko pausua ikusgarri eta ikaragarria benetan.

    Bi mendi hauek aspalditik igotzeke ditugu, zure kronika irakurri eta bideoa ikusteak gogo biziak piztu dizkit jejejeje.


    Ondo izan eta eman eurreeeeee!!!!!

    ErantzunEzabatu
  2. Aupa Xabi!!

    Bai arantzatxoa gelditu zitzaidan, berriz joateko aukera izan nuen eta ez nuen bi aldiz pentsatu. Ikaragarri gustatu zitzaigun hiruroi. Erabat gomendagarria eta elur pixka batekin bada hobe. Benasquetik doan bidea ere arras polita omen da eta gainera kanal batetik zuzenean ertzera ailegatzen zara. Elurrarekin egiteko aproposa...

    Ongi segi!

    ErantzunEzabatu