2019/08/28

Mendieder (1077m)

EGUNA: 2019/08/28

IRTEERA: Arantza (271m)

ZAILTASUNA: Erraza (F)

DENBORAK:
  • Arantza - Mendieder : 2 ordu 
  • Mendieder - Arantza (Putzubeltzetik) : 2 ordu eta erdi 
NOLA AILEGATU:
Arantza Nafarroa iparraldean dagoen herria da eta bertara Irun eta Iruñea lotzen dituen N121A
errepidetik ailegatuko gara. Herrian berean hasi eta akituko dugu ibilaldi hau.

KRONIKA:
Arantzako barnetegiaren baitan egindako ibilaldia. Joan den urtean Mendaurreko kaskoan gaua pasatu ondotik, aurtengoan Arantzako zirkua deitzen denaren punturik altuena den Mendieder mendiari egin diogu bisita.

9:15 : Arantza (271m)
Gosaldu ondotik jarri ginen martxan hilerri aldera igoz Arantzako karriketatik.


Bertatik GRaren marka zuri-gorriak segituko genituen zati batean Bulatxiki aldera.


Igantzi aldera ikuspegia lehen zati honetatik. Segidan marka hori eta zuriei segitzen hasiko ginen.


Iratzeleku batetik zeharka doan bidexenda zeharkatu genuen...


Arantzarako ikuspegi ederrarekin...


Eta pista zati batetik Bulatxikiko lepora atera ginen.


Hemen eskuinetara biratu eta bizkarrez bizkar oraindik lainopean estalita zegoen gailur aldera eginen genuen.


Zatiren bat bizkarraren hegoaldetik inguratuz...


Azken zatian ertzera ateratzeko...


...eta ertz zabaletik zuzen gailurreraino segitzeko.


Ikuspegi bikaina dago azken zati honetatik.


Lehenak dagoeneko kaskoan...


Ertz berdea gailur ingurutik.


11:45 : Mendieder (1077m)
Gailurrean denak elkartu eta taldeko argazkia egiteaz gain, denbora tarte zabala hartu genuen egonean egoteko.


Ondotik Arantzako zirkua segituko genuen Ekaitza aldera, baina irudian ikusten den lepo zabalean tontorrak utzi eta eskuinetara biratuko ginen.


Pagadi arteko ehiztari etxola batean ederki bazkaldu ondotik, Putzubeltz aldera jaitsiko ginen herria urrunean bistan genuela.


Putzubeltzeko txoko eder honetan bainua eta egonaldia...


...eta herrira itzuliko ginen kanale zaharraren gainetik ibilbide polita eginez.


18:50 : Arantza (271m)
Kaltzadatik sartuko ginen herrian ibilbide zirkularra itxiz.


Argazki guziak Eneko Gomezek ateratakoak dira. Esker mila!

2019/08/21

Abeille (3029m), Marcos Feliu (3057m), Pequeño Bachimala (3061m), Punta del Ibon (3100m), Punta Ledormeur (3120m), Bachimala (3177m), Punta del Sabre (3136m)

EGUNA: 2019/08/15-16

ABIAPUNTUA: Pont du Prat (1261m)

ZAILTASUNA:
Nahiko erraza (PD+). Ondoko puntuak dira gandorraren punturik erranguratsuenak:
  • Punta Ledormeurren jaitsiera: III. gradua ematen diote jaitsiera honi. Erorketa handi samarra du bi aldeetara, baina harkaitza ona da.
  • Bachimalarako igoera: Ez da II. gradutik pasatzen, baina arroka kalitate eskasekoa da eta ez du konfidantza handirik ematen. Gainera, gibelean erorketa dago.
  • Punta del Sabretik Aygues Torteseko leporainoko bidea: Bide ona aurkituz gero arazorik gabe, baina ez da hain erraza bide hau aurkitzea. Deskribapenean bide egokiaren arrastoa jarrita dago. Ekialdeko ertza arriskutsua da, arroka arras txarrarekin eta estua. Ez da gomendagarria.
Puntu hauez gain, gandorrean bertze hainbat eskaladatxo daude, baita Marcos Feliura igotzeko hautatu genuen ertzean ere.

DENBORAK:
  • Pont du Prat - Cabane de Prat-Cazeneuve : 3 ordu
  • Cabane de Prat-Cazeneuve - Marcos Feliu : 3 ordu
  • Marcos Feliu - Abeille : 20 minutu
  • Abeille - Punta del Sabre (gandorra) : 2 ordu 
  • Punta del Sabre - Port d'Aygues Tortes : Ordubete
  • Port d'Aygues Tortes - Pont du Prat : 3 ordu
NOLA AILEGATU:
 Euskal Herritik Baionan A64 autopista hartu eta bertatik segitu behar da 16. irteeraraino. Hemen Arreauko norabidea segituko dugu eta herrixka hau pasatuta Lourongo bailara politean barneratuko Aurekoa gure eskuinetara utziz. BagnEuskal Herritik Baionan A64 autopista hartu eta bertatik segitu behar da 16. irteeraraino. Hemen Arreauko norabidea segituko dugu eta herrixka hau pasatuta Lourongo bailara politean barneratuko Aurekoagure eskuinetara utziz. Hemendik bailararen akabailara segitu behar da, Loudenvielle herrira hain zuzen ere. Herritik Pont de Prateko norabidea erakusten diguten seinalei segituko diegu.

KRONIKA:
Bachimalako mendigunean 3000 metrotik goitiko bederatzi kasko igotzeko aukera ederra dago gandor ederretik ibiliz. Iaz ezagutu nuen inguru hau, Culfreda mendietan ibili nintzelarik, eta nahiz eta bertze zonaldeen arrakastarik ez izan (edo agian horregatik), zoragarria iruditu zitzaidan. Ateraldi bikain honetan, gandor ederrarekin biribildu dugu Clarabideko arroila eta Aygues Torteseko bailara politak zeharkatuz hasitako ibilbidea.

2019/08/15
14:16 : Pont du Prat (1261m)
Goizean atera ginen Erratzutik eta aparkalekurainokoak egin genituen. Eguna ilun zegoen, baina biharamunerako iragarrita zegoen eguraldi onak ematen zigun ziurtasunarekin abiatu ginen goiti.


Lehen metroak bidexka sigi-sagatsutik egin genituen baso ederrean barrena...


Metro guttiren buruan bidegurutze honetan Soula aterpetxerako bidea hartu genuen Pez leporakoa gure eskuinetara utzita.


Abiapuntua behean gelditzen zen.


Laster barneratu ginen Clarabideko arroilean hasierako basoa gibelean utzita.


Pareta bertikaletan zizelkatutako bide ikusgarritik zeharkatzen da Clarabideko arroila. Lainopean egin genuen hemendik goitirakoa, baina horrek ere halako puntu bat ematen zion jadanik ikusgarria zen bideari.


Arroilaren akabailan, zubi hau gurutzatu genuen, aterpetxea hurbil zegoen jadanik.


15:31 : Refuge la Soula (1695m)
Ia ez ginen gelditu ere egin Soulako aterpetxean. Seinale batek Pouchergues lakurako bidea erakusten zigun eta hari segituko genion Aygues Torteseko bailaratxoan barneratzeko.


Zati maldatsu bat gainditu eta poliki-poliki bailara zabaltzen joan zen, guk laino artean anitzik ikusten ez bagenuen ere.


Azken maldan, etxolako zelaigunera ailegatu baino lehen.


Behin zelai honetan, bagenekien gure eguneko helburua zena hurbil zegoela...


16:47 : Cabane de Prat-Cazeneuve (2045m)
...eta bat-batean laino artetik itzal baten gisa agertu zitzagun etxola parez pare.


Gauzak utzi eta arratsaldeak aitzinera egiten zuen neurrian laino desagertzen hasi zen gure biharamuneko helburu zen gandorra bistan utziz.


Etxolan denetara 10 lagunek pasatuko genuen gaua, baina dozena batendako lekua aise egonda arazorik ez genuen izan. Beheitiko solairuan mahaiak, aulkiak eta sua ditu eta goitikoan literak eta koltxoiak.


2019/08/16
7:23 : Cabane de Prat-Cazeneuve (2045m)
Goizean sei eta erdietan ernatu ginen goiti abiatzeko. Gosari arina eta eguneko lehen eguzki izpiekin batera martxan jarri ginen.


Aygues Torteseko bailaran goiti segitu genuen lehen zatian izen bereko lepo aldera eta laster agertu zitzaigun parez pare ordu batzuk geroago zeharkatuko genuen gandorra. Eskuinean eguzkitan baina itzal pixka batekin ikusten den ertzetik harrapatuko genuen gandorra gero ezkerreraino pasatzeko.


Gure gibelean ere Gourgs Blancs eta Clarabide inguruko 3000 metrotik goitiko menditzarrak agertzen hasi zitzaizkigun. Etxolatik horiek igotzeko ere aukera ederra dago.


Bailararen sakonean, lepora doan HRP bidea gure ezkerretara utzi eta markatu gabeko bidetik goiti segitu genuen igo behar genuen ertza erreferentzia gisa hartuta.



Malda tente batetik goiti igoko ginen Marcos Feliu mendiaren hego-ekialdeko ertzera.


Handik goiti eta ondoko 5 orduetan ia gelditu gabe eskaladatxoak egin behar diren zatian murgilduko ginen, ertz eta gandor artean.


Marcos Feliuren ertza ez da II. gradutik pasatzen eta arras entretenigarria egin zitzaigun.


Hala ere, arroka nahiko kaskarra da eta onena momentu guzian ertzaren puntatik ibiltzea da. Guk behintzat hori egin genuen.


Ertzean goiti eta beheiti...


Ikaragarrizko mendi giroa genuen, leku ikusgarria eta egun paregabea.


Eguneko lehen gailurretik hurbil...


9:46 : Pico Marcos Feliu (3057m)
Uste baino lehenago ailegatu ginen gandorrera.


Motxilak gailurrean utzi eta segidan Abeille mendirantz abiatu ginen. Gero berriz ere gailurretik pasatu beharko ginen Bachimala alderako bidea egiteko.


Abeille eta Marcos Feliu artekoak zailtasun handiegirik ez zuela irakurria genuen, baina punturen batean beheranzko eskaladatxo arriskutsu samarren bat egin behar da gandorraren ertzetik segituz gero. Dena den, beheragotik saihestu daitezke pausu hauek.


10:06 : Abeille (3029m)
Eta hala, di-da batean eguneko bigarren 3000koan plantatu ginen. Lourongo bailarara bista onena duen mendia da honakoa.


Taldeko argazkia...


...eta berriz motxilak utzita genituen tontor aldera.


10:25 : Pico Marcos Feliu (3057m)
Motxiletara bueltan, ia gelditu gabe aitzinera segitu genuen parez pare genuen Bachimala mendia erreferentzia gisa genuela ibili ginen gandorrarekin batera.


Batzuetan oinez...


...bertzeetan eskaladatxo errazak eginez.


Hirugarren gailurrerantz.


10:29 : Pequeño Bachimala (3061m)
Ia haizerik gabe eta tenperatura goxoarekin, 3000 metrotik goiti hainbertze ordu egiteko behar den bezalako eguna genuen.


Ondoko hiru gailurrak aitzinetik: Punta del Ibon, Punta Ledormeur eta Bachimala.


Punta del Ibonerainoko bidea arras erraza da eta ia ez dira eskuak erabili ere egin behar.


Azken metroak...


10:47 : Punta del Ibon (3100m)
Eguneko laugarren kaskoan gelditu gabe segitu genuen aitzinera.


Hortik aitzin, poliki-poliki gandorra estutzen hasten da eta entretenigarriago bilakatzen da.


11:02 : Punta Ledormeur (3120m)
Ibilbideko bortzgarrenean, jadanik Bachimala handia hurbil genuen, baina hemendik aitzin gandorra pixka bat zailtzen da.


Hasteko Ledormeurreko gailurretik beheitiko jaitsieran irudian ikusten den III. graduko zatia pasatu behar da. Ez da zaila, baina erorketa du bi aldeetara.


Bertze puntatxo pare bat gaindituta Bachimalako azken igoeran barneratu ginen ibilitako ertz polita gibelean genuela.


Zati honek ere badu berea. II gradu inguruan ibiliko da tximinia egokiak bilatuz gero, baina arroka kalitate txarrekoa da eta gibelean patio handi samarra dago. Kasu eman beharrekoa beraz.


11:33 : Bachimala / Schrader (3177m)
Hala zapaldu genuen Pirinioetako handi hau. Mendiguneko handiena izanik ere, ez da bertze anitz bezain ezaguna eta horrek xarma berezia ematen dio.


Gailurretik iparraldera begiratuta ibilitako gandorra genuen...


Eta ekialdean Aygues Torteseko bailara polita, baita Perdiguero inguruko menditzarrak ere.


Hegoaldera, falta zitzaigun gandor zatia Sabre mendiraino eta gibelean Posets inguruak. Ondoko gandorra agian? Ikusiko da.


Mendebaldean Monte Perdido, Vignemale, Balaitous eta enparauak. Hurbilago aldiz Culfreda mendiak, iaz ibilitako bertze mendi eder batzuk.


Liluratuta egon ginen gailurreko ikuspegi eta egotearekin, baina aitzinera segitu behar genuen, oraindik lanak baikenituen egiteko.


Hala, gandorraren azken zatian barneratu ginen Sabre mendi aldera.


Zati entretenigarriak ditu gandor honek ere, baina aparteko zailtasunik gabeak.


13:20 : Punta del Sabre (3136m)
Eguneko zazpigarrenean akituko zen gandor gaineko ibilbidea. Gibelera ibilitakoari begiratu bat eman eta zalantza gehien sortzen zigun jaitsierari ekinen genion.


Jaisteko, zuzenean Aygues Tortesek lepoarekin lotuta dagoen ekialdeko ertz arriskutsua alde batera utzi eta hegoalderantz jaisten hastea da onena. Zati honen erreferntziak eskasak dira interneten ordea eta ez genekien pasabidea aurkituko ote genuen. Hasteko, lehen zatia jaitsi eta irudian ikusten den plaka gaindituta, aitzinean ikusten den sasigailurreaino jaitsi behar da.


Behin sasigailurrean, ezkerretara jaisten den hego-ekialdeko orientazioa duen ertzari segituko diogu.


Bertan barreneratu aitzinetik gibelean Bachimala eta Sabre inguruak azken aldiz begiratu genituen.


Ertzetik jaitsi ginen, harri solte anitzeko zatitik, harri-mukuru batek Sabre mendiaren irudiko ekialdeko aurpegia aldez alde zeharkatzen duen pasabidearen sarrera adierazi zigun arte.


Balkoi zabal eta errazetik zeharkatzen da magala. Batzuetan estutzen den arren, aparteko zailtasunik ez du eta ongi egiten da. Hori bai, garrantzitsua da pasabidea ongi hartzea, gainerakoan zeharkaldi hau aise konplikatuagoa izanen baita.


Zeharkaldia akituta, arestian aipatu dudan Sabre mendiaren ekialdeko ertzera atera ginen, baina jadanik punturik zailenak saihestuta.


Hala ere, erne ibili beharreko lekua da, erorketa handia du tarteka eta arroka ere ez da sobera ona.


Ertzak zuzenean Aygues Torteseko lepora eramanen gintuen...


Behitiraino jaitsi gabe, ezkerretara biratu eta zati harritsu hau zeharkatu behar da lepora ailegatzeko.


13:50 : Port d'Aygues Tortes (2687m)
Puntu honetan akitu ziren eguneko zatirik teknikoenak eta atseden hartzeko eta jateko tarte luzeagoa hartu genuen.


Bachimalako harresiaren oinean...


Jarraian, HRP ibilbidetik berriz ere Aygues Torteseko bailaran barneratu ginen.


Jaitsierako bidetik ordu batzuk lehenago igotako Marcos Feliu mendiaren ertza parez pare ikusten genuen.


Baina guk harri tarteko abenturak akituak genituen jadanik eta zelai berde politetatik ibiltzea bertzerik ez zitzaigun gelditzen eguna akitzeko.


Zeharkatutako gandor luze eta dotorea gibelean utziz...


15:10 : Cabane de Prat-Cazeneuve (2045m)
Ia zortzi orduren buruan berriz ere etxollan ginen bueltan...


...gauzak bildu, dena garbi utzi eta beheitirako bideari segitzeko asmoz.


Sabre eta Bachimala mendiak etxola barnetik.


Pena pixka batekin agurtu genuen paisaia zoragarri hau. Merezi duen txoko ikusgarri horietako bat da.


Jaitsieran bezperan lainoagatik ikusi ezin izan genituen parajeez gozatzeko aukera izan genuen.


Elurzaleak gara, baina udan ere paraje hauetan ibiltzeak ez du preziorik.


Soula aterpetxearen ingurura ailegatzen...


...berriz ere Clarabideko arroilak zeharkatzeko.


Ikusgarriak.


18:20 : Pont du Prat (1261m)
Hamaika ordu luze ibili eta gero akitu genuen bortz izarreko ibilbide hau. Pirinioen bihotzean, paisaia arras desberdinak ikusteko aukera ematen duena.

BIDEOA: