2012/12/09

Estriviella (2048m)

EGUNA: 2012/12/09

IRTEERA: Zuriza (1227m)

ZAILTASUNA: Errexa (F)

EGURALDIA: Eguzkitsua eta hotza.

DENBORA: 3 ordu (Igoera).

NOLA IRITSI:
Iruñeatik Jaca aldera doan autobide berria hartuko dugu Irunberriraino. Irunberriko irteera hartu ondotik, herrian bertan, Nabaskoitze aldera joanen gara. Nabaskoitzen Izabara jarraituko dugu eta herri hau zeharkatu ondotik, eskuinetara aurkituko dugu Zurizaraino eramanen gaituen errepidea. 12 kilometrotara dago gure irteera puntua.

DESKRIBAPENA: 
Lehen elurrak botata eta Saioa eta Adin eskiei errautsa eta armiarma sareak kendu ondotik Pirinioetan lehen irteera bat egiteko momentua iritsia zen. Elurra kota baxuetan zegoen eta oraindik erabat egonkortu gabe, horregatik Zuriza inguruak aukera ona eskaintzen zigun iganderako iragarritako eguraldi bikaina aprobetxatzeko. Aterpean lekua hartu eta larunbat arratsaldez abiatu ginen Zurizara. 

Hasierako asmoa, Atxerito edo Chinebral igotzea zen. Hala ere, aterpeko langile batek bertan elurra nahiko arriskutsu egonen zela eta Estriviella aldera joateko gomendatu zigun. 

Igande goiza eder argitu zen baina oso hotz. Termometroek -12 gradu markatzen zuten. Beraz, presa gehiegirik gabe, ongi gosaldu eta bederatziak aldera abiatuko ginen kanpinetik beretik eskiak jantzita.
Egunsenti ederra Zurizan.


9:00 : Zuriza (1227m).
Kanpin ondotik ekialdera ateratzen den pista hartu genuen. Udan kotxez igo omen daiteke Taxerako aterperaino, baina neguan noski ez.


Pista laua, jeitsieran deseroso xamarra suertatu zitzaigun.


Ezkaurreko kaskoa eguzkiak hartua zuen jadanik.


9:38 : Taxerako bidegurutzea (1335m).
Beroan sartu ahala, bidegurutze honetara iritsi ginen eta Achar de Alano mendi aldera iragarrita dagoien norabidea hartu genuen. Zubia gurutzatzen du pistak eta aldapa pixkat tentetzen da.


Pistak poliki-poliki oihan txiki batean barneratu gintuen.


Oihanaren irteeran ikuilu batera ailegatu ginen.


Oraindik ere pistak aintzinago segitzen zuen. Guk bertatik jo genuen Achar de Alano ikusgarriaren oinean.


Irteerako puntuan eguzkiak goxatzen zituen bazterrak. Guri ordea ez zigun ia gailurreraino konpainiarik eginen.


Puntu honetan Chandalango bretxara igotzen den bidea eskuinetara utzi genuen. Bertatik joango ginateke Alanoetako gain ikusgarrietara.


Guk ordea ekialderantz jarraitu genuen. Pista utzi, erreka pare bat zeharkatu eta Estriviellako magala zabal eta etzanean goiti igo ginen.


12:00 : Estriviella (2048m)
Hiru orduko igoera luzea eta gero eguzkira atera ginen eta gailurrera iritsi.


Gailur xumea Alanoen itzalean.


Baina ikuspegia eta giroa primerakoa zen eta gainera bakar-bakarrik geunden.



Castillo de Acher eta Bisaurin hurbilean, urrunago berriz Midi d'Ossau, Balaitous eta Infierno bertzeak bertze.


Bi hauek ere gure gibeletik genituen momentu oro.


Eta falta zirenak ere iritsi ziren pixkat geroago.


Urtarrilak 12an denak Bilbora!!!!!!! Behingoan legeak erraten duena bete dezaten eta presoen eskubideak errespeta ditzaten.


Argazki sesioa gailurrean.


Gailurrean ordubetez gozatu ondoren, beherakoari ekin genion. Mendiaren magal guztia Alanoen itzalpean gelditzen da urteko sasoi honetan eta beraz elurra transformatu gabe aurkitu genuen. Kostra gehienean, hauts mingain politak tartekatuz.


Errekara iritsita berriz larruak jarri eta ikuiluetara igo ginen Zurizara eramango gintuen pista hartzeko.


Behin pistan Estriviellari agur erran eta behera. Argazkian jautsitako malda guztia ikusten da.


Oihanean barrena jaisten...


14:45 : Zuriza (1227m).
Azken metroetan pista laua sufritu ondotik berriz ere irteeran puntuaan ginen merezitako garagardoa edaten. Mendiko egun polita, nahiz eta elurra ez inguruko mendietan bezain ongi egon...


2012/12/01

Adi (1458 m)

EGUNA: 2012/12/01

IRTEERA: Urkiagako lepoa (928 m)

ZAILTASUNA: Errexa (F)

EGURALDIA: Lainotua, oso haizetsua eta oso hotza.

DENBORA: 1 ordu eta 45 minutu (Igoera)

DESKRIBAPENA:
Hasi da negua eta bezperan Saioan egon ondoren, bigarren egunean Adira bisita bat egitea erabaki genuen. Niretzat mendi ezezaguna zen oraindik Adi nahiz eta etxetik hurbil eduki. Garbi gelditu zitzaidan Saioaz aparte inguruan baditugula aski mendi onak eskiatzeko. Agian Adi ez da Saioa bezain egokia izanen eskiatzeko, baina bai politagoa mendi bezala eta dudarik gabe, askoz jende gutxiagorekin.

Zortzietan Erratzutik atera eta bederatzi eta erdietarako Urkiagako lepoan geunden. Artesiagan 20 kotxe baldin bazeuden, Urkiagan 4 edo 5 bertzerik ez. Hori bai bueltan jadanik dexente gehiago topatu genituen. Eguna erabat lainotua zegoen nahiz eta eguraldi ona iragarrita egon, beraz igotzen hastea erabaki genuen pistan zehar behintzat. 

0h 00min: Urkiagako Lepoa (928 m).
Bederatzi eta erdiak pasatxotan lepoaren eskuinetik abiatzen den pistan gora igotzen hasi ginen. Elurra aski eta sobera lehen metroetatik.

Lainoak eta elurrak irudi politak utzi zizkiguten oihanean. 


Ipuinetako koloreak...


GR 11ren markak genituen bidelagun basoko pista zabalean.


Behin pista bukatuta seinale izoztudun bidegurutze batera iritsi ginen ateka bat zeharkatuta. Mendiaren ipar magala igotzea bertzerik ez zen gelditzen. Eskuinera biratu ginen seinalearen parean.


Hemendik gailurrera argazkirik ez. Laino itxia, haize bortitza (gehienbat azken metroetan) eta hotza. Itxitura gure eskuinean genuela maldan gora egin genuen. Malda erdia baino gehiago eginda genuela eskiak kendu genituen harriak bistan zeudelako eta azken metroak oinez igo genituen.


1h 45min: Adi (1458 m).
Gailurrean bi minutuz egon ginen asko jota. Argazkiak ateratzeak ere pereza ematen zuen egiten zuen hotza eta haizeagatik. Eta gainera bistarik ez genuen...
Eskietara itzuli eta maldaren azpiko zatia eskiatu genuen elur oso onarekin berriro oihanaren "epelera" bueltatuz.


Itxitura zeharkatzeko pasatu behar den ateka. Eguna garbitzen ari zuen ordurako. En fin...


Oihaneko pistan ere primerako elurra eta zuhaitz tartean zer erranik ez.


Zerua berriz gero eta garbiago. Kotxera ailegatu orduko eguzkiak goxatzen zituen bazterrak. Pixka bat beranduago jeiki izan bagina...


Iduri du aurtengo negua ere gainean dugula. Ea horrelako gehiago egiten ditugun...