Orriak

Liset de Hount Blanque (1941m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Liset de Hount Blanque (1941m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2026/10/11

Montagnette (2235m) eta Liset de Hount Blanque (1941m)

EGUNA: 2026/10/11
 
ABIAPUNTUA: Route Forestiere du Peyras (1200n)

ZAILTASUNA: Erraza
 
IRAUPENA (oinez):
  • Igoera (Aygue Rouye lakutik): Hiru ordu
  • Jaitsiera (Binaros lakuetatik): Bi ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
A64 Pirinioetako autopistan zehar joanen gara Tarbes hiriraino. Hemen utziko dugu autopista eta Bagneres-de-Bigorre herrira eramaten gaituzten seinaleak segituko ditugu. Herri hau gibelean utzi, Campan herritik pasa eta Sainte-Marie-de-Campan herrira ailegatu baino lehen eskuinetara Peyras kartelak iragarritako bide bat hartu behar da. Bide honetatik goiti iganen gara pasabide kanadiar bat zeharkatuta aparkaleku bat ikusi arte.
 
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
 
KRONIKA:
Bigorra aldean pasatutako asteburu luzeko bigarren egunean asmoa eskalatzea zen. Hala ere, iragarpenek eguraldi freskoa eta hodeitsua iragarria zutenez, planez aldatu eta Montagnette mendira igateko ibilbide bat inprobisatu genuen. Hasi eta buka guretako berriak ziren parajeak ezagutu genituen eta aunitz gustatu zitzaizkigun: magal berde eta leunak, lakuak, Midi de Bigorrerako ikuspegi ederra... Pirinioetako txoko berriak ezagutzeko ibilaldi gomendagarria!
 
9:38 : Route Forestiere du Peyras (1200m) 
Aparkalekutik Aygue Rouye izeneko lakura zuzentzen den bidea erakusten digu seinale batek. Hortik abiatu ginen.


Pista batetik egin genituen lehendabiziko metroak.


Bigorra inguruko etxola tipikoak ezkerretara utziz...


Pistatik kilometro inguru eginda, eskuinetara ateratzen den bidexka bat hartu genuen. Seinale batek puntu honetan ere bidea zein den markatzen du.


Hegoaldera eginen genuen iratze arteko bidexka erosotik eta Midi de Bigorre mendia ikusten hasi ginen. Hurbilago iganen genuen Montagnette mendia ere ikusgai genuen puntu honetatik.


Bidexka beranduago iganen genuen Hount Blanque mendiaren hegoaldeko aurpegitik zeharkaldia eginez igaten da. Argazkiko puntutik Aygue Rouye lakua kokatua dagoen sakonunea antzematen da.


Azken malda bat eta bertan izanen ginen...


10:25 : Lac d'Aygue Rouye (1607m)
Harrizko etxola polit batzuek eman ziguten lakurako ongi etorria.


Egia erran inguru zinez ederra iruditu zitzaigun laku ingurua...


Argazki batzuk eginda goiti segitu genuen. Lakuaren parean ikusten den harresia gainditzeko bi bidexka daude: lakutik ikusten den nabarmenena eta eskuinetarago dagoen bertze estuago bat. Guk bigarren hau hautatu genuen GPS arrastoa hortik baitzihoan, baina lehen aukera logikoagoa dela iruditu zitzaidan.


Bigarrenetik lakurako ikuspegi eder hau izan genuen opari.


Harresiaren gaineko aldean berriz ere elkartzen dira bi bideak eta bailaran goiti segitzen du bidexkak.


Hortik aitzin hala ere ez da hain bide nabarmena eta jende aunitzik ez dela ibiltzen ondorioztatu genuen.


Bailaratxoan goiti hego-mendebalderantz eginez argazkian ikusten den lepora ateratzea izanen zen ondoko egiteko.


1940 metroko altueran kokatua dagoen izenik gabeko lepotik Binaroseko lakuen isurialdera pasatuko ginen. Igan beharreko mendia gure ezkerretara genuen kasik 300 metro goitiago.


Bidexka argirik gabe larreetatik igan ginen mendiaren mendebaldeko bizkarreraino. Posible da eskuinerago dagoen bidexka batetik Arizeseko lepoan barrena igatea ere, baina guk laburtu nahi izan genuen.


Behin mendiaren mendebaldeko bizkarrean ginela, Arizeseko lepotik mendira igaten den bidexkatik harrapatuko genuen gailurra. Marka horiak daude zati honetan.


Azken metroak gailur borobildura ailegatzeko...


11:30 : La Montagnette (2235m)
Izen bereko hirugarren mendia zen niretako, Gavarnie eta Luchon aldekoak igan eta gero. Kaskoan ez ginen luze egonen, zeru hodeitsuak eta haize freskoak sentsazio termiko apala eragiten baitzuten.


Jaitsieraren lehen zatia igandako bizkar beretik egin genuen, baina kasu honetan bizkarra Arizeseko leporaino jaitsiko genuen laburbidea alde batera utzita.


11:41 : Col d'Arizes (2132m)
Segidan plantatu ginen lepoan...


...eta bertatik eskuinetara hartuta Binaroseko lakuen isurialdean barneratu ginen berriz.


Kasu honetan isurialde honetan barneratzen den bidexka nagusiari segitu genion. Argazki honetan parean ikusten genuen Montagnette mendia eta igoeran laburtu genuen bidea ere bai.


Iparralderantz jaisten da bailara hau.


Guk, ordea, Oeuf lakua ezkerretara utzi eta berehala bailara utzi eta eskuinetara bizkarrera ateratzen den bide bat hartuko genuen.


Hain zuzen ere, argazki honetan ikusten den bidexka da eskuinetara hartu genuena. Irudiko lepotxora ateratzen da.


Lepotxora iganda, gibelera begiratu eta egun osoan protagonista genuen Midi de Bigorrerantz bista hau genuen. Gainean eraikin eta antenak izan arren, ikusgarria da mendi hau.


Lepotxotik iparralderantz jaisten hasi ginen, Cap d'Aygue Rouye mendiaren mendebaldeko magalak zeharkatuz.


Bitartean Binaroseko bailara gure ezkerretara utzi genuen. Lesponneko bailararaino jaisten da.


Cap d'Aygue Rouye menditxoa inguratuta, mendi honen eta Hount Blanque mendiaren arteko lepora ailegatu ginen. Hemendik mendi hau ere inguratzeko aukera dago, baina argazkiko malda iganda gu kaskotik beretik pasatu ginen.


12:15 : Liset de Hount Blanque (1941m)
Eguneko bigarren tontorretik Bagneres-de-Bigorre eta Tarbes alderako ikuspegi ederra genuen. Frantziako lautadak gure aitzinean irekitzen ziren.


Kaskoa utzin eta iparralderantz segitu genuen.


Bizkarrez bizkar segitzen duen bidexkatik jaitsiera tenteagoa genuen Couradeko leporaino.


Mendian beheiti egin ahala pinudi batean barneratu ginen.


Niclade deitzen den baso honetan zuzen egin genuen bide nagusia laburtuz.


12:42 : Col de la Courade (1285m)
Basoaren azken zatian berriz ere bide nagusira atera eta Couradeko lepora ailegatu ginen. Bertatik Peyraseko aparkalekura errepideari segitzea bertzerik ez zitzaigun gelditzen.


12:50 : Route Forestiere du Peyras (1200m)
Errepidetik egindako azken lasterkaldiak aparkalekuan utzi gintuen. Goiz polita pasatu genuen Bigorrako gain berde eta leunetan.