2024/12/31

Monfaucon (2712m)

EGUNA: 2024/12/31

ABIAPUNTUA: Aulon (1234m)

ZAILTASUNA: S3

IRAUPENA:
  • Igoera: 5 ordu
  • Jaitsiera: Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Baionan A64 autopista hartu eta bertatik joan behar da Saint-Lary-Soulango irteera hartu arte. Behin autopistatik aterata, Guchen herrira ailegatu beharko dugu. Herri honetatik goiti Aulon herrira iganen gara. Bidean elurrik ez dagoelarik, Aulondik goitiago autoz igatea ere posible da; Granges Lurgues izeneko bordetaraino, hain zuzen ere. 

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Urtea gehien gustatzen zaiguna eginez akitu genuen, eta oraindik ezagutzen ez genuen bailara batean gainera. Aulon herritik goiti irekitzen den bailarak hego isurialde eskiagarria duten hainbat mendi ditu. Ezagunenak Arbizon eta Prada dira, baina badira Aulon eta Monfaucon bezalako mendi ederrak ere. Azken hau izanen da segur aski aipatu ditudan lau mendietatik eskiatzaile gutien erakartzen duena, baina bere hego-mendebaldeko malda ederrek inbidia guti diote gainerakoei.

9:20 : Aulon (1234m)
Herriko aparkalekuan pasatu genuen gaua eta karrikak gurutzatuz egin genituen lehen metroak. Azken etxeak gibelean utzi eta Lurgueseko bordetara igaten den bidexka polita hartu genuen.


Belai artetik doan bidexka berdetik gustura egin genituen lehen metroak. Horrelako bideetan eskiak bizkarrean eramatea ez da arazo.


9:44 : Granges Lurgues (1409m)
25 bat minutuko paseotxo baten ondotik borda politez osatutako herrixka gisakora ailegatu ginen. Borda arteko karrika zeharkatu eta Arbizongo norabidea erakusten duen seinaleari kasu eginez bertarantz jo genuen.


1500 metro inguruan paratu genituen eskiak zangoetan, Lurguesetik goitiko maldetan. Metro batzuk egin eta argazkiko basotxoan sartzean berriz zati batean eskiak eskutan eraman beharko genituen.


Basotxotik ateratzean Aulon mendia agertu zitzaigun parez pare. Inguru honetatik goitiraino ez genituen eskiak berriz kenduko.


Espigouseko etxola eta Auloueilh aldera doan bailara nagusia ezkerretara utzi eta iparralderantz egin genuen.


Segidan Amedos izeneko ertzak bi bailaratxo banatzen ditu. Guk eskuinekoa hartuko genuen errekaren bazterreko maldetatik goiti egiteko.


Lehen malda tente bat gainditu genuen, baina ordu horretarako eguzkiak bertako elurra guritua zuen eta zailtasun handirik gabe gainditu genuen.


Hortik goiti Porte de la paloume izeneko lepo aldera igaten den bailaratxotik segituko genuen.


Bigarren malda tente bat gainditu beharko genuen bailaratxo honetan goiti...


Atsedenaldia bigarren malda tentea gainditu eta gero...


Hala Porte de la Paloumeko zirkuan sartu ginen. Lepoa parean ikusten dena da, baina bertara ailegatu gabe zirkutxoaren sakonetik eskuinetara doazen maldetatik iganen ginen.


Lekua ikusgarria eta bakartia da...


Monfaucon mendiaren hego-mendebaldeko malda igan ahala tentetu egiten da. Gero guretako izanen genuen oso-osorik eskiatzeko...


Loreak azken metroetan eskiak bizkarrean paratu behar izan zituen, baina eguzkiak transformatutako maldak eskiz igateko modukoak dira.


2600 metro inguruan dagoen lepotxo honetan utziko genituen eskiak eta azken metroak oinez egin.


Ederki kostata egin genuen hego-mendebaldeko bizkarretik goiti. Teknikoki bide erraza da, baina eskubaloi baloiaren neurriko harriek zati hau deseroso bilakatzen dute.


13:47 : Monfaucon (2712m)
Lau ordu eta erdiko igoera luzearen ondotik kasko polit honen gainean ginen. Gugandik hurbil inguruko mendirik ezagunena den Arbizon ageri zen.


Urrunago Midi de Bigorre ingurua...


Goitian bakar-bakarrik egonalditxoa egin eta eskietara itzuli ginen. Argazkian ikusten da eskiak utzi genituen lepotik kaskora ailegatzeko gainditu behar izan genuen malda deserosoa.


Eskietara ailegatzen parean Aulon mendia genuela...


Eskiak jantzi eta jaitsiera ederrari ekiteko prestatu ginen.


Jaitsieran elur ona harrapatu genuen. Eguzkiak malda gehienak transformatu zituen eta kasik arrastorik gabeko malda zabaletatik gozatu ederra hartu genuen.


Paraje zoragarrian eskiatuz...


1200 metro inguru jaitsi genituen eskien gainean, jaitsiera luzea Pirinioetan genituen elur baldintza eskasak ikusita.


15:29 : Granges Lurgues (1409m)
1400 metro inguruan eskiak motxilara eraman eta Aulonerako paseo polita eginez akituko genuen eguna.


15:51 : Aulon (1234m)
Sentsazio bikaina utzi zigun Urtezahar egunean egindako irteerak. Mendi eskiaren esentzia osoa jasotzen duen egun horietako izan zen!

 

2024/12/29

Lenquo de Capo (2716m)

EGUNA: 2024/12/29

ABIAPUNTUA: Piau Engaly (1850m)

ZAILTASUNA:
  • Eski zailtasuna: S2
DENBORAK:
  • Igoera: Bi ordu eta erdi
  • Jaitsiera: Ordu bat
NOLA AILEGATU:
Euskal Herriko ipar partetik joanez gero, azkarrena Baionan A64 autopista hartu eta bertatik joatea Saint Lary Soulango irteera hartu arte. Behin autopistatik aterata aipatutako herriraino iritsi beharko dugu. Saint Lary gurutzatu eta Aragnouet-Bielsa tunelera doan bidea segituko dugu. Bidean goazela, eskuinetara Piau Engaly eski estaziora igotzen den bidea hartu beharko dugu. Estazioaren goitiko partean dauden aparkalekuetako batean utziko dugu autoa.
Euskal Herriko hegoaldetik joan nahi badugu, ordea, hobe da Iruñetik Jacara doan autobidea hartzea. Jacatik Huescara jarraitzen duen errepidea segiko dugu baina segidan Fiscal herri aldera desbideratuko gara. Fiscaletik Ainsara segiko dugu eta hemen iparraldera biratuko gara lehen aipatutako tuneleraino igoz Cinca ibaiaren ertzetik. Tunela zeharkatuta pixka bat jaitsi (6 km) eta Piau Engalyko bidea hartuko dugu.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Gure egonaldiaren bigarren egunean Louron bailara utzi eta Aurekora pasatu ginen. Piau Engaly eski estaziora hurbildu eta bertatik zailtasun handirik ez duen Lenquo de Capo mendira iganen ginen. Batez ere ekialdeko orientazioko maldak ditu, udaberriko elurra bilatu nahi delarik aproposak izaten ahal direnak, nahiz eta negu gorrian transformatzea pixka bat kostatzen zaien.

9:49 : Piau Engaly (1850m)
Sei lagun elkartu ginen estazioko eguneko aparkalekuan. Erreka aldera jaitsi eta Badet izeneko pistatik ekin genion egunari.



Pistatik izen bereko erreka gurutzatzeko hoberena mapetan 1874 metrora dagoen zubitik egitea da. Fiteago, Monne izeneko etxola inguruan ere bertze zubi bat dago, baina nahiko hondatua dago orain.


Erreka gurutzatuta, pistak fite atzentzen dira eta magal zabaletatik goiti egiten da.


Malda hauek nahiko etzanak dira, eta erraz igateko modukoak. Poliki-poliki diagonal luze bat marraztu behar da mendebaldera eginez. Malda guziak zeharkatuta, argazkian ikusten den orratzaren ezkerretik Lenquo de Capoko iparraldean dagoen bailara gisakora pasatuko ginen.


Eguzkiak ederki goxatzen zuen eta arropa kendu behar izan genuen malda hauetan goiti.


Arestian aipatutako orratzaren ezkerretara itzalean zeuden maldak baliatuz pasatu ginen. Gure harridurarako malda hauetan elur hauts zaharra harrapatu genuen eta jaitsieran bertan eginen genituen birarik goxoenak.


Itzaletako zatitik atera, malda tenteago bat gainditu eta goi-ibar batera atera ginen. Puntu honetatik Lenquo de Caporen gailurra eta bertara igateko zeharkatu beharreko lepoa begien bistan genituen.


Malda errazetatik zuzenduko ginen lepo zabalera.


Eta lepotik itzaletako bertze malda tenteago bat gainditu beharko genuen gailur aldera.


Azken malda horrek gailurraren bizkarrean utziko gintuen. Hemen elur guti zegoen...


...eta gehienek eskiak bizkarrean egin genituen azken metroak.


12:33 : Lenquo de Capo (2716m)
Bidean jende aunitz ikusi genuen, baina kasualitatez gailurrean bakar-bakarrik ginen. Tarte goxoa pasatu genuen solasean eta jan-edanean...


Jaitsierarako batzuk mendiaren ekialdeko ertzetik beheiti sartzen zen malda bat probatzea erabaki genuen. Ertz erraza oinez zeharkatuko genuen bigarren leporaino...


...eta argazki honetan ikusten den lepotik ipar-orientaziodun malda polita jaitsiko genuen.


Jaitsi baino lehen baten batek alpinismo pixka bat egiteko abliatu zuen...


Jaitsierari dagokionez, nahiz eta udaberriko elur bila joanak ginen, goxoena itzaletan aurkitu genuen. Ekialdeko ertzetik jaitsitako maldan eta orratzaren ezkerreko maldetan aurkitu hauts pixka batean eskiatu ahal izan genuen.


Gainerako zatiak ez ziren sobera onak izan, arrasto aunitz zegoen bazterretan eta elurra aldakorra zen: batzuetan pisuegia eta bertzeetan transformatu gabea.


Elurrak elur, Campbieil mendiaren hego-harresi ikusgarriaren azpian paisaia ederrean eskiatzeko aukera dago.


14:31 : Piau Engaly (1850m)
Hori izan zen egonaldiko bigarren egunak eman zuena. Elurra ez zen suziriak botatzeko modukoa izan, baina egun polita pasatu genuen.
 

2024/12/28

Lion (2102m)

EGUNA: 2024/12/28

ABIAPUNTUA: Cazaux Dessus (1289m)

ZAILTASUNA: S2

DENBORAK:
  • Igoera : Bi ordu
  • Jaitsiera : 45 minutu
NOLA AILEGATU:
Euskal Herritik Baionan A64 autopista hartu eta bertatik segitu behar da 16. irteeraraino. Hemen Arreauko norabidea segituko dugu eta herrixka hau pasatuta Lourongo bailara politean barneratuko Aurekoa gure eskuinetara utziz. Bagneres de Luchongo norabidea segitu behar dugu, Peyresourde mendate ezaguna igotzen hastearekin batera ezkerretara Cazaux-Frechet herrirako norabidea hartuz. Hemendik goiti segituko dugu Cazaux Dessus herrixkaraino.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc

KRONIKA:
Eguberrietako ohiko antizikloia lagun eta atseden egunak baliatuta, Pirinioetara jo dugu mendien hego aurpegietan gelditzen den elurretan eskiatzeko. Lehen saioa Balencous bailaratxoko hego magaletan egin dugu; Lion mendian, hain zuzen ere. Bailaratxo honek ipar orientazioko pista bat du elurra ongi mantentzen duena eta hortik goiti eginez hego orientazioa duten hainbat mendi eskiagarri. Aitzinekoan inguruan ibili nintzelarik bezala, oraingoan ere Lion mendia hautatu dugu, elur gehiena zuena zelako.


9:32 : Cazaux Dessus (1289m)
Herrian berean kokatuta dagoen aparkalelu zabalean pasatu genuen gaua, eta presa handirik gabe abiatu ginen herritik goiti segitzen duen asfaltatutako pistatik. Lehen posible zen pista zati hau autoz egitea, baina orain seinale batek debekua adierazten du eta herritik abiatu behar da.



Lehen metroak eginda, Louron bailarara ikuspegi bikaina eskaintzen du pistak.


Iparraldera jotzen du herria gibelean utzita, eta goitiago 45 graduko bihurgune bat marraztuta Balencous bailaratxoan sartzen da. Hortik Porteteko ertzaren ipar magalean goiti egiten du eta eskiak paratzeko aukera egoten da normalean (1400 metro inguruan).


Guuk kasu honetan eskiak bizkarrean genituela segitu behar izan genuen 1450 metro ingururaino. Puntu horretatik pistan elur jarraia genuen, baina gure ezkerretara genituen mendien hego magaletan ez.


Hortaz, ekialderantz egiten duen pista osorik igan genuen. Montious, Jambet eta Tech mendiek ez zuten elur aski eskiak kendu gabe esiatzeko, eta beraz, gure aukera bakarra Lion mendia zen.


Lehen etxola baten ondotik pasatu ginen...


...eta bailararen sakonetik iganez 1700 metro ingurura dagoen bigarren etxola batera ere ailegatu ginen. Pista inguru honetaraino igaten da eta elur guti dagoelarik altuera hartzeko aukera ematen du.


Bailararen sakonetik metro batzuk gehiago eginda, 1800 metro inguruan Lion mendiaren hegoaldeko maldetara atera ahal izan ginen. Puntu honetatik goiti malda zabal eta eguzkitsuak izanen genituen eskiatzeko gozagarri.


Lehen malda bat igan eta Pouy Louby mendiaren mendebaldeko bizkarrera atera ginen. Lion mendia eta bere malda polita parez pare ikusten genituen puntu horretatik.


Bertara joateko zuzen igan ordez, Louron leporantz igan eta mendiaren hegoaldeko bizkarretik egin genituen azken metroak.


Malda errazak dira kaskoraino, eskiatzeko perfektuak...


Azken metroak...


11:44 : Pic du Lion (2102m)
Mendi erraza eta eskiatzaileen artean preziatua izanda ere, tarte ederrean bakar-bakarrik izan ginen kaskoan.


Ondotik jaisteko momentua ailegatu zen. Gutxigorabehera igoerako bide beretik egin genuen beheitirakoa. Lehen eski jaitsiera bat 1850 metro arte, elurraren kalitatea ikusita berriz goiti, eta bigarren jaitsiera beheitiraino egin genuen.

 
14:37 : Cazaux Dessus (1289m)

Eski saio polita burututa akitu genuen eguna, kontent; eta ondoko egunetarakoak prestatzeari ekin genion.