Orriak

Pene det Pouri (2587m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Pene det Pouri (2587m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2023/12/27

Pene det Pouri (2587m)

EGUNA: 2023/12/23

ABIAPUNTUA: Bastan de Sers (1413m)

ZAILTASUNA: S4

DENBORAK:
  • Igoera: Hiru ordu eta erdi
  • Jaitsiera: Ordubete
NOLA AILEGATU:
Baionatik autopistaz joanen gara Tarbesen atera arte eta hemendik Lourdesera joko dugu. Lourdes hiritik hegoaldera joanda, Argeles eta Luz-Saint-Sauveur herrietara ailegatuko gara, hurrenez hurren. Azken herri honetan Tourmalet mendaterako bidea hartu behar da eta Betpouey herriaren ondotik pasatuta ezkerretara Sers herrira doan errepidetxoa hartuko dugu. Herri hau zeharkatu eta Bastan de Sers bailaran goiti igaten den bidea hartu behar da. Hasmentan asfaltatua dago eta goitiago pista bilakatzen da, baina egoera arras onean dago. Bide honetatik elurrak uzten digun arte iganen gara. Zazpigarren bihurgune hetsian, ezkerretara bide nagusia utzi eta bailararen sakonera egiten duen bidetik joanen gara etxola batzuen ondoan bidea akitzen den arte.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Banuen gogoa Pene det Pouri mendiaren eskialdeko isurialde hau ezagutzeko. Pasaden udan izan ginen mendi honetan iparraldetik, baina eskiz bertara ailegatzeko Sers herritik abiatzen den bidea motzagoa eta hobea da. Elur baldintza onak direlarik, kaskotik Bastan de Sers erreka gurutzatzen duen zubira 1100 metroko jaitsiera zuzen eta ikusgarria du mendiak. Hori guti balitz, malda eskaintzen dizkigun orientazioekin jokatzen ahal da hautsa edo udaberriko elurra bilatu nahi badugu. Apustu ziurra!

9:32 : Bastan de Sers (1413m)
Autoz kasik pistaren akabailara ailegatu ginen. Elur-lauso bat zeharkatu gabe gelditzea erabaki genuen, baina pixka bat gehiago ere igaten ahal ginen. Trasteak prestatu eta pistatik goiti abiatu ginen eskiak bizkarrean genituela.


Pista fite akituko zen eta bide zabal eta erosotik eginen genuen aitzinera. Bastan de Sers bailarak hego orientazioa du zati honetan eta bagenekien mendebaldeko maldetan sartu arte ezinen genituela eskiak paratu.


Zubitik erreka zeharkatu eta bertze 100 bat metro igan beharko genituen eskiak paratu arte.


Montagne des Toucouetseko bizkarra inguratu bezain fite unibertso zuria ireki zen gure aitzinean. Parez pare Pene det Pouri eta bertaraino eramanen gintuzten elur malda zabalak genituen. 1550 metroko altueran ginen eta beraz 1000 metroko desnibela izanen genuen eskiatzeko.


1950 metro ingururaino malda etzan eta zabaletatik igaten da.


Sektorea elurrez dezenterekin aurkitu genuen, bereziki hego aurpegietan...


1950 metrotik goiti malda tentetu egiten da eta elurra gogor zegoenez eskiak berriz bizkarrean paratu genituen. 


Lehen malda tentea 2200 metro inguruan akitzen da. Altuera irabazi ahala Taillon inguruak agertzen hasi ziren gure gibelean.


Zelai motz bat eta bigarren irtengunea igaten hasiko ginen.


Bigarren malda hau ez da lehena bezain tentea eta gainera elurra guritzen hasia zen eguzkiaren eraginez. Halere, eroso gindoazen eskiak bizkarrean eta hala segitu genuen.


Jaitsieran puntu-puntuan aurkituko genuen malda eder hau...


Bigarren malda tentea gaindituta azkena begien bistan genuen. Lehen bi maldak ez bezala itzaletan aurkituko genuen hirugarren malda hau eta elurra arras gogor zegoen bertan.


Metro etzan batzuen ondotik segidan tentetzen da malda.


Kranpoiak eta pioletaren laguntzaz gainditu genuen malda izoztua. Zorionez eguzkiak maldaren alde batean zuzen jotzen du eta jaitsieran zati hau elur gurituarekin aurkituko genuen. Hori bai, presarik gabe ibili behar da guritzeko denbora emateko, hego-mendebaldeko orientazioa baitu.


Lepoan eguzkitara atera ginen eta ezkerretara biratuta kaskora ailegatzeko ertza igateari ekin genion. Hego orientazioa du ertz honek eta beraz elurra transformatua zegoen bertan. Gaineko zatiak esposizio pixka bat badu eta kasu eman beharreko lekua izaten ahala da elurra bigun ez badago.


13:38 : Pene det Pouri (2587m)
Lau orduko igoeraren ondotik kaskoan ginen. Iparraldean Lac Bleu eta Montaigu inguruak ikusten ahal dira.


Bakar-bakarrik kaskoan... Ez dut erran, baina jaitsiera bikaina izateaz gain, ez da jende sobera ibiltzen mendi honetan.


Ekialderago Barbe, Bedera, Bigorre eta enparauak... Hauetan bai aise jende gehiago ibiltzen da.


Kaskotik lepo aldera pixka bat jaitsi eta eguzkitan zerbait jateko geldialdi luzea egin genuen. Argazkian lepotxoan bertze eskiatzaile kuadrilla bat ikusten ahal da. Gutaz gain mendira igan ziren bakarrak izan ziren egun horretan.


Neouvielle eta Pic Long mendigunea parez pare...


Gavarnieko 3000koak ere urrunago, Monte Perdido buru dutela ezkerrean...


Jaitsiera ederra izan zen. Erran bezala, 1000 metro inguru eskiatu ahal izan genituen eguzkiarekin gurituak ziren magal zurietatik.


Jaitsieraren azken partean Soum de Nere mendia parean genuela... Sektoreko bertze eskirako mendi aproposa; hori bai, elur gehiago behar du.


1550 metro inguruan kendu genituen eskiak. Kontent egindako jaitsierarekin!


16:37 : Bastan de Sers (1413m)
Eta ttipi-ttapa autoraino itzuliko gintuen bide laburra gainditu genuen eguneko jokaldien errepasoa eginez. A zer mendi puska Pene det Pouri!


BIDEOA:
 

2023/07/25

Pene det Pouri (2587m)

EGUNA: 2023/07/09

ABIAPUNTUA: Chiroulet (1062m)

ZAILTASUNA: Erraza

DENBORA:
  • Igoera (Ourrec-etik) : 5 ordu
  • Jaitsiera (Lac Bleutik) : 2 ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Baionatik A64 autopista hartu eta Tarbeseraino joko dugu bertatik. Tarbeseko irteera hartuta, Bagneres de Bigorre herriko norabidean jarraituko dugu momentu oro. Herri honetara ailegatuta, Campan aldera joko dugu, baina bertara ailegatu aitzinetik, Beaudean herriaren irteeran eskuinetara atertazen den errepidetxo bat ikusiko dugu. Lesponne haranean goiti Chirouleteraino igaten den bidea da. Bide hau hartuko dugu akitzen den arte.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc

KRONIKA:
1993a zen. Bezperan Chirouleten akanpatu genuen familiarekin eta goizean Ourreceko lakura ibilaldia egin genuen. Oroitzen naiz 7 urteko haur hura harrituta gelditu zela bidetik ikusten zen ur-jauzi harekin, edo baita beheitirako bidea luze samar egin zitzaiola ere. 30 urte mantsoago, duela hamar egin bezala, inguru horri bisitatxoa egin diot urteurrena ospatzeko. Azkenekoan Ourrec eta Bleu lakuak konbinatu genituen Bizourtere mendia iganez. Oraingoan bide interesgarriagoa egin dugu, bi lakuak konbinatuta,baina Pene det Pouriko kaskoa zapalduta.

8:26 : Chiroulet (1062m)
Aparkalekuan berean Ourrec-eko lakura doan bidea zein den adierazten duen seinalea dago. Hari eginen genion kasu...


Hasmentan mantso igaten den pista zahar batetik egin genuen bidea.


Pagadi politak daude Chirouleteko beheitikoa aldean. Udazkenean ere eder egoten da leku hau.


Pista erosotik...


Zelai zabal batera atera ginen. Hau zeharkatu eta pista akitu egiten da.


Pinu tartetik segitzen duen bidexka hartuko genuen.


Eta atsedenik gabe igaten hasiko ginen.


Ourrec-eko ur-jauzia ikusten da arbolek uzten diguten tarte batetik. Oroitzen naiz haurretan hemen ibili ginelarik aunitz gustatu zitzaigula ur-jauzi hau.


Ourrec-eko lakura hurbildu ahala arbolak akitzen hasten dira. Montaigu dotorea ikusten da parte honetatik.


Bat-batean gure aitzinean paradisu ttipi bat irekitzen da: erreka sigi-sagatsua, zelai berdeak eta inguruan mendiak. Lakua hurbil genuen jadanik.


9:50 : Lac d'Ourrec (1664m)
Laku bazterreko etxolan sar-atera bat egin nuen. Nahiko eskasa da, baina lekua zoragarria.


Lakua utzi eta bidexka nabarmenetik segitu genuen goiti.


Ourrec-eko etxola eskuinetara utziko genuen. Polita hau ere belarrezko teilatuarekin, baina barnetik arras sinplea.


Etxola honen inguruan bertze meandro batzuk marrazten ditu errekak. Zati honetan guztian berriz ere igoera arras eztia da. Hala ere, zelai hau zeharkatu eta parean ikusten den belarrezko malda tentea gainditu beharko genuen segidan.


Puntu honetan ezkerretara Bareilleseko Lepora igaten den bide nagusiena utzi eta bailaran goiti segituko genien errekaren ezkerreko aldetik.


Zirkuaren sakoneraino iganen ginen. 2022ko neguan ibili ginen inguru honetan eta beraz ezaguna zitzaigun.


Bertze lautada batera ailegatu eta argazkiko etxolaren ondoan atsedenaldi bat hartu genuen. Oraindik dezente gelditzen zitzaigun tontorra harrapatzeko...


Eta berriz goiti! Argazkian ikusten den Pene Taillade mendiaren azpiko sakonguneraino iganen ginen. Behin horrat ailegatuta, ezkerretara biratu behar da. Eskuinetara Soum de Lascours mendi aldera joanen ginateke.


Elur-lausoren bat edo bertze zeharkatu genuen inguru honetan. Sobera altua ez izanda ere, zirku hetsia da eta elur aunitz pilatzen da neguan bertan.


Ezkerretara hartuta, mugarri bakanei segituz joan ginen. Guk ere bakarren bat paratu genuen. Argazkiko izenik gabeko lepora ailegatuko ginen, handik eskuineko mendira igateko.


Lepotik ertzera atera eta azken metroak igan genituen. Eskuekin lagundu beharreko pausuren bat badu, baina arras erraza da.


12:06 : Pene det Pouri (2587m)
Gailurreko ikuspegia ikaragarria da. Iparraldean kokatuta egonik, Neouvielleko mendigunerako ikuspegi bikaina du.


Kontrako aldean jaitsiera inguratuko genuen Lac Bleu ageri zen.


Tourmalet ezaguna...


Balaitous urrunean...


Gailurrean tarte zabala pasatu ondotik, iparralderantz jaisten hasi ginen, Lac Bleu aldera. Bidexka jakinik gabeko ingurua da, baina orografiak edozein lekutatik jaisteko aukera ematen du.


Artzain etxola Lac Bleu inguruan...


13:34 : Lac Bleu (1967m)
Lakua gure eskuinetara utzita inguratu genuen.


...eta handik beheiti Chirouletera jaisten den bidea hartu.


14:48 : Chiroulet (1062m)
Ziztu bizian egindako jaitsierak berriz ere aparkalekuan utziko gintuen, ibilbide zirkular ederra osatuta.