EGUNA: 2023/12/23
ABIAPUNTUA: Bastan de Sers (1413m)
ZAILTASUNA: S4
DENBORAK:
- Igoera: Hiru ordu eta erdi
- Jaitsiera: Ordubete
NOLA AILEGATU:
Baionatik autopistaz joanen gara Tarbesen atera arte eta hemendik Lourdesera joko dugu. Lourdes hiritik hegoaldera joanda, Argeles eta Luz-Saint-Sauveur herrietara ailegatuko gara, hurrenez hurren. Azken herri honetan Tourmalet mendaterako bidea hartu behar da eta Betpouey herriaren ondotik pasatuta ezkerretara Sers herrira doan errepidetxoa hartuko dugu. Herri hau zeharkatu eta Bastan de Sers bailaran goiti igaten den bidea hartu behar da. Hasmentan asfaltatua dago eta goitiago pista bilakatzen da, baina egoera arras onean dago. Bide honetatik elurrak uzten digun arte iganen gara. Zazpigarren bihurgune hetsian, ezkerretara bide nagusia utzi eta bailararen sakonera egiten duen bidetik joanen gara etxola batzuen ondoan bidea akitzen den arte.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Banuen gogoa Pene det Pouri mendiaren eskialdeko isurialde hau ezagutzeko. Pasaden udan izan ginen mendi honetan iparraldetik, baina eskiz bertara ailegatzeko Sers herritik abiatzen den bidea motzagoa eta hobea da. Elur baldintza onak direlarik, kaskotik Bastan de Sers erreka gurutzatzen duen zubira 1100 metroko jaitsiera zuzen eta ikusgarria du mendiak. Hori guti balitz, malda eskaintzen dizkigun orientazioekin jokatzen ahal da hautsa edo udaberriko elurra bilatu nahi badugu. Apustu ziurra!
9:32 : Bastan de Sers (1413m)
Autoz kasik pistaren akabailara ailegatu ginen. Elur-lauso bat zeharkatu gabe gelditzea erabaki genuen, baina pixka bat gehiago ere igaten ahal ginen. Trasteak prestatu eta pistatik goiti abiatu ginen eskiak bizkarrean genituela.
Lau orduko igoeraren ondotik kaskoan ginen. Iparraldean Lac Bleu eta Montaigu inguruak ikusten ahal dira.
Bakar-bakarrik kaskoan... Ez dut erran, baina jaitsiera bikaina izateaz gain, ez da jende sobera ibiltzen mendi honetan.
Ekialderago Barbe, Bedera, Bigorre eta enparauak... Hauetan bai aise jende gehiago ibiltzen da.
Kaskotik lepo aldera pixka bat jaitsi eta eguzkitan zerbait jateko geldialdi luzea egin genuen. Argazkian lepotxoan bertze eskiatzaile kuadrilla bat ikusten ahal da. Gutaz gain mendira igan ziren bakarrak izan ziren egun horretan.
Neouvielle eta Pic Long mendigunea parez pare...
Gavarnieko 3000koak ere urrunago, Monte Perdido buru dutela ezkerrean...
Jaitsiera ederra izan zen. Erran bezala, 1000 metro inguru eskiatu ahal izan genituen eguzkiarekin gurituak ziren magal zurietatik.
Jaitsieraren azken partean Soum de Nere mendia parean genuela... Sektoreko bertze eskirako mendi aproposa; hori bai, elur gehiago behar du.
1550 metro inguruan kendu genituen eskiak. Kontent egindako jaitsierarekin!
16:37 : Bastan de Sers (1413m)
Eta ttipi-ttapa autoraino itzuliko gintuen bide laburra gainditu genuen eguneko jokaldien errepasoa eginez. A zer mendi puska Pene det Pouri!
BIDEOA:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina