2023/12/10

Soum de Picot (2141m), Soum des Aulheres (2168m) eta Caperete (2395m)

EGUNA: 2023/12/03

ABIAPUNTUA: Luz Ardiden (1712m)

ZAILTASUNA: S2

NOLA AILEGATU:
Lourdes hiritik hegoaldera joanda, Argeles eta Luz-Saint-Sauveur herrietara ailegatuko gara hurrenez hurren. Azken herri honetan Luz-Ardiden eski estaziora igaten den errepidea hartu behar da.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc

KRONIKA:
Luz Ardideneko eski estazio inguruak aproposak dira denboraldi hasmenta erritmoa hartzen hasteko. Autoz 1700 metrora igateko aukera ematen du eta Pirinioetako mendilerroan duen kokapenak ipar-mendebaldetik sartzen diren fronteekin elur aunitz hartzeko aukera ematen dio. Cauterets bezala, guti gorabehera, baina azken honetan teleferikorik gabe 1800 metroraino oinez igatea beharrezkoa da. Iaz denboraldiko lehen ateraldia Luz-en egin genuen, eta aurten bigarrena, elur baldintza onekin.

10:04 : Luz Ardiden (1712m)
Aparkalekuan lagun batzuekin egin genuen topo eta egunaren lehen zatia haiekin pasatuko genuen. Atera eta eskuinetara Belle Bleue izeneko pistatik iparraldera jo genuen.



Fite utziko genuen pista hau Combe de Piet deitzen den errekan goiti abiatzeko. Momentu batez pista inguruetan ginela atzenduko genuen hemen.


Elur aunitz ere ez zegoen, baina azpian belarra izateak egun osoan modu seguruan eskiatzea bermatuko zigun.


Gure ezkerretara beranduago bisitatuko genuen Caperete mendia utzi genuen.


10:58 : Soum de Picot (2141m)
Lehen igoera estazioko pisten ondoko bizkar honetan akitu genuen.


Bertze aldera Cauterets eta Moun Ne inguruak...


Puntatxotik Aulheres ingurura igan eta lehen jaitsiera ipar-ekialdera eginen genuen, Bedereteko aparkalekua baino goitixeago dagoen tabernaraino.


Berriz foka-larruak paratu, gipuzkoarrak agurtu eta jaitsitako metroak errekuperatzeari ekin genion.


Gibelean Pene Nere, Escalabor eta Pene de Bassots mendiak utzi genituen. Duela lau urte inguru ibili ginen haietan eskiatzen.


12:46 : Soum des Aulheres (2168m)
Berriz ere Aulhereseko gaina harrapatu, fokak kendu eta jaitsiera motza eginen genuen Lisey pistatik  izen berteko leporaino.


13:12 : Col de Lisey (2086m)
Bertan berriz fokak eskietara eta Caperete aldera iganen ginen.


Vallons izeneko pistatik egin genuen Capereterainoko igoera.


Pistaren azken metroetan, gailurra parean ikusten ahal da. Eskuinetara berriz jaitsierarako erabiliko genuen bidea zegoen.


Teleaulkian otordutxo bat...


...eta oinez Caperete mendi aldera abiatu nintzen. Metro erraz batzuk igan eta soka eta kablez ekipatuta dagoen pasabide honetara ailegatu nintzen. Pasabidea estua da eta hegoaldea ikaragarrizko erorketa du. Poliki-poliki pasatzea erabaki nuen eta ezkerretara harkaitzean iltzatutako eskailera batetik gailurtxo batera atera nintzen. 


14:07 : Caperete (2395m)
Berez Caperete mendiaren mendebaldeko sasigailurrean bertzerik ez nengoen. Gailurrera metro batzuk jaitsi eta bertze batzuk igan beharko nituela ikusita, itzultzea erabaki nuen.


Eskietara itzuli eta Breche izeneko pistatik hegoaldera pasatu ginen gero handik autoraino eskiatzeko. Harroaldi polita eman genion oraindik hetsia zegoen Luz Ardideneko estazioari.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina