Orriak

Taillon (3144m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Taillon (3144m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2024/05/31

Taillon (3144m)

EGUNA: 2024/05/25

ABIAPUNTUA: Col de Tentes (2207m)

ZAILTASUNA: S3

DENBORAK:

  • Igoera: 3 ordu eta erdi
  • Jaitsiera: Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
 Lourdes hiri ezagunetik hegoaldera autobide bat hartu behar da Argeles Gazost herriraino, hemendik Luz Saint Sauveur herrira joanen gara eta gero Gavarniera. Azken herri hau gurutzatu ondotik eski estaziora (Les Especieres) igoko gara eta hau ere atzean utzita errepidea bukatzen den lekuraino joanen gara: Col de Tentes (2208m).

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc

KRONIKA:
Azken txanpa du eski denboraldiak eta ohiko helburuak ditugu begien bistan. Tenteseko lepora igaten den errepidea garbitzen dutelarik, Gavarnieko 3000koak eskiatzeko aukera ona izaten dira eta horietatik eskiagarriena Taillon da. Ibilbide polit eta anitzak, eta eski malda ederrek fite atzenarazten dute ipar aurpegiaren azpitik egin behar den zeharkaldi laua.

Astazu eta Marbore ilunabarrean

Taillon eta Gabietous ilunabarrean


7:24 : Col de Tentes (2207m)
Gaua aprkalekuan pasatu eta lehen orduan abiatu ginen Bujaruelo edo Boucharoko lepora doan errepide zaharretik. Tentes irekita egonda, ez nuen inoiz hainbertze elurrik ikusi inguruan. Entre les Ports mendia eskiagarri zegoen eta Bujaruelo eta Tenteseko lepoen artean ere elur pixka bat gelditzen zen. Jaitsiera autotik 10 minutura arte eskiatu genuen elur mingainetatik.


Gure ezkerretara eguneko helburua. Niretako borzgarren aldia izanen zen mendi honetan, baina aspertzen ez nauen horietakoa da Taillon.


Erran bezala, Bujarueloko lepora ailegatu baino lehen elurra harrapatu genuen. Goitirakoan ez genituen eskiak paratu, baina beheitirakoan zati hau guzia eskiatuko genuen.


7:44 : Puerto de Bujaruelo / Col de Boucharo (2270m)
Lepo hau zeharkatu gabe ezkerretara hartu eta segidan paratu genituen eskiak zangoetan.


Hortik Taillonen ipar aurpegiaren azpitik egiten den zeharkaldi luzeari ekinen genion.


Elur ona harrapatu genuen, gogortua, eta nahiko fite egin genuen zati hau. Dena den, jaitsieran izaten da zeharkaldi honen makurrena, elur gurituarekin eta aldaparik gabe kosta egiten baita aitzinera egitea. Baina hori bertze kontu bat izanen zen...


Tailllonen ipar aurpegia gibelean utzita zeharkaldiak pixka bat segitu egiten du Taillongo glaziarretik beheiti heldu den errekara ailegatu arte. Hain zuzen ere, erreka ingurura ailegatu arteko azken metroak diren malda gehiena dutenak eta elur gogortua harrapatuz gero kasu eman beharrekoak.


Behin glaziarraren azpiko maldetan kokatuta, goiti egiten hasi ginen. Bezperan botatako elur pizar bat harrapatu genuen eta normalean baino aiseago gainditu genituen malda hauek.


Zatirik tenteena gaindituta, Taillongo glaziarra kokatua dagoen zirkutxora atera ginen. Argazkian ikusten den bezala, hona jaisteko aukera ematen duen ekialdeko aurpegia baldintza onean zegoen.


Glaziarra alde batera utzi eta Sarradetseko leporako metro apurrak gainditu genituen.


Izen bereko mendiaren azpitik pasatuko ginen...


Lepoan...


Eta lepotik zeharkaldi motz batek aterpean utziko gintuen.


9:06 : Refuge des Sarradets / Breche de Roland (2587m)
Aterpera ailegatzean atentzioa eman zigun zati berriaren egoera penagarriak. Oraindik akitu gabe zegoela zirudien, fatxadako plaka batzuk falta baitzituen. Horrelako leku zoragarrian hain aterpe itsusia egitea marka da gero! Lehenagokoa aski polita zen baina...


Aterpea gibelean utzi eta Brecharako azken malda igateari ekin genion.


Inguru eder honetan...


Breche de Roland beti bezain ikusgarri!


Gibelean Sarradets mendia utzi genuen...


Azken metroak Brechara ailegatzeko...


9:49: Breche de Roland (2807m)
Altueran zegoen elur kantitatea handia zen eta lehen aldiz Brecha bera eskiz zeharkatzeko aukera eman zidan. Hegoaldeko isurialdera pasatuta, udako bidetik harresien kontratik segitu ordez metro batzuk galdu eta mendebalderantz igaten den bailaratxo errazetik iganen ginen Taillon aldera.


Hegoaldean ere elur kantitatea handia zen...


Bailaratxo errazetik Taillonen hegoaldeko aurpegia inguratzen da eta hego-mendebaldeko ertzetik harrapatzen da kaskoa.


Zati erraza da, zailtasunik gabea; eta gainera bezperan botatako elur geruza finari esker, baldintza arras onak zeuden.


Azken zatian metro tenteagoren bat gainditu behar da...


11:01 : Taillon (3144m)
...baina aparteko zailtasunik gabe eskiak zangoetan genituela ailegatuko ginen kaskora.


Jaitsiera igoerako bide beretik eginen genuen. Goitiko partean bailaratxoan elur bikaina izan genuen hauts eta guzi, eta Brechatik beheiti ere transformatzen hasia zen udaberriko elur ona.


13:04 : Col de Tentes (2207m)
Jaitsieran luze egiten den ipar-aupegiaren azpiko zeharkaldia ahal zen bezala pasatu, eta Tentes eta Bujarueloko lepoen arteko punturik apaleneraino eskiatu ahal izan genun. Oinez 10 minutuko paseotxo bat bertzerik ez zitzaigun gelditzen denboraldiko azkena izanen zen eski ibilaldia akitzeko.


BIDEOA:


 

2021/06/06

Taillon (3144m)

EGUNA: 2021/06/05

ABIAPUNTUA: Col de Tentes (2207m)

ZAILTASUNA: S3

DENBORAK:

  • Igoera: 3 ordu eta erdi
  • Jaitsiera: Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
 Lourdes hiri ezagunetik hegoaldera autobide bat hartu behar da Argeles Gazost herriraino, hemendik Luz Saint Sauveur herrira joanen gara eta gero Gavarniera. Azken herri hau gurutzatu ondotik eski estaziora (Les Especieres) igoko gara eta hau ere atzean utzita errepidea bukatzen den lekuraino joanen gara: Col de Tentes (2208m).

KRONIKA:
Eta honekin aurtengoan eskiarenak egin ditu. Nire laugarren aldia Taillonen, bigarrena eskiz, baina ipar aurpegiko, Brechako eta zirkuko ikuspegiek zirrara eragiten didate oraindik. Azpiko partean elurra eskasten hasia bada ere, 2300 metrotik goiti aunitz eta egoera onean harrapatu dugu, gure eskia gosea asetzeko gisan.

6:48 : Col de Tentes (2207m)
Taillon eta Gabietou mendiek osatzen duten ipar ikusgarriak eman zizkigun egun onak Tenteseko lepoan. Pirinioetako paisaiarik ederrenetariko honen aitzinean hasi genuen gure eski ateraldia.



Bujaruelo/Boucharo lepora errepide zaharretik hasi ginen ttipi-ttapa eskiak bizkarrean genituela. Luzea egiten zati hau, gehienbat itzuleran...


7:16 : Port de Boucharo / Bujaruelo (2271m)
Lepora ailegatuta Otal eta tendeñera ikusgarriak agertu zitzaizkigun parez pare. Ea hauetan eskiatzeko aukera dugun noizbait...


Eguneko bigarren lepoa ere gibelean utzi eta Taillonen azpitik egiten den zeharkaldi luzeari ekin genion. Normalean zonalde honetan elurra izaten da garai honetan, baina guk nahiko idor harrapatu genuen.


Elur-lauso batzuk zeharkatzen hasi ginen, baina gogor zegoen oraindik eta oinez segitu genuen.


Ordubete pasatuxez eskiak bizkarrean eraman eta gero, zeharkaldiaren azken zatian zagoetan paratu ahal izan genituen azkenean. Gibeleko belardiek kontrastez betetako paisaiak eskaintzen zizkiguten.


Horrelako momentuengatik gustatzen zaigu hainertze hau. Ezin da hitzez deskribitu, bizi behar da...


Sarradetseko ur-jauzi inguruko malda pikoa gainditu eta Taillongo glaziarra kokatua dagoen txokora ailegatu ginen. Leku harrigarria da, behin baini gehiagotan egonda ere txundituta uzten duena. Glaziarraren gainean Taillonen eskialdeko aurpegia altxatzen da. Berez hortik jaisteko aukera ere buruan genuen, baina azkenean bide normaletik eginen genuen beheitirakoa.


8:46 : Col des Sarradets (2589m)
Bertze maldatxo motz bat gainditu eta Sarradetseko lepo ikusgarrira atera ginen. Oroitzen naiz lehen aldiz hemen egon nintzelarik sentitu nuenaz. Leku berezia da, ikusgarria, zirkuko mendiak, Brecha...


Metroren bat galdu eta zeharkalditxo batek aterpean utziko gintuen. Duela bortz urte Arkaitzekin hemendik pasatu ginelarik jadanik aterpea berritze lanetan ari ziren eta oraindik hetsita segitzen du.


Aterpea gibelean utzi eta malda tenteetatik Brecha aldera segitu genuen.


Zer erran Brechari buruz... Ikusgarria da, bakarra, handia...


9:45 : Breche de Roland (2804m)
Brecha zeharkatzeko eskiak kendu eta hego isurialdera pasatu ginen.


Harresitzarren azpitik doan udako bideari segitu genion, hasmentan eskiak zangoetan genituela, baina geroxeago kranpoiak paratuta. Dedo/Doigt harkaitz ezaguna iparraldetik inguratuko genuen pasabide estu batetik...


Taillongo tontorra hurbil ikusten zen jadanik, baina ederki sufrituko genuen azken metro hauek egiteko. 3000 metroak ongi aski nabaritzen dira, batez ere aspaldi altuera horretan ibili ez bazara.


Metroak irabazi ahal ingurua gero eta ikusgarriagoa da. Momentu batez Pirinioen ordez Alpeetan ginela ematen zuen...


Azken metroak...


Hegoaldetik sartu ziren hodei batzuk puntu mistikoa ematen zioten gailurrari, han ginen bakar-bakarrik, mendia eta gu.


11:00 : Taillon (3144m)
Aparkalekua 1000 metro beheitiago eta Especiereseko lakua kaskotik...


Gozatzen...


Vignemale, hodei guztien artetik...


Ez genuen denbora aunitz pasatu tontorrean. Haize freskoa zebilen eta hegoaldean ikusten genituen hodeien mehatxuaren aitzinean beheitirakoari ekin genion. Igoerako bidetik jaitsi oordez, hegoaldeko maldatik jaitsi ginen. Aise elur gehiago zegoen eta eskiatzeko aproposagoa da.


11:58 : Breche de Roland (2804m)
Berriz Brechara bueltan zerbait jan eta atseden hartzeko tarte bat hartu genuen...


...baina oraindik malda ederrak genituen jaisteko! Elurra goititik beheitiraino arras ona zegoen...


Taillonen ekialdeko aurpegiari begiradatxoa beheiti segitu aitzinetik. Ondokorako?


Taillonen iparraldeko paretaren azpiraino eskiatu ahal izan genuen. Eskiarenak denboraldi honetarako egina zuen. Hortik autora oinez parean neguan igotako Soum Blanc des Especieres grisa genuela.


13:47 : Col de Tentes (2207m)
Hala akitu genuenaurtengo denboraldi arraroa. Martxoan Auñamendin ibili eta gero ez ginela gehiago ibiliko pentsatu nuen, baina azkenean Sabocos eta Taillongo ateraldi bikainek zapore onarekin utzi gaituzte! Laster arte elurra!

 
BIDEOA: