Arantza Nafarroa iparraldean kokatua dagoen herritxoa da, zehazki, Bortziriak eskualdean. Bertara ailegatzeko Irun eta Iruñea elkartzen dituen N-121A errepidea hartu behar da eta bertatik bidegurutzeraino joan.
DESKRIBAPENA:
Urtero uda partean AEKk Arantza herrian antolatzen dituen barnetegien barne egindako irteera da hau. Barnetegiko lehen astean mendiko itzuli bat egin ohi da, normalean Mendaur edo Mendiederrera. Kasu honetan biak egin genituen.
9:15 : Arantza (271m).
Goiz ederrarekin abiatu ginen Arantzatik, hilerrira igotzen den maldan barrena. Hemendik aurrera bideko markei segitzea bertzerik ez da egin behar. Bi bide daude hasieran, pista batetik igotzen dena eta pistak ekiditeko bidexkak erabiltzen dituena.
Artaldea lehenengo maldetan.
Larrun mendia eta Igantziko ikuspegi ederra genuen lehen metroetatik.
Bidea une oro ongi seinaleztatua dago.
Herria laster gelditzen da arras beheitian.
Honela, lehen izerdiak botata, Arantza eta Sunbilla bereizten dituen mendilerrora iritsi ginen.
Atsedenaldia belardian...
Hemendik aitzinera ez dago galtzerik, gure helburua une oro ikusten baitugu. Ezkerretan Mendaur eta eskuinean Mendieder. Bien tarteko lepora igo ginen eta bertatik egin genituen bi gailurrak.
Bien tarteko lepora ailegatzeko Mendiederreko magala inguratu behar da.
11:21 : Bustitzlepo (921m).
Tropa handia ginenez erritmo lasaiean igo ginen leporaino. Hemendik gailurra ondoan gelditzen da. Baztzuk lepoan geldituko ziren lasai ederrean bertzeak gora igotzen ginen bitartean.
GR11 eta GR12ko seinaleak daude lepoan.
Azken maldaren ondotik, Trinitate ermita ondoan genuen jadanik.
11:45 : Mendaur (1131m).
Jende dexente zegoen gailurrean, mendi ederra baita oso. Dena den, lainoek ez ziguten bistetaz nahi bezain bertze disfrutatzen utzi.
Taldeko argazkia! Aupa zuek!!!!
Gailurreko egonaldi luzearen ondotik, lepora itzuli ginen eta 4k Mendieder mendia ere igotzea erabaki genuen. Bertzeak, Mendieder inguratuz Ekaitza mendi aldera abiatu ziren, han hurbil dagoen etxola batean bazkalduko baikenuen.
12:53 : Mendieder (1077m).
Bigarren gailurra guretako!
Mendiederretik, Ekaitza eta Mendieder arteko lepora jaitsi ginen.
Eta hemendik Arantzara, basoko pista batetik lehendabizi eta zementuzko bide batetik gero. Hori bai, aitzinetik, bazkari ederra egin genuen ehiztarien etxola batean!
Pont Lamary - Mallo de las Foyas (Ansaberetik) : 3 ordu
Mallo de las Foyas - Pic de Laraille : 20 minutu
Pic de Laraille - Pont Lamary (Col de Larailletik) : Ordu bat eta erdi
NOLA IRITSI:
Masousako aparkalekua Lescun herritik gora dago. Lescunera iristeko, gure kasuan, Nafarroa Beherea eta Zuberoako probintziak zeharkatzea da lasterrena. Donibane Garazi, Lartzabale, Maule eta Atharratze herriak pasata, Montori herrian utziko ditugu Euskal Herriko lurrak. Lanne en Baretous herrira ailegatuko gara hurrena eta herri hau pasata eskuinetara Arette herrira doan bidegurutzea ikusiko dugu. Bertara joanen gara. Arettetetik Issor herrian barrena, Aspeko bailarara iritsiko gara. Behin hemen, Zaragozako norabidea hartuko dugu eta kilometro batzuz bailara sartu ondotik, eskuinetara Lescun herrira doan desbideratzea aurkituko dugu. Puntu honetara Pirinioen hegoaldetik ere irits daiteke, Jaca eta Somporteko tunelean barrena. Lescun herrira iritsi baino pixkat lehenago, Masousako aparkalekura gidatuko gaituzten seinaleei segiko diegu. Hemendik, asfaltoa utzi eta egoera nahiko onean dagoen pista bat jarraituko dugu Pont Lamaryko aparkalekuraino.
DESKRIBAPENA:
Mendiko ibilaldi gutxiko uda honetan, eskapada txiki bat egin genuen abuztu erdialdean. Arratsaldean lana izanik, ibilaldi luzeegirik ezin genuen egin eta urrunegi zegoenik ere ez. Hortaz, bertze behin ere, Lescun aldera jo genuen. Helburua Laraille mendian zirkular bat egitea zen. Larunbat arratseko bederatzietan abiatu ginen herritik eta Pont Lamaryko aparkalekuan pasa genuen gaua.
7:46 : Pont Lamary (1171m).
Goiza ikaragarrizko egunarekin ernatu zen. Zeruan urdin eta tenperatura fresko xamarra. Mendirako bikaina! Jadanik negu honetatik ezaguna nuen bidetik Ansabereko etxoletara abiatu ginen.
Segidan bistaratu genituen eguneko protagonistetako batzuk izanen zien Ansabereko orratzak.
Ikusgarriak dira benetan.
Oihan zati batetik zelai eder honetara atera ginen. Aitzinean genituen negu honetan igotako Sobarcal eta Acherito mendiak ere.
8:35 : Cabanes d'Ansabere (1570m).
Pista erosoan barrena eginiko ibilaldi politaren ondotik, Ansabereko etxolak kokatuta dauden eremu ederrera ailegatu genuen.
Aitzineko neguan bertan pasa genuen gaua, udan aldiz, artzaina egoten da. Hala ere, ondoan bertze etxola bat dago irekita gaua pasatzeko.
Etxolatik aitzin, Petragemeko lepora doan bide ezaguna alde batera utzi eta hegoaldera biratu ginen, Ansabereko laku aldera.
Gibelean Hiru Errege Mahaia ikusten hasi ginen.
Panorama ederra eskeintzen ziguten Acherito, Sobarcal, Petretxema eta Hiru Erregeen Mahaia mendiek.
Lescun eta Oza bereizten dituen lerroaren bila joan ginen malda tenteagoetatik.
Ansabereko laku txikiaren ondotik pasa ginen.
Momentu oro inguruaz gozatzeko aukera ematen du inguruak.
Horrela, izerdi batzuk botata IGNko mapan 2032 metroko altuera duen izenik gabe kota zapaldu genuen.
Haize hotzak eman zigun ongi-etorria, baita Acheritoko lakuaren ikuspegi ederrak ere. Bertara jaitsiko ginen jarraian...
9:53 : Ibon de Acherito (1875m).
Behin lakura iritsita atseden hartzeko tarte bat hartu genuen.
Eta bide batez, inguruaren edertasunaz gozatu genuen. Jarraian, eguzki izpiak tapatzen duen lepora igoko ginen, harriz betetako malda batetik.
Lakua inguratu eta beheitian utzi genuen.
Leporako azken metroak, erran bezala, malda handikoa dira baina zailtasunik gabeak. Hori bai, kontuz ibili behar da harri askeak bota gabe.
10:53 : Mallo de las Foyas (2132m).
Horrela, lepora ailegatu eta bortz minutu gehiagotan ondoan gelditzen den Mallo de las Foyas mendia zapaldu genuen.
Ikuspegi ederra oparitu zigun mendia Oza aldera eta baita erdialdeko Piriniora ere.
Bertan lagun batzuk aurkitu genituen eta elkarrekin egin genituen Larailleko gailurrerainoko metroak. Irudian parean ikusten dena da Laraille.
Punturen batean eskuekin lagunduz ertzera iritsi ginen eta eguneko bigarren gailurra egin genuen.
11:15 : Pic de Laraille (2147m).
Mendi nahiko ezezaguna baina benetan ederra da Laraille. Lescun aldera iksupegi polita eskeintzen duena.
Acheritoko lakua nehean eta Alanoak, Chipeta Alto, Chinebral, Acherito eta konpainia parean.
Gailurreko argazkia aurkitutako lagunekin!
11:39 : Col de Laraille (2011m).
Ez ginen denbora gehiegian egon gailurrean. Autoraino jaistea gelditzen zen eta gero etxerainoko buelta; eta nik presa pixka bat nuenez, lagunak agurtu eta Larailleko lepora jaitsi ginen. Jaitsiera erraza da baina destreperen bat egin behar da irudian ikusten den bezala.
Bertatik, iparraldera biratu eta lepoa ere gibelean utzi genuen bide harritsuan ibiliz.
Zonalde harritsuaren ondotik, berdea eta Lazerqueko oihana iritsi ziren. Plazerra izan zen bertatik jaistea. Hori bai, bide bakartia da eta adi egon behar da hitoei segitzeko. Guk momentu batean galdu genituen eta galdu egin ginen.
Aspe-Lescun eremuko bertze altxor bat gehiago: Lazerque.
Toki ikusgarri eta bakartia Pourtet Ouvert eta Pourtet Barrat mendien oinean.
Horrela baso eta belardi zatiak tartekatuz, autorainoko metroak jaitsi genituen. Hori bai, pare bat aldiz galduta.
Lazerqueko oihana...
13:30 : Pont Lamary (1171m).
Bortz ordu eta erdiko ibilbidearen ondotik, berriz ere Poure de Lamary mendiaren oinean itxi genuen ibilaldi eder hau. Bertze bat gehiago, Aspe-Lescun inguruan eta jadanik badira bortz hilabete gutxitan!