Orriak

Bernera (2432m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Bernera (2432m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2026/03/27

Bernera (2432m) eta Ruabe del Bozo (2419m)

EGUNA: 2026/03/10

ABIAPUNTUA: Refugio de Lizara (1540m)

ZAILTASUNA: S3

IRAUPENA:
  • Ref. Lizara - Bernera : Hiru ordu
  • Bernera - Foya de Aragües : Ordu laurden
  • Foya de Aragües - Ruabe del Bozo : Ordu bat
  • Ruabe del Bozo - Valle de los Sarrios : Ordu erdi
  • Valle de los Sarrios - Puerto de Bernera : Ordu erdi
  • Puerto de Bernera - Ref. Lizara : 45 minutu
NOLA AILEGATU:
Iruñetik Esako urtegia inguratuz Jakarako bidean, Puente la Reina de Jaca herriraino ailegatuko gara. Hemen ezkerretera biratu Echo aldera. Jasa eta Aragües del Puerto herriak gibelean utzi eta gero, pista asfaltatu batek Lizarako aterpe politeraino eramanen gaitu.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Lizaratik beretik elurra dagoela aprobetxatuta, itzuli eder eta original hau egiteko aprobetxatu dugu. Aspalditik nuen buruan Ruabe del Bozo menditik iparralderantz jaisten den malda polita eskiatzea; eta berez Sansaneteko aparkalekutik hurbilago gelditzen bada ere, Lizaratik altuera handiagoan hasteko aukera ematen du. Horri Bernera mendian eta Sarrios bailaran ibiltzeko aukera gehitzen badiogu, bortz izarreko mendi eski bidaia geldituko zaigu.

8:02 : Refugio de Lizara (1540m)
Lizarara etortzen garen guzietan bezala, Aragües del Puertoko aparkalekuan pasatu genuen gaua eta goizean igan ginen goiti. Intentzioa aterpean kafea hartu eta abiatzea zen, baina hetsia zegoen eta beraz segidan paratu ginen martxan.


Aterpetik beretik eskiak zangoetan genituela atera ginen. Bisaurin aldera igaten den bide ezagunetik hasi ginen.


Baina seinale honetan bide hori utzi eta Estaneseko lakurantz doan bidea hartuko genuen. Zatitxo batean elur gutixeago zuen baso zatia zeharkatu genuen.


Eta basotik aitzin, elurra ausarki izanen genuen egun osoan zehar. Ordelcako aterpe librearen ondotik pasatu eta Bisaurin eta Bernera artean gelditzen den amildegian barneratuko ginen.


Elur denboraldi ona ari da izaten eta amildegia elur ausarkirekin harrapatu genuen. Bizkar honetatik metro batzuk galduko genituen amildegiaren azpiko alderaino eta gero goiti igaten hasiko ginen.


Elurra gogor zegoen azpiko alde honetan, baina kutxilarik gabe ibiltzeko moduan.


Azpiko zokotik ateratzen...


Lehen malda iganda, gure ezkerretara duela pare bat urte eskalatutako Balellazako orratzak ikusten hasi ginen.


Amildegiaren sakonetik iparralderantz eginen genuen...


...eta 1900 metrotik goiti aitzineko egunetan botatako elur hauts pixka bat harrapatzen hasiko ginen. Horrek egun osoan eski baldintza bikainak izatea ekarriko zigun, inolako materialik erabiltzeko beharrik gabe.


Foya de Bernerara ailegatu baino lehen, 1930 metro inguruan, amildegia utzi eta eskuimetara biratuko ginen argazkiko kanaltxoa igateko. Kanaltxo horretatik Bernera mendiaren mendebaldeko maldetara pasatuko ginen.


100 bat metroko desnibela gainditzen duen kanala tentetuz joaten da igan ahala eta ohikoa da kranpoiak paratu behar izatea hura gainditzeko. Egun horretan genituen elur baldintzetan kutxilarik paratu ere egin gabe igan ahal izan ginen.


Erran bezala, kanala Berneraren mendebaldeko magaletarako sarrera baten gisakoa da. Kanalaren gaineko aldetik eskuinetara aterata zeharkaldi horizontala eginen genuen.


Eta hortik aitzin ekialderantz eginez, malda zabal eta errazak igaten hasiko ginen.


Gure gibelean Bisaurin eta Puntal de Secus inguruak uzten ari ginen, hauek ere elur baldintza bikainetan.


Bernera kaskora hurbildu ahala, maldak etzanez joaten dira. Bernerako lepoa parean utzi eta guk zertxobait eskuinetara eginen genuen gailurraren bila.


10:53 : Bernera (2432m)
Kalitate oneko elur hauts maldak iganez ailegatu ginen gailur zabalera. Kaskoan zalantza pixka bat egin genuen, aitzinetik pentsatutako ibilbidearekin segitu edo malda eder haiek gibelerat eskiatu. Azkenean hasmentako planari eustea erabaki genuen, eta ez ginen urrikituko.


Foka-larruak kendu eta iparraldera hautsetan Bernerako leporantz jaitsi ginen hasmentan, handik eskuinetara biratu eta eguzkitan zeuden malda tenteagoetatik segitzeko.


Foya de Aragües deitzen den bailaratxoraino jaitsiko ginen ekialderantz. Argazkian behean ikusten den bailaratxoa da, eta handik goitian ikusten den Ruabe del Bozo mendira iganen ginen.


11:24 : Foya de Aragües (2148m)
Berriz fokak paratu eta iparralderantz bailaratxo errazetik goiti igaten hasiko ginen. Goizak aitzinera egin ahala, zeruan hodeiak ugaritzen hasiak ziren eta kezka eragiten zigun ondoko jaitsierarako bisibilitatea behar baikenuen.


Malda etzan eta errazetatik egin genuen goiti irudian ikusten den Ruabe del Bozo aldera.


Gibelean Pico d'o Ibon ikusgarria utzi genuen, hegoaldera malda tente eta ederra duena. Haren ezkerretara Berneratik beheiti Foya de Aragües aldera jaisteko eskiatu genuen malda ikusten da.


Azken metroak pixka bat tentetzen dira Llena de la Garganta eta Llena del Bozo ikusgarrien begiradapean.


Ertz zabalera atera, eskuinetara biratu eta azken metroei ekinen genien. Valle de los Sarrios alderako jaitsierako malda hartzeko bizkar hau gibelera ibili beharko genuen argazkian ikusten den tontor harritsuaren (Lie Labata mendia) ezkerreko gaineraino.


12:01 : Ruabe del Bozo (2419m)
Eskiak zangoetan zailtasunik gabe aharrapatu genuen eguneko bigarren kaskoa ere. Aspe, Llena de la Garganta eta Llena del Bozo trilogiaren ikuspegi bikaina eskaintzen du mendi honek.


Sobera luzatu gabe eta fokak eskietan mantenduz, igan berri genuen bizkarretik jaitsieraren bila abiatuko ginen Lie Labata mendiaren ondoraino. Argazkian ezkerretara ikusten den punta zuria da Ruabe del Boz eta handik heldu ginen.


Inguru basati eta eder hartatik ere zangopean genuen Candanchuko eski estazioko musika aditzen zen. Harrigarria da jendeak zer behar duen mendian ere hiriko sentsazioak izateko.


Puntu honetan hartuko genuen Estanes lakurantz jaisten den Lie Labata mendiaren iparraldeko malda ederra. Hain justu ere, puntaren ezkerreko maldatik jaitsiko ginen. Erran behar da, puntu hau zela maldara erraztasunez sartzeko bakarra, gainerako zati guzietan kornisa handiak baitzeuden.


Jaitsiera zoragarria izan zen. Elur hauts bikaina izan genuen, hasmenta nahiko tentea duen maldan beheiti. Aipatu behar da, malda hau jaisteko elur baldintza egonkorrak bilatu behar direla.


Lehen malda jaitsita, geldialdia eskiatu berri genuen zatiari begiratua botatzeko.


Eta hortik beheiti Cantal izeneko parajean eskiatzen segitu genuen. Malda etzan eta zabalago hauetan ezkerretarantz eginen genuen Valle de los Sarrioserako sarreraren bila.


Sarrios bailarara sartzeko pareten arteko arrakala natural bat bilatu behar da, nahiz eta beheitiago eskiatuta ere sartzen ahal den. Bertatik bertze maldatto bat eskiatu eta Sarrios bailararen sakonera ailegatuko ginen.


Leku magiko honetan eguneko azken igoera laburrari ekinen genion.


Bailara osoa zeharkatu eta muturrean irekitzen den Bernerako lepoaren bila iganen ginen.


Azken zatian eskuinetara biratu eta segidan ailegatuko ginen bertara.


13:10 : Puerto de Bernera (2115m)
Lepo zabalean azken aldiz fokak kendu eta jaisteko prestatu ginen. Foya de Bernerara jaitsiera etzana eginen genuen lehendabizi, gero handik ezkerretara biratu eta Bernerako amildegian sartzeko.


Bernerako amildegian udaberriko elur errazetik azpiko parteraino eskiatu genuen.


Eskiak eskutan Ordelcako bizkarrera igan eta handik azken jaitsiera Lizararaino bereraino eginen genuen.


Aterpe librearen ondotik pasatuz...


14:03 : Refugio de Lizara (1540m)
Sei orduko itzuli ederraren ondotik, aterpean egindako bazkari goxoarekin indarrak berritu eta etxerako bidea hartuko genuen. Egun zoragarria!

 

2021/09/20

Bernera (2432m), Punta Alta de Napazal (2363m)

EGUNA: 2021/09/19

ABIAPUNTUA: Refugio de Lizara (1540m)

ZAILTASUNA:
Ertaina (AD-). Bideko zailtasunak bi puntu hauetan zentratzen dira:
  • Chimenea de Estrato (III+): Ongi ekipatutako tximinia da III+-eko zailtasun konstantea duena. Plaka etzan batzutatik igotzen da.
  • Bernerako hego-ekialdeko ertza (IV-): Erdian harkaitzezko bloke bat duen tximinia bertikal batek ematen dio zailtasun gradua ertzari. Ondotik igoera errazagoa da (III), baina arras espuestoa momenturen batean. Ez dago ekipatua).
DENBORAK:
  • Refugio de Lizara - Chimenea del Estrato : Ordubete
  • Chimenea del Estratoren eskalada : 2 ordu
  • Chimenea del Estrato - Punta Alta de Napazal : 45 minutu
  • Punta Alta de Napazal - Bernera : 30 minutu
  • Bernera - Refugio de Lizara : Ordu eta hiru laurden
NOLA AILEGATU:
Iruñetik Esako urtegia inguratuz Jacako bidean, Puente la Reina de Jaca herriraino ailegatuko gara. Hemen ezkerretera biratu Hecho aldera. Jasa eta Aragües del Puerto herriak gibelean utzi eta gero, pista asfaltatu batek Lizarako aterpe politeraino eramanen gaitu.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc

KRONIKA:
Lizarako aterpea aipatzen badugu, segur aski denei Bisaurin mendia etorriko zaigu burura. Erranen nuke bertara hurbiltzen diren hamar lagunetatik bederatzik mendi hori izaten dutela jomuga. Aterpeko aparkalekutik beretik, ordea, Bisaurinez gain bertze mendi batek atentzioa deitzen du: Bernera da. Harresiz inguratutako gotorleku itxura hartzen du azpitik ikusita, nahiz eta bertaraino ailegatzeko bide arruntenetatik eskuak ez diren erabili ere egin behar. Guk mendiari itzulia eman dio hego aurpegian kokatuta dago Chimenea del Estrato bidea eginez. Harkaitzaren plaka kurbatu batek osaten duen tximinia ikusgarritik doa bide polit hau, erraza, jostatzeko modukoa.

9:08 : Refugio de Lizara (1540m)
Haizetsu eta hodei batzuekin ernatu zen eguna eta presa handirik gabe paratu ginen martxan goiz freskoan, eguzkiari bere lana egiten utzi nahian. Argazkian ikusten den Bernera mendiaren eskuineko lepoa genuen hasierako erreferentzia. Bozo deitzen da lepoa eta seinaleek ongi erakusten digute bertarainoko bidea.


GR11.1 bidearen marka zuri-gorriak segituko genituen zati honetan...


Lizarako lautadak zeharkatu eta etxola baten ondotik pasatuta goiti egiten du bideak.


Aparkalekutik beretik ikusgai genuen eskalatuko genuen bidea doan tximinia makurra. Hori hartu behar da erreferentzia gisa bidean eta behin bere parera ailegatuta Bozoko lepora igotzen den bidea utzi eta harriz betetako bide batetik bertara zuzendu ginen.


Eguraldia nahiko nahasia genuen eta momenturen batean euri tanta batzuk ere hasi ziren, eskalatzeko ez zen egun onena beraz. Hasmentako plana, aipatutako tximiniaren ondotik igotzen den Placa del Estrato (IV+) eskalatzea zen, baina langar biziak harkaitzak busti-bustita utzi zituen eta errazagoa den Chimenea del Estrato bidearen aldeko apustua egin genuen.


Tximiniaren azpian kokatu ginen, ipar-haize zitalaren ufada gogorrekin  eta harkaitz tarteko babesean ekipatu ginen goiti hasi aitzinetik.


Lizara aldean eguzkia ikusten zen, baina ortzadarrak salatzen zuen emeki erortzen zen langarra.


Eskadala bidea erran bezala ez da III+ gradutik pasatzen, arras erraza da beraz. Hala ere, gradua nahiko konstantea da eta komeni da sokak erabiltzea. Guk arroka arras bustia harrapatuko genuen eta baldintza horietan zailtasuna aunitz igotzen da, itsaskortasuna bilatu behar den plaketatik igota zer erranik ez.

Honelakoa da egin genuena luzez luze:

  • 1. luzea (III+, 30 metro): Helduleku aunitz dituen tximinia bertikala da, hasieran helduleku gehiagokoa (II) eta gero pixka bat teknikoagoa (III+). Azken metroak oinez egiten dira. Lehen bilera Chimenea del Estrato eta Placa del Estrato bideendako berdina da, erne beraz. Zuzen goiti ikusten diren txapal Placa bidekoak dira eta Chimenea bidea eskuinetara joaten da. Paretean margotuta dago bidearen izena.
Lehen luzea, helduleku aunitzeko tximinia

  • 2. luzea (II, 20 metro): Lehen metroak Placa del Estratoren bidetik egin genituen, baina bigarren txapa pasatuta eskuinetara jo genuen. Hemen tximiniaren kontra dagoen plaka altuago batera pasatu behar da eta zeharkaldia egin eskuinetara. Bigarren bilkura tximiniaren barruan dago.
Bigarren luzeko zeharkalditxoan

  • 3. luzea (III, 40 metro): Puntu honetatik aitzin, ondoko lau luzeak estilo bertsukoak dira. erran bezala bigarren luzean Placa del Estrato doan plaka zabala utzi eta tximiniaren kontra dagoen bertze plakatxora sartu behar da eta plaka horretatik doaz ondoko luze guziak. Estiloa iduritsua. Txapak eta zintak tximiaren paretan eta eskalada tximiniaren kontrako plakatik. Helduleku txikiak ditu, baina nahiko etzana da.
Hirugarren luzearen hasiera...

Hirugarren bilkurara ailegatzen, argazkian garbi ikusten dira Placa bidean doan plaka eta Chimenea bidea doan plaka, helduleku gehiagorekin

  • 4. luzea (III+, 35 metro): Luze honetan tximinia ondoko plaka zertxobait bertikalago jartzen da eta helduleku txikiagoak ditu. Hala ere iduritsua da. Guk dena den hemendik aitzin gonbidatu desatsegin bat izan genuen: ura. Harkaitz zati handiak bustita zeuden eta horrek aunitz zaildu zuen eskalada. Batzuetan txapak zeuden bidetik urrundu behar izaten ginen zati idorrak segitzeko eta bertzetan derrigor zati busti eta irristakorrak pasatu behar izan genituen.
Laugarren luzea, hasi da hezetasun besta

  • 5. luzea (III, 25 metro): Aitzinekoaren iduriko luzea eta kasu honetan ere arras bustia harrapatu genuen. Hori dela eta, plakaren erdiko pitzadura batetik igo ginen, ia luze osoan txapetan asegururik sartu gabe, haiek ezkerretara baitzeuden, erabat bustitako zatian. Hortzak eta ipurdia ederki estututa azkenean harkaitzeko blokeko zinta batean txapatu ahal izan nuen. Bilkura plakaren erlaitz batean dago.
Bortzgarrena akitzen

Bortzgarren bilkuran, estuasunak eta gero adrenalinaz gainezka


  • 6. luzea (III, 40 metro): Gorantz igotzen den azken luzea da, zazpigarrena ezkerretarako zeharkaldi bat baita. Berriz ere bustita harrapatu genuen eta gainera lohi irristakor batekin. Patinatzeko pista bat iduri zuen. Kontu handiz egin behar izan genituen azken metroak, kobazuloaren barnean dagoen bilkuraraino.
Seigarren bilkurara ailegatzen, koba barnean


  • 7. luzea (II, 30 metro): Goranzkoak akitu eta ezkerretara egiten den zeharkaldia da. Oinez egiten ahal da zatirik gehiena. Bilkura tximiniaren ondoko plakatik bertzera jaistean harrapatzen da.
Azken luzeko zeharkaldia


Behin eskalada zatia akituta, trasteak bildu eta atsedenaldia hartu genuen. Ipar haize hotzaren ondotik, gustora hartu genituen eguneko lehen eguzki izpiak. Hortik goiti tximiniatik ateratzeko gezi gorriei segituko genien.


Behin estratotik aterata, Bozoko lepora doan bidea utzi eta Napazal mendira zuzendu ginen. Bide jakinik gabeko belarditik egiten da bidea, gailurra erreferentzia gisa hartuta eta mugarri batzuk lagun...


Metroak irabazi ahala Bernera mendigunearen hego harresien ikuspegi bikaina da. Zenbat txoko polit ditugun gure Pirinioetan...


Belardia gaindituta Napazalgo gailurraren azpian kokatu ginen. Bertze aldean Aisako bailara ikusten da eta urrunago Collarada laino artean.


Azken zatian tximinia erraz bat igo behar da.


Azken metroak ertz polit batetik...


13:36 : Punta Alta de Napazal (2363m)
Gogor hartu gintuen ipar haizeak Napazalgo gailur zabalean. Gutxi egon ginen beraz han...


Ezkerretara biratu eta Bernera aldera abiatu ginen bizkarrez bizkar. Berez bide arrunta hemendik Bernerako lepora joanen litzateke eta gero gailurra igo, baina kasu horretan metro gehiago jaitsi beharko genituela ikusita zuzenean igotzea erabaki genuen.


Urrundik errazagoa iduri zuena aunitz aldatu zen mendiaren paretaren azpian kokatuta. Harresiaren eskuinetara ikusten genuen arrakala uste baino bertikalagoa zen eta eskuineragoko bertze bat arras espuestoa eta soka erabiltzeko zaila. Hortaz, argazkian geziarekin markatu dudan bidetik igo ginen, hego-ekialdeko ertzetik.



Berriz soka atera behar izan genuen puntu honetan. Zatirik zailena hasmentan igo behar izan genuen tximinia tentean dago, erdian trabatuta duen harkaitzezko blokea gainditzeko (IV-). Zorionez tximinia horrek ez du esposizio handirik. Hortik goiti ezkerretara zeharkaldi bat egin genuen, hau bai esposizio handikooa eta gero zuzen igo zati bertikal batetik (III).


14:34 : Bernera (2432m)
Bigarren gailurrean ere ez zen giro eta laster batean eskapatu ginen handik, tontorreko argazkia egiten ere ez baitzigun uzten haizeak.


Ipar magaleko belardietatik jaitsi ginen eta mendebaldeko norabidea hartu genuen Bisaurin eta Bernera artean irekitzen den arroila estura.


Zati bat jaitsita gerizan tarte bat hartu ahal izan genuen materiala behar bezala biltzeko beheiti segitu aitzinetik.



Metroak jaitsi ahala haizeak indarra galdu zuen eta eguzkiak sentsazio termikoa epeldu. 


Bisaurin inguruko hodeiak ere lekutzen hasiak ziren ordurako...


Behin bi mendien arteko arroilara jaitsita, hegoaldera biratu eta Lizarara jaisten den bidexka zabala hartuko genuen.


Paraje ikusgarri honetatik egin genituen azken metroak, belardi, izei eta harresi bertikalen artean...


16:05 : Refugio de Lizara (1540m)
Zazpi orduko itzuliaren ondotik berriz ere aterpean ginen, bideko gorabeherak komentatzen bazkaldu bitartean.

BIDEOA: