2021/12/30

Iguzkimendi (844m), Itsusiko Harria (623m)

EGUNA: 2021/12/31

ABIAPUNTUA: Aritzakun - Berekotxeko borda (195m)

ZAILTASUNA: Erraza

DENBORAK:
  • Berekotxeko Borda - Itsusiko Harriak - Iguzkimendi : 3 ordu eta erdi
  • Iguzkimendi - Berekotxeko Borda : Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Aitzakungo Berekotxeatik abiatzen da ibilaldi hau. Bertara ailegatzeko Bidarraitik edo Otsondoko lepotik Gorramendira doan errepidetik pasatzen ahal gara. 


KRONIKA:
Urte bikaina izan da 2021a mendiari dagokionez, eta akabaila polita eman genion etxe inguruko zonalde basati honetan. Denboran iltzatuta gelditu dela ematen duen Aritzakungo errekatik (village perdu deitzen diote frantsesez inguruari, herri galdua) Itsusiko Harriak ikusgarri altxatzen diren orratzak dira. Lastima da kalitat kaskarrezko konglomeratuz osatuta daudela harkaitz hauek, bertzenaz eskalada inguru paregabea izanen bailirateke ziur. Eskalatuz ez, baina oinez inguru hauetan galtzea merezi du.

11:18 : Aritzakun - Berekotxea (195m)
Presarik gabe ailegatu ginen abiapuntura. Neguko egunik motzenetan egonagatik ere, martxoan edo apirilean ginela ematen zuen eguraldi epela ikusita. Autoa bordaren ondoko aparkalekutxoan utzi eta bordaren kontratik beheiti abiatzen den bidea hartu genuen.


Aritzakungo erreka eskuineko aldean utziz, paraleloan doan bidexkari segituko genion lehen zati honetan.


Geroago gainetik pasatuko genituen Itsusiko Harriak azpitik zeharkatzen ditu bide honek.


Zati bat bertatik eginda, puntu honetan bidexka pista zabal bilakatzen da. Hemendik begien bistan genuen Arruxia baserria eguzkitan. Geroago pasatuko ginen bertatik.


11:58 : Arruxia (270m)
Bidexkatik GR10 bidea pasatzen den bide asfaltatu batera atera ginen eta bertatik metro batzuk eginda ailegatu ginen baserri honetara. Hortik goiti errepidetxoa akitu eta bidexka ikusgarritik segituko genuen.


Bidexka Itsusiko amildegian goiti ateratzen da, pareten artetik bidea eginez.


Bide horretatik zati bat eginda, eskuinetara dagoen kobazulo kurioso hau bisitatu genuen. Harpeko Saindua deitzen da lekua.


Bisita laburraren ondotik berriz ere goitirakoari ekin genion. Arestian erran bezala, egun beroa genuen abenduko azken hau.


Puntu honetan GR10aren bidea utzi eta ezkerretara biratuko ginen bidexka estu eta ez hain nabarmen bat segituz. Itsusiko Harrietara eramanen gintuen minutu batzuetan.


Arruxia baserria arras beheitian utzia genuen jadanik, Zelaiburu gailurraren oinean...


Itsusiko Harrietako lehendabiziko puntara atera ginen hala. Martikoenea deitzen da punta hau mapa batzuen arabera eta Aritzankunerako ikuspegi bikaina duen talaia zabala da.


Lehen tontortxoa utzi eta aitzinera segitu genuen. Hemendik aitzin, bidea ez da aunitzik igotzen Itsusiko Harrien gainetik egiten duen zeharkaldian.


Hor utzi genuen lehen puntatxoa...


13:06 : Itsusiko Harria (623m)
Orratz bat inguratu, metro batzuk galdu eta gailur nagusia den honetara atera ginen. Ez da guzietatik altuena, baina iparraldera pixka bat aterata dago eta azpitik handiena ematen du. Horregatik, berak hartzen du izena.


Tontor nagusia utzi eta inguruko bertze puntatxo batzuk ere igan genituen.


Goiti eta beheiti gozatzen ibiltzeko parajea da honakoa...


Putreen erreinu bertikala...


Orratz eta tontortxoak utzi eta aitzinera segitu genuen bidexka politetik. Bizkar hau ere arras polita da, bere etxolatxo eta guzi.


Kasko hori utzita, eskuinetara biratu eta bizkar honetatik segitu genuen Iguzkimendi aldera.


Azken metroak larre berdeetatik zuzenean eginen genituen.


14:07 : Iguzkimendi (844m)
Hala ailegatu ginen Lapurdiko kostaldera bista ederra duen gailur honetara. 


Artzamendi hiurbil gelditzen da tontorretik...


Urrunean Atxuria, Aiako Harriak, Larrun...


Eta bertze aldean Pirinioak zuri-zuri, nahiz eta gero eta elur gutiago izan...


Gailurrean egonaldi luzea eginda beheitirakoari ekin genion. Horretarako irudian ikusten den bizkar luzea segitu genuen akabailaraino, handik ezkerretara berriz ere Aritzakungo errekan barneratuko gintun bidexka hartzeko. Zati hau neguan aise egiten da, iratze eta sasi gutirekin. Udan hibe da bizkarraren eskuineko aldera jaitsi eta pista bat segitu bidexka bera hartu arte.


Bidexkak berriz ere Itsusiko Harrien azpiko aldera eramanen gintuen. Negua izan arren, bidexka nahiko hestia harrapatu genuen, beraz erritmo honetan hemendik gutira kasik ezinezkoa izanen da ibilaldi hau egitea. Hori da Baztango bailararak duen garapena, gero eta turista gehiago, baina gero eta abeltzain gutiago eta ondorioz, mendiak zikinago.


15:45 : Aritzakun - Berekotxea (195m)
Horraino urteko azken mendi ibilaldiak emandakoa. Anitzerako eman duen urtea 2021a, inoiz atzenduko ez dudana...

Blog honek 47 erreportaje hartu ditu, baina ez dira mendian egondako egun bakarrak izan. Hiru egunetatik batean mendian egon naizela erratea ez litzateke astokeria izanen segur aski. Izan dira eski egun gogoangarriak, elur hauts hotzetan zein udaberriko krema epelaren gainean. Izan dira euritan dantzan egitekoak, ekaitzen aitzinean lasterka ibiltzekoak eta ilunabarrari lurrean jarrita begira egotekoak. Ertz estuen gainean oreka mantendu beharrekoak edo belardi berdeetako ardi kaka gainean iraulka ibiltzekoak. Denek izanen dute beren leku berezi oroitzapenen kutxan...

2021/12/23

Lariste (2168m)

EGUNA: 2021/12/19

ABIAPUNTUA: Selva de Oza (11120m)

ZAILTASUNA: S2

DENBORAK:
  • Igoera: 3 ordu eta erdi
  • Jaitsiera: Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Iruñetik Jaka aldera doan autobidea hartuko dugu Puente La Reina de Jaca herriraino. Bertatik Echoko bailarara doana hartu behar da eta osorik zeharkatu bailara hori Echo herritik goiti Selva de Ozara doan errepidea hartzeko. Elurte handien ondotik Boca del Infierno deitzen den arroiletik pasatzen den bide zatia hetsia egotea posible da.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Azaro hondarreko eta abendu hasmentako elurte eta eurite handien ondotik, hego maldak bilatzeko garaia da eskia maite dugunondako. Neguko antizikloiek hori dute, eguraldi ona eta aldapa eguzkitsuen trasnformazioa ziurtatua. Zeru Urdinaren Sindromea denari ihesi, Echo bailararen sakona esploratzen ibili gara, Laristeren hegoaldeko malda amaigabeetan. Kasik 3 kilometroko pista irentsi behar da bertara ailegatzeko, baina han harrapatuko dugun paisaia eta lasaitasunak merezi dute sakrifizio ttipi hori.

9:36 : Selva de Oza (1120m)
Gaua hotza izan zen erreka bazterreko aparkalekuan. Autoa alde guzietatik izoztuta eta eskuak zer erranik ez. Gosaldu, gauzak prestatu eta goiti abiatu ginen Guarrinzaraino eramanen gintuen pista lauetik. 


Luze egiten da pista hau, batez ere jaitsieran. Baina sarreran erran bezala, horrek jende gutiago joatea eragiten du eta merezi du. Bailara pixka bat irekitzen den puntu honetatik Lariste mendiaren punta eta bertara ailegatzeko zeharkatuko beharko genuen Foyaseko amildegia bistan genituen. 


Pistatik 2,7 kilometro eginda, seinale batek Palo lepora doan bidea markatzen digu ezkerretara. Hori hartu eta erreka gurutzatu genuen. 


10:47 : Guarrinza (1235m)
Berez udan puntu honetaraino autoz ailegatzen ahal da, baina neguan ordubete hurbil behar da. Gustora hartu genituen eguzki goxoaren lehen printzak zokoko hotzak pixka bat uxatzeko.


Astebete lehenago igotako Chipeta Alto mendiak arras itxura desberdina erakusten du inguru honetatik. 


Zuriza eta Linza aldera doan bidea ezkerretara utzi eta hegoaldera segitu genuen Foyas amildegiaren bila. Bailararen sakonean Acherito, Chinebral eta enparauak ikusgarri ageri ziren leku horretatik. Inguru hure ere eskiz urrun gelditu arren, ikusgarria izanen da.


Honela, amildegian barneratu ginen poliki-poliki, momentu oro erreka gure ezkerretara utziz. Galbiderik ez duen bidea da hemendik goitirakoa.


Mendebaldeko orientaziodun magaletatik ibili ginen lehen zatian, elur gogor samarrarekin, baina kutxilarik paratu gabe ongi pasatu ginen. 


Amildegian goiti egin ahala, erreka elurpean gelditzen da eta hodi itxura bailaratxoaren sakonetik egiten da bidea. Leku polita da eta arras erraza eskiz igo eta jaisteko.


Berriz ere eguzkitara aterata gailurra hurbil ikusten zen jadanik...


Amildeldegi estuak pixkanaka malda zabal eta eguzkitsuei uzten die lekua. Leku zoragarria da eskiatzeko. Guk igoko genuen mendiaz gain, ezker-eskuin bertze hainbat gailur eta malda daude aukeran: Burcq, Mallo de las Foyas, Marmida...


Hala, azken maldaren azpian kokatu ginen. Malda erraza da, baina poliki-poliki bertikalago paratzen da. Arrasto ederra egina zegoen dena den, eta aise igo ginen.


Gibelean gero eskiatuko genituen malda amaigabeak...


Azken metroak Oza eta Lescungo isurialdeak bereizten dituen bizkarretik egiten dira. Elur baldintza onetan kaskoraino eskiak oinetan paratuta ailegatzen ahal da, baina gogorra egonez gero kasu eman behar da azken zati honetan.


Burcqueko maldak gailur ingurutik... Duela zenabit urte ibili ginen bertan, Lescun aldetik igota. 


13:45 : Lariste (2168m)
Lescun eta Oza bereizten dituen mendilerroaren punturik gorena da Laristeko eta ikuspegi ederra eskaintzen du lescungo zirkuko mendietara.


Chinebral, Acherito, Sobarcal eta Petrechema gailurretik...


Gailurreko argazkia beheiti abiatu baino lehen...


Jaitsiera bikaina izan zen... Goitiko partean eguzkitan transformatutako malda zabalak jira eta bira artean galtzeko...


Beheitiago amildegiaren sakonetik zati entretenigarria...
 


15:00 : Selva de Oza (1120m)
Eta, beno, azken zatian hozkailura bueltan pista zati laua besoei ederki eragiteko. Laburbilduz, leku arras polita eta lasaia eta eski-saio ona.





2021/12/20

Orhi (2017m), Orhi Ttipia (1926m)

EGUNA: 2021/12/18

ABIAPUNTUA: Irati-Abodi Mendi Gunea (1335m)

ZAILTASUNA: S4 

DENBORAK:
  • Igoera : 2 ordu
  • Jaitsiera (zirkularra eginez): 2 ordu
NOLA AILEGATU:
Iruñetik Jaka aldera doan autobide berria hartuko dugu Irunberriraino. Irunberriko irteera hartu ondotik, herrian berean, Nabaskoitze aldera joanen gara. Nabaskoitzetik goiti Zaraitzuko bailaran barneratuko gara eta osorik zeharkatuko dugu Larraineko mendateko bidea hartu arte. Bertatik ailegatuko gara Irati-Abodira.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Orhiko hego-mendebaldeko malda eskiatzeko Euskal Herrian dugun maldarik ikusgarrienetarikoa da, ikusgarriena ez bada. Leku aunitzetatik ageri den mendi bakarti honek aldapa luze, zabal eta tenteak eskaintzen ditu, eguzkitan ongi transformatzen direnak eta luzaroan eskiatzen ahal direnak. Ezin aunitz gehiago eskatu. Aspalditik botata genion begia, baina gauza bateko edo bertzeko, beti gibelatzen zen plana zen. Azkenean larunbat honetan izan dugu bertara hurbiltzeko aukera; eta igoera eta jaitsiera leku beretik egin ordez, hegoaldeko maldak ahalik eta modurik zuzenenean jaisteko ibilbide zirkular ederra burutu dugu.

10:43 : Irati-Abodi Mendi Gunea (1335m)
Berandu abiatu ginen eski estazioko beheitiko aparkalekutik. Arestian erran bezala, hego-mendebaldeko malda bertikalak eguzkitan ongi transformatzen dira, baina denbora eman behar zaie eta kontuan  izan behar da abenduan eguzkiak indar handirik ere ez duela. Lehendabiziko metroetatik gailurrarera ailegatzeko malda ikusten genuen eta puntu horretatik inpresio pixka bat eragiten du.


Asmoa Pikatuako gailurtxotik barrena kasko kasko joatea zen, baina haizeak bizkarretako elurra eramana zuen eta Larraineko portura igotzen den errepidetik egin genuen lehendabiziko zatia.


Errepideari segitu genion tunel ingururaino. 


Hor errepidea alde batera utzi eta malda zabaletatik goiti igaten hasiko ginen. Berez malda honen zati bat igan eta ezkerretarantz zeharkaldia egiten ahal da gailur aldera, baina hego-mendebaldeko eta mendebaldeko orientaziodun malda gogor eta tenteetan eroriz gero erorketa luzea izanen litzateke. Horregatik, guk Iberpix mapetan 1802 metrora dagoen kotarako bidea hartuko genuen eta hortik hegoaldeko ertzeri segitu kaskoraino.


Zati honetako maldak ez dira hain tenteak eta ez dute esposiziorik...


Zailtasunik gabe ailegatu ginen nafarroa eta Zuberoa bereizten dituen ertzera. Bertatik metro batzuk eginen genituen oraindik eskiak jantzita.


Gibelean eskiekin igotako ertz zatia, ikusten den bezala erraza da.


Arestian aipatutako 1802 metroko kotara ailegatu ginen eta lasaiago igotzeko puntu honetan eskiak motxilan paratu eta oinez segituko genuen irudian ikusten den ertz harritsutik.


Lehen metroak bertikalak ditu ertzak eta erdian belar eta harkaitzeko pasabide bat gainditu behar izan genuen.


Malda tenteena gaindituta Orhittipiako kaskora paseotxo bat bertzerik ez zitzaigun gelditzen. Gibelean Orhi ere agertzen hasi zitzaigun berriz.


Gailurreko maldaren inklinazioa handia dela ikusten da puntu honetatik...


12:35 : Orhi Ttipia (1926m)
Orhiren ahizpa ttipiaren tontorretik ez da aunitz gelditzen gailur nagusiraino. Metro horizontal batzuk eta azken malda bertzerik ez. Zati hori ere ertzetik eginen genuen...


Azken ertz zatia pixka bat estutzen da eta arras ikusgarria da. Zoragarria iruditu zitzaigun igoerarako hautatu genuen bidea eta gure ustez behintzat seguruagoa. Hori bai, kranpoiak eta pioleta erabiliz...


Sasigailurrera atera eta azken metroak horizontalak dira...


12:55 : Orhi (2017m)
Azkenean eskiatu ahal izanen genuen Euskal Herriko mendi ezagun hau...


Hurbilean Otsogorrigainaren mendebaldeko malda bikain ikusten zen. Horra joateko ere gogoa dut...


Gailurreko egonalditxoa eta gero sasigailurrera itzuli ginen. Handik hasiko genuen eski saioa, udaberriko elur paregabea lagun...


Puntutxo gorriekin markatu dut jaitsi genuen malda, ahalik eta zuzenen sartu ginen beheiti, harkaitz mozketak gure eskuinetara utzita...


1550 metro ingururaino jaitsi ginen eta eskiak bizkarrean jarrita argazkian ikusten den Muxumurruko kaskotxora igo ginen jaitsieraren bigarren zatiari ekiteko. Puntu honetatik berriz goiti ere itzultzen ahal da, gero Abodira igoerako bidetik jaisteko. Guk zirkularra eginen genuen, Muxumurrutik hegoaldeko malda ederra eskiatu eta basoan pista batetik ipar-eski pistak harrapatu arte.

 
Alderik aldeko irribarrea utzi zigun jaitsiera bikaina eta gero 4 kilometroko itzulera genuen eski pistetan goiti, berriz ere fokak paratuta doike. Luze samarra egin zitzaigun zati hau, baina tira, jaitsierak merezi izan zuen...

15:01 : Irati-Abodi Mendi Gunea (1335m)
Eski estazioko egoitzan egindako jaitsiera begiratuz garagardo banarekin eman genion akabaila egunari. Azkenean Orhi eskiz!

BIDEOA: