2021/12/14

Chipeta Alto (2175m), Tortiella (1987m)

EGUNA: 2021/12/12

ABIAPUNTUA: Zuriza (1227m)

ZAILTASUNA: S1

DENBORAK:
  • Zuriza - Chipeta Alto : 3 ordu eta erdi
  • Chipeta Alto - Tortiella : Ordubete
  • Tortiella - Zuriza : Ordubete 
NOLA AILEGATU:
Iruñetik Jaka aldera doan autobide berria hartuko dugu Irunberriraino. Irunberriko irteera hartu ondotik, herrian berean, Nabaskoitze aldera joanen gara. Nabaskoitzen Izabara jarraituko dugu eta herri hau zeharkatu ondotik, eskuinetara aurkituko dugu Zurizaraino eramanen gaituen errepidea. 12 kilometrotara dago gure irteera puntua.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Azken urte luzeetako elurterik handienak bizi ditugu denboraldi hasmenta honetan. Egun aunitzeko prezipitazioek elur geruza lodiak utzi dituzte Pirinioetan eta ekaitzaren ondorengo barealdia bertara hurbiltzeko baliatu beharra zegoen. Elur-jausi arrisku handi samarra zegoela ikusita Ansoko bailaran izan gara eta lehen eski saioa Chipeta mendi etzanean egin dugu. Mendiaren iparraldeko errekatik igo eta hegoaldekotik jaitsita bide polita osatu dugu Alano ikusgarrien itzalean.

9:27 : Zuriza (1227m)
Bide bazterreko leku estuan autoa utzi eta Taxerara eramanen gintuen pista elurtutik hasi dugu goiza. Zerua garbi eta erreka ondoko itzalean hotz egiten zuen ordu horretan.


Chipeta eta Tortiella izanen ziren egunean igoko genituen mendiak, baina paisaia aldetik protagonista Alano mendilerroa izan da. Ruzquiatik Rincon de Alano mendiraino luzaten den mendizerra honek Dolomitetako orratzen antza du.


Bi kilometro eta erdi inguru egiten dira pista luzetik eta akabailan ezkerretara hartu dugu lehen malda tenteagoak igoz.


Pareko lepotxo horretaraino iganen ginen lehen maldatik. Elurra gogor harrapatuko genuen igoera guzian zehar, baina eskiak nahiko ongi atxikitzen ziren.


Igan bitartean behin eta berriz postaletako paisaia honetaz gozatu ahal izan dugu.


Plazera horrelako inguruetan eskien gainean bidaiatzea. Hori guti balitz bezala, ez dugu kasik inor ikusi egun osoan zehar...


Taxerako aterpea kokatua dagoen tontortxotik Petrafichako amildegia ikusi dugu parez pare. Puntu horretatik estua eta zeharkatzeko deserosoa ematen du, baina gero nahiko ongi pasatzen da, elur aunitz badago behinik behin.


Errekara metro batzuk galdu eta izei arteko malda zabal eta leunetatik goiti segitu dugu igoera, Chipeta Bajo mendiaren ipar magala aldez alde inguratuz.


Gure gibelean Quimboa Bajo eta Petraficha inguruko malda eguzkitsuak utzi eta Chipetako lepo aldera segitu dugu. Azken egunetako elurteek inguruak ederki zuritu dituzte eta geruza arras lodiak utzi tarteka.


11:52 : Collado de Chipeta (1849m)
Chipetako bi gailurren arteko lepotxo honetara atera gara honela.


Bertatik ekialderantz biratu eta irudiko malda errazetatik igoko ginen gailurreraino.


Malda arras eztia da, esposiziorik gabea, elur-jausi arriskua dagoen egunetarako aproposa. Guk, ordea, bezperan altuera honetaraino egindako euria zela eta izoztuta aurkitu ditugu azken metroak.


12:51 : Chipeta Alto (2175m)
Eguzki goxoa lagun ailegatu gara tontorrera. Inor ez inguruan eta mendi egun zoragarria. Zerbait jan eta gailurraz gozatzeko tarte zabala hartu dugu.


Malda ezti horretatik egiten da gailurrerainokoa, ikusten den bezala arras erraza.


Lenito, Peñaforca eta Rincon de Alano kaskotik...


Eguneko lehen jaitsiera Chipetaren hego-mende



14:00 : Paso Tortiella (1878m)
Lepo zabal honetan berriz ere larruak paratu eta izen bereko gailurrera igateari ekin diogu. Ipar isurialdea izanik itzaletan zegoen igoerako zatia eta elurra gogor mantentzen zen berandu izan arren.



Azken metroak pixka bat tentetzen dira eta elur gogorra ikusita oinez egin dugu, eskiak bizkarrean genituela.


14:20 : Pico Tortiella (1987m)
Lepotik 100 metro inguruko igoeraren ondotik eguneko bigarren gailurrera ailegatu gara. 


Tontor eguzkitsua gibelean utzi eta jaitsiera Estribiellako mendebaldeko malda politetatik egin dugu. Garai honetan itzaletan egoten da inguru hori egun osoan eta elurrak ez du transformatzeko aukerarik izaten. Hala ere, nahiko eskiagarri harrapatu genuen.



Mazanduko amildegiaren sakonera ailegatuta erreka zeharkatu eta bizkar batera ateratzeko hirugarrenez foka-larruak jarri behar izan ditugu.


Azken jaitsierarako prest! Pista bat laburtuz egin dugu Taxerarainoko jaitsiera, bertatik goizean ibilitako pista laua segitzeko autoraino.


15:56 : Zuriza (1227m)
Bastoiei ederki eragin behar izan diegu abiapuntura ailegatzeko. Ingurune zoragarrian kasik 20 kilometroko itzuli luzea egin eta gero, kontent akitu genuen berriz eskien gaineko sentsazioak berreskuratuta.

 BIDEOA:
 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina