EGUNA: 2021/12/31
ABIAPUNTUA: Aritzakun - Berekotxeko borda (195m)
ZAILTASUNA: Erraza
DENBORAK:
- Berekotxeko Borda - Itsusiko Harriak - Iguzkimendi : 3 ordu eta erdi
- Iguzkimendi - Berekotxeko Borda : Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Aitzakungo Berekotxeatik abiatzen da ibilaldi hau. Bertara ailegatzeko Bidarraitik edo Otsondoko lepotik Gorramendira doan errepidetik pasatzen ahal gara.
KRONIKA:
Urte bikaina izan da 2021a mendiari dagokionez, eta akabaila polita eman genion etxe inguruko zonalde basati honetan. Denboran iltzatuta gelditu dela ematen duen Aritzakungo errekatik (village perdu deitzen diote frantsesez inguruari, herri galdua) Itsusiko Harriak ikusgarri altxatzen diren orratzak dira. Lastima da kalitat kaskarrezko konglomeratuz osatuta daudela harkaitz hauek, bertzenaz eskalada inguru paregabea izanen bailirateke ziur. Eskalatuz ez, baina oinez inguru hauetan galtzea merezi du.
11:18 : Aritzakun - Berekotxea (195m)
Presarik gabe ailegatu ginen abiapuntura. Neguko egunik motzenetan egonagatik ere, martxoan edo apirilean ginela ematen zuen eguraldi epela ikusita. Autoa bordaren ondoko aparkalekutxoan utzi eta bordaren kontratik beheiti abiatzen den bidea hartu genuen.
Aritzakungo erreka eskuineko aldean utziz, paraleloan doan bidexkari segituko genion lehen zati honetan.
Bidexkatik GR10 bidea pasatzen den bide asfaltatu batera atera ginen eta bertatik metro batzuk eginda ailegatu ginen baserri honetara. Hortik goiti errepidetxoa akitu eta bidexka ikusgarritik segituko genuen.
Bidexka Itsusiko amildegian goiti ateratzen da, pareten artetik bidea eginez.
Bide horretatik zati bat eginda, eskuinetara dagoen kobazulo kurioso hau bisitatu genuen. Harpeko Saindua deitzen da lekua.
Bisita laburraren ondotik berriz ere goitirakoari ekin genion. Arestian erran bezala, egun beroa genuen abenduko azken hau.
Puntu honetan GR10aren bidea utzi eta ezkerretara biratuko ginen bidexka estu eta ez hain nabarmen bat segituz. Itsusiko Harrietara eramanen gintuen minutu batzuetan.
Arruxia baserria arras beheitian utzia genuen jadanik, Zelaiburu gailurraren oinean...
Itsusiko Harrietako lehendabiziko puntara atera ginen hala. Martikoenea deitzen da punta hau mapa batzuen arabera eta Aritzankunerako ikuspegi bikaina duen talaia zabala da.
Lehen tontortxoa utzi eta aitzinera segitu genuen. Hemendik aitzin, bidea ez da aunitzik igotzen Itsusiko Harrien gainetik egiten duen zeharkaldian.
Hor utzi genuen lehen puntatxoa...
13:06 : Itsusiko Harria (623m)
Orratz bat inguratu, metro batzuk galdu eta gailur nagusia den honetara atera ginen. Ez da guzietatik altuena, baina iparraldera pixka bat aterata dago eta azpitik handiena ematen du. Horregatik, berak hartzen du izena.
Tontor nagusia utzi eta inguruko bertze puntatxo batzuk ere igan genituen.
Goiti eta beheiti gozatzen ibiltzeko parajea da honakoa...
Putreen erreinu bertikala...
Orratz eta tontortxoak utzi eta aitzinera segitu genuen bidexka politetik. Bizkar hau ere arras polita da, bere etxolatxo eta guzi.
Kasko hori utzita, eskuinetara biratu eta bizkar honetatik segitu genuen Iguzkimendi aldera.
Azken metroak larre berdeetatik zuzenean eginen genituen.
14:07 : Iguzkimendi (844m)
Hala ailegatu ginen Lapurdiko kostaldera bista ederra duen gailur honetara.
Artzamendi hiurbil gelditzen da tontorretik...
Urrunean Atxuria, Aiako Harriak, Larrun...
Eta bertze aldean Pirinioak zuri-zuri, nahiz eta gero eta elur gutiago izan...
Gailurrean egonaldi luzea eginda beheitirakoari ekin genion. Horretarako irudian ikusten den bizkar luzea segitu genuen akabailaraino, handik ezkerretara berriz ere Aritzakungo errekan barneratuko gintun bidexka hartzeko. Zati hau neguan aise egiten da, iratze eta sasi gutirekin. Udan hibe da bizkarraren eskuineko aldera jaitsi eta pista bat segitu bidexka bera hartu arte.
Bidexkak berriz ere Itsusiko Harrien azpiko aldera eramanen gintuen. Negua izan arren, bidexka nahiko hestia harrapatu genuen, beraz erritmo honetan hemendik gutira kasik ezinezkoa izanen da ibilaldi hau egitea. Hori da Baztango bailararak duen garapena, gero eta turista gehiago, baina gero eta abeltzain gutiago eta ondorioz, mendiak zikinago.
15:45 : Aritzakun - Berekotxea (195m)
Horraino urteko azken mendi ibilaldiak emandakoa. Anitzerako eman duen urtea 2021a, inoiz atzenduko ez dudana...
Blog honek 47 erreportaje hartu ditu, baina ez dira mendian egondako egun bakarrak izan. Hiru egunetatik batean mendian egon naizela erratea ez litzateke astokeria izanen segur aski. Izan dira eski egun gogoangarriak, elur hauts hotzetan zein udaberriko krema epelaren gainean. Izan dira euritan dantzan egitekoak, ekaitzen aitzinean lasterka ibiltzekoak eta ilunabarrari lurrean jarrita begira egotekoak. Ertz estuen gainean oreka mantendu beharrekoak edo belardi berdeetako ardi kaka gainean iraulka ibiltzekoak. Denek izanen dute beren leku berezi oroitzapenen kutxan...
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina