2014/06/05

Neouvielle (3091m)

EGUNA: 2014/06/05

IRTEERA: Lac d'Aubert (2150m)

ZAILTASUNA:
  • Alpinismo zailtasuna: PD
  • Eski zailtasuna: S3
DENBORAK:
  • Igoera: 3 ordu
  • Jaitsiera: Ordu bat
NOLA IRITSI:
Saint Lary Soulan herritik hegoalderuntz errepidea hartu, Bielsako tunel alderantz. Haranean gora hainbat kilometro egin ostean, Fabian herrixkan Neouvielleko Erreserba Naturalera igotzen den errepidea hartuko dugu. Oregon lakura heltzean, eskuinetara biratuko gara Aubert lakuko aparkalekura igotzeko. Bide zati hau udan itxita egoten da bederatzi eta erdietatik arratsaldeko seirak arte.

Neouvielle (2010eko uztailean ateratako argazkia)

DESKRIBAPENA:
Bazirudien niretzat aurtengo eski denboraldia akitua zela. Asteburuetan bateko eguraldi txarra eta bertzeko konpromezu edota planak, apiriletik eskiatu gabe nengoen eta ondoko urterarte egiteko esperantza handirik gabe. Zorionez elur baldintzek ordea, aukera bat eskeini didate eta ezin hutsik egin.

Ekainean porteo luzerik gabe eskiatzeko aukerak beti leku beretan izaten dira normalean eta leku hauek Benasque, Gavarnie eta Neouvielleko Erreserba Naturala dira. Azken honetan akitu nuen joan den urteko eski denboraldia eta errepidea ireki zutela jakinda plana antolatzen hasi nintzen. Iaz, Estaragne mendia igo genuen ekaina hondarrean. Oraingoan, ez errepikatzeagatik hautagaiak bi ziren: Campbieil eta Neouvielle. Lehenaren bideak Estaragnekoarekin kointziditzen duenez, Neouviellera joatea erabaki nuen. Duela 4 urte igo nuen mendi hau, baina aldi hartan uztailean izan zen, Saint Laryn pasa genuen oporraldi ederra aprobetxatuz.

Ekainaren 4eko arratsaldean jarri ginen Aureko haran ederreraino eramanen gintuen bide luzean martxan. Egun lainotsua izan arren, helmugara iristean zerua irekitzen hasi zen.


Aureko bailara lainoak behelainoak tapatzen zuen, baina goietan zeru ederra gelditu zen.


7:06 : Refuge du Lac d'Aubert (2160m).
Gaua Lac d'Aubert lakuaren ondoan dagoen aterpe librean pasa genuen. Aterpe ederra da. 20 bat lagunentzako lekua du eta koltxoaik eta mantak ditu literetan. Mahaiak eta aulkiak ere bai. Agian falta duen gauza bakarra sua da, neguan hotz ederra eginen baitu inguruan. Aterpe hau neguan bakarrik egoten da irekita eta lakuraino igotzen den errepidea irekitzen dutenean ixten dute, egoera onean mantentzeko. Izan ere, udan zonaldean ibiltzen den jendetzarekin laster hondatuko litzateke.

Eguna lainotsu ernatu zen eguraldi ona eta beroa iragarrita zegoen arren. Gailurrak tapatuta eta euria seietan altxatu ginenean. Hala ere, hobetuko zuen esperantzarekin goiti abiatzea erabaki genuen.


Presako pareta zeharkatu eta eskiak jantzi nituen. Lehen maldatik eskiekin! Les Laquetteseko lakuak gure ezkerretan utzi genituen.


Mendiak altxapeka ibili ziren laino tartean.


Auberteko urtegia eta gibelean laino tartean duela bi urte igotako Madamete mendia.


Zenbat eta goitiago orduan eta laino gehiago zegoen. Aitzinera segitu edo zalantzan egon ginen...


Oasi ttiki bat desertu xurian...


8:19 : Breque de Barris (2439m).
Ramoun menditik jaisten den ertza pasabide honetatik gainditzen da. Ez genuen arazo handirik izan aurkitzeko, eski arrastoak ugariak baitziren bide guztian. Hemendik, gailurra ikusten hasi ginen eta lainoak ere eguzki izpiei lekua uzten hasi ziren.


Batzuk ez zuten joateko gogo handirik...


Poliki-poliki mendebaldeko norabidean Chausenqueko arteka ezagunaren bila abiatu ginen.


9:30 : Breche de Chausenque (2760m).
Glereko aterpera joateko pasabide ezagun honen azpian, ezkerretara biratuko ginen Neouvielleko azken maldaren bila.


Azken zatia igo aitzinetik atseden bat hartu genuen ordea.


Hemendik aitzin Urretxuko Oskarrekin elkartu ginen eta berarekin eginen genituen goiti eta beheitirako bideak. Agur bat hau irakurtzen baduzu!


Gailurraren azpian eskiak kendu eta arista errazetik gailurra harrapatu genuen.


10:57 : Neouvielle (3091m).


 Haize pixka bat izan arren, ederki egoten zen gailurrean.


Gailurreko argazki bat...


Campbieil eta Pic Long gailurretik. Hurbilago berriz, Trois Consellers.


Gailur zuriek kontraste handia egiten dute garai honetan haran berdeekin.


Eguzkitako betaurreko modelo berritzaile bat probatu genuen.


Gailurreko panoramika.


gailurretik eskietara itzuli ondotik, denbora tarte zbalean jan eta edaten egon ginen. Ondotik ekin genion jaitsierari eskiatzeko elur pisu xamarrarekin...


Oskar eta bere Telemarkeko eskiak. Eski normala baino estetikoagoa da modalitate hau. Zoragarria!


Gibelera begirada Barriseko artekatik...


Bertze geldialdi luze bat egin genuen puntu honetan. Mendi giro itzela zegoen...


Azken metroak elur marroietik. Nahiko ongi zegoen hala ere...


...eta kanale honetatik berriz ere urtegiko paretara iritsi ginen.


Eskiak kendu eta kotxera falta zitzaizkigun metro apurrak egin genituen.


14:23 : Refuge du Lac d'Aubert (2160m).
Eta honela ailegatu ginen berriz ere abiapuntura.


Aterpe ederra agurtu (aurtegoak egin ditu eta jadanik itxita dago), aldatu, zerbait jan eta etxera buelta!


Aitzinetik ordea leku zoragarri honi argazki batzuk egiteko geldialdi bat egin genuen Aumarreko lakuan.


Postaletako paisaia.




Estaragne mendia eta bere bailaratxoa, iazko denboraldia akitu nuen mendia. Aurten ere itxura ederra zuen...


Akitzeko eguneko bideoa: