2014/11/21

Atxuria (756m), Mendibil (617m)

EGUNA: 2014/11/21

IRTEERA: Zugarramurdi (200m)

ZAILTASUNA: Erraza (F)

DENBORAK:
  • Zugarramurdi - Atxuria (Ibainetako lepotik) : Ordu eta erdi
  • Atxuria - Mendibil : Ordu erdi
  • Mendibil - Zugarramurdi (Urbiako lepotik): Ordu bat
DESKRIBAPENA:
Azaroako uda ttikia aprobetxatu  eta belauna probatu bidenabar, goiz pasa ibilaldi bat egiteko intentzioarekin abiatu ginen Zugarramurdi aldera. Intentzioa, Larrunen gibeletik agian, Lapurdirem begiratoki onenetarikoa den Atxuria mendia igotzea zen, Baztanen ipar-iparrean.

9:47 : Zugarramurdi (200m).
Presa handiegirik gabe Zugarramurdira ailegatu eta gorantz abiatu ginen Etxalarrera doan bidetik. Segidan bide hau utzi eta hilerri aldera jo genuen herria gibelean utziz.



Aldi oro marka hori eta txuriak segitu behar dira Ibainetako leporaino. Lehen metroetatik jadanik gure helburua begi bistan genuen.


Igoerak zati lasaiak eta maldak tartekatzen ditu.


Azkenean pinudi batetik Ibainetako lepora ateratzen da.


10:26 : Ibainetako lepoa (505m).
Puntu honetan hainbat bide elkartzen dira. Guk Etxalarrera doan bidexka zaharra segitu genuen Suako Baztango gidak erraten duenari kasu eginez. Aise hobe da ordea, irudian ikusten den bidexka berdea segitzea. Beheitirakoan hortik pasatuko ginen.


Bidexka zuzena ez genuela hautatu ikusita, iratze lekuan goiti zuzendu genuen gure akatsa. Behiak oraindik mendian azaro hondarra izanagatik. Mendiaren altuera txikiak eta itsasoaren hurbiltasunak, klima goxoa izaten laguntzen diote inguruari.


Bidexkan zehar, Atxuriako gailurraren ekialdera gelditzen den lepotxo batera igo ginen.


Lepo honetan Lapurdiko kostaldeko bistak ikaragarriak dira. Hemendik ezkerretara biratu ginen arista erraza igotzeko.


Azken metroak Zugarramurdi behean genuela...


11:02 : Atxuria (756m).


Ordu eta lauden eskasean gailurrean ginen, paseotxo bat beraz...


Merezi du hala ere bertara igotzeak, Lapurdiko bistez gozatzeko bertzerik ez bada ere.


Larrunek konpetentzia egiten dio atalaia modura.


Argazki batzuk atera eta beheiti, gailurra gibelean utziz.



Berriz Ibainetako lepora bueltan, parean gelditzen zitzaigun Mendibileko tontortxoa egitea erabaki genuen, eta horrela bertze aldera jaistea ibilbide zirkularra itxiz.



Atxuriak zuritik gutti du gaur!


Azken metroak bigarren tontorrera ailegatzeko.


12:01 : Mendibil (617m).


Atxuria Mendibiletik.


12:26 : Urbiako lepoa (416m).
Jaitsiera Urbiatik egitea erabaki genuen. Lepora jaitsi ginen, errepidetik kilometro inguru egin eta akitzeko, ezkerretara oihaneko pista bat hartu genuen Zugarramurdira ailegatuz.


13:00 : Zugarramurdi (200m).
Ordu bateko kanpai hotsekin batera sartu ginen herrian. Garagardo bat eta etxera!