2014/04/17

Cambales (2965m), Muga Nord (2676m)

EGUNAK: 2014/04/16-2014/04/18

IRTEERA: Balneario de Panticosa (1636m)

ZAILTASUNA:
  • Eski zailtasuna: S3
  • Alpinismo zailtasuna: PD
DENBORAK:
  • Balneario de Panticosa - Port de Marcadau : 3 ordu
  • Port de Marcadau - Muga Nord : 30 minutu
  • Muga Nord - Refuge Wallon : Ordu bat
  • Refuge Wallon - Col d'Aragon : 3 ordu
  • Col d'Aragon - Cambales : 45 minutu
  • Cambales - Refugio de Respomuso : Ordu bat eta erdi
  • Refugio de Respomuso - Collado de Tebarray : 2 ordu
  • Collado de Tebarray - Balneario de Panticosa : 2 ordu eta erdi
NOLA IRITSI:
Iruñeatik Jacako bidea hartu behar da Pirinioetako Autobidean barrena. Jaca zeharkatuta Sabiñanigo aldera jo behar da eta bertara ailegatu aitzinetik Formigal eski estaziora doan errepidea ikusiko dugu. Errepide horretan goiti segiko dugu, Tenako bailaran zehar, eskuinetara Panticosa herrira doan errepidea ikusi arte. Errepide horretatik igoko gara, herria gibelean utzi eta Balneario de Panticosara segituz.

DESKRIBAPENA:
Behin Aste Sainduko oporretarako eguraldi ona iragarriko eta zeuden elur baldintza onak ikusita ezin genuen aukera hau galtzen utzi. Orain edo inoiz ez! Hitzordua finkatu eta Balneario de Panticosara abiatu ginen.

2014/04/16
7:51 : Balneario de Panticosa (1636m)
Furgonetan gaua pasata, Casa de Piedra aterpe mitikoan gosaldu, gauzak prestatu eta aterpearen gibeletik ateratzen den bidea hartu genuen.



Lehen eguzki izpiek inguruko eski klasiko batzuk argitzen zituzten jadanik: Garmo Negro eta Argualas mendiak.


Poliki-poliki Panticosa behean gelditzen hasi zen.


Porteoa luzea zen ordea eta lasai hartu beharra zegoen.


Lehen elur zatiak zapatzen hasi ginen baina guttiegi eskiak jartzeko.


Azkenean, Cuesta del Fraile izenez ezagutzen den maldaren azpian (1900 metro inguruan) elur jarraia harrapatu genuen eta hortik goiti eskiak jantzita segiko genuen.


9:41 : Embalse Bajo de Bachimaña (2140m)
Cuesta del Fraile gaindituta Bachimañako lehen urtegira iritsi eta gure eskuinaldean utzi genuen. Eskuinean utzi genuen baita Bachimañako aterpe berria ere.


Hemendik aitzin elurra nahi bezain bertze aurkituko genuen.


Bachimañako bigarren urtegia ere gure eskuinetara utzi eta iparraldeko norbidea hartu genuen metro batzuk galduta. Infiernos mendietara doan bidea gure ezkerretara utzita kanale baten bila abiatu ginen. Kanaleak Pecicoko lakuetaraino eramanen gintuen.


Gure eskuinetara Bramatueroko urtegia utzi genuen. Hortik ere badaude eskiatzeko moduko ibilbideak.


Kanalean goiti abiatu ginen Bachimañako urtegirik altuena gibelean utziz.


10:42 : Ibones de Pecico (2455m)
Kanalea gaindituta Pecicoko lakuak utzi genituen gure eskuinetara.


Hauen gainean Gran Facha mendia ageri zen ikusgarri.


Gu ordea, iparralderuntz gure eguneko gailurraren azken maldak igotzen hasi ginen.


11:13 : Muga Nord edo Marcadau (2676m)
Azken malda tente xamar batetik eskiak jantzita harrapatu genuen gailurra. Gran Facha eta Infiernos mendien ikuspegia ikaragarria zen bertatik.


Baita Vignemale aldera ere...


Lehena sakelera!


Gailurretik gure lehen etapa honen bukaera puntua ere ikusten genuen. Marcadauko bailararen behekaldean Wallon aterpea ageri zen.


11:46 : Port de Marcadau (2541m)
Beheiti abiatu ginen eta iparraldera pasa ginen bi bailarak elkartzen dituen lepo honetatik. Jaitsi baino lehen, gure eguneko gailurrari argazki bat. Ezkerrean Muga Nord eta eskuinean Muga Sur, metro batzuk altuagoa.


Udaberrik elur goxoan barrena Marcadau haranean barneratu ginen ziztu bizian. Aterpea begibistan genuen jadanik.


12:20 : Refuge Wallon (1865m)
Gure lehen etapa inguru eder honetan akituko zen, Wallon aterpe zaharrean. Zaharra izan arren, ongi dago eta onena gela ttikiak dituela. Guretako izanen genuen gela bat. 120 pertsonarentzat lekua izan arren 8 bertzerik ez geunden bertan, beraz luxu bat.


Gelako leihotik genuen ikuspegia ere ez zen gibelera gelditzen. Ezkerrean igo berria genuen Muga Nord, erdian Falisse eta eskuinean Gran Facha edo Grande Fache handia.


2014/04/17
8:05 : Refuge de Wallon (1865m)
Afari ona eta gau ederraren gibeletik, zazpietan ernatu eta ilargiak egun onak eman zizkigun Marcadauko lepotik.


Gosaldu, gauzak prestatu, erregeari fax bat bidali, zorrak kitatu eta goiti!


Bezperan ezkerreko amildegitik jaitsi baginen, oraingoan eskuineakoa hartu genuen ipar mendebalderantz.


Lehen zatian abentura ederrak pasatuko genituen erreka bat zeharkatzeko. Ondorioa bi eski uretan eta eskerrak laister harrapatu genituela. Sustoa pasata, gora egin genuen.


Wallon kokatuta dagoen lautadatxoa eta Vignemale ederra gibelean utzi genituen.


9:21 : Lacs d'Opale (2258m)
Lakuen zonaldera ailegatuta, Camableseko lepora doan bidea eskuinetara utziko genuen eta guk Petite Fache menditik jaisten den ertzari segiko genion Aragongo leporaino. Eguneko gure helburua zen Cambalea aitzinean genuen.


Opaleko azken lakua gibelean uzten.


Laku horretatik aldapa tentea gainditu behar Aragongo glaziarra kokatuta dagoen bailaratxoa harrapatzeko.


Elur gogorra harrapatu genuen puntu horretan eta eroriz gero txirrista luzea genuen, beraz nik eskiak kenduta pasa nuen malda eta Txominek kutxilekin. Aragongo lepoa hurbil zegoen jadanik. Bere ezkerretara Pene d'Aragon eta eskuinetara Cambales.


11:08 : Col d'Aragon (2808m)
Lepora ailegatuta Cambales mendia igotzeko kutxilak jartzera gelditu ginen. Azkn metroak aldapa tente xamarretik egiten dira eta elurra gogor zegoen.


Txomin Cambaleseko hego mendebaldeko maldan aitzinean Balaitous handia duela.


Gailurra baino pixka bat beheitiago eskiak kendu eta azken metroak oinez egin genituen arista errazetik.


11:34 : Cambales (2965m)
Gailurretik ikuspegi bikaina genuen. Irudian bigarren gaua pasako genuen Respomuso ingurua. Baita gibelean Telera eta Aspe inguruak ere.


Baina hemengo erregea Balaitous da.


Iparraldera ere ikuspegi zabala eskaitzen zuen gailurrak.


Bi Fachak, ezkerrean ttikia eta eskuinean handia. Zer mendi ederra den hau ere!


Eta urrunago bertze errege bat: Vignemale.


Gora Gu ta Gutarrak!


Gailurrean tartetxo bat egonta, jaitsierarako prestatu ginen. Lehen zatian elur gogor xamarra harrapatu genuen baina gero goxoagoa. Irudian, Gran Facha mendiko bide normala, iparraldeko arista.


Horrela, Campo Planok osatzen duen amildegi hestutik izen bereko urtegiraino iritsi ginen. Hemen tarte bat hartu genuen zerbait jan, edan eta deskantsatzeko. Bero dexentea egiten zuen. Ondotik, foka-larruak berriz jantzi eta Respomusoko aterpera joateko gainditu behar genuen muinotxo bat igotzen hasi ginen. Zirkuko ikuspegia ikaragarria zen. Lehen aldia nuen inguru honetan eta erabat harrituta gelditu nintzen.


14:33 : Refugio de Respomuso (2140m)
Horrela akitu genuen gure bigarren etapa, Respomusoko aterpe ezagunean. Normal hemen jendea ibiltzea, ingurua bikaina baita. Aterpe ederra da Respumosokoa. 105 lagunentzat du lekua eta arras erosoa da. Hotela dirudi aterpea baino gehiago. Hori bai, agian janari gutti xamar ateratzen dute, bai afaltzeko eta baita gosaltzeko ere.


Ilunabarra Respomuson. Eskuinetara, biharamunean gurutzatuko genuen Tebarrayko lepoa ageri da.


2014/04/18
8:11 : Refugio de Respomuso (2140m)
Berriz ere zazpietan ernatu eta azken etapari ekin genion. Hego ekialdera abiatu ginen Llena Cantal mendia erreferentzia gisa hartuta.


Respomuso ingurua goizeko argitan eta bere gainean Frondella mendiak.


Igoera Llena Cantal eta Tebarray mendien artean dagoen zirku politetik egiten da.


10:14 : Collado de Tebarray (2782m)
Azken zatian fokekin arazoak izanda, azken metroak eskiak bizkarrena nituela egin behar izan nituen.


10:22 : Collado del Infierno (2721m)
Txomin Tebarray mendira igotzen zen bitartean, ni Infiernoko lepora joan nintzen eta han egon nintzen tarte batean atseden hartzen. Inguru ikaragarria da Tebarrayko lakukoa.


Lepoaren bertze aldean, jaitsierako zatia ikusten zen. Ibones Azules lakuetatik berriz ere bi egun lehenago pasatu ginen Bachimañako urtegiraino.


Zati honetan zeharkaldiko elurrik onena aurkitu genuen eta asko dusfrutatu genuen. Gainera, Infierno mendien azpian eskiatzeak ez du preziorik! Ederra!


12:13 : Embalse Bajo de Bachimaña (2140m)
Puntu honetan itxi genuen zirkuitua, baina oraindik kotxera zati bat gelditzen zen. Hasieran eskiatuz...


...baina gero eskiak kendu eta oinez.


Dena den, zeharkaldia burutu izanaren pozarekin erraz egin genituen azken metro horiek.


Inguru eder honetatik...


13:50 : Balneario de Panticosa (1636m)
Horrela akitu genuen hiru eguneko zeharkaldi eder hau, eguraldi bikainarekin eta ingurune zoragarrian.


Akitzeko zeharkaldiko bideoa: