EGUNA: 2014/04/06
IRTEERA: Central Electrique d'Estaens (1268m)
ZAILTASUNA:
- Alpinismo zailtasuna: PD-
- Eski zailtasuna: S3 (azken pala zuzenean jaitsita, bestela S2)
- Igoera: 3 ordu
- Jaitsiera: Bi ordu (eskiekin ordu bat)
NOLA IRITSI:
Nafarroa Beherea eta Zuberoako probintziak zeharkatu behar dira. Donibane Garazi, Lartzabale, Maule eta Atharratze herriak pasata, Montori herrian utziko ditugu Euskal Herriko lurrak. Lanne en Baretous herrira ailegatuko gara hurrena eta herri hau pasata eskuinetara Arette herrira doan bidegurutzea ikusiko dugu. Bertara joanen gara. Arettetetik Issor herrian barrena, Aspeko bailarara iritsiko gara. Behin hemen, Zaragozako norabidea hartuko dugu eta aitzinera segituko dugu Somporteko tunelera iritsi arte. Somporteko tuneleko iparraldeko sarrera baino metro batzuk lehenago, eskuinetara Forges d'Abelera doan errepidetxoa hartu behar da. Forges d'Abel gibelean utzi eta asfaltatutako pista batetik igoko gara Estaenseko zentral hidroelektrikoraino. Bertan utziko dugu autoa neguan. Udan, pixkat gorago igo daiteke, Espelungereko aparkalekuraino.
Acue edo Gabedaille mendia Somporteko errepidetik ikusita. |
DESKRIBAPENA:
Udaberriak gailurretako elurrak urtu aitzinetik aurten neguan hainbertze joko eman digun Aspeko bailaran ibilaldi bat egin nahi genuen. Aukerak mila, baina azken egunetako beroek elur maila gora igo zutela ikusita denek ez zuten balio. Azkenean, Acue edo Gabedaille mendira joatea erabaki genuen.
Larunbat gauean hurbildu ginen irteera puntura, bertan gaua pasa eta biharamunean goiz ateratzeko asmotan.
8:03 : Central Electrique d'Estaens (1268m).
Azkenean uste baino gehiago luzatu zen goizeko prestaketa eta ez ginen goizegi atera. Gaua epela izan zen eta elurrak ez zen izoztu. Igandea izanda ere, gureaz gain auto bat bertzerik ez zegoen aparkalekuan beraz ia bakarrik egonen ginen egun osoan.
Berotu bidenabar zentral elektrikotik Espelungereko aparkalekura igotzen den pistatik abiatu ginen. Elurrik ez dagoenean aparkaleku honetara igo daiteke kotxez, baina gure kasuan elur lausoek pasatzea eragozten ziguten.
Aparkalekutik aitzin ere pistak segitzen du. Guk dena den, alde batera utzi eta ezkerretara ateratzen den bidexka hartu genuen Arleteko aterpeko bidean.
8:14 : Cascade d'Espelungere (1349m).
Metro gutxi batzuetara ur-jauzi eder hau utzi genuen gure ezkerretara.
Bertze pixka bat igo eta Espelungereko lautadara atera ginen. Toki honetan erne egon behar da Arleteko aterpeko norabidea segitzeko. Seinalea ikusi ezean, Escale d'Aigue Torteko lepora igo gaitezke nahigabean.
Espelungereko zelaitik goiti, hasieran pista batetik eta gero bidexka batetik oihan bat zehakatzen da. oihanaren bukaeran, aldapatxo batek lepo batean uzten gaitu. Hemendik ikusi genuen lehen aldiz gure eguneko helburua, Acue edo Gabedaille mendia. Bere eskuinetan, gailurrera igotzeko zeharkatu beharreko lepoa ere ikusgai genuen.
Gure gibeleko ikuspegia gero eta ederragoa zen.
Eskuinetan utzi genituen Grosse eta Atsouteko etxolak, baita pixka bat gorago Caillaberekoa ere. Beheitirakoan bixitatuko genituen denak.
Poliki-poliki lepora eramanen gintuen malda igo genuen. Eguzkiak gogor jotzen zuen jada malda horretan eta elurra nahiko guri zegoen. Luze egin zen leporainoko bidea.
Lepora ailegatzen...
10:26 : Col de la Contende / Col de Couecq (2019m).
Lepora ailegatzean, Guarrinzako bailarak eta Castillo d'Acher, Peñaforca, Acherito, Petretxema eta enparauek egin ziguten ongi-etorria.
Lepoan hegoalderuntz biratuko ginen Acueko zirkuan sartzeko. Igoerako bidea gorriz markatuta dago eta jaitsierako horiz. Errezena ibilbide hori segitzea da.
Mendebaldeko ertzera atera ginen eta zati bat eskiekin egin ondotik, sasigailurrean eskiak kendu eta azken metroak oinez egin genituen. Oro har erreza da ertza, baina kontuz ibili behar da kornisa handiekin.
11:17 : Acue / Gabedaille (2258m).
Horrela azken metroak kontu pixkatekin pasata gailurra zapaldu genuen. Erdialdeko Pirinioa gailurretik.
Mendebaldera ere ikuspegi bikaina. Gailur zuriek kontraste ederra egiten zuten Guarrinzako bailara berdearekin.
Sasigailurrera bueltan...
Puntu horretan eskiak jantzi eta beherakoari ekin genion. Ez ginen denbora gehiegi egon gailurrean elurra ez baikenuen pisuegi aurkitu nahi.
Beheiti abiatu aitzinetik sasigailurrean argazkia, goian ez baikenuen egin.
Lehen zatian elur gogorra zegoen baina eskiagarria oro har. Lepotik behera ordea oso astuna zegoen. Irudian Arri mendia eta Contende edo Couecq lepoa. Ez dakit zergatik jartzen dizkioten bi izen toki berari.
Lepotik beheiti...
Aitzineko egunetan eroritako elur-jauzi batzuen tartetik igaro ginen. Haietako batera hurbildu ginen. Harrapatzen bazaitu...
Lehen erran bezala, beheitirakoan Couecq harantxoko etxola guztiak bisitatu genituen. Goren dagoena, Caillabere deitzen da. Egoera onean dago, ohe pare bat, mahai bat, aulki batzuk...
Pixka bat beheitiago Grosse eta Atsouteko etxolak daude. Haiek ere bisitatu genituen.
12:35 : Cabane Grosse (1623m).
Bai bata eta bertzea irekita aurkitu genituen. Bietako onena ordea Grossekoa. Mahaia, sua eta goian lo egioteko egurrezko solairua ditu. Zonaldeko hiru etxolak aproposak dira gaua pasatzeko. Hori bai, neguan, udan artzainak egoten baitira. Grosseko etxolan atsedenaldi luzea hartu genuen jan eta edateko.
Atsedenaldiaren ondotik, oihanaren hasierako lepora metro batzuk igo behar izan genituen. Honenbertzez, Acue eta Arri mendiak gibelean utziko genituen.
Oihanaren sarrerako lepoa metro gutxitara...
Hemen elurreko materiala gorde eta azken begiratua bota genion Aspeko bailara eder eta bakartiari.
Ondotik oihanean zehar behera abiatu ginen.
13:50 : Cabane d'Espelungere (1416m).
Kotxera ailegatu aitzinetik ordea, Espelungereko lautadatxoan dagoen etxola polit hau ere bisitatu genuen. Hau ere ederra oso. Tximinia, lau lagunendako literak (koltxoirik gabe), mahaia bat, aulkiak, erreka ondoan...
Azkenik, egun ederra akitzeko autora itzuli ginen! Dudarik gabe, Aspe bailarako bertze altxor bat gehiago. Eta badira batzuk...
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina