EGUNA: 2014/03/18
IRTEERA: Parking de Cabane de l'Araille (1733m)
ZAILTASUNA:
- Eski zailtasuna: S2
- Alpinismo zailtasuna: F
DENBORA:
- Cabane de l'Araille-Cuyalaret : Ordu bat eta erdi
- Cuyalaret-Cabane de l'Araille: Ordu erdi bat
NOLA IRITSI:
Iruñeatik Pirinioetako autobidean barrena, Jacara ailegatu behar da eta hemendik Formigal eski estaziora segitu behar da. Eski estazioa atzean utzi eta gero Pourtaleteko mendatera ailegatuko gara. Mendatetik kilometro bat iparralderago dago irteerako aparkalekua.
DESKRIBAPENA:
Nafarroan martxoaren 19a besta eguna zela eta inguru horretan ibiliko ginela aprobetxatuz, Pourtaletera hurbildu ginen goiz pasa bat egin bidenabar bertako malda goxoetako elurraz gozatzeko. Aukera anitz eskaintzen ditu inguruak eta klasiko bat da eskiatzaile zein erraketazaleentzat. Kasu honetan, Cuyalaret mendira joanen ginen. Igoera errexa eta jaisteko malda politak dituen mendia da.
9:39 : Parking de Cabane de l'Araille (1733m).
Goizean presa handirik gabe aparkalekura hurbildu eta goitu abiatu ginen. Harritzekoa, astegun buruzuria izanik ere inguruan zebilen jende pila. Autotik begibistan genuen eguneko gure helburua, zuri-zuri eta distiratsu.
Errepidetik errekaraino jaitsi eta hau zeharkatuta etxola hauetara iritsi ginen minutu gutitan. Hemendik, Canal Royara zuzen segitzen duen bidea utzi eta ezkerretara biratu ginen.
Lehenengo malda etzanetatik aparkalekutik urrundu ginen poliki-poliki.
Gure eguneko helburua erdian...
...eta nola ez Midi d'Ossau, inguruko erregea.
Gailurrera iristeko azken malda pixka bat tentetzen da, baina ez gehiegi.
Sasigailurretik azken metroak...
Gailurrera iristen gibelean Formigaleko eski estazioa genuela.
11:38 : Cuyalaret (2289m).
Horrela, eguzkiak gogor jotzen zuela ailegatu ginen gailurrera.
Giro goxo edo hobe erranta beroari esker luze egon ahal izan ginen gailurraz gozatzen. Irudian Midi, iparraldean.
A ze panorama...
Anayet ingurua, beti bezala dotore.
Mendebaldean Aspe ingurua.
Hegoaldean Tenako bailara eta Infiernos mendia bertzeak bertze.
Gailurrean ia ordubetez egonta, beherakoari ekin genion.
Elur ona harrapatu genuen oro har...
Jaitsieraz gozatzen...
13:33 : Parking de Cabane de l'Araille (1733m).
Goiz pasa ederra eginda, autoan ginen eguerdirako. Ingurua agurtu genuen. Eskiko zonalde klasikoa, aukera anitzekin, ikasteko, elur jauzi arriskua dagoen egunetarako, denboraldi hasierarako edo bertzerik gabe, gozatzeko!
Eguneko bideotxoa:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina