2022/06/27

Montgros (1133m), Sant Jeroni (1236m)

EGUNA: 2022/06/20

ABIAPUNTUA: Can Maçana (717m)

ZAILTASUNA: 
K3, ferrata bidez ekipatua dago Agulles eta Frares Encantatseko orratzen zeharkaldia eta K3ko zailtasuna du. Iltzez, sokaz eta katez ekipatutako pasabideak ditu. Hortik aitzinera iniltzea bertzerik ez da.

DENBORAK:
  • Can Maçana - Coll de Port (Agulles - Frares Encantats zeharkaldia) : 2 ordu eta erdi
  • Coll de Port - Montgros : Ordu bat
  • Montgros - Sant Jeroni : Ordu eta erdi
  • Sant Jeroni - Monestir de Montserrat : Ordu eta erdi
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Manresa eta Igualada arteko lautadetan ezerezetik altxatzen da Montserrateko mendigunea. Ehunka orratz borobilduz osatua, urruneko herrialderen bateko paisaia ematen du. Eskalatzaileendako milaka bide daude irekita koglomeratuzko pareta hauetan eta tarteko labirintoetatik dozenaka bidek zeharkatzen dute. Inguruan ginela baliatuz, mendigune berezi hau ezagutzeko zeharkaldi polita burutu genuen joan den asteburuan.

7:34 : Can Maçana (717m)
Gaua mendigunearen mendebaldean dagoen aparkalekuan pasatu genuen. Goiz jeiki ginen eguneko beroari ihes egin nahian eta etxera itzulera luzea genuelako arratsaldean. Aparkaleku ondoko pistatu eman genituen lehen metroan jadanik orratzak begien bistan genituela.


Agulles deitzen den ingurua, lehenengo orduetan zeharkatuko genuena...


7:45 : Collet de Guirlo (797m)
Abiatu eta minutu gutxira lepotxo honetan pista utzi eta eskuinetara biratuko ginen marka zuri eta horiz seinaleztatutako bidexka erosotik.



Bidexkak laster utziko gintuen orratzen artean.


7:55 : La Portella (882m)
Mendebaldetik orratzen erreinurako sarrera gisakoa den lepotxo batera ailegatu ginen eta hor bide nabarmenena utzi eta ezkerretara biratu ginen. Hemendik aitzin Agulles orratzen zeharkaldia hasiko genuen, puntu gorriak lagun genituela.


Horko orratz horien artetik ibiliko ginen ondoko minutuetan. Ikusten den bezala orratzen azpiko aldea basoz estalia dago ia osorik eta bertatik doa bide gorabeheratsua.


Baso zatiak arras hetsiak dira tokika eta bide egokia segitzeko puntu gorriak ezinbertzekoak dira.


Basoaz gain zeharkaldi honen bertze ezaugarri bat ekipatutako bideak dira.  Mendebaldetik hasita lehena irudiko Pas des Merlets pausua da. Helduleku guti dituen harkaitzean igateko soka bat dago hemen.


Zuhaitzek uzten zigutelarik forma anitzetako orratzek osatutako paisaia kuriosoa ikusteko aukera genuen. Pirinioetan ez dugu gisa honetako lekurik eta beraz, merezi du bertara hurbiltzea.


Orratz bakoitzak bere izena du, normalean itxurarekin nolabaiteko lotura duena...


Tarteka paratutako ekipamentuaz gain, sustraiak eta arbolak gure aliatu izan ziren egun osoan zehar. Orratz artean bideak goiti eta beheiti egiten du atsedenik gabe, aunitzetan malda tenteetatik eta bidxka irristakorretatik. Sustrai eta arbola finak helduleku bikainak dira horrelakoetan.



Bertze balkoitxo bat paradisu ttipi honetaz gozatzeko, Mirador de l'Agulla del Capdemunt izenekoa. Argazkian ikusten den bezala hodei anitz zeuden zeruan, baina ez zuten ikuspegia sobera murrizten. Hodeitsu egonda ere, egun nahiko sapa genuen eta arbola artean haizerik gabe gogotik izerditu genuen.


Agullesen zeharkaldiko bigarren pausua jaisten harrapatu genuen. Saca Gran izeneko kanal estu eta estetikoa soka baten laguntzaz jaitsik genuen.


Pasabide ikusgarriak daude orratz artean...


Atrakzio parke bat iduri du, arras dibertigarria...


Agulleseko zeharkaldia akituta parean genituen segidan inguratuko genituen Frares Encantatseko orratzak. Portell Estreteko lepora jaitsiko ginen haiei ekin baino lehen.


Portell Estretetik Vicenç Barbe aterpe alderako bidea hartu eta segfidan berriz ezkerretara biratuko ginen, kasu honetan marka urdinei segitzeko.


Aitzineko zatian bezala, bigarren zeharkaldi honetan ere pasabide polit aunitz daude...


Orratz berezi gehiago...


Eskuak erabili beharreko pausu politak koglomeratuzko arrokan...


...eta doike, ekipatutako pasabide gehiago. Irudiko honetan kanal batean trabatua dagoen harkaitz handi baten azpitik pasatu behar da. Deserosoa da, baina soka baten laguntzaz nahiko ongi pasatzen da. Bloc Encascat da pasabidearen izena.


Labirintotik bizkar honetara aterata, mendebaldera jadanik gibelean utzi genituen orratzak ikusteko aukera izan genuen. Denbora osoan ekialderako norabideari eutsiko genion nagusiki, mendigunea aldez alde zeharkatuz.


Eskaladatxo panoramikoa orratzetik jaisteko...


...eta honela eguneko azken pasabide ekipatura ailegatu ginen. 


Kasu honetan pareta bertikala jaitsi behar da arrokan iltzatutako burdin eta katearen laguntzaz. Pas dels Barrots deitzen da zati ikusgarri hau, Frares Encantatseko azkena.


9:50 : Coll de Port (975m)
Agulles eta Frares Encantseko zehrkaldia lepo honetan akitu genuen. Hortik aitzin marka zuri-horiak berreskuratu eta bide erosoagoetatik eginen genuen aitzinera. Oraindik bide luzea genuen Montgros eta Sant Jeroni mendietan barrena Montserrateko monastegiraino.


Gibelean utziko genituen Frares Encantatseko orratzak ere...


Bideak Miracleko lepoa ezkerretara utzi eta hegoaldera egiten du bertze orratz multzo bat inguratzeko. Hasmentan pasatutakoa baino erosoagoa izanagatik ere, gorabeheratsua izaten segitzen du bideak eta harkaitz arteko pausutxoak egin behar dira etengabe.


10:19 : Coll de les Comes (1050m)
Geldialditxo bat egin genuen lepo polit honetan aitzinera segitu baino lehen. Gure begiak argazkiko Cilindre izeneko orratz ikusgarrira zuzentzen ziren. Zenbat horrelako bide osoan...


Bertze jaitsiera bat egin genuen lepotik Montgroserako azken igoerari ekin aitzinetik. Motza, baina arras bertikala...


Harkaitz arteko bertze deseskaladatxo bat...


10:42 : Montgros (1133m)
Eguneko lehen tontorra mendigunearen erdialdean kokatua dago eta ikuspegi bikaina eskaintzen du orratz guzietara. Zerbait jan eta edateko geldialdia egin genuen bertan.


Egonaldiaren ondotik, gailurra utzi eta parean ikusten genuen Montserrateko tontorrik handiena den Sant Jeronira zuzendu ginen.


Amildegi bateko terraza ikusgarri batetik egin genituen ondoko metroak iparralderantz Migdiako lepo aldera.


Argazkian ezkerretara ikusten den mendi zapala da Montgros eta jaitsiera diagonalean jaisten den terrazatxo berdeti egin genuen.


Bertara ailegatu baino lehen, Sant Jeroniko mendebaldeko harresitzarra inguratu eta Cami dels Francesos bidera atera ginen gailurrera segitzeko. Hemendik aitzin bide aise erosoagoa izanen zen tontorreraino, baita jaitsierakoa monastegi aldera ere.


Erran bezala, Sant Jeroni mendiguneko altuena da eta beraz bisitatuena ere bai. Bere xarma gailurreko azken metroetako zementuzko bide eta eskailerek kentzen dute.


11:48 : Sant Jeroni (1236m)
Ordura arte ia inor ez genuen ikusi egun osoan, baina Sant Jeronin mendizale eta turista andana ibilki zen. Horri gailurreko hesi neta orientazio mahaia gehitzen badizkiogu, mendi punta batean baino, atrakzio turistiko batean ginela iduri zuen. Hori bai, iparraldera ikuspegi zirraragarria du mendi honek, Manresako lautada guzia eta Pirinioak ere ikusten ahal direlarik.


Gailurra utzi eta monastego aldera bide zabaletik lasterka hasi ginen jaisten. Ongi markatutako bide honek, orduan arte ez bezala, beherantz egiten zuen denbora osoan eta aproposa da lasterka egiteko.


Pla del Ocellsetik beheiti ziztu bizian sartu ginen Magdalenako orratz ikusgarriak eskuinetara utziz.


Azken zatian ehunka eskailera jaitsi behar dira eta horrek mendi sentsazioa kentzen dio, baina inguruak ederra izaten segitzen du, harritsua, bertikala...


12:35 : Monestir de Montserrat (725m)
Montserrateko zeharkaldi hau akitzeko lekurik onena monastegi ezagun hau da. Mendigune hau ezagutzeko bide ikusgarria da egin genuena, erabat gomendagarria.

2022/06/08

Castillo d'Acher (2384m)

EGUNA: 2022/06/05

ABIAPUNTUA: Parking d'Espelunguere (1349m)

ZAILTASUNA: 
Nahiko erraza (PD). Zailtasun teknikoa Ledormeur tximiniak ematen dio bideari. II. gradua ematen diote, baina nire ustez III.a ere izaten ahal du, harria arras leundua baitago eta bertikala baita. Kable bat eta zinta bat daude paratuta tximinia laguntza gisa.

DENBORAK:
  • Igoera (Estaneseko lakutik) : 5 ordu
  • Jaitsiera (Aguas Tuertasetik) : 3 ordu
NOLA AILEGATU:
Nafarroa Behera eta Zuberoako probintziak zeharkatu behar dira. Donibane Garazi, Lartzabale, Maule eta Atharratze herriak pasata, Montori herrian utziko ditugu Euskal Herriko lurrak. Lanne-en-Baretous herrira ailegatuko gara hurrena eta herri hau pasatuta eskuinetara Arette herrira doan bidegurutzea ikusiko dugu. Bertara joanen gara. Arettetetik Issor herrian barrena, Aspeko bailarara ailegatuko gara. Behin hemen, Zaragozako norabidea hartuko dugu eta aitzinera segituko dugu Somporteko tunelera iritsi arte. Somporteko tuneleko iparraldeko sarrera baino metro batzuk lehenago, eskuinetara Forges d'Abelera doan errepidetxoa hartu behar da. Forges d'Abel gibelean utzi eta asfaltatutako pista batetik iganen gara Estaenseko zentral hidroelektrikoraino. Bertan utziko dugu autoa neguan. Udan, pixkat goitiago igo daiteke, Espelungereko aparkalekuraino.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Eskiak sabaian altxatu ditugu eta horien ordez zapatilak jantzita Pirinioetako belardietan bidaiatzeko garaia ireki dugu. Lehen ibilaldia ez da ahuntzaren gauerdiko eztula izan. Castillo d'Acher ezagunera igan gara, baina bide arruntetik egin ordez Espelungueretik abiatu eta Estanes eta Aguas Tuertas ederretatik pasatuz bide zoragarria marraztu dugu.

8:25 : Parking d'Espelunguere (1349m)
Gaua aparkaleku bakartian pasatu genuen eta bertatik ateratzen den bidexkatik paratu ginen martxan goizean.


Pagadi arteko bidexka metro gutian Espelunguereko ur-jauzi ondora eramanen gintuen. Hau ezkerretara utzi eta goiti segitu genuen...


Lehen baso zatia pasatuta Espelunguereko lautadatxora ateratzen da bidea. Seinale batek Estaneseko laku aldera segitu beharreko bidea erakusten du bertan.


Metro batzuk gehiago egin eta Sansaneterako bidea ezkerretara utzi eta Estanesekoari segitu genion. Eguraldi ederra iragarria zegoen, baina mendiaren azpiko zatian behe-lainoa sartuta zegoen.


Zelaia gibelean utzi eta berriz ere basoan sartu ginen. Zati honetan landaredia arras anitza zen eta Pirinioetan egon ordez oihan tropikal batean ginela iduri zuen.


Lainoak ere halako puntu mistiko bat ematen zion inguruari.


Atsedenik gabe igaten den  bidexkatik basoa zeharkatu eta goitiko partean zuhaitzen artetik atera ginen. Puntu honetan lainoen artetik goitiago zerua urdin izanen genuela ikusten hasi ginen.


Goitiko partean irudiko harkaitza gainditzeko zailtasunik ez duen eskailera bat dago instalatua. 


9:20 : Pas de l'Echelle (1775m)
Eskailaren omdotik, pixka bat gehiago igan eta lepotxo batera atera ginen. Puntu honetatik aitzin lainoaren gainetik ibiliko ginen eta ikuspegi bikaina genuen. Parez pare genuen iragan urtarrilean eskiatutako Acue mendiaren hegoaldeko magala.


...eta inguruko protagonista dudarik gabe Estaneseko laku ederra. Pirinioetan ezagutzen ditudan lakuetatik politenen artean sartuko nuke.


Normalean jende anitz ibiltzen den lekua da Estanes, baina ordu horretan bakar-bakarrik ibilki ginen oraindik. Tarte bat hartu genuen inguru honek transmititzen duen lasaitasunaz gozatzeko lakua inguratzen zuten azken lanbro hondarrak desagertu bitartean.


Geldialdearen ondotik lakua gure ezkerretara utziz inguratzeari ekin genion.


Mendebaldeko izkineraino inguratu genuen eta bertatik mendebaldeko norabidean segitu genuen bidexka ttiki bat hartuta. 


Estanes gibelean utzi genuen, nahiz eta bertan gelditzeko gogoa ematen zuen.


Egun osoan zehar ehundaka sarrio ikusiko genituen paraje hauetan. Inoiz ez nituen hainbertze ikusi egun bakarrean. Edozein txokotatik ateratzen ziren. Ulergarria da hemen ondoko Valle de los Sarrios bailara ezagunak zergatik duen izen hori.


Erran bezala, hortik aitzin segitu beharreko bideak mendebalderantz eramanen gintuen itzulingururik gabe. Argazkian parean ikusten den Acherteko lepoa genuen jomuga. Gure ezkerretara berriz Portazako punta tenteak atentzioa eman zigun...


Metro batzuk bidexkarik gabe ibilita Ornako lakuaren inguruan harrapatu genuen zeharka Portazako mendiaren azpitik eramanen gintuen bidea.


Ondoko kilometroak kasik lauak izanen ziren, beheranzko joerarekin lepoaren azpian kokatu artio.


Ornako lakua eta gibelean Acueren hego aurpegia. Negu honetako oroitzapen politak ekartzen zizkigun azken honek.


Bi lakuen arteko bidea nahiko harritsua zen, baina aitzinera egin ahala harriek belardi leun eta lur gorriari utzi zioten lekua.


Bizi-bizi egin genuen aitzinera alfonbra berde erosoan, betiere lepoan erreferentzia genuela.


Lasterka egiteko ere aprobetxatu genuen inguru hau. 


Bazterretako elurrak kasik desagertuak ziren ekaina hasmenta izan arren. Elurraren zuriak belarraren berde eta loreen kolore anitzei utzia die lekua. Garai polita Pirinioetan ibiltzeko...


Lepoa gero eta hurbilago...


Ingurua zoragarria da: Secuseko mendizerra ikusgarria gibelean eta berde eta gorrizko kolore biziak azpian.


Secus mendiaren azpian kokatuta, Acherteko leporaino iganen gintuen 250 bat metroko malda igateari ekinen genion. Mendi honen eta Anatera Alta mendiaren artean gelditzen da lepoa.


Anatera Alta gorria...


Zenbat leku desberdin dauden gure Pirinioetan... Inguru honen ezaugarri nagusia lur gorria da. Lakuka urrunagoko bertze zonalderen batera bidaiatu genuela ematen zuen.


11:22 : Puerto de Achert (2157m)
Autotik atera eta hiru ordu inguru behar izan genituen lepora ailegatzeko. Bertatik parez pare genuen Castillo d'Acher eguneko helburua. Oraindik zatitxo bat genuen haren azpira ailegatzeko.


Oza aldera jaisten den Borreguil de Acherteko bailarara pasatu ginen lepotik. Metro batzuk galduko genituen Castillo d'Acher mendiaren azpiko lepora ailegatzeko.


Gure ezkerretara Costatiza mendia utziko genuen, atentzioa deitu zigun bertze gailur ikusgarri bat.


Lur gorriaren gainetik...


11:42 : Collada de lo Barcal (2053m)
Lepo honetara ailegatuta, jadanik Acherren ekiladeko pareta bertikalen azpian ginen. 300 metro inguruko igoera genuen gailurreraino.


Barcal menditxoa hegoaldetik inguratu eta 2134 metrora dagoen izenik gabeko lepora aterako ginen.


Bertatik bidea bertikalago paratzen da gazteluaren harresia gainditzeko puntu ahularen bila.


Irudian itzaletan ikusten den korridoretik gainditzen da ekialdeko pareta. Ledormeur tximinia da. Bertaraino ailegatzeko, ordea, malda tentea gainditu beharko genuen oraindik.


Metroak irabazi ahala kutsu alpinoa hartzen du inguruak. Eskuak erabili beharreko (I) pausuren bat...


...balkoitxoren batetik zeharkaldiren bat...


...harri xehezko malda tenteak... Ez da inguru zaila, baina bai kasu eman beharrekoa, gehienbat gure azpikoei harririk bota gabe.


Tximinia arras polita iruditu zitzaigun. Gainean kokatua duen harrizko bloke erraldoiak kobazulo itxura ematen dio.


Pausuaren berez II.maila ematen diote, baina nire ustez III.a ere ematen ahalko litzaioke. Bertikala da, eta bertan kokatua dagoen kablea erabili gabe behintzat, bere zailtasuna dute lehen metroek. Hori bai, segidan akitzen da.


Tximinia gaindituta, elur-lauso eta paretaren artean zegoen pasilotxo honetatik atera ginen harresiaren gaineko aldera.


Gailurreraino paseo ttiki bat bertzerik ez zitzaigun falta.



12:31 : Castillo d'Acher (2384m)
12 kilometrotik goitiko bidea egin genuen gailurra harrapatzeko, baina Ozatik igaten dena baino aise politagoa eta bakartiagoa da egin genuena. Lau lagun bertzerik ez genituen ikusi tontorrerainoko bidean. Ozatik, aldiz, dozenaka heldu ziren...


Agüerri mendia hegoaldean, neguko agendan luze dirauen gailurra.


Midi urrunean eta bere azpian Acueko lepoa. Urtarrilean ibili ginen bertan...


Tontorreko argazkia...


Ez ginen aunitzik luzatu goitian, itzulera luzea baikenuen aitzinetik. Berriz ere tximiniara hurbildu, kableei esker jaitsi eta beheiti segitu genuen.


Jaitsieran Barclago lepora utzi ordez, ezkerretara Barcalgo amildegian barneratu ginen bidexkarik gabeko belardi berdeetatik.


Irudiko Peña de Marcanton mendiaren azpiraino zeharkatu genuen Barcalgo bailara eta bertatik mendia inguratzen duen bidexka horizontala hartu.


Barcalgo bailara ederra...


Marcanton mendia inguratuta Barcal utzi eta Lomako amildegira pasatu ginen. Barcaldik ere egiten ahal genuen jaitsiera, baina gure ondoko helburura zuzenago eramanen gintuen azken honek. Belardi berdeetatik lasterka pixka bat egiteko baliatu genuen ingurua.


Guarrinzatik Aguas Tuertasera igaten den pistara atera ginen Lomako amildegia beheitiraino jaitsita. Pistaren goitiko zatian ginen Guarrinzako bailara politerako ikuspegi ederra genuela. Eskuinetara pista hartu eta minutu gutian ailegatuko ginen Aguas Tuertasera.


14:05 : Refugio de Aguas Tuertas (1615m)
Aguas Tuertaseko mendebaldeko ate naturala den honetara ailegatu ginen honela. Nik argazkiko aterpea bisitatu nuen, lehen aldia bainuen inguruan. Ez da Frantziako Pirinioetakoak bezain erosoa, baina egoera onean dago. Eguneko bigarren otordutxoa egiteko geldialdia egin genuen aitzinera segitu aitzinetik.


Aurrez aurre genuen osorik zeharkatuko genuen Aguas Tuertaseko bailara, ibilbide ederraren azken pizgarria. Leku aski ezaguna mendizaleendako lautada zabalean errekastoak marraztutako meandro sigisagatsuengatik. Inguruko gailurretatik behin baino gehiagotan ikusia banuen ere, lehen aldiz nintzen han beheitian...


Eta zalantzarik gabe merezi izan zuen jaitsiera luzatu eta bertatik pasatzeak. Pirinioetako altxortegian bere lekua duen parajea, zalantzarik gabe. 


Parean Bernerako mendizerra genuela, bailararen zeharkaldi luzeari ekin genion. 


Lasterka pixka bat egiteko baliatu genuen...


14:51 : Paso de Escale (1630m)
Lautadaren amaieran metro batzuk goiti egin eta lepo zabal honetara ailegatu ginen. Hemen GR11aren bidea utzi eta Espelunguerera itzuliko ginena hartu genuen.


15:01 : Col d'Escale d'Aygue Torte (1635m)
Aguas Tuertaseko zelaiak pasabide honetatik utziko genituen. Neguan elurrarekin esposizio handikoa den leku hau, bide zabaletik arazorik gabe zeharkatzen da udan. Hortik beheiti bidexka politetik beheiti lasterka ziztu bizian eginen genuen aparkalekurainokoa.



15:17 : Parking d'Espelunguere (1349m)
25 kilometro eta 1500 metroko desnibela eginda akitu genuen ibilbide eder hau, Pirinioetako hiru altxor elkartzen dituen itzuli zoragarria.