EGUNA: 2022/06/05
ABIAPUNTUA: Parking d'Espelunguere (1349m)
ZAILTASUNA:
Nahiko erraza (PD). Zailtasun teknikoa Ledormeur tximiniak ematen dio bideari. II. gradua ematen diote, baina nire ustez III.a ere izaten ahal du, harria arras leundua baitago eta bertikala baita. Kable bat eta zinta bat daude paratuta tximinia laguntza gisa.
DENBORAK:
- Igoera (Estaneseko lakutik) : 5 ordu
- Jaitsiera (Aguas Tuertasetik) : 3 ordu
NOLA AILEGATU:
Nafarroa Behera eta Zuberoako probintziak zeharkatu behar dira. Donibane Garazi, Lartzabale, Maule eta Atharratze herriak pasata, Montori herrian utziko ditugu Euskal Herriko lurrak. Lanne-en-Baretous herrira ailegatuko gara hurrena eta herri hau pasatuta eskuinetara Arette herrira doan bidegurutzea ikusiko dugu. Bertara joanen gara. Arettetetik Issor herrian barrena, Aspeko bailarara ailegatuko gara. Behin hemen, Zaragozako norabidea hartuko dugu eta aitzinera segituko dugu Somporteko tunelera iritsi arte. Somporteko tuneleko iparraldeko sarrera baino metro batzuk lehenago, eskuinetara Forges d'Abelera doan errepidetxoa hartu behar da. Forges d'Abel gibelean utzi eta asfaltatutako pista batetik iganen gara Estaenseko zentral hidroelektrikoraino. Bertan utziko dugu autoa neguan. Udan, pixkat goitiago igo daiteke, Espelungereko aparkalekuraino.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Eskiak sabaian altxatu ditugu eta horien ordez zapatilak jantzita Pirinioetako belardietan bidaiatzeko garaia ireki dugu. Lehen ibilaldia ez da ahuntzaren gauerdiko eztula izan. Castillo d'Acher ezagunera igan gara, baina bide arruntetik egin ordez Espelungueretik abiatu eta Estanes eta Aguas Tuertas ederretatik pasatuz bide zoragarria marraztu dugu.
8:25 : Parking d'Espelunguere (1349m)
Gaua aparkaleku bakartian pasatu genuen eta bertatik ateratzen den bidexkatik paratu ginen martxan goizean.
9:20 : Pas de l'Echelle (1775m)
Eskailaren omdotik, pixka bat gehiago igan eta lepotxo batera atera ginen. Puntu honetatik aitzin lainoaren gainetik ibiliko ginen eta ikuspegi bikaina genuen. Parez pare genuen iragan urtarrilean eskiatutako Acue mendiaren hegoaldeko magala.
Autotik atera eta hiru ordu inguru behar izan genituen lepora ailegatzeko. Bertatik parez pare genuen Castillo d'Acher eguneko helburua. Oraindik zatitxo bat genuen haren azpira ailegatzeko.
Oza aldera jaisten den Borreguil de Acherteko bailarara pasatu ginen lepotik. Metro batzuk galduko genituen Castillo d'Acher mendiaren azpiko lepora ailegatzeko.
Gure ezkerretara Costatiza mendia utziko genuen, atentzioa deitu zigun bertze gailur ikusgarri bat.
Lur gorriaren gainetik...
11:42 : Collada de lo Barcal (2053m)
Lepo honetara ailegatuta, jadanik Acherren ekiladeko pareta bertikalen azpian ginen. 300 metro inguruko igoera genuen gailurreraino.
Bertatik bidea bertikalago paratzen da gazteluaren harresia gainditzeko puntu ahularen bila.
Irudian itzaletan ikusten den korridoretik gainditzen da ekialdeko pareta. Ledormeur tximinia da. Bertaraino ailegatzeko, ordea, malda tentea gainditu beharko genuen oraindik.
Metroak irabazi ahala kutsu alpinoa hartzen du inguruak. Eskuak erabili beharreko (I) pausuren bat...
...balkoitxoren batetik zeharkaldiren bat...
...harri xehezko malda tenteak... Ez da inguru zaila, baina bai kasu eman beharrekoa, gehienbat gure azpikoei harririk bota gabe.
Tximinia gaindituta, elur-lauso eta paretaren artean zegoen pasilotxo honetatik atera ginen harresiaren gaineko aldera.
Gailurreraino paseo ttiki bat bertzerik ez zitzaigun falta.
12:31 : Castillo d'Acher (2384m)
Barcal menditxoa hegoaldetik inguratu eta 2134 metrora dagoen izenik gabeko lepora aterako ginen.
Tximinia arras polita iruditu zitzaigun. Gainean kokatua duen harrizko bloke erraldoiak kobazulo itxura ematen dio.
Pausuaren berez II.maila ematen diote, baina nire ustez III.a ere ematen ahalko litzaioke. Bertikala da, eta bertan kokatua dagoen kablea erabili gabe behintzat, bere zailtasuna dute lehen metroek. Hori bai, segidan akitzen da.
12 kilometrotik goitiko bidea egin genuen gailurra harrapatzeko, baina Ozatik igaten dena baino aise politagoa eta bakartiagoa da egin genuena. Lau lagun bertzerik ez genituen ikusi tontorrerainoko bidean. Ozatik, aldiz, dozenaka heldu ziren...
Agüerri mendia hegoaldean, neguko agendan luze dirauen gailurra.
Midi urrunean eta bere azpian Acueko lepoa. Urtarrilean ibili ginen bertan...
Tontorreko argazkia...
Ez ginen aunitzik luzatu goitian, itzulera luzea baikenuen aitzinetik. Berriz ere tximiniara hurbildu, kableei esker jaitsi eta beheiti segitu genuen.
Jaitsieran Barclago lepora utzi ordez, ezkerretara Barcalgo amildegian barneratu ginen bidexkarik gabeko belardi berdeetatik.
Irudiko Peña de Marcanton mendiaren azpiraino zeharkatu genuen Barcalgo bailara eta bertatik mendia inguratzen duen bidexka horizontala hartu.
Barcalgo bailara ederra...
Marcanton mendia inguratuta Barcal utzi eta Lomako amildegira pasatu ginen. Barcaldik ere egiten ahal genuen jaitsiera, baina gure ondoko helburura zuzenago eramanen gintuen azken honek. Belardi berdeetatik lasterka pixka bat egiteko baliatu genuen ingurua.
Guarrinzatik Aguas Tuertasera igaten den pistara atera ginen Lomako amildegia beheitiraino jaitsita. Pistaren goitiko zatian ginen Guarrinzako bailara politerako ikuspegi ederra genuela. Eskuinetara pista hartu eta minutu gutian ailegatuko ginen Aguas Tuertasera.
14:05 : Refugio de Aguas Tuertas (1615m)
Aguas Tuertaseko mendebaldeko ate naturala den honetara ailegatu ginen honela. Nik argazkiko aterpea bisitatu nuen, lehen aldia bainuen inguruan. Ez da Frantziako Pirinioetakoak bezain erosoa, baina egoera onean dago. Eguneko bigarren otordutxoa egiteko geldialdia egin genuen aitzinera segitu aitzinetik.
Aurrez aurre genuen osorik zeharkatuko genuen Aguas Tuertaseko bailara, ibilbide ederraren azken pizgarria. Leku aski ezaguna mendizaleendako lautada zabalean errekastoak marraztutako meandro sigisagatsuengatik. Inguruko gailurretatik behin baino gehiagotan ikusia banuen ere, lehen aldiz nintzen han beheitian...
Eta zalantzarik gabe merezi izan zuen jaitsiera luzatu eta bertatik pasatzeak. Pirinioetako altxortegian bere lekua duen parajea, zalantzarik gabe.
Parean Bernerako mendizerra genuela, bailararen zeharkaldi luzeari ekin genion.
Lasterka pixka bat egiteko baliatu genuen...
14:51 : Paso de Escale (1630m)
Lautadaren amaieran metro batzuk goiti egin eta lepo zabal honetara ailegatu ginen. Hemen GR11aren bidea utzi eta Espelunguerera itzuliko ginena hartu genuen.
15:01 : Col d'Escale d'Aygue Torte (1635m)
Aguas Tuertaseko zelaiak pasabide honetatik utziko genituen. Neguan elurrarekin esposizio handikoa den leku hau, bide zabaletik arazorik gabe zeharkatzen da udan. Hortik beheiti bidexka politetik beheiti lasterka ziztu bizian eginen genuen aparkalekurainokoa.
15:17 : Parking d'Espelunguere (1349m)
25 kilometro eta 1500 metroko desnibela eginda akitu genuen ibilbide eder hau, Pirinioetako hiru altxor elkartzen dituen itzuli zoragarria.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina