Orriak

Augas (2213m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Augas (2213m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2026/03/29

Pic d'Augas (2290m)

EGUNA: 2026/03/14

ABIAPUNTUA: Ancienne Douane Tunnel d'Aragnouet-Bielsa (1553m)

ZAILTASUNA: S2

DENBORA:
  • Igoera: 2 ordu 
  • Jaitsiera: 45 minutu
NOLA AILEGATU:
Euskal Herriko ipar partetik joanez gero, azkarrena Baionan A64 autopista hartu eta bertati joatea Saint Lary Soulango irteera hartu arte. Behin autopistatik aterata aipatutako herriraino iritsi beharko dugu. Saint Lary gurutzatu eta Aragnouet-Bielsa tunelera doan bidea segiko dugu. Tunelera ailegatu baino hiru kilometro inguru lehenago, bihurgune itxi batean kokatua dagoen eraikin zahar baten ondoan utzi behar da autoa.
Euskal Herriko hegoaldetik joan nahi badugu ordea, hobe da Iruñeatik Jacara doan autobidea hartzea. Jacatik Huescara jarraitzen duen errepidea segiko dugu baina segidan Fiscal herri aldera desbideratuko gara. Fiscaletik Ainsara segiko dugu eta hemen iparraldera biratuko gara lehen aipatutako tuneleraino igoz Cinca ibaiaren ertzetik. Tunela zeharkatuta pixka bat jaitsi (3 km) eta lehen aipatutako lekuan utzi behar da autoa.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc

KRONIKA:
Eguraldi eskasa dagoelarik eskiatu nahi dugunean ez da erraza Pirinioetan oihan aproposak harrapatzea. Batzuek altuera gutiegi dute, bertzeak hetsiegiak dira... Halakoetan aukera hoberenetarikoa Augaseko basoa izaten da. Hasmenta puntu nahiko altuak (1500 metrotik goiti) elurra denboraldiaren zatirik handienean ziurtatzen du eta 1800 metrotik goiti kasik 500 metroko malda zabal eta eskiagarriak ditu. Horregatik guziagatik, azken urteetan kasik denboraldiro itzultzen gara bertara.

9:34 : Ancienne Douane Tunnel d'Aragnouet-Bielsa (1553m)
Aragnoeuet herrian gaua pasatu eta goizean hurbildu ginen aparkalekura. Normalean jendea ibiltzen den ingurua da, bai eskiz, bai erraketaz; baina oraingoan bakarrik ginen bertan. Autotik eskiak eskuetan egin genituen metro batzuk.


Bideak Saux erreka zeharkatzen du zubi estu batetik eta bertze aldean altuera irabazten hasten da baso trinko batetik Lacoueou-ko pistara ateratzeko. Baso tartetto horretan eskiak kendu beharko genituen berriz pixka batean.


1633 metrotara pistara ailegatuko ginen eta hortik goitiraino eskiatzeko inguru aproposetik mugituko ginen. Pistak ekialderantz egiten altuera poliki irabaziz.


Pinuen arteko pasilo luzea marrazten du.


1750 metro inguruan pista paraje garbira ateratzen da. Hor eskuin biratu eta kaskorainoko 500 metroko malda ederrak hasten dira.


Cortail de Prat etxolaren ondotik pasatu eta pinuzko basoaren mugatik egiten da igoera. Argazkian ikusten den bezala ez da baso trinkoa, haren hondarreko zatia baizik. Hala ere, arbola solteek bisibilitate guti dagoelarik erreferntzia lanak egiten dituzte.


Malda tentetuz joaten da eta eski-saio zuzena eskaintzen du, zati laurik gabea.


Egun horretan ez zebilen inor gure aitzinetik eta elur bota berrian arrastoa irekitzea tokatu zitzaigun. Hala ere, geruza ez zen lodiegia eta zitzaigun sobera kostatu.


Altuera irabazten...


Azken metroetan pinuak akitu egiten dira eta malda garbietatik aterako ginen ertzaren punturik altuenera. Berez mapetan Augaseko gailurra 2213 metrora markatzen du, baina ertzaren punturik altuena 2290 metrora dago, pixka bat mendebalderago. Gu bertara igaten gara harat joaten garenetan.


Azken metroak...


11:29 : Pic d'Augas (2290m)
Gailurrean eguzki printza batek Cuneille mendirainoko ertza erakutsi zigun tartetto batean. Trantsizioa burutu eta beheiti abiatzeko prest ginen!


Eguneko lehen jaitsiera elur bikainetik egn genuen. Elur zaharraren gainean 5-10 zentimetroko geruza freskoa zegoen.


Baldintzak ikusita, 1900 metro inguruan berriz ere fokak paratu eta goiti abiatu ginen.


Berriz ere arrasto beretik eginen genuen goiti, eta beraz lehenengoan baino fiteago iganen ginen.


12:49 : Pic d'Augas (2290m)
Bigarren igoera mendebalderago dagoen ertzaren puntu batean akitu genuen. Handik egun horretan oraindik inor ibili gabeko maldak bilatuko genituen.


Augaseko maldaren erdian dagoen bizkar gisakoak Cuneille mendiarekin osatzen duen bailaratxotik egin genuen bigarrena. Normalean jende guti jaisten da ingurua da eta aproposa da gainerako malda guziak arrastoz beteta daudenerako.


Pistaraino malda ederretatik eskiatu eta pistaren bukaeraraino segituko genuen.


13:23 : Ancienne Douane Tunnel d'Aragnouet-Bielsa (1553m)
Baso trinkoan zati batean eskiak kendu ondotik, azpiko maldetan bira batzuk eginda akitu genuen eguna. Augaseko basoak ez du inoiz hutsik egiten!

 

2025/03/23

Augas (2213m)

EGUNA: 2025/03/15

ABIAPUNTUA: Ancienne Douane Tunnel d'Aragnouet-Bielsa (1547m)

ZAILTASUNA: S2

DENBORA:
  • Igoera: 2 ordu 
  • Jaitsiera: 45 minutu
NOLA AILEGATU:
Euskal Herriko ipar partetik joanez gero, azkarrena Baionan A64 autopista hartu eta bertati joatea Saint Lary Soulango irteera hartu arte. Behin autopistatik aterata aipatutako herriraino iritsi beharko dugu. Saint Lary gurutzatu eta Aragnouet-Bielsa tunelera doan bidea segiko dugu. Tunelera ailegatu baino hiru kilometro inguru lehenago, bihurgune itxi batean kokatua dagoen eraikin zahar baten ondoan utzi behar da autoa.
Euskal Herriko hegoaldetik joan nahi badugu ordea, hobe da Iruñeatik Jacara doan autobidea hartzea. Jacatik Huescara jarraitzen duen errepidea segiko dugu baina segidan Fiscal herri aldera desbideratuko gara. Fiscaletik Ainsara segiko dugu eta hemen iparraldera biratuko gara lehen aipatutako tuneleraino igoz Cinca ibaiaren ertzetik. Tunela zeharkatuta pixka bat jaitsi (3 km) eta lehen aipatutako lekuan utzi behar da autoa.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc

KRONIKA:
Berriz ere Augas mendiaren ipar-mendebaldeko maldetan ibili gara joan den asteburuan. Niretako hirugarren aldia izan da. Inguru hartan elurte ederra bota zuen aitzineko egunetan eta elur-jausi arriskua nahiko handia zen. Baldintza horietan elur hautsaz gozatzeko aukera ematen du Augasek, aparteko arriskurik hartu gabe.

8:57 : Ancienne Douane Tunnel d'Aragnouet-Bielsa (1547m)
Bielsan pasatu genuen gaua eta goizean tunela zeharkatzean iparraldeko isurialdea inoiz ez bezala harrapatu genuen. Zuri eta leun zegoen, itxura ezin hobearekin. Kilometro guti batzuk jaitsi eta antzinako aduanatik abiatu ginen Augas aldera.


Eskiak autoan berean paratu genituen zangoetan, nahiz eta jaitsiera beheitiko zatia ezinen genuen eskiatu. Zubi estua zeharkatu eta baso aldera igaten den malda gainditu genuen. Bidea basoan sartzean tentetu egiten da eta eskiz gainditzea zaila den pasabide bat igan genuen.


Zati deserosoa gaindituta, Lacoueouko pistara atera ginen 1630 metro inguruan. Puntu honetatik goiti elurrak udaberrian ere dezente irauten omen du eta beraz gehienetan eskiagarri egoten da.


Pistak ekialderantz egiten du eta 1750 metro inguruan izei artetik atera eta Augaseko malda ederretan akitzen da.


Puntu horretatik Augaseko kaskoraino 500 bat metroko malda ederrak daude. Aipatu Augas mendiak mapan 2213 metro baldin baditu ere, ertz bat gailurra dena baino goitiago igaten dela 2290 metro hartu arte eta normalean eskiz puntu horretara arte igaten da jendea.


Cortail de Prat etxola ezkerretara utzi eta malda zabalak igateari ekin genion bizi-bizi.


Tarteka izei batzuen artetik pasatuko ginen, baina oro har maldak "garbiak" dira.


Eguna eguzkitsu argitu bazen ere, goizean zehar goibel batzuk zerua estaltzen hasi ziren. Hala ere, ez ziguten eski egun ederra zapuztuko.


Augaseko "eski gailurra" begien bistan...


Aitzineko elurrak 40-50 zentimetroko elur hauts geruza utzia bazuen ere, aitzinekoek irekitako arrastotik aise eta fite igan ginen. Sektore honetan asteburuetan jende dezente ibiltzen da eta ez da erraza bakardadea harrapatzea.


Azken zatia tenteagoa da, baina zailtasun handirik gabea.


Augas mendiaren eskuinetara Cuneille mendia gelditzen da. Hau ere eskiagarria da, baina aise malda tenteagoak ditu eta elur baldintza egonkorrak behar dira bertara igateko.


Augaseko benetako gailurra ezkerretara utzi genuen bere antena eta guzi, eta arestian aipatutako ertzeko 2290 metrora dagoen punturantz segitu genuen.


Azken metroeak ertzeko punta batera ailegatzeko...


Benetako kaskoa gibelean utziz...


10:32 : Augas (2290m)
Lehen igoera IGN mapan 2289 metrora dagoen puntatxoan akitu genuen. Bertatik mendebaldera ertz guzia altuera bertsuan dago.


Bigarren igoera beranduxeago ertzean mendebalderago dagoen punta batera eginen genuen, biak ala biak Cuneille altuagoaren itzaletan...


Eskiak jaitsierarako prestatu eta 300 bat metroko lehen jaitsiera bikain bat egin genuen. Haize gutirekin egindako elur hauts hotza baldintza bikainetan harrapatu genuen. Pirinioetan gutitan harrapatzen da hain elur ona.


2000 metro baino beheitixeago jaitsi ginen. Berriz ere foka-larruak paratu eta berriz kaskorantz igateari ekin genion.


Eguna lainotuago genuen bigarre igoera honetan...


Erritmo onean igan ginen berriz ere eta fite ginen ertz inguruan...


11:53 : Augas (2290m)
Kasu honetan, jende gutiago ibilitako maldak bilatzeko mendebalderago segitu genuen eta IGN mapako 2290 metroko puntara ailegatu ginen.


Eguneko bigarren jaitsiera Cuneille eta Augas mendien artean gelditzen den sakonunetik egin genuen. Inguru horretan ez da jenderik ibiltzen eta bertzeak bezain malda politak ditu eskiatzeko.


Eguneko bigarren eta azken jaitsiera beheitiraino egin genuen. 1650 metroraino jaitsi ahal izan ginen eskiz; Lacoueouko pistatik auto aldera ateratzen den bidexkaraino, hain zuzen ere.


Handik baso zatitxoa oinez jaitsi eta zubia zeharkatuta autora itzuli ginen minutu gutian.


12:51 : Ancienne Douane Tunnel d'Aragnouet-Bielsa (1547m)
Hala akitu genuen baldintza ikaragarriez gozatzeko egindako ateraldia. Biharamunean gehiago...

 

2022/01/12

Augas (2213m)

EGUNA: 2022/01/08

ABIAPUNTUA: Ancienne Douane Tunnel d'Aragnouet-Bielsa (1547m)

ZAILTASUNA: S2

DENBORA:
  • Igoera: 2 ordu 
  • Jaitsiera: 45 minutu
NOLA AILEGATU:
Euskal Herriko ipar partetik joanez gero, azkarrena Baionan A64 autopista hartu eta bertati joatea Saint Lary Soulango irteera hartu arte. Behin autopistatik aterata aipatutako herriraino iritsi beharko dugu. Saint Lary gurutzatu eta Aragnouet-Bielsa tunelera doan bidea segiko dugu. Tunelera ailegatu baino hiru kilometro inguru lehenago, bihurgune itxi batean kokatua dagoen eraikin zahar baten ondoan utzi behar da autoa.
Euskal Herriko hegoaldetik joan nahi badugu ordea, hobe da Iruñeatik Jacara doan autobidea hartzea. Jacatik Huescara jarraitzen duen errepidea segiko dugu baina segidan Fiscal herri aldera desbideratuko gara. Fiscaletik Ainsara segiko dugu eta hemen iparraldera biratuko gara lehen aipatutako tuneleraino igoz Cinca ibaiaren ertzetik. Tunela zeharkatuta pixka bat jaitsi (3 km) eta lehen aipatutako lekuan utzi behar da autoa.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Badira mendi batzuk bertan egindako ateraldi bereziren batengatik oroitzapen arras onak ekartzen dituztenak. Horietako bat da niretako Augas mendia. Duela lau urte bertan oroitzeko eski saioa egin genuen hauts goxo eta homogeneoan. Eguraldia onegia ez den aldietan elur berria badago eskiatzeko paradisua da gailur hau. Pinuek zizpriztintzen dute malda kasik goitiraino eta bisibilitate eskaseko egunetan aunitz laguntzen dute. Bigarren parteak ez dira beti txarrak izaten...

10:17 : Ancienne Douane Tunnel d'Aragnouet-Bielsa (1547m)
Ateraldi honekin hetsi genuen Saint-Lary-Soulanen pasatutako egonaldia. Eguna gris ernatu zen, baina hobekuntza iragarria zegoen eguerdi parterako eta prsa handirik gabe ekin genion ibilaldiari.


Bezperan bertze elurtetxo bat izan zen eta horrek ingurua benetan zoragarri utzi zuen. Errepidetik aterata metro batzuetara zubi estu batetik erreka gurutzatu eta malda goiti abiatu ginen Augas azpian kokatuko gintuen pistaren bila.


Pista arteko zatia malda eta deserosoa da, azken metroetan gehienbat. Behin hau hartuta ez du inolako zailtasunik ateraldiak.


Erran bezala, pistatik Augaseko maldaren azpiko aldera ailegatuko ginen. Ostartetxoaren azpian ikusten da gailurra.


Prateko etxola ezkerretara utzi eta malda ederrean goiti abiatu ginen aitzinetik genituen eskiatzaileen arrastotik.


Lehen aipatu bezala, pinuak maldaren gaineko alderaino ailegatzen dira eta lainoa dagoelarik aunitz laguntzen dute erreferentzia gisa.


Maldaren erdiko aldetik egin genuen igoera eta poliki-poliki nahiko tente paratzen da. Elur berria azpiko geruza izoztuaren gainean irristatzen zen eta tarteka ez zen erraza metroak irabaztea.


Azken zatia kutxilak paratuta egin genuen, izoztutako tarteak zituen bizkar batetik. Haizeak bereak eginak zituen eta goitiko partean elur dezente eramana zuen.


Cuneille gibelean genuela atera ginen gandorrera eta bertatik egin genituen azken metroak.


12:22 : Augas (2213m)
Iragarpenek bete-betean asmatu zuten bertze behin ere eta ostarte zabalak ireki ziren gailurrean ginelarik. Lasai-lasai zerbait jan eta egonaldi luzea egin genuen beheiti hasi aitzinetik.


Mendiaren bertze aldean Moudangeko bailara basatia dago, Salcorz mendiak hesten duena.


Jaitsierakoan goitiko zatian izan ezik, elur arras ona harrapatu genuen. Azpiko zati hormatuaren gainean 10-15 zentimetroko hauts kapa goxoa eta arina genuen.


13:26 :  Ancienne Douane Tunnel d'Aragnouet-Bielsa (1547m)
Honekin hetsi genuen eski aste ederra. Hautsarekin ezin aspertu...

BIDEOA: