EGUNA: 2016/12/08-09
IRTEERA: Vallee d'Ossoue (1554m)
ZAILTASUNA:
- Eski zailtasuna: S1
DENBORAK:
- Vallee d'Ossoue - Cabane de Lourdes : Bi ordu
- Cabane de Lourdes - Bernatuara : Bi ordu
NOLA AILEGATU:
Lourdes (Frantzia) hiritik iparralderuntz Argelesera joan behar da eta hemendik Luz Saint Sauveur herrian barna Gavarniera. Gavarnie herria gurutzatu eta eski estazioko errepidea hartu behar da, baina lehenengo bihurgunean errepide hau utzi eta eskuinera jo behar dugu Ossoueko urtegi aldera, hasmentan asfaltatuta eta gero nahiko zakar dagoen pista batetik. Autoz goraino igo ahal denean Millaseko lautadan utzi behar da autoa. Gure kasuan ordea elurra zegoen bidean (negu gehienean itxita egoten da errepide hau) eta bide bazterrean aparkatu behar izan genuen, IGN mapan 1554 metrotara dagoen puntuaren ingururan.
KRONIKA:
Aurtengo hirugarren aldia Ossoue bailara ederrean, baina aitzineko biekin konparatuta desberdina izan da. Abendu gorrian Ossoue bailaratik marmotak eta jendea desagertzen dira, eta bailara bakarti eta basati bilakatzen da. Vignemale handiaren oinetan, mendi eskirako aukera anitz eskaintzen digu Pirinioetako txoko honek.
2016/12/08
15:23 : Vallee d'Ossoue (1554m)
Goizean Gavarnierainoko bidea egin eta gero, gure ustearen kontra Ossoueko errepidean uste baino elur gehiago harrapatu genuen eta nahiko behean utzi behar izan genuen autoa. Honetakoan bizikletek ere ez ziguten balio izanen eta hortaz autoa utzi genuen lekutik Millaseko lautadatxorainoko bide zatia "irentsi" beharko genuen.
Bidearen zatirik handiena elur eta izotzez estalita zegoen eta segidan jarri genituen eskiak.
Arestian aipatu bezala, Ossoueko bailara bakartia eta basatia da neguan. Berezia da oso bertan barneratzea.
16:19 : Cabane de Milhas (1680m)
Pistatik lehen etxola honetara ailegatu ginen. Gaua pasatzeko leku aproposa izan daiteke, baina guk gorago dagoen Lourdeseko etxolaraino ailegatu nahi genuen. Aipatu bi hauez gain, Ossoueko urtegiaren ondoan ere bertze bat dagoela, eta hirurak irekita daudela.
Milhaseko etxolatik aitzinera zati batean elurrik gabe zegoen pista eta eskiak bizkarrean eraman behar izan genituen.
16:38 : Espugue de Millas (1714m)
Berez hau da autoarekin ailegatzen ahal denean abiapuntua. Guri ordubete inguru kosta zitzaigun honaino ailegatzea. Maiatzean Grand Tapourako igoera ere puntu honetatik hasi genuen.
Millaseko lautadatik goiti elur preziatuak estaltzen zuen lurzorua eta eskiak jarri genituen berriz ere.
Eguneko azken argiak goiz ailegatzen dira abendu gorrian.
Millasetik malda bat gainditu eta Lourdeseko etxolako lautada zabala bistaratu genuen.
Azken metroak etxolara ailegatzeko.
17:32 : Cabane de Lourdes (1947m)
Etxola honetan pasatuko genuen gaua biharamunean Bernatuara mendia igotzeko. Etxola nahiko handia izan arren ez dago sobera ongi zaindua. Bi zati ditu: artzainak erabiltzen zuen zatia eta mendizaleendako den zatia. Artzainaren zatia abandonatua dago eta jadanik ageri da ez duela bertan pasatzen uda. Handia da, hiru gelatxorekin, baina zabor dexente eta jende kaka ere badago barnean. Bertze zatia ttikiagoa da, bi burdinazko litera ditu. Ezer gehiagorik ez. Bertan pasatu genuen gaua. ç
Ailegatu eta lehen momentuan ezustekoa izan genuen. Afaltzeko hainbat gauza eraman arren, gasa atzendu zitzaigula konturatu ginen. Horrenbertzez, eramandako latak hotzak eta platerrik eta kazorik ezean, palara botata jan behar izan genituen. Afari mundiala eta gero, bederatzi eta erdietarako lotara.
Cabane de Lourdes la nuit...
2016/12/09
8:32 : Cabane de Lourdes (1947m)
Gau luzeak dira abendukoak eta hamar orduko egonaldia egin genuen lo zakuetan. Prest ginen bigarren konbaterako!
Etxolatik atera eta segidan Canauko bailaratxoan sartu ginen. Bailararen amaieran gure helburua ageri zen zuri-zuri.
Lehen metroak nahiko etzanak dira eta errekaren eskuinaldetik egiten dira. Ondotik erreka gurutzatu eta azken zati aldapatsuagoan sartu ginen.
Bakardadea, hotza, elur-hautsa eta haizea unibertso zurian.
Gailurra baino beheraxeago ertz zabalera atera ginen eta gustura hartu genituen eguneko lehen eguzki izpiak. Neguaren erdian Bernatuararen ipar aurpegiak ez du eguzkirik ikusten.
Gailurrera ailegatzeko azken malda bat bertzerik ez zen gelditzen, Zati honetan ere, eguzkitan egon arren, elur.hautsa harraoatu genuen.
Azken metroak Bernatuarako laku izoztua behean eta Gabiet mendi dotorea goraxeago genituela.
Sasigailurrera ailegatzen Canauko bailara guzia oinetan genuela.
Sasigailurretik ertz erraz eta polit bat bertzerik ez zen gelditzen.
Gailurreraino eskiak hanketan genituela iritsiko ginen.
11:13 : Bernatuara / Bernatoire (2516m)
Taillon, Gabietous eta Gabiet mendiak gailurretik.
Mendebaldean Tendeñera, Garmo Negro, Picos del Infierno, Balaitous...
Egote ederra zegoen gailurrean haizerik gabe eta eguzki goxoarekin eta tarte zabala hartu genuen zerbait jan eta ikusmiraz gozatzeko.
Ondoren eskiak jantzi eta Bernatuarako ipar aurpegiko elur goxoa dastatu genuen.
Lehen malda jaitsita gailurra gibelean genuela.
Azpiko zati laua gaindituta Canauko bailara izkutu eta ederra agurtu genuen. Mendi eskirako paradisu txiki horietako bat...
13:20 : Cabane de Lourdes (1947m)
Berriz etxolara bueltan pixka batean atseden hartu, trasteak bildu eta beheitirako bidean segitu genuen.
Gibelera begirada bat etxola dagoen paraje ederrari...
14:35 : Espugue de Millas (1714m)
...eta Millaseko lautadaraino eskiatu genuen. Hemen eskiak bizkarrera eta bezperan igotako pista zatia jaisteari ekin genion.
Mendi egun bikainak eta elur goxoak uzten duten zapore onarekin utzi genuen Ossoueko bailara.
15:49 : Vallee d'Ossoue (1554m).
Pimene eta Astazu mendien begiradapean agurtu genuen Gavarnie ingurua, inoiz hutsik egiten duen zonaldea.
BIDEOA: