EGUNA: 2016/12/02-03
IRTEERA: Gabas (1067m)
ZAILTASUNA:
- Eski zailtasuna: S2
DENBORAK:
- Gabas - Cabane de Bious Oumette : 45 minutu
- Cabane de Bious Oumette - Col d'Ayous (Aas bailaratik) : 3 ordu
- Col d'Ayous - Cabane de Bious Oumette : Ordu eta erdi
- Cabane de Bious Oumette - Gabas : 30 minutu
NOLA AILEGATU:
Erratzutik aterata Behe Nafarroara pasatu behar da Izpegitik. Baigorritik Garazira jo eta hemendik Donapaleu aldera. Donapaleutik Sauveterre de Bearn aldera doan bidea hartu behar da baina seinaleetan Oloron ikustean azken honetara joanen gara. Oloronetik Paue aldera hartu, baina hiria gibelean utzi eta gutxira Laruns eta Artouste alder bideratzen gaituzten seinaleak ikusiko ditugu. Laruns gibelean utzi eta Artoustera ailegatu baino lehen Gabas herrira ailegatuko gara. Herria osorik gurutzatu eta goiko zatian, bihurgune itxi batean aparkaleku bat dago, justu Bious Artigueseko urtegira ateratzen den errepidetxoaren ondoan. Aparkaleku honetan utziko dugu autoa. Hemendik Biousera doan errepidea itxita egoten da negu osoan zehar nahiz eta elurrik ez izan.
KRONIKA:
Bagenuen gogoa aurtengo eski denboraldia estreinatzeko eta ongi hasteko abenturatxo polita prestatu genuen. Ez zen dena nahi bezala atera baina mendi asteburu bikaina pasa genuen Ossau inguruan.
2016/12/02
16:28 : Gabas (1067m).
Ortziral eguerdian egin genuen Ossauko bailara ederrerainoko bidea eta Larunsen erosketa egin eta zerbait erosi ondotik aparkalekuan plantatu ginen. Plana egina zegoen. Bizikletaz traste guziekin Bious-Oumetteko etxolaraino igo, biharamunean Ass de Bielleko bailaratxotik Soum d'Aaseko mendiaren hego aupegia eskiatzeko. Momentuko elur egoera ikusita baziren autotik bertatik eskiatzeko moduko lekuak baina gu arras baikor abenturatxo honetan murgildu ginen. Harrapatuko ote genuen elurrik? Auskalo, baina goazen!
Aparkalekutik Bious-Oumettera errepidea segitzea bertzerik ez da egin behar. Erran bezala, elurrik ez izan arren ere itxita egoten da bide negu osoan zehar. Kuriosoa da hala ere elurra kentzeko makina pasatzen dela.
Bidean izotz plaka batzuk harrapatu genituen baina aitzinera hala ere!
Eguneko azken izpiekin ailegatuko ginen etxolara.
Leku honetan dago Bious-Oumetteko udako aparkalekua eta errekaren onodan, argazkian ongi ikusten ez bada ere, izen bereko etxola.
Lehen etapa uste bezala gainditua!
Errepidetik etxolara 300 bat metro izanen dira eta hauek bizikleta eskutan genuela egin behar izan genituen.
Eguzki izpiak Midi d'Ossau urre kolorez margotuz.
17:17 : Cabane de Bious-Oumette (1302m).
Etxolara ailegatu eta sorpresa polita eraman genuen arras baldintza onean baitzegoen. Bi ohe koltxoi eta guzi behean, mahai eta lurreko su batekin eta goian bertze solairutxo bat bertze koltxoi batekin. Horrez gin, egurra eta ura esku-eskura ditu. Behar den guzia beraz, Wifia izan ezik!
Lehen lana kokatu ondotik sua egitea noski.
Goxotasuna...
Sua da leku hauetan eta gehinbat neguean elementurik garrantzitsuena.
Artea...
Banabar zuriak, zingerra eta Tiramisu bikainarekin afaldu ondotik lo egitera joateko momentua ailegatu zen. Gogotsu geunden biharamunean eskiak janzteko.
2016/12/03
9:19 : Cabane de Bious-Oumette (1302m).
Gaua luzea eta gero zazpi eta erdietan ernatu ginen.
Gosaria, gauzak prestatu eta gorako bidea hartuko genuen.
François eta Lorerekin geldituak ginen errepidean eta haiekin eginen genuen eguneko itzulia.
10:12 : Lac de Bious-Artigues (1422m).
Abiatu eta berehala pare bat ezusteko izan genituen eta denbora dexente pasa genuen lakurainoko bide motza egiten. Lakuaren presa gainetik zeharkatu eta Ass de Bielleko bailaran barneratuko ginen.
Midi d'Ossau Bious-Artigueseko lakutik.
Elurra behe-behetik harrapatu genuen, 1300 metrotatik alegia, baina gogor zegoen eta eskiak bizkarrean eramatea erabaki genuen lehen zatian.
11:14 : Cabane d'Aas de Bielle (1668m).
Basoa zeharkatuta etxolatxo polit honetara ailegatu ginen. Zoritxarrez itxita dagoen etxola.
Etxolatik hurbil eskiak jantzi genituen eta goiti.
Lehen erram bezala, hasieran gure asmoa Soum d'Aaseko hego aupegitik eskiatzea zen baina argazkian ikusten den bezala elurrez justu samar zegoen eta Ayous inguruan askoz elur geiago ikusten zenez, bertara jo genuen. Asmoa Ayouseko lepora pasa eta Ayouseko laluen inguruan eskiatzea zen. Gero aurkituko genuen elurra ikusita agian hau izan zen eguneko lehen erabaki okerra. Izan ere, ziur aski, Soum d'Aas mendia igo eta iparraldeko magalean askoz elur gehiago aurkituko genuen.
12:58 : Col d'Ass de Bielle (2100m).
Ayouseko lepora joateko lehenik bertze lepo honetatik pasa behar da. Lepoaren bertze aldean Hourquette de Larryko lepoa eta mendia ageri ziren, baita Aspeko bailara aldera jaisten den Baigt de Saint Courseko bailaratxo polita ere. Ayouseko lepoa argazkiaren ezker-ezkerrean ikusten den eguzkitan dagoen mendiaren ondoan dago. Bertara joateko mapetan bideak beheko bailarara jaitsi eta gora egiten du. Guk ordea ez jaisteagatik zuzenean zeharkaldia egitea erabaki genuen.
Hau izan zen eguneko bigarren erabaki okerra. Zeharkaldiaren hasierako zatia erraz zen, baina geroago zati arras aldapatsua eta espuesto xamarra pasatu behar zen. Hain aldapatsua izanik ezin genuen eskiz pasa eta oinez ere ia izterretaraino sartzen ginen elur hautsetan. denbora asko galdu genuen zati honetan.
Komeria batzuk pasata malda errazetatik Aypuseko lepora ailegatu ginen.
14:09 : Col d'Ayous (2178m).
Lepora ailegatu eta eguneko lehen geldialdia egin genuen jateko. Aitzineko guziak geldialdi teknikoak izan ziren. Nahiko berandu zen eta oraindik jaitsiera luzea genuen autoranio, hortaz Ayous edo Larry mendiak ez igotzea erabaki genuen.
Eta Gentau laku aldera jaisteari ekin genion.
15:05 : Lac Gentau (1947m).
Honela eremu zoragarri honetan barneratu ginen. Gainera lakuak ez zeuden oraindik izoztuta eta horrk edertasuna handitzen zuen.
Gentau eta Miey lakuak pasata Roumassotekoa bistaratu genuen.
Hemendik aitzin elurra gutxitu eta eskiak bizkarrean eraman behar izan genituen beheko pistan berriz jarri arte.
Neguko arratsalde apaleko argiekin zoragarri zegoen dena.
17:36 : Cabane de Bious-Oumette (1302m).
Berriz ere etxolara bueltan gauzak bildu eta nahiko berandu beherako bideari ekin genion berriz ere bizikletaz.
Etxola ederra agurtu genuen. Itzultzeko moduko dudarik gabe!
18:07 : Gabas (1067m).
Egunaren azken argiekin batera ailegatu ginen autora. Ez genuen nahi bezain bertze eskiatu, ezta gailurrik egin ere, baina mendi itzuli bikaina egin genuenaren pozarekin bukatu genuen eguna.
BIDEOA:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina