EGUNA: 2016/11/01
IRTEERA: Baigorri - Nekaitzeko erreka (265m)
ZAILTASUNA:
Erraza (F). Zerbait aipatzeagatik Trenpetako kaskora ailegatu aitzinetik trepada erraz batzuk (I) egin behar direla, baina nahi izanez gero saihets daitezke bidexka batetik.
DENBORAK:
- Baigorri - Auza : 3 ordu eta erdi
- Auza - Izpegi : Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Hasierako puntura ailegatzeko Behe-Nafarroako Baigorri herrira joan beharko dugu lehenik eta behin. Elizaren ondoko zubitik goiti Izpegiko lepora igotzen den errepidea hartu behar da eta malda igotzen hasita ezkerretara ikusten den lehen errepidetxoa hartu behar da. Bertatik dena zuzen segitu behar da 265 metroko altueran dagoen aparkalekutxoraino. Bidexka aparkalekuaren ondotik abiatzen da. Gure kasuan, bi ibilgailu izanik Izpegin akitu genuen ibilaldia, baina zirkularra osorik eginez gero Izpegitik bertatik ere abia daiteke.
DESKRIBAPENA:
Auza mendi erranguratsua da Erratzun eta Baztanen. Niretzat ere hala da, hau baita diferentzia handiarekin gehien igo dudan mendia. Oraingo honetan ordea, inoiz igo gabeko bide batetik eginen nuen gailurrerainokoa, Baigorritik hain zuzen ere.
8:50 : Baigorri - Nekaitzeko Erreka (265m).
Autoak errepide ondoan utzi eta bidexkatik goiti abiatu ginen. Bidea hasiera honetan maldatsua da.
Lehen malda igota ertz zabalera atera ginen. Ertzetik eginen genuen Trenpetako kaskorainoko bidea, batzutan zailtasunak ertzaren alde batetik edo bertzetik gainditzen direlarik.
Ibilaldiaren amaierako puntua izanen zen Izpegiko lepoa parez pare genuen.
Iratze tartetik bidexka arras nabarmena da eta ez dago galbiderik.
Poliki-poliki metroak irabazten, komeria batzuk tarteko...
Bide ikusgarria da. Gure eskuinetan Nekaitzeko erreka momentu oro eta ezkerretara berriz, Aldudeko bailara.
Gibelean aldiz, Baigorri ingurua.
Haizeak gogor xamar jotzen zuen ertzean eta eguraldi ona izan arren teneperatura ez zen altuegia.
Ertzean gozatzen...
Onddo honek ere gustuko zuen antza lekua...
Ertzetik ezin denean alde batetik edo bertzetik segitzen du bidexkak.
Nekaitzeko Erreka beheitisko gelditzen zen jadanik.
Aitzinean genuen Trenpeta, baina oraindik trepadatxo batzuk egin beharko genituen bertara ailegatzeko.
Puntu honetatik aitzin hasten dira trepadak. Errazak dira (I).
Buztanzelai ingurua bidetik...
Altuera hartzen joan ahala gero eta ikusgarriagoa da bidea. Nik behintzat, Alkaxurira Sumusuko Bordatik igotzen den bidearen antza hartu nion.
Ibilitako arista gure gibelean...
Bertze argazki bat Izpegi eta Buztanzelai lotzen dituen ertzera. Bi egun lehenago bertan ibiliak ginen.
Trepada gehiago Trenpetara hurbildu ahala.
Zati entretenigarria da azken hau eta gustura igo ginen.
10:03 : Trenpeta (809m).
Honela ailegatu ginen eguneko lehen kotara eta hemen akitzen da zatirik aldapatsuena. Hemendik Elorrietako leporaino bidea eramangarriagoa da. Aitzinean genuen Urrizpilota, eguneko lehen helburua, eta baita urrunean Auza ere, helburu nagusia zena.
Belardi ederrak Trenpeta inguruan.
Bertze malda bat igota gailurrera ailegatu ginen.
10:33 : Urrizpilota (938m).
Eguneko lehen gailurrean ia ez ginen gelditu ere egin. Haizeak gogor jotzen zuen eta oraindik anitz falta zen Auzara ailegatzeko.
10:36 : Urrizpilotako Lepoa (875m).
Metro batzuk galdu eta berriz goranzkoari ekin genion. Hurrengo helburua Elhorrietako Kaskoa zen.
Elhorrietako Kaskora ailegatu baino lehen bertze kota bat igotzen da bide erraz eta politetik.
Tontorra hurbil eta gibelean Auza. Ingurua zoragarria!
Udazken idorra doan arren berde zeuden bazterrak inguru hauetan.
10:57 : Elhorriko Kaskoa / Elorta (987m).
Eguneko bigarren tontorra ere harrapatu genuen...
...eta aitzinekoan ez bezala hemen taldeko argazkia egin ere bai.
Auza handia zain genuen.
Ezkerrena Auza eta eskuinean gero Izpegira joateko pasatuko genuen Olate.
11:23 : Elhorrietako Lepoa (831m).
Argazkiko lepora jaitsi eta Izpegitik datorren bide normalarekin bat egin genuen. Hemen hasten da Auzako azken malda.
Taldea gogotsu eta alai Elhorrietako lepoan.
Eta argazki honetan Izpegira joateko itzuleran hartuko genuen bidea ageri da, marka zuri-gorriez ongi seinalizatua. Gibelean ikusten den Olate mendiaren ondotik pasako ginen.
Elhorrietatik Harrigorriko harkaitzeraino baso zati eder bat gurutzatzen da.
Harrigorri tentea begibistan...
Beherakoan honi ere bisitatxoa eginen genion.
Berriki margotutako markek ongi erakusten dute zein den bidea. Marka hauek dena den ez dira Auzaraino joaten eta Harrigorriko lepoa alde batera utziko genituen.
Basotik ateratzean Harrigorri ingurua.
Gailurreraino 200 metroko desnibela duen malda pikoa gelditzen zen.
Olate, Urrizpilota, Elhorriko kaskoa eta Harrigorri Auzako azken maldatik.
Antxola ingurua ere agertu zitzaigun.
Azken metroak gailurrera ailegatzeko.
12:23 : Auza (1306m).
Abiatu eta hiru ordu eta erdi geroago azkenean gailurrean ginen!
Mendebaldean Baztango bailara.
Iparraldean Alkurruntz, Gorramendi, Alkaxuri, Iparla eta enaparauak. Urrunean Lapurdiko kostaldea ere ikusten zen.
Hegoaldean Adi lanbro tartean.
Eta ekialdean gure Pirinio maiteak.
Azkenean denak gailurrean! Gora Berriozar! (Eta Markalain noski).
Aspe eta Orhi mendietan hildako hiru baztandarren oroimenean jarritako harriak.
Gailurrean jan, edan eta gustura egon ondotik behera joateko ordua ailegatu zen. Argazkian jaitsierako bidea eta igoerako bidearen zati handi bat ikusten da.
Harrigorri beti bezala ikusgarria.
Auza harri klasikoak...
Beherakoan, arestian erran bezala, Harrigorriko puntara igotzeko probextu genuen.
Lepotik segidan igotzen da eta merezi du hurbiltzea.
13:24 : Harrigorri (1115m).
Talaia ederra da Behe Nafarroa aldera.
Ekialdetik eskalada bideak ere baditu, nahiz eta bilerak nahiko zaharkituta daudela dirudien.
Harrigorrin...
Harrigorri utzita berriz ere baso majikoan barneratu ginen Elhorrietaraino.
Udazkeneko koloreen besta aurkitu genuen bertan.
13:51 : Elhorrietako Lepoa (831m).
Berriz Elhorrietara bueltan, lehen erran bezala, Izpegi aldera abiatu ginen.
Nekaitzeko leporaino marka zuri-gorriei segituz...
14:06 : Nekaitzeko Lepoa (815m).
Lepo honetan aldiz, marka zuri-gorriak utzi eta parean ikusten den Olateko mendiaren ondotik pasatzen den bidexka bat hartuko genuen Izpegira itzultzeko. Bide hau laburragoa da eta nire iritziz politagoa ere bai.
Nekaitzeko lepoan Xabi Kaxtelen oroimenean jarritako poste hau bisitatzeko probestu genuen. Gure bidelagun zara mendian eta egunerokoan Kax. Maite zaitugu!
Nekaitzetik Olate aldera igo gine erran bezala. Hau bertatik genuen ikuspegia Urrizpilota eta Elhorriko Kaskoarekin. Nekaitzeko lepoa ere ikusten ahal da eskuinean.
Hemendik Izpegira dena malda beheiti. Hasmentan baso zati eder batetik...
...eta gero Erratzu aldera bista ederrak dituen iratze-leku honetatik.
14:37 : Izpegiko Lepoa (672m).
Izpegiko Peio Bentan bazkari eder batekin bukatu genuen itzuli eder hau. Hurrengoa noiz talde?
BIDEOA:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina