EGUNA: 2015/02/07
IRTEERA: Kuarteleko Kaskoa (627m)
ZAILTASUNA:
- Eski zailtasuna: S3
- Alpinismo zailtasuna: PD
DENBORA:
- Igoera (Harrigorritik): 2 ordu
- Jaitsiera (Ipar aurpegitik): Ordu erdi bat
NOLA IRITSI:
Erratzu herritik Izpegi aldera doan errepidea hartu behar da, baina kilometro bat inguru ibili ondoren eskuinetara aterratzen den zementuzko bide bat hartuko dugu. Bide hau zementuzkoa izatetik asfaltatua izatera pasatzen da segidan. Asfaltoa azken baserrian bukatzen da, beheitiko bidegurutzetik 2 kilometro ingurura. Bertan utzi behar da autoa (Arginen Borda, 495m.). 4x4 ibilgailua izanez gero eta elurrak utziz gero, Arginen Bordatik goiti segitzen duen pistatik segitu ahal dugu Kuarteleko Kaskoraino (627m.)
DESKRIBAPENA:
Ametsak noizean behin betetzen omen dira eta amets izateari uzten diote. Nire amets ttikietako bat errealitate izatera pasa da: Auza eskiekin igo eta jaistea. Eta errealitateak ametsa aise gainditu du gainera. Zergatik? Ibilbidearen edertasunaz gain, ikaragarrizko elur hautsetan eskiatu dugulako gailurretik autoraino.
Hautatutako ibilbidea Auzan eskiekin egin daitekeen onenetarikoa da, onena ez bada. Berez Auzak lau jaitsiera logiko ditu: hegoaldera Antxola aldera jaisten dena, ekialdera Harrigorri aldera (igoeran erabili genuena), ipar-mendebaldera Iñarbil auzo aldera eta iparraldera Larretara. Dudarik gabe, hau da maldarik luze eta ederrena eskaintzem diguna, 400 metro pala batek basoraino eramaten baigaitu. Arazo bakarra arras harritsua dela eta elur anitz egin behar duela eskiatzeko.
Aste honetan baldintzak bete ziren eta ezin hutsik egin. Bi aste lehenago Iñarbegitik behatz puntekin ukitu nuen gailurra zapaldu beharra nuen. Aste tartez Donostiako Martinen email batek jarri ninduen martxan, eta plana proposatu nion. Auzara ekialdetik igo iparraldetik jaisteko. Horrela, ibilbide zirkularra burutuko genuen, nahiz eta iparraldetik bertatik igotzea motzagoa eta errezagoa den.
9:34 : Kuarteleko Kaskoa (627m).
Zortzi eta erdietan gelditu ginen Erratzuko plazan. Autoak trasteak sartu eta goiti. 4x4 autoan igoko ginen Kuarteleko Kaskoraino. Bertzela zati bat beheitiago utzi behar da kotxea pista batetik igo eta jaitsiz. Gu markesak bezala goraino. Gehiago igotzea zegoen, baina puntu honetan ixten da pentsatutako ibilbide zirkularra eta beraz, hor utziko genuen autoa. Autoa utzitako lekutik Auzak bertan dagoela ematen du.
Poliki-poliki Elorrietako lepora igotzen den pisttatik abiatu ginen.
Ibilbidearen zati honetan Auza ez genuen ikusiko, bai ordea Erratzuko Cervinoa: Olateko Ttutturrua.
Egun grisa genuen, baina iragarpenek hobetzera ematen zuten. Autoak -3 markatzen zuen goizean.
Hala Elortako larreetara hurbildu ginen. Larreetan sartu gabe, eskuinetara biratzen den pista batetik segitu genuen. Irudian, aterpe bat egiteko berritzen ari omen diren borda zaharra.
Ez dakit hala izanen den, baina leku ederra da aterpe bat egiteko.
Gu gurera, oihan tarteko pistatik goiti eta goiti.
Etxetxo honetara ailegatu arte. Etxearen gainaldean erreka zeharkatuko genuen GRko markak harrapatuz.
Hemen bizi omen da Olentzero. Guk ez genuen ikusi. Leku zoragarria, gehienbat elurrarekin.
Bertze borda horretara ailegatu baino lehen biratuko ginen ezkerretara, erran bezala GRa harrapatzeko.
Errekara jaitsi, zeharkatu eta puntu honetatik goiti gailurreraino, atsedenik gabe goiti eta goiti.
10:36 : Elorrietako lepoa (831m).
Berez ez ginen lepotik pasa. Pixka bat gorago atera ginen. Gibelean Elortako larre ederrak eta Olate mendia, Bertze aurpegi desberdin batekin.
Elhorriko Kaskoa ere gibelean utzi genuen. Itxura polita zuen honek eskiatzeko, baina ez zen gure helburua.
Malda handiko oihan zati bat gaindituta Harrigorri ikusgarria bistaratu genuen.
Baita ezkerrerago, bi aste lehenago igotako Antxola mendia ere.
Oihanean sartu ginen berriz eta ez ginen aterako Harrigorriko lepora ailegatu arte. GRko markak bidelagun une oro.
Oihan zati hau zoragarri zegoen...
Baita Harrigorri elurtua ere...
Gu ez ginen bere gailurreraino ailegatuko, gure ezkerretara utziko genuen.
Zuriz margotutako oihanak...
Behin oihanetik aterata, eskuinetara biratu eta Auzaren ekialdeko malda tentea bertzerik ez zitzaigun gelditzen.
Segidan irabazten dira metroak, Harrigorriko punta eta oihana gibelean ditugula.
Malda tente xamarra da eta nahiko espuestoa izan daiteke elur gogorrarekin.
Azken metroak Antxola zelatari dugula.
Gailurrera atera baino lehen geldialdia arropa jartzeko. Haizeak jotzen zuen puntu horretan...
11:54 : Auza (1306m).
Eta azkenean gailurra! Txikitan igo nuen lehen mendia da, denetara hogei aldiz baino gehiago igo izanen dut, baina lehen aldiz eskiekin!!! Kristoren momentua!
Hainbertze amestutako argazkia! Auzan eskiekin!
Dena perfektua ezin izan eta laino pixka batek inguratu gintuen gailurreko momentuan. Bistak ez ziren mundialak beraz... Nire herria ordea, beheitian ikusten zen.
Eta gailurraz hogei bat minutuan gozatuta beherakoari ekin genion. Elur bikaina harrapatu genuen ipar-aurpegian. Uste baino aise hobea!
Ipar aurpegi zabala, gozada bat!!
Zati ederra jaitsita, oraindik oihaneraino dexente gelditzen zen. Zer erranik ez autoraino! Eguraldia ere hobetzen joan zen! Egun mundiala!
Eta 400 metroko malda ederraren gibeletik, elur hauts goxodun oihan polita!
Auzako oihana, guk noiz zeharkatu zain.
Urrunean Alkurruntz mendia eta urrunago laino ilunak!
Auzako oihana zeharkatu eta iratze-leku batetik autoraino ailegatu ginen. Momentu guztian elurraz gozatuz!
13:10 : Kuarteleko Kaskoa (627m).
Eta horrela akitu zen inoiz atzenduko ez dudan ibilaldi hau...
Izpegiko lepoa eta Buztanzelai.
Eta hala bazen edo ez bazen...
BIDEOA: