2019/04/27

Via de la Plata

SARRERA:
Aitzineko bi urteetan udaberriko oporraldian bizikleta bidaiak egin ondotik, aurten ere horrelako zerbait egitea pentsatzen ari nintzen. Hasmentan, lagunen faltan, bakarrik egiteko zerbait bilatzen hasi eta Sevillatik abiatzen den Via de la Plata ibilbide historikoa egitea erabaki nuen. Alde batetik, bakarrik joanda Donejakue Bidea izanda azpiegitura egokiak (aterpeak, dendak...) izanen zituela pentsatzen nuelako eta bidea ongi markatua egonen zelako; eta  bertzetik, iaz Europan barrena ibili ginelarik pasatu genuen hotza ikusita, eguraldi aldetik ziurragoa iruditzen zitzaidalako. Patuak ordea, Mikele eta Aurkenerekin elkartu ninduen eta elkarrekin egitea erabaki genuen. Bakarrik joateak sortzen zizkidan zalantza eta nagiak uxatuta beraz, plana eginda zegoen!

ANTOLAKETA:
Duela bi urte Pirisekin Donejakuera doan Frantziar Bidea egin genuelarik bezala, prestaketari ez genion tarte handirik eskaini honetakoan ere. Gauzak zetozen bezala hartzea erabaki genuen, momentuaz gozatuz eta ordukoan ez bezala, helmuga finkorik ezarri gabe. Hauexek dira puntuz puntu nire ustez kontuan hartu beharrekoak.

Garaia:
Aurten oporrak apirilean izanda, garai egokia iruditu zitzaidan bide hau egiteko. Alde batetik, tenperatura egokiak izateko aukera handia eskaintzen du bertako klimak garai honetan. Ez du bero handiegirik egiten normalean, hotz handiegirik ere ez, eta zonaldea ez da bereziki euritsua. Horrez gain, ibilbidearen edertasunaz gozatzeko garai ezinhobea da, udazkenean tenperatura onak izanda ere, paisaia aise lehorragoa egonen baita ziurrenik. Guk paradisu berdea aurkitu genuen ia ibilbide osoan zehar, udaberriaren leherketa kolore eta usaiei dagokienez. Maiatza ere hilabete ona izaten ahal da, baina hortik aitzin bero handia egiten duela erran zigun bertakoek.

Ibilbidea:
Ez genuen gidarik erosi. Badaude zenbait bide hau bizikletaz egiten laguntzen dutenak. Ibilbidean ezagututako zikloturista batzuek bat erakutsi ziguten eta hark puntu anitzetan errepidetik joateko gomendioa egiten zuela ikusi genuen. Guk oso-osorik marka horiei segituz egin genuen bidea eta bizikletatik jaitsi gabe egiten ahal da ia %100ean. Arras guti dira bizikleta bulkatu beharreko puntuak, eta horrek ere nire ustez bere kutsua ematen dio bideari. Seinalizazio aldetik, ongi markatua dago gehienean. Batzuetan ordea, seinaleak galdu egiten genituen (hirietan bereziki) eta kasu horietarako La Ruta en Bici deitzen den aplikazioa deskargatu eta bertako trackak segitzen genituen. Horrez gain, etapen nondik norakoak eta zerbitzuak ikusteko, hainbat web orrialde daude interneten. Guk gehien erabili genuena http://caminodesantiago.consumer.es/los-caminos-de-santiago/via-de-la-plata/ izan zen.

Nola ailegatu eta itzuli:
Joan-etorria trenez egin genuen bizikleta eta guzi. Joan Sevillara eta itzuli Salamankatik. Bizikletak zirrikak eta manilarra kenduta eta plastikoan inguratuta eraman genituen. Dena den, berez ezin omen dira trenean horrela eraman eta jende gehienak korreoz edo paketeriaz igortzen ditu. Guk ez genuen arazorik izan, baina...

Jan eta lo:
Bide honek antz guti du duela bi urte egin genuen Donejakue Bidearekin zerbitzuei dagokienez, aise herri, aterpe eta taberna gutxiago baitago. Hala ere, bizikletak ematen duen mugitzeko askatasunari esker ez genuen arazorik izan. Zerbait beteta baldin badago, ondoko herrira joan eta kitto. Bertze gauza bat izanen da oinez egitea...

Materiala:
Alforjak nahiko arin eraman genituen eta hori egitea da nire gomendioa, bideak dituen xenda bihurrituez dsfrutatzeko. Hona nik eraman nuena:
  • Kulote luze bat eta motz bat
  • Bi mailot motz 
  • Mauka luzeko kamiseta termikoa 
  • Gore Texa (mendikoa)
  • Jertsea
  • Bi kamiseta 
  • Barneko arropa
  • Galtza luze bat eta motz bat
  • Buruko zapi fina 
  • Betaurreko beltzak
  • Nezeserra
  • Toalla
  • Lo zaku fina
  • Eguzkitako krema 
  • Erabilera anitzeko erreminta
  • Bi kamara
  • Bateria kargadoreak
KRONIKA:

APIRILAK 16
1. ETAPA: SEVILLA - REAL DE LA JARA (84 KM)

Urrezko estreinaldia eman diogu Zilarrezko Bideari. Goiz jeiki gara eta Aste Sainduak Andaluzia hiri honetan sortzen duen kalapitatik eskapatu gara alde zaharreko karrikak oraindik ernatzen ari ziren bitartean. Sevillako (0 km / 13 metro) irteera ez dago sobera ongi seinaleztatua eta wikilocaren laguntza behar izan dugu lehen kilometroetan, Camas inguruan Antoniorekin topo egin dugun arte. Hark lagundu digu ondoko zatian zibilizaziotik ateratzen eta asfaltoa utzi arte berarekin segitu dugu. Duela urte batzuk egin omen zuen bidea eta hainbat gomendio eman dizkigu. Errepideak utzi eta zelai arteko pistatik egin dugu Guillenarainokoa (22,6 km / 21 metro). Hemen geldialditxoa, oraindik deus ere ez baikenuen jana...

Bazkalekuak, ibilbide guzian kiloetro anitz eginen genituen horrelakoetan

Indarrak hartu ondotik segitu dugu aitzinera, mahasti arteko pista estutik hasmentan eta ibilbide osoaren ezaugarri izanern diren bazkaleku ederren arteko xendatik gero. Castilblanco de los Arroyos (41,1 km / 335 metro) herrian berreskuratu dugu errepidea eta bertatik egin ditugu hainbat kilometro. Niri gogorra egin zait zati hau, urik ez genuelako eta errepidean mendiko bizikletaz ibiltzea astun samarra delako. Zorionez, halako batean eskuinetara jo dugu eta pista zabal eta politak Sierra Norte parke naturalean murgildu gaitu. Ur-eskasiak eta errepide monotonoak atzendu eta gozatu ederra hartu dugu pista hauetan ziztu bizian ibiliz. Sorpresatxo bat zuen gordeta pista errazak dena den eta Almuden de la Plata  herrira ailegatu aitzinetik Calvario deitzen den malda pikoa gainditu behar izan dugu. Ez da luzeegia, baina bai tentea eta bizikletak bulkaka igo behar izan ditugu zati eder batean.

Calvarioko gaina, izena ongi jarrita dauka

Jaitsiera motz eta maldatsuak utzi gaitu Almaden de la Platan (70,3 km / 470 metro) eta bazkaldu eta indarrak berreskuratzeko tartea hartu dugu. Hasmenta ona emana genion ibilbideari, uste baino azkarrago gindoazen eta beraz sentsazioak onak ziren. Berez lehen etapa hemen akitzekoak ginen, baina bazkalondoan ondoko herriraino segitzea erabaki dugu, 14 kilometro eskas zirela ikusita.

Almaden de la Plata

Eta zer 14 kilometro! Zoragarria iruditu zaigu arratsaldeko zatia. Bazkalekuen arteko pista eta xendetatik goiti eta beheiti eman dugu arratsaldea, bide dibertaigarri bezain ederrean. Arratsaldeko laurak aldera ailegatu gara lehen etapa honen bukaerara, Real de la Jara (84 km / 460 metro) herrira. Zinez harritu gaitu lehen egun honen edertasunak eta gure aurreikuspen guziak gainditu ditu. Gainera, egunari akabaila ezin hobea emateko bikain afaldu dugu eta herriaren goiko aldean dagoen erdi aroko gaztelura igo gara ilundu baino lehen. Urrezko hasiera eman diogu bideari, bai horixe!

Lorategi itxurako bazkalekuetan


APIRILAK 17
2. ETAPA : REAL DE LA JARA - VILLAFRANCA DE LOS BARROS (85 KM)


Real de la Jara (0 km / 460 metro) polita agurtu eta  bertze gaztelu baten hondakinen ondotik pasatuz Andaluziako lurrak agurtu eta Extremadurakoetan sartu gara goizeko lehen orduetan. Poliki-poliki zuhaitzak desagertuz joan dira paisaia zabalei lekua utziz. Atzo bezala gaur ere tripa hutsik egin dugu lehen zatia, aurkituko genuen lehen herrian gosaltzeko asmoz, baina bideak etengabe goiti egiten zuen eta luze egin zaigu baraualdia. Extremadurako lehen herrian sartu gara, Monesterion (20,1 km / 750 metro) eta han egin dugu behar den bezalako gosaria.

Monesterio aldera


Atzo ez bezala goiz freskoa izan dugu eta tabernatik aterata berotan sartzea kosta egin zaigu. Monesterio utzi eta bazkaleku arteko xendetatik ziztu bizian segitu dugu hego haizea lagun genuela. Harrigarria da bizikletan haizeak duen eragina! Bidexkak utzi eta beheranzko joera zuten pista zabaletatik landaleku koloretsu artean barneratu gara. Haietatik ailegatu eta zeharkatu ditugu Fuente de Cantos (40,7 km / 570 metro), Calzadilla de los Barros (46,6 km / 565 metro) eta Puebla de Sancho Perez (60,9 km / 520 metro ) herriak Zafran (65,1 km / 510 metro) sartzeko.

Larreetan barrena

Honaino ailegatzekoak ginen bigarren etapan berez, baina goiz zenez ur potoak bete eta aitzinera segitu dugu ondoko herrian bazkaltzeko asmoz. Herri handi hau San Cristobalgo mendizerra igoz utzi dugu gibelean eta bertze aldera egindako jaitsiera azkarrak Santos de la Maimonan  (70,5 km / 527 metro) utzi gaitu. Hemen bai egin dugu geldialdi luzeagoa, bizikleta denda batean gauza pare bat erosi eta bazkaltzeko.

Landaleku zabalen artetik Fuente de Cantos aldera

Arratsaldeko saioan Tierra de Barros deitzen den zonaldean barneratu gara, lurgorrizko pistetatik mahasti zelaiak zeharkatuz. Zati honetako bideak lohiz betetzen omen dira euria egiten duelarik bizikletaz pasatzea zailduz, baina guk lehor eta eroso aurkitu dugu dena. Hala ailegatu gara Villafranca de los Barros (85 km / 410 metro) herri kozkorrera eta bertako sarreran berean dagoen aterpe politean hartu dugu ostatu.

Lasaitasuna

Egun grisa, arrats euritsuari eman dio bide, iragarpenek erran bezala eta ondoko egunetarako euria omen dator. Ea ez diren betetzen!

Tierra de Barros, zorionez lohirik gabe


APIRILAK 18
3. ETAPA: VILLAFRANCA DE LOS BARROS - MERIDA (43 KM)


Hirugarren egun honetan, etapa bera baino Mikeleren etorrera izan da albistea. Egun honetarako Meridan behar genuen, bera hona ailegatzekoa zelako eta lehen bi etapetan "etxeko lanak" ongi eginda, paseo bat bertzerik ez zen gelditzen Meridara ailegatzeko. Villafranca de los Barrosetik (0 km / 410 metro) abiatu baino lehen, bidaiko lehen zulaketarekin hasi dugu eguna, baina horren ondotik ez dugu arazorik izan eta berriz ere haizea eta eguraldia lagun, di-da batean egin ditugu 40 kilometroak. Bidean azpimarragarriak egin zaizkigu Almendralejo inguruko zuzengune luzeak. Bizikletaz nahiko laster akitzen genituen baina aipatu dugu oinezkoek pazientzia handia beharko dutela zati hau egiteko. Nik behintzat ez nuke balioko!

Zuzengune amaigabeak Almendralejo inguruan

Behin Meridan (43 km / 210 metro) , goizeko 11ak aldera, bertako aterpean oinezkoek lehentasuna zutela eta lekurik ez genuela izanen erran digu zaindariak eta hostal bat hartu behar izan dugu. Eskerrak behintzat merkea den eta lekua dagoen! Eguna atseden hartzen eta Meridako erromatarren aztarnak ikusten pasatu dugu arratsean Mikeleri ongi etorria egitera tren geltokira joan aitzinetik. Hemendik aitzin hirurok segituko dugu gure bidean!

Merida


APIRILAK 19
4. ETAPA: MERIDA - CASAR DE CACERES (85 KM )


Eguna ilun eta fresko argitu da gaurkoan. Euri iragarpenez jakitun, urrun ailegatuko ginenaren fede gutirekin hasi dugu etapa goiz eta gosaldu gabe. Gosaldu arteko zatia busti aitzinetik egitea zen gure intentzioa, baina azkenean etapa osoa egin dugu ia euri tantarik ikusi gabe. Meridatik (0 km / 210 metro) abiatu eta duela bi mila urte erromatarrek eraikitako Proserpinako urtegia inguratuz egin ditugu lehendabiziko kilometroak. Ondotik hareazko bidexka dibertigarritik El Carrascalejo (14,3 km / 310 metro) herrixka polita zeharkatu eta Aljucenera (17,1 km / 270 metro) ailegatu gara. Hemen egin dugu gosaltzeko geldialdia.

Proserpinako urtegia

Segidan herrixka hau ere utzi eta larre ederretan barneratu da bidea. Poliki-poliki pista estutu eta hareak harriei utzi die lekua. Paisaia ikusgarria iruditu zaigu zati honetan eta hura lagun gustura egin dugu bidea ailegatzen ez zen euriaren zain.

Pista ederrak bizikletaz ibiltzeko

Zatirik ikusgarriena Alcuescar (36,7 km / 450 metro) herrian akitu da. Honaino ia une oro goranzko joera izan du bideak, baina hemendik aitzin pistak zabaldu eta erraztu egin dira. Putzuz betetako pistetan eta zuhaixka arteko bidexketan jostatuz erraz egin dugu bidea, ia ustekabean. Orduak aitzinera joan ahala nekea sumatzen hasi gara baina halako batean Caceres (74,5 km / 385 metro) hiria bistaratu dugu muino baten gainetik. Eguna ere gero eta argiago, azkenean aurreikusi baino kilometro gehiago eginen genuen gaurkoan ere.

Igoeratxo bat Alcuescarreko bidean

Hiriko sarreran bidearen seinaleak galtzen dira eta GPSaren laguntza behar izan dugu sartzeko. Bazkaltzeko geldialditxoaren ondotik eta euri tanta batzuen mehatxupean hiria utzi eta ondoko herrirainoko bidea egin dugu. Casar de Caceres (85 km / 365 metro) deitzen den herrian akitu dugu gaurkoa. Ez zaigu sobera gustatu herria, baina aterpea merkea da eta gainera gela bat osoa izan dugu guretako bakarrik. ezin gehiago eskatu!

Caceres begibistan


APIRILAK 20
5. ETAPA: CASAR DE CACERES - CARCABOSO (77 KM)


Aitzineko etapak arras ederrak iruditu bazitzaizkigun, hau zer erranik ez! Gozatu ederra hartu dugu paradisuko zelaietan eta infernuko bidexketan! Casar de Cacereseko (0 km / 365 metro) txurrerian bikain gosaldu eta jarri gara abian belagi pribatuak zeharkatuz. Ondotik txirristaz betetako bidexka gozagarritik Alcantarako urtegira ailegatu gara. Zati honetan guzian ez dago herririk eta oinezkoendako luzea egiten da baina guk aunitz gozatu dugu.

Lur pribatuetan atekak ireki eta hesten

Urtegiaren ondoan N630 errepidetik kilometro batzuk egin ondotik, eskuinetara biratu eta bide harritsu batetik segitu dugu Cañaveral (33,6 km / 365 metro) herriraino. Hemen erosketatxoa egin eta atseden pixka bat hartu ondotik igoeratxo bati ekin diogu. Alto de los Castañoseko gaina da. Azken zatian bide aldapatsu bat ezkerretara segitzen duen pista batetik inguratu dugu berriz ere bidearekin elkartu eta Cacereseko probintziako ezaugarri diren dehesa deiturikoetan sartzeko.

Cañaveral

Lehen egunean pasatu genituen horrelako paisaiak, baina gaurkoan amaigabeak izan dira. Zuhaitzez apaindutako belardi loredunak eta haien artetik bidexka guretako bakarrik. Latza izan da! Horri Riolobos ingurura jaisteko egin ditugun jaitsiera bihurri eta azkarrak gehitzen badizkiogu bizikleta gainean pasatutako egun atzenduezina ateratzen da emaitza bezala. Nekez atzenduko dugu Cañaveral eta Riolobos arteko zati hau!

Paradisua

Riolobosen marka horiei segika bizikletendako gomendatatutako saihesbidea hartu dugu eta errepidetik egin behar izan dugu Galisteorainokoa (67,8 km / 280 metro). Hemen gure eguneko zorteak segitu du, herritar batzuei jateko lekuren bati buruz galde egin diegularik, plazan antolatua zuten herri bazkarira gonbidatu gaituztelarik. Bi euro eta erdian paella, edaria eta postrea! Gora Galisteo! Arratsaldean errepidez ailegatu gara Carcabosora (77 km / 270 metro), egun bikain honi amaiera emanez.

Galisteora ailegatzen


APIRILAK 21
6. ETAPA: CARCABOSO - FUENTERROBLE DE SALVATIERRA (80 KM)


Ez da bide zaila Via de la Plata, baina erraten ahal da orain arte egin dugun etaparik gogorrena gaurkoa izan dela. Egun osoan goranzko joera izan du bideak, orain arteko gain luzeena ere igo dugu eta gainera haize gogor samarra izan dugu kontra. Egunaren lehen zatiak atzokoaren jarraipena ematen zuen. Carcabosotik (0 km / 270 metro) atera eta bazkaleku pribatu politetan ibili gara lehen zatian Caparrako (18 km / 405 metro) erromatarren aztarnetara ailegatu arte.

Dehesa gehiago


Hemendik aitzin zuhaitzak desagertu eta Bejarreko mendizerrako gain elurtuak bistaratzen hasi gara azienda arteko zelai berdeak zeharkatzen genituen heinean. Aldeanueva del Caminon (37,8 km / 535 metro) herrian egin dugu lehen geldialdia, Bejarreko gaina igotzen hasi aitzinetik txokolate beroa eta txurroez indarrak hartzeko. Segidan, errepidetik, sasi-ordekan eta haizearen  kontra luzeak egin zaizkigu Baños de Montemayor (47,2 km / 705 metro) arteko kilometroak. Herri polit honetan errepidea behingoz utzi eta erromatar kaltzada eder bezain gogorretik segitu dugu Bejarreko lepora, azken metroetan berriz ere errepidera itzuliz.

Bidexka politak

Horrela agurtu ditugu hainertze gustatu zaizkigun Extremadurako lurrak eta Gaztela eta Leonen barneratu gara jaitsiera azkar bat eginez. Probintziaz gain, paisaia ere anitz aldatu da eta gure zonaldekoaren antz handiagoa hartu du: pagoak, iratzea, hezetasuna... Bailaratxo lasai eta politetik ailegatu gara Gaztelako lehendabiziko herrixkara eta arkitektura ere aldatua zela ikusi ahal izan dugu. Calzada de Bejar (59,9 km / 790 metro) eta Valverde de Valdelacasa (68,5 km / 805 metro) herriak zeharkatuta, errepide zahar batetik egiten den igoera batek Valdelacasan (72,3 km / 950 metro) utzi gaitu.

Kaltzada Bejarreko mendatean goiti

Bertako tabernako tapa hondar eta tarta izoztuak janez bazkaldu dugu eta tripak erdi nahasita egin dugu arratsaldeko zatia Fuenterroble de Salvatierraino (80 km / 950 metro). Bertako aterpean hartu dugu ostatu eta dudarik gabe ibilbide osoko ostaturik onena izan da. Giro berezia, aterpe bikaina eta gainera borondatearen truke!

Calzada de Bejar herria


APIRILAK 22
7. ETAPA: FUENTERROBLE DE SALVATIERRA - CUBO DE LA TIERRA DEL VINO (87 KM)


Bertze etapa polit bat eta egia erran harrituta gaude bidearekin.  Behin baino gehiagotan komentatu dugu mendiko bizikletaz egiteko diseinatutako bidea iduri duela: pista ezberdinak, bidexka luzeak, igoera eta jaitsierak... Arras dibertigarria iruditu zaigu. Gaurkoan gaua pasatu dugu Fuenterroble de Salvatierrako (0 km / 950 metro) aterpe ederra agurtu eta goiz hotzean martxan jarri gara belardi arteko pista estuan. Pistak poliki-poliki aktuera irabazten du, haarik eta momentu batean hau utzi eta ezkerretara biratu xenda maldatsu bat igotzen hasi garen.

Fuenterroble de Salvatierrako aterpea, ibilbideko onena

Xenda honek Pico de la Dueña (14,7 km / 1169 metro) gainera igo gaitu. Hau da Via de la Plata osoko punturik altuena eta iparralde zein hegoaldera ikuspegi bikaina eskaintzen du. Jaitsiera arras piko batetik berriz ere lautadetan barneratu gara, bazkaleku eta landalekuak zeharkatuz Salamankara (50,8 km / 800 metro) ailegatu arte.

Bejarreko mendi elurtuak gibelean uzten

Alde zahar polita du Salamankak eta plazatxo batean zerbait jateko egonaldi goxoa egin dugu. Jende dexente zebilen harat eta honat ibileran. Otordutxoaren ondotik aitzinera segitu dugu, N630 errepidetik hiria utzi eta pista luze eta zabaletan barneratuz berriz ere.

Ikuspegi zabala Pico de la Dueñako gainetik

Hala ailegatu gara etaparen akabaila eta bide osoarena berarena izanen zen Cubo de la Tierra del Vino  (87 km / 850 metro) herri txikira. Misterio eta edertasun berezirik gabeko herri hau izan da ibilaldi bikain eta zoragarri honen amaiera puntua. %100 gomendagarria!

Pista azkarrak Salamankarantz

BIDEOA:

2019/04/13

Lurtet (2506m)

EGUNA: 2019/04/13

IRTEERA: Tournaboup (1450m)

ZAILTASUNA: S2

DENBORAK:
  • Igoera: 3 ordu
  • Jaitsiera: Ordubete
NOLA AILEGATU:
Lourdes hiritik hegoaldera joanda, Argeles eta Luz Saint Sauveur herrietara ailegatuko gara hurrenez hurren. Azken herri honetan Tourmalet mendate mitikorako bidea hartu behar da eta Tournaboupeko aparkalekura igo.

KRONIKA:
Mendi-eski denboraldia aitzinera doa eta elurra urtu aitzinetik Gavarnie aldean zerbait egiteko intentzioarekin abiatu ginen. Lehen plana Pimene mendia egitea zen, baina inguru hartan elurra arras goiti joana dela ikusita, iparralderago joatea erabaki genuen. Azkenean Tourmaleteko sektore oparoan akitu genuen, bertako klasiko bat eskiatuz elur hauts goxoarekin.

8:38 : Tournaboup (1450m)
Gaua Luz-Saint-Sauveur herrian pasatu genuen eta goizean goiz igo ginen Tournaboupera, gauzak prestatu eta jadanik itxita dagoen eski estazioko pistetatik goiti abiatuz.



Lehen metroak eski pistatik egin ondotik, hauek utzi eta hegoalderantz segituko genuen pista zabal batetik. Inguruan elur gutxi izan arren, pista ia osorik eskiagarri zegoen.


1740 metrora, erreka zubi batetik gurutzatu eta Coubouseko pareta deitzen den malda igotzeari ekin genion.


Hemen Coubous lakura doan bide ezaguna utzi eta mendebalderantz biratuta malda tentea igotzen hasi ginen.


Azken metroak arras maldatsuak dira, baina elurra baldintza honetan zegoen eta erraz igo genuen.


Behin malda gaindituta, bidea anitz eztitzen da eta irudian ikusten den bezala elur anitz duen eremuan barneratu ginen.


Ondoko helburua argazkian eskuinetara ikusten den Soum de Coucut mendiaren ezkerretara gelditzen den lepoa zen.


Lepo honetara ateratzeko azken metroetan malda berriz tentetzen da. Zati honetan kontuz ibili behar da elur-jausi arriskuarekin.


2317 metrora dagoen lepoa gibelean utzi eta berriz hegoalderantz biratuko ginen Lurtet eta Crampettes artean dagoen lepoaren bila.


Ezkerretara Crampettes eta eskuinetara igoko genuen Lurtet, goitiraino elurtuak biak.


Bien arteko lepotik eskuin biratu eta arrastoari segika azken malda igo genuen.


Azken metroak...


11:41 : Lurtet (2509m)
Gailurrean kristoren egotea zegoen. Haizerik gabe eta tenperatura goxoarekin inguruaz gozatzen egon ginen tarte batean. Argazkian, Mont Arrouy eta Balaitous eta Ardiden bertzeak bertze.


Packe aterpetxe zoragarria kokatua dagoen lepoa, urrunean Cilindro eta Marbore mendiak ageri direla.


Gailurreko argazkia.


Jaitsiera elur bikaina harrapatu genuen ipar magal guzietan. Aitzineko egunetan egindako elur fresko izan genuen 1800 metroraino eta handik beheiti udaberriko elurra.


13:24 : Tournaboup (1450m)
Laburbilduz, goiz pasa ederra eguraldi eta elur bikainarekin.

BIDEOA: