2019/04/13

Lurtet (2506m)

EGUNA: 2019/04/13

IRTEERA: Tournaboup (1450m)

ZAILTASUNA: S2

DENBORAK:
  • Igoera: 3 ordu
  • Jaitsiera: Ordubete
NOLA AILEGATU:
Lourdes hiritik hegoaldera joanda, Argeles eta Luz Saint Sauveur herrietara ailegatuko gara hurrenez hurren. Azken herri honetan Tourmalet mendate mitikorako bidea hartu behar da eta Tournaboupeko aparkalekura igo.

KRONIKA:
Mendi-eski denboraldia aitzinera doa eta elurra urtu aitzinetik Gavarnie aldean zerbait egiteko intentzioarekin abiatu ginen. Lehen plana Pimene mendia egitea zen, baina inguru hartan elurra arras goiti joana dela ikusita, iparralderago joatea erabaki genuen. Azkenean Tourmaleteko sektore oparoan akitu genuen, bertako klasiko bat eskiatuz elur hauts goxoarekin.

8:38 : Tournaboup (1450m)
Gaua Luz-Saint-Sauveur herrian pasatu genuen eta goizean goiz igo ginen Tournaboupera, gauzak prestatu eta jadanik itxita dagoen eski estazioko pistetatik goiti abiatuz.



Lehen metroak eski pistatik egin ondotik, hauek utzi eta hegoalderantz segituko genuen pista zabal batetik. Inguruan elur gutxi izan arren, pista ia osorik eskiagarri zegoen.


1740 metrora, erreka zubi batetik gurutzatu eta Coubouseko pareta deitzen den malda igotzeari ekin genion.


Hemen Coubous lakura doan bide ezaguna utzi eta mendebalderantz biratuta malda tentea igotzen hasi ginen.


Azken metroak arras maldatsuak dira, baina elurra baldintza honetan zegoen eta erraz igo genuen.


Behin malda gaindituta, bidea anitz eztitzen da eta irudian ikusten den bezala elur anitz duen eremuan barneratu ginen.


Ondoko helburua argazkian eskuinetara ikusten den Soum de Coucut mendiaren ezkerretara gelditzen den lepoa zen.


Lepo honetara ateratzeko azken metroetan malda berriz tentetzen da. Zati honetan kontuz ibili behar da elur-jausi arriskuarekin.


2317 metrora dagoen lepoa gibelean utzi eta berriz hegoalderantz biratuko ginen Lurtet eta Crampettes artean dagoen lepoaren bila.


Ezkerretara Crampettes eta eskuinetara igoko genuen Lurtet, goitiraino elurtuak biak.


Bien arteko lepotik eskuin biratu eta arrastoari segika azken malda igo genuen.


Azken metroak...


11:41 : Lurtet (2509m)
Gailurrean kristoren egotea zegoen. Haizerik gabe eta tenperatura goxoarekin inguruaz gozatzen egon ginen tarte batean. Argazkian, Mont Arrouy eta Balaitous eta Ardiden bertzeak bertze.


Packe aterpetxe zoragarria kokatua dagoen lepoa, urrunean Cilindro eta Marbore mendiak ageri direla.


Gailurreko argazkia.


Jaitsiera elur bikaina harrapatu genuen ipar magal guzietan. Aitzineko egunetan egindako elur fresko izan genuen 1800 metroraino eta handik beheiti udaberriko elurra.


13:24 : Tournaboup (1450m)
Laburbilduz, goiz pasa ederra eguraldi eta elur bikainarekin.

BIDEOA:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina