EGUNA: 2024/01/26
ABIAPUNTUA: Tourmaleteko errepidea (1540m)
ZAILTASUNA: S3
DENBORAK:
- Igoera: Hiru ordu eta erdi
- Jaitsiera: Ordu bat
NOLA AILEGATU:
Lourdes hiritik hegoaldera joanda, Argeles eta Luz-Saint-Sauveur herrietara ailegatuko gara hurrenez hurren. Azken herri honetan Tourmalet mendate ezagunerako bidea hartu behar da eta Tournaboupeko aparkalekura igan. Elurrik ez badago Tournaboupetik goiti bertze kilometro inguru gehiago igaten ahal dira errepidetik.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Aspaldiko negurik eskasena daramagu elurrari dagokionez eta eskiatzeko aukerak ez dira edozein lekutan harrapatzen. Bilatuta badago elurra ordea, gehienbat 2000 metrotik goiti. Denboraldi honetan bosgarrenez hurbildu gara Bareges aldera eta bere hego isurialde emankorrean eski saio polita egin dugu. Onceteko bailara da sektore honetan elurra luzaroen gordetzen duena eta bertatik Pene Blanque zorrotzerako ateraldia klasiko bat da.
9:23 : Tourmaleteko errepidea (1540m)
Ingurura begiratu eta elur eskasia nabarmena zen autoa utzi genuen lekutik. Harritzen gintuen deus ez zen, ordea; ongi baikenekien zein zen errealitatea. Pistei esker 10 minutu eskasean soilik eraman behar izan genituen eskiak eskutan, Tourmaleteko errepidean goiti.
Super Baregeseko teleaulkien ingurura ailegatzean errepidea utzi eta ezkerretara biratu ginen. Argazkian ikusten den Toueko pistatik iganen ginen. Ikusten den bezala, elurrez eskas zegoen pista eta bizpahiru egunen buruan ez da eskiagarri egonen.
Pistak 1900 metrotik goiti utziko gintuen eta elurra belarrari terrenoa irabazten hasten zen altuera horretan.
Ipar isurialdeak hegoak baino elur gutiagorekin daude altuera honetatik goiti. Haizearen eragina.
Eski pista hetsia utzi eta parean elurtua ikusten den kanaltxotik goiti eginen genuen. Zati horretan ere elurra justu harrapatu genuen, baina eskiak kendu gabe igan eta jaitsi ahal izan ginen. Horri ere ez zaion aunitzik gelditzen eskiagarria izaten segitzeko.
Behin pasabide estua gaindituta elur baldintzak aunitz hobetzen dira Onceteko bailaran. Elurra luzaroan altxatzen duen ingurua da hau, sektoreko aproposena elur guti dagoen garaietarako.
Malda etzanetatik goiti eginen genuen Onceteko lakuraino. Gibelean Neouvielle ingurua...
Igoerako zati honetatik Midi de Bigorre mendiaren hego maldak parez pare ikusten genituen. Oraindik eskiatzeko moduan zegoen inguru hori ere, baina gu ezkerrerago gindoazen.
Bailara hesten den puntuan Onceteko lakua dago. Guziz hormatua zegoen urtarrileko tenperaturak epelak izan arren. Lakua bazterretik inguratu eta ezkerretara biratuta Onceteko lepora igaten den malda tenteagoa igateari ekin genion.
30º inguruko maldak dira lakutik lepora doazenak, hego-ekialdeko orientazioarekin eskiatzeko arras aproposak.
Altuera fite irabazten da...
Azken metroak dira tenteenak, baina arazorik gabe iganen ginen eskiak zangoetan genituela.
11:48 : Col d'Oncet (2544m)
Lepora ateratzea kornisa batek zaildu ohi du normalean. Guk ere hantxe harrapatu genuen, baina jendea pasatzearen ondorioz eskailera gisakoa egina zuen igaten laguntzeko. Behin lepoan kutxilak paratu eta Pene Blanqueko malda ederra iganen genuen.
Pene Blanqueko malda 35º ingurura tentetzen da eta zerua erdi lainotuta zegoen elurra nahiko gogor harrapatu genuen bertan. Hala ere, arazo handirik gabe iganen genuen.
Zatiren batean malda pixka bat etzaten da eta bertze tarteren batean 40 gradu ere harrapatzen ditu. Azken metroetaraino eskiak zangoetan genituela igan ginen, baina bukaeran kendu behar izan genituen.
12.32 : Pene Blanque (2743m)
Gailur nagusia ertz zorrotzak defenditzen du eta eskiekin honaino ailegatzen da jendea. 6-8 metro gutiago izanen ditu punta honek.
Iparraldera amildegia irekitzen da kaskotik. Tarbes inguruko lautadak, Montaigu mendia eta Peyrelue lakua ikusgai genituen.
Ikuspegiaz gozatzen eguraldi goxoa lagun...
Eskirako transizioa 30 bat metro beheitiagoko erlaitz eroso batean egin genuen. Gailurretik beretik eskiatzea posible da, baina elurra oraindik pixka bat gogor zegoen eta ez zuen akatsetarako tarte aunitzik uzten.
Erlaitzetik beheiti malda tentea eskiatu eta Onceteko lepotik laku aldera jaitsiko ginen igoerako bidetik beheiti. Elurra egoera onean harrapatu genuen, pixka bat transformatua maldetan eta gogorxeago lautadetan haiek ziztu bizian zeharkatzeko.
14:10 : Tourmaleteko errepidea (1540m)
Kontent akitu genuen ateraldia jaitsiera ederra eta gero. Mendi ikusgarria iruditu zitzaigun, ikuspegi ederrarekin eta eskiatzeko arras aproposa.
BIDEOA: