2024/08/18

Pic Chaussy (2351m)

EGUNA: 2024/08/18

ABIAPUNTUA: Les Mosses (1537m)

ZAILTASUNA: Erraza (F)

IRAUPENA:
  • Igoera: Bi ordu
  • Jaitsiera (Lioson lakutik) : Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Euskal Herritik joanda, Suitzara Ginebratik sartuko gara. Horretarako Bordele-Clermont Ferrand-Lyon-Ginebra bidea eginen dugu autopistaz. Ginebratik Martigny hiriko norabidea hartu behar da, baina Leman lakua inguratua dugularik, Aigle herriko irteera hartu behar da. Aigletik goiti Mosseseko lepora igaten den errepidea hartuko dugu. Lepoan berean eski estazioa dago eta lepotik eskuin biratuta Lioson lakura igaten den errepide ttipitik iganen gara. Autoa asfaltoa akitzen den aparkalerkuan utzi behar da berez, baina errepide hau kilometro bat beheitiago hetsia zegoen egon ginelarik eta beraz beheitiagotik hasi ginen gu.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Valais eskualdea utzi eta iparralderago jo genuen Suitza barnealdea ezagutzeko asmoz. Vaud eskualdean paisaia erabat aldatu zen. Valaiseko mendi altu eta glaziarrak desagertu ziren, baina horien ordez azpiko bailararen edertasunak aunitz irabazi zuen: belardi berde leunak, ipuinetako herritxoak... Inguru honetan eman genuen bigarren egunean goiza lasai pasatu genuen euria zela eta, baina eguerdirako atertu eta Mosseseko lepotik ibilaldi motz bat egitea erabaki genuen.

Chaussy mendia Mosses ingurutik


14:39 : Les Mosses (1537m)
Laster-laster bazkaldu eta aterunea baliatzeko mendian goiti abiatu ginen. Normalean autoz egiten den hetsitako errepidetik egin genuen lehen zatia.


Inguru honen guziaren ezaugarriak izanen zituen eginen genuen ibilaldiak: zelai berdeak, han-hemenka pinu basotxoak, baserriak...


...eta azienda nonahi.


800 bat metroko errepide zatia gaindituta berezko aparkalekura ailegatu ginen. Hemendik ibilbide zirkularra egiteko aukera dago. Eskuinetara ateratzen den bidexkatik eginen genuen igoera eta Lioson lakutik jaisten den pistatik jaitsiera.


Bidea lehen zatian malda da eta pinu arteko bidexkan lohi aunitz harrapatu genuen. Arras irristakor zegoen zati hura. Behin zati tenteena gaindituta, Chaussy (parean lainopean), Triau eta Rionde mendiek hetsitako zirkutxora atera ginen.


Zirkutik bideak ezker egiten du eta 2079 metrora dagoen lepo izenik gabeko lepo batera ateratzen da.


Lepotik Lioson aldera jaisten hasteko aukera dago, baina nahiz eta euria hasi guk Chaussy mendiraino joan-etorria eginen genuela erabaki genuen. Eskuin hartu eta bidexka nabarmenetik goiti hasi ginen.


Malda tenteagoak gainditu eta gandorrean 2298 metrora dagoen lepo batera atera ginen. Hemendik eskuinetara biratu eta ertzeko bidexkatik minutu gutian zapalduko genuen kaskoa.




15:55 : Pic Chaussy (2551m)
Gailurretik ez genuen inolako bistarik, eta beraz argazki bat atera eta beheiti abiatu ginen.


Goitirakoan zeharkatutako bi lepoetatik jaitsi eta bigarrenean eskuin hartuko genuen Lioson lakura jaisteko.


16:29 : Lac Lioson (1848m)
Bidexka erosotik segidan izanen ginen laku polit honetan. Ingurua lainotua egonda ere, aunitz gustatu zitzaigun laku hau.


Laku bazterrean Lioson d'en Haut izeneko aterpe-jatetxea dago. Egun horretan inguruan ez zebilen jenderik, baina suposatzen dut leku ezaguna eta jendetsua izanen dela udan.


Lakua agurtu...


...eta bertara ailegatzen den pistatik beheiti egin genuen autorainokoa. Hala, egun euritsu eta grisari kolore pixka bat paratu ahal izan genion.

 

2024/08/16

Weissmies (4017m)

EGUNA: 2024/08/15-16

ABIAPUNTUA: Furggstalden (1893m)

ZAILTASUNA: Ertaina (PD). 

Igoeran hego-ekialdeko ertza igan behar da. II. graduko pausuak ditu eta III. gradukoren bat, baina erraza da eta ez da estua. Jaitsierakoa, berriz, Trift glaziarretik egiten da. Teknikoki ez da glaziar zaila, baina denboraldiaren arabera arrakala handiak egoten ahal dira eta tarteka malda eta esposizio dezenteko zatiak ere bai (45º).

IRAUPENA:

  • Furggstalden - Almagellerhütte : Hiru ordu
  • Almagellerhütte - Weissmies : Lau ordu
  • Weissmies - Hohsaas : Bi ordu
NOLA AILEGATU:
Euskal Herritik joanda, Suitzara Ginebratik sartuko gara. Horretarako Bordele-Clermont Ferrand-Lyon-Ginebra bidea eginen dugu autopistaz. Ginebratik Martigny hiriko norantza hartu behar da eta hemendik Sionekoa. Autopista hau Visp herrian utziko dugu eta bertatik Zermatt-Saas Fee norabidea hartuko dugu eta goitiago Saas Feekoa. Hala, Saastal bailaran sartuko gara eta haranean goiti Saas Almagell herrira ailegatuko gara. Ibilbidea herritik beretik abiatzen ahal dugu, edota guk egin genuen gisa Furggstaldenera igaten den teleaulkia hartu.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
Powered by Wikiloc

KRONIKA:

Suitza egonaldia Zinal aldean hasi ondotik, Saastal bailarara mugitu ginen bigarren mendi bat igateko intentzioarekin. Duela lau urte izana nintzen haran honetan eta orduan Weissmies mendiak atentzioa eman zidan. Oraingoan gailur eder hau hegoaldetik iparralde11rako zeharkaldian igateko aukera izanen genuen.

2024/08/15

11:45 : Furggstalden (1893m)

Saas Almagell herritik teleaulkia hartuta Furggstalden auzora igan ginen instant batez. Egia da pagatu behar dela, baina auzo honetatik abiatzen den ekipatutako bide ikusgarritik pasatzeko merezi du bertatik hastea. 



Teleaulkitik jaitsi, errepidetxo batetik metro batzuk egin eta Almageller aterpera eramanen gintuen bidexka hartu genuen. Irudian ikusten den bezala seinaleak daude bidegurutze guzietan eta beraz, ez du galbiderik.


Bideak Saas Almagell zangopean dugula iparralderantz egiten du paretatzarrak erdiz erdi zeharkatuz. Horretarako, hainbat puntutan ekipatutako zatiak daude, iltze, zubi eta egurrezko pasabideekin.


Kableetatik zintzilik dauden zubietatik pasatzean Nepalera bidaiatu genuen berriz. Zer oroitzapenak!


Zeharkaldian ez da kasik altuerarik irabazten eta Leebach errekak zizelkatutako bailaran akitzen da, pinudi polit batean.


Erreka zeharkatu eta ekialdeko norantza hartuta, bailara eder hau igateari ekin genion.


Basotik atera ahala, gure gibelean Saas Fee gaineko menditzarrak hasi ziren agertzen; tartean Dom eta Taschhorn erraldoiak (4545m eta 4490m).


Abiatu eta ordu eskasera Almagelleralp aterpea bistaratu genuen, bailararen sakonean kokatua dagoena.


12:45 : Almagelleralp (2195m)
Biharamunean eginen genuen zeharkaldia egiteko gaua pasatzeko bertze aukera bat izaten ahal da aterpe hau, nahiz eta urrunago gelditu. Bertatik, Almagellerhütte aterpera igateko bi aukera daude: bailararen sakonetik segitzen duena eta ezkerretara altuera irabazten hasten dena. Bigarren hau hetsia zegoen udaberrian izandako uholdeengatik eta beraz lehena hartu genuen.


Bide honek errekaren ondotik igaten segitzen du, bailararen sakonetik atera gabe. Lekua zoragarria iruditu zitzaigun; Zinaleko bailararen gisa, sobera ustiatu gabea.


Poliki-poliki erreka beheitian utzi eta hego orientaziodun maldetatik altuera fiteago irabazten hasten da bidea.


Egun ederra lagun, lasai hartu genuen aterperainoko igoera, ahal genuen guzia gozatuz.


Malda tenteenak gaindituta, bizkar honetatik gaua pasatuko genuen aterpea bistaratu genuen lehen aldiz. Lehen etapa akitzear zegoen...


14:16 : Almagellerhütte (2896m)
Bi ordu eta erdiko igoeraren ondotik ailegatu ginen egurrezko aterpe polit honetara. Dri Horlini gandorraren azpian kokatuan dago eta ikusten diren paretetan eskalatzeko ekipatutako bideak daude. Barnetik, berriz, lekua arras atsegina da, egurrezkoa eta dotorea, arras suitzar estilokoa.


Eramandako ogitartekoak jan eta arratsaldea kanpoan egonean pasatu genuen, ilunabarrean bota zuen ekaitzera arte. Aterpetik Saastal bailararen bertze aldeko 4000koetara ikuspegi bikaina dago: arestian aipatutako Dom eta Taschhorn, Alphubel, Alallinhorn, Rimpfischhorn...


Afari goiztiarra (18:30ean) eta ilunabarraz gozatuta lotarako bidea hartu genuen...


2024/08/16
4:38 : Almagellerhütte (2896m)
Goizeko lehen txandan hartu genuen gosaria aterpeko gehiengoak bezala, eta ilunpetan atera ginen Weissmies aldera. Lehen zatian urdinez markatutako bidetik mendiaren hegoaldeko leporainoko bidea egin genuen.


5:20 : Zwischbergenpass (3270m)
Ilunpetan argi ilarari segituz lepora aise eta nahiko fite ailegatu ginen. Gutitan egiten dugu, baina gustuko dut gauez ibiltzea, altuera errazago irabazten den sentsazioa izan baitut.


Lepotik ezkerretara biratu eta ia 800 metroko desnibela duen ertzari ekin genion. Kaskoaren itzalak helmuga non zegoen argi erakusten zigun.


Berez ertzaren lehen zatia ekialdetik inguratzeko aukera dago, baina ertzetik beretik joateak ez du zailtasun aldirik zati honetan. Oinez ibiltzeko tarteak eta eskuak erabili beharrekoak ditu.


Goiti egin ahala eskalada errazak gero eta ohikoagoak dira.


Hala ere, esposizioa ez da handia eta sokarik erabili gabe igan ahal izan genuen ertz guzia.


Igan ahala, bortz izarreko egunsentiak inguru kolore epelez margotu zuen. Argazkian Monte Rosako sektorea ageri da, duela bi urte igan genituen Signalkuppe eta Zumsteinpitze mendiak bertzeak bertze.


Ertzaren azken zatia da bertikaleba eta momenturen batean III. gradua izanen zuen eskaladatxoren bat ere egin behar izan genuen. Hala ere, zailtasun guziak ezker eta eskuin mugituz ongi gainditzen dira.


3900 metro inguruan ertza etzan egiten da eta elurra agertzen da. Elurrezko tartetxoa gainditzeko kranpoiak paratu genituen, nahiz eta geroago bertze harkaitzezko zati bat gainditu behar izan.


Harkaitzezko zatitxoa gaindituta, gailurra metro eskas batzuetara genuen...


Sasigailurretik elurrezko gandor erraza gainditu eta bertan izanen ginen.


8:19 : Weissmies (4017m)
Kontent zapaldu genuen gailur polit hau. Argazkiren bat, zerbait jan, bertatik igan zirenei ipar-aurpegiko baldintzei buruz galde egin eta beheiti abiatzeko prestatu ginen.


Luze gabe hasi ginen Trift glaziarretik beheiti jaisten. Kaskotik ipar-mendebaldera metro bertikal batzuk jaitsi genituen lehendabizi...


...eta are bertikalagoa zen arrakala baten gaineko zubia zeharkatu genuen (45º).


Hortik mendebalderantz biratu eta Rottalhorn kaskoko bizkar zabal eta errazagora atera ginen. Kasko hau inguratu eta bere iparraldeko magaletik eginen genuen ondoko zatia.


Gibelera begiratuta Weissmies mendia eta jaitsi berri genuen zati bertikala ikusten dira.


Erran bezala, Rottalhorneko kaskoaren iparraldean dagoen bizkarretik beheiti egin genuen segidan. Han-hemenka arrakala batzuk zeharkatu genituen elurrezko zubietatik, baina zailtasun handirik gabe. Bizkar hau amildegi batean akitzen da, eta beraz akitu baino lehen eskuinetara jaitsi behar da serac handien arteko zati tentetik. Zati hori izan zen egun osoko zatirik arriskutsuena, esposizio pixka bat baitzuen eta tarteka arrastoa hormatua baitzegoen.


Argazkian eguzkitan ageri den zatian egiten zen zeharkaldia zen aipatutako zatia. Tarte tenteenetik glaziarraren azpiko zati etzanera pasatu ginen eta bertatik lasaiago egin genuen eski pistetarainokoa. Azken zatian horma aunitz harrapatu genuen, baina esposiziorik ez du eta aise gainditu genuen.


Behin eski pistetara ailegatuta, materiala bildu eta azken metroak pista batetik egin genituen, jaitsi berri genuen Trift glaziarrari begiratuz tarteka. 4000 metrotik goitiko mendi errazenen artean dago glaziarretik egiten den igoera hau, eta teknikoki erraza da; baina elur baldintzen arabera esposizioa duela iruditu zitzaigun. Gainera, Hohsaaseko teleferikotik abiatzen den jendea arras berandu igaten da, teleferikoa mantso hasten baita martxan (7:45ean 2024ko udan); eta nik behintzat ez nioke inori aholkatu bide hau ordu horietan egitea. Norberak ikus dezala, baina...


10:45 : Hohsaas (3101m)
Guk 11etarako lanak akituak izateak ematen duen poz eta lasaitasunarekin, telekabina hartu eta beheitirakoa egin genuen. Saas Grund herriraino jaisten da telekabina eta bertatik debalde da busa Saas Almagellera. Honenbertzez, Valais aldeko mendi altuak agurtuko genituen.