2024/07/21

Balaitousi itzulia

EGUNA: 202/07/04

ABIAPUNTUA: Plaa d'Aste - Maison du Parc National des Pyrenees (1470m)

ZAILTASUNA: Erraza

DENBORAK (oinez):
  • Plaa d'Aste - Col d'Artouste : Hiru ordu eta erdi
  • Col d'Artouste - Lac d'Artouste : Ordu eta erdi
  • Lac d'Artouste - Col d'Arremoulit : Bi ordu
  • Col d'Arremoulit - Refugio de Respomuso : Bi ordu
  • Refugio de Respomuso - Port de la Peyre Saint Martin : Ordu bat
  • Port de la Peyre Saint Martin - Plaa d'Aste : Bi ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Baionatik A64 autopistaz Tarbesera ailegatuko gara eta hemendik Lourdesera. Lourdes hiritik hegoaldera joanda, Argeles-Gazost herrira ailegatuko gara. Hemen Aubisque mendate ezagunera igotzen den bidea hartuta Val d'Azunen barneratuko gara. Arrens herrira ailegatzean Tech lakura zuzenduko gaituen errepidetxoa hartu behar da. lakua gibelean utzi eta errepidea akitu arte segituko dugu eta bertan utzi autoa.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Uztaila Pirinioetan, baina oraindik elur dezente dago mendietan. Oporretako lehen astean Arrens-Marsous aldera hurbildu naiz eta bizikletaz ibiltzeaz aparte, Balaitus mendiari itzulia ematea dut buruan. Pirinioetan mendiei itzulia ematen dieten bide batzuk ezagunak dira. Ezagunenetarikoa Midi d'Ossauren itzulia da, baina Vignemalekoak ere badu bere fama. Horiez gain, iazko azaroan Ger mendiari itzulia eman genion Eaux-Bonnes herritik abiatuta. Azken hau geronek diseinatutako bidea izan zen eta oraingoan egin dudana ere halaxe izan da.

6:47 : Plaa d'Aste - Maison du Parc National des Pyrenees (1470m)
Goiz jeiki nintzen egun luzea bainuen aitzinetik. Aparkalekutik goiti errepideak Migouelou zentraleraino segitzen du, baina ezin da autoz igan. Errepide horretatik eginen nituen lehen metroak.


Zentralaren sarrerako hesia baino metro guti batzuk lehenago ezkerretara ateratzen den bidexka bat hartu nuen. Bidexka zentralera jaisten diren ur-hodien ezkerretik igaten da lehen metroetan. Goitiago hodien azpitik pasatzen da eskuineko aldera eta gero berriz ere ezkerrekora itzuli.


Ez da bidexka nabarmena, baina bai aise segitzeko adinakoa. Gainera, tarteka kokatutako mugarriek bidea segitzen laguntzen dute. Aipatu bide hau ez dela Migouelouko aterpera igateko bide ohikoena, baina bertzea ezagutzen nuenez honetatik igatea erabakia nuen.


Altuera gupidarik gabe irabazten du bideak eta fite utzen dira pinuak gibelean. Lehen mendi kaskoak agertzen hasten diren heinean...


Touest izeneko lakua ezkerretara utziko nuen...


Lehen malda gogorra hodien goitiko aldean kokatuta dagoen eraikintxoan akitzen da. Hori izan zen eguneko igoerarik gogorrena, 800 metro baino gehiago denbora gutian irabazten baitira.


Hodien gaineko eraikinaren ondotik eskuinetara trenbide zahar bat abiatzen da. Hura hartuko nuen, Migouelouko urtegira zuzentzen baita.


Trenbide zaharra altuerako lanak errazteko eraikia izan zen, bertatik materiala alde batera eta bertze eramateko. Ibiltzeko zati eroso eta laua da.


Gibelera begirada, handik nentorren, eraikina ikusten ahal da.


Nire ezkerretara Lassiedouat  lakua utzi nuen eta bere gainean Cadier mendia.


Trenbidetxoa akitzen den puntutik bidexkak Migouelouko laku aldera segitzen du. Hurbil nuen jadanik...


Aterpera ailegatzeko azken metroetan nik igandako bidea bide normalarekin elkartzen da eta beraz markatuagoa dago.


8:16 : Refuge de Migouelou (2271m)
Erritmo bizian ordu eta erdi inguruan aterpean nintzen. Denboraz ongi nindoanez, kafe bat hartzeko geldialdia egin nuen bertan.


Segidan aterpea utzi eta lakuaren bazterretik doan bidetik segituko nuen. Lakua nire eskuinetara utzi nuen...


Harri-mukuruz markatutako bideak argazkian ikusten den Artousteko lepora eramanen ninduan. Bertan akituko zen eguneko lehen igoera, luzeena.


Migouelouko aterpea eta lakua gibelean; eta ezkerretara Arrouy mendia, duela urte batzuk igandakoa.


9:09 : Col d'Artouste (2472m)
Lehen lepo hau izanen zen egunean zeharkatuko nuen altuena. Mendian oraindik elur dezente zegoela ikusita, bide aproposa zen altuera sobera hartzen ez duelako.


Lepoaren bertze aldean Ossau bailarako mendi ezagunak ageri ziren, tartean Lurien eta Midi d'Ossau.


Luze gabe lepotik beheiti metroak galtzen hasi nintzen. Berez jaitsieretan lasterka pixka bat egiteko asmoa nuen, baina lehen jaitsiera hau nahiko teknikoa da eta ezin izan nuen sobera egin.


9:29 : Lac de Carnau (2202m)
Lehen jaitsiera tentetik Carnauko lakuetara ailegatu nintzen nahiko fite. Hortik aitzin bideak Lie mendiaren azpitik zeharkaldi luzea egiten du Artousteko lakuraino.


Paisaia ikusgarriak...


Soussoueou lautada eta Gouretteko mendiak...


Lieko mendia inguratu ahala Artousteko urtegia ikusten hasi nintzen. Egia erran nahiko luzea egin zitzaidan zati hau, motzagoa zela uste bainuen. Lepotik urtegira 400 metro pasatxo bertzerik ez dira galtzen, baina bidea ez da motza.


Arriel mendiak jadanik begien bistan... Haien azpitik pasatuko nintzen fite.


Lehen jaitsieraren azken partea...


10:05 : Lac d'Artouste (1984m)
Urtegian gainetik pasatu eta lakua mendebaldetik inguratzen duen bidea hartu nuen.


Metro lau batzuen ondotik, bidexka berriz ere gorantz abiatzen da. Arremouliteko aterpe eta lepora igaten den bidea hartuko nuen.


Bidegurutze honetan ezkerretara, bertze bidea Arriouseko lepora zuzentzen baita...


Bide erosotik 200 metro pasa iganda aterpea kokatua dago zati laura ailegatu nintzen. Arriel mendiak hurbilago ikusten ziren bertatik...


...baita Palas ere, bere ertz eder eta markatuekin.


Arremouliteko lakura ailegatu nintzen hala. Haren bazterrean dago izen bereko aterpea.


10:57 : Refuge d'Arremoulit (2265m)
Aterpea konpontze lanetan dago orain berean eta beraz hetsia dago. Ibilbide hau bi egunetan egiteko aukera eskaintzen du hala nahi izanez gero, irekitzen dutelarik doike! Aterpe ondoko iturrian ura hartu eta Arremouliteko lepora zuzentzen den bidexkatik segitu nuen. Tarteka bidea nabarmena ez bada ere, mugarriek bidea erakusten dute eta ez dago galtzeko arrisku handirik.


11:21 : Col d'Arremoulit (2248m)
Lepotik Balaitus eta Frondella mendien ikuspegi ederra dago. Parez pare nituen Gran Diagonal deitzen den Balaituserako bidea eta Frondella mendien ipar-mendebaldeko aurpegia.


Lepotik bertze aldera jaitsiera malkartsua da Arrieleko lakuetaraino.


Kasu emanez jaitsi nuen zati hau. Argazkia azpitik eginda dago eta lepoa ikusten ahal da.


11:44 : Ibon de Arriel Alto (2232m)
Lakuetatik aitzin, bidea erosoagoa da eta lasterka pixka bat egiteko aukera eman zidan. Hala ere, paraje eder honetaz gozatzeko geldialdiak egiten nituen tarteka.


Tarteko lakuan, Palas gibelean zela...


...eta beheitiko lakua.


Beheitiko lakua inguratu gabe bidegurutze batera ailegatu nintzen. Bertan ezkerreko bidea hartu nuen, Respomusoko aterpera joaten dena.


Bide hau erosoa da eta gainera altueran doanez ikuspegi ederra eskaintzen du. Urrunean Tena bailarako mendiak: Telera, Foratata...


Aitzinera egin ahala Respomusoko urtegia eta zirku polita ikusten hasi nintzen. Lasterka eginen nuen bertarainokoa...


Urtegira ailegatu bezala, Respomusoko aterpea bistaratzen da. Laku bazterrean, paraje ederrean kokatua dago Respomuso.


12:41 : Refugi de Respomuso (2140m)
Aterpera ailegatuta merezitako atsedenaldia hartuko nuen. Ogitarteko bat jan eta freskagarri bat edan bitartean geldialdi luzeagoa egin nuen bertan. Ordurako sei ordu neramatzan oinez eta lasterka, eta nekea sumatzen hasia nintzen.


Geldialdiaren ondotik, GR markak segituz aterpea utzi nuen.


Ibon de las Ranas polita eskuinetara utziko nuen...


Metro batzuk aitzinago Tebarraiko lepora doan GRa eskuinetara utzi eta Fachako lepoan barrena wallon aterpera doan bidea hartu nuen.


Bide honetatik Campo Planoko lakura ailegatu nintzen segidan. Lakua inguratu behar da ezkerretara utziz, eta inguratu bezain laster Wallonerako bidea utzi eta ezkerreko zelai zabala zeharkatu behar da Peyre Saint Martin leporako azken malda motza igateko.


Gran Facha ederra...


13:58 : Port de la Peyre Saint Martin (2295m)
Hala ailegatu nintzen eguneko hirugarren eta azken lepora. Puntu horretatik autoraino jaitsiera luze eta etzana nuen aitzinetik.


Zerbait jan eta bide erosoan beheiti abiatu nintzen...


Remoulis lakuak ezkerretara utziko nituen...


Suyeneko lakua urrunean ageri zen, hara nindoan...


Jende guti zebilen inguruan, baina fauna pixka batek konpainia egiten zidan.


Labassako zelaitxoa zeharkatu nuen...


...eta beheiti egin ahala ezkerretara uzten dira Ledormeur eta Larribeteko aterpeetara igaten diren bailarak. Oraindik ongi ezagutu gabeak ditut inguru hauek.


Suyeneko laku ederrera ailegatu orduko hankak arras kargatuak nituen eta azken zatia oinez eginen nuen. Lakutik beheiti bide zabal eta erosotik jaistea bertzerik ez zitzaidan gelditzen.


Ordu batzuk lehenago igandako malda errekaren bertze aldean nituen ikusgai. Orduan hasi nintzen egindako itzuli luzearen pertzepzioa izaten.


15:35 : Plaa d'Aste - Maison du Parc National des Pyrenees (1470m)
Nekatuta baina harro hetsi nuen ibilbide zirkularra abiatu nintzenetik kasik bederatzi ordura. Bide zoragarria da, menditzarrez inguratua eta lakuz apaindua. Arras gomendagarria, egun batean edo bitan egiteko.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina