EGUNA: 2024/07/13
ABIAPUNTUA: Llac de la Bollosa / Lac des Bouillouses (2018m)
ZAILTASUNA: Erraza
DENBORAK:
- Igoera : 3 ordu
- Jaitsiera (lakuen itzulia eginez) : 2 ordu
NOLA AILEGATU:
ARRASTOA:
KRONIKA:
Porta del Cel ibilbidea burututa, Katalunian segitu genuen eta Cerdanya eskualdera mugitu ginen. Inguru honetan aspalditik agendan nuen mendi bat igateko baliatuko genuen. Carlit mendia ezaguna da Katalunia aldean eta cerdanyako punturik altuena izanik jende andana biltzen da gailurrerako bideetan. Pirinioetako bertze lekuetan aurkitzen ez dugun paisaia eskaintzen du inguruak, goi-lautada baten gisako, orografia leunarekin eta lakuz inguratua. Masifikazioak masifikazio, merezi duen mendia da.
7:11 : Llac de la Bollosa (2018m)
Mont Louis herrian pasatu genuen gaua eta goizean goiz igan ginen Bollosako aparkalekura. Udan aparkalekuko bidea hetsia egoten da goizeko zazpietatik aitzin eta autobusez igatea beharrezkoa da. Hortaz, gu zazpiak baino lehen igan ginen goiti. Aparkalekuan gosaldu eta goiti abiatu ginen.
Aparkalekutik metro gutira Bollosako lakua edo urtegia dago eta haren gibelean Peric mendiak.
Sarreran erran bezala, inguru honetako paisaia ez da Pirinioetako bertze lekuetakoa bezalakoa. Oro har, Cerdanya goi-lautada bat da eta bertako orografia leunagoa da, ez da batere malkartsua. Bollosa inguruan pinuak eta lakuak dira nagusi, eta Kanada Ttipia ere deitzen diote inguruari. Ni ez naiz Kanadan sekula egon, baina Bollosako paisaia polita iruditu zitzaidan.
Urtegitik beretik ongi markatutako eta seinale ugaridun bidea abiatzen da Carlit aldera. Inguru honetan gehien igaten den mendia da Carlit eta beraz ez da erraza bidean galtzea.
Bidea pinuen artetik igaten da hasmentan...
Alde batera eta bertzera lakutxoak ditu nonahi...
...eta malda guti hasmentako zatian. Argazkikoa Viver lakua da, eskuinetara utziko genuen hau.
Zatitxo bat eginda pinuak gutitzen hasten dira eta Carlit mendia ikusi ahal izan genuen lehen aldiz, Tossal Colomer eta Carlit Baix mendien artean.
Erritmo bizian bertara zuzendu ginen...
Azpiko zatia zeharkatuta, bidea altuera hartzen hasten da eta pinuek paisaia irekiagoari uzten diote lekua.
Carlitez gain, Bollosara hurbiltzen den jende gehienak 12 lakuen itzulia egiten du. Puntu honetan itzuli hau eta Carliterako bidea bereizten dira. Guk itzuleran laku horiek ezagutzeko baliatuko genuen, eta beraz ateraldi berean bi ibilaldiak egin.
Baina lehenik Carliteko kaskoa zain genuen...
Tossal Colomer mendiaren magaletik zeharkaldi bat eginda, Carliten azpian dagoen Estany Gelat lakura ailegatu ginen. Hemendik ezkerretara biratu eta mendiaren ekialdeko ertz edo bizkarretik egiten da gailurrerainokoa.
Ertza zabala da eta ez du zailtasunik.
Gibelera begiratuta, ezkerretara jaitsieran inguratuko genituen lakuak ageri dira. Hurbilenetik urrunenera Sobirans, Trebens, Gombau eta Castellar dira lakuok. Urrunen ageri dena berriz Bollosa da.
Gailurrera ailegatzeko kanal erraz bat igan behar da da ertza utzita.
Azken metroak...
9:19 : Puig Carlit (2921m)Bi ordu pasatxoan kaskoan ginen.
Oraindik goiz zen eta beraz jende guti zebilen kaskoan. Jaitsieran jende aunitz gurutzatuko genuen.
Kaskoko egonaldiaren ondotik, luze gabe beheiti abiatu ginen, haize hotzetik eskapo. Goitiko zatian igoerako bide bat dago eta jaisteko bertzea, mendi jendetsu honen higadura saihesteko.
Egia erran, inoiz ez nuen halakorik ikusi eta pixka bat arraro egiten du. Hala ere, norantza errespetatu eta marka horiei segituz ekialdeko ertzetik beheiti jaitsi ginen.
Gaineko zatia gibelean utzita, 12 lakuen itzulia segitu genuen autora itzultzeko. Igan ginen bidea baino pixka bat luzeagoa da, baina merezi du aise politagoa baita.
Bide erosotik lasterka pixka bat egiteko baliatu genuen.
Laku politak bisitatuz... Argazkikoa Trebens lakua da.
Gombau lakua, berriz, gure eskuinetara utziko genuen...
Paisaia zoragarria!
Behorrak lasai ederrean...
Beheiti egin ahala, berriz ere pinu artean murgiltzen hasi ginen.
Paisaia berezi honetan...
11:00 : Llac de la Bollosa (2018m)Lau ordu azpitik berriz ere autoan ginen, laku inguru aterpe batean kafe bat hartu eta eguneko jokaldiak komentatzen.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina