2024/07/31

Astazu mendiak (3071m eta 3012m)

EGUNA: 2024/07/24-25

ABIAPUNTUA: Lac des Gloriettes (1667m)

ZAILTASUNA:
Nahiko erraza (F+). Astazu mendietako gandorrean eskuak erabili behar dira momenturen batean, bai gailur handira igotzeko, bai txikira igotzeko. Zailtasuna apala da hala ere, kasik edozeinek egiteko modukoa.

DENBORAK:
  • Lac des Gloriettes - Refuge de Tuquerouye : Hiru ordu eta erdi
  • Refuge de Tuquerouye - Astazu Oriental : Ordu eta erdi
  • Astazu Oriental - Astazu Occidental : Ordu erdi
  • Astazu Occidental - Lac des Gloriettes : 3 ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Baionatik A64 autopista segitu behar da Tarbeseko irteeraraino. Irteera honetatik Lourdes hirira joko dugu eta hegoaldera autobide bat hartu behar da Argeles Gazost herriraino. Hemendik Luz Saint Sauveur herrira joanen gara eta gero Gedrera. Herriaren irteeran ezkerretara Troumouseko zirkura eramanen gaituen errepideari segituko diogu. Bide horretatik kilometro batzuk eginda, eskuinetara Glorietteseko lakura igotzen den errepidea hartu behar da.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Uda giroko egun bikainean bertze intentzio batekin abiatu nintzen Tucarroyako aterpe aldera. Nire asmoa biharamunean Ordesa-Gavarnie sektorean gelditzen zitzaizkidan 3000ko nagusiak igatea zen hiru eguneko zirkular polita osatuz. Aterpean nengoela kranpoiak hartzean egin nuen akatsaz ohartu nintzen eta beraz ezinen nuela Monte Perdidoren ipar malgal elurtua igan. Hortaz, B plana beti ikusgarriak egin izan zaizkidan Astazu mendietan egunsenti zoragarriaz gozatzea izanen zen.

2024/07/24
14:10 : Lac des Gloriettes (1667m)
Goizean egin nuen Gedrerainoko bidea eta Gloriettes urtegiko aparkalekuan etxetik eramandako bazkaria presaka jan nuen. Tucarroyako aterpe ttipia beteko zen beldur nintzen eta beraz fite abiatu nintzen goiti.


Lakua inguratzen duen bidexka nabarmenetik egin nituen lehen pausuak. Urrunean Tucarroyako arrakala eta biharamunean zapaltzea asmo nuen Monte Perdido ikusten nituen.


Lakua gibelean utzi eta estaubeko bailara zoragarrian barneratzen da bidea.


Altuera handirik irabazi gabe, errekaren eskuineko aldetik nindoan...


Paradisu honetaz gozatuz... Uztailean sua zerion Pirinioari, berdea indartsu eta errekak oparo.


Bidexka erosotik zirkuaren barrenera egiten da eta Estaubeko etxolara ailegatu baino lehen eskuinetara mantso-mantso altuera hartzen hasten den bidexkatik segitzen da.


Azienda goxoan bazter hauetan...


Sigi-saga altuera hartzen hasi nintzen Pimene mendiaren ekialdeko magaletik. Bailararen bertze aldean Pinetako lepoa ikusten nuen, berez bi egun geroago zeharkatzekoa nuena.


Bidean goiti eginez, Tucarroyara eta Alanseko lepora doazen bideak bereizten diren puntura ailegatu nintzen. Puntu honetan Pinetako lepora doan bidea hartu behar da, Tucarroya seinalean ez baita agertzen.


Rouge de Pailla mendia gibelean utzi nuen.


Hortik metro batzuk egin behar dira Pinetako lepora doan bidexkatik, altuera handirik irabazi gabe; eta erne egon behar da eskuinetara ateratzen den bertze bidexka nabarmen bat hartzeko. Bidexka hau Borne de Tuquerouye izeneko orratzaren hegoaldean gelditzen den lepotxora ateratzen da.


Aipatu lepotik Tucarroyako arrakalara ateratzeko gainditu beharreko azken korridorea begien bistan nuen. 


Sobera luzatu gabe Borne de Tuquerouye gibelean utzi eta kanalean goiti egin nuen.


Zati batean elurra saihesteko eskuineko aldeko harkaitzetik pasatu behar izan nuen, baina zailtasun hadirik gabe.


16:26 : Refuge de Tuquerouye (2666m)
Bi ordu eta laurden behar izan nituen autotik aterpera ailegatzeko. Arestian erran bezala, jende aunitz izanen zen beldur nintzen eta bizi igan nintzen.


Ailegatzean, ordea, inor ez zegoela ikusi nuen eta literetan lekua altxatuta, arratsaldea Monte Perdidoren ipar elurtu ederrari begira pasatu nuen. Kranpoiak zapaten neurrian paratu nahi izan nituelarik ohartu nintzen egin nuen akatsaz, ez bainituen kranpoi egokiak hartu. Hala, biharamuneko plana bertan behera utzi beharko nuen eta bertze plan bat pentsatu. 


Lehen momentuko haserrealdia alde batera utzi eta biharamunean goizean goiz Astazu mendietara iganen nintzela erabaki nuen egunsentia bertatik ikusteko. Astazuetan ez zegoen elur handirik eta arazorik gabe ailegatuko nintzen bertara.


2024/07/25
4:29 : Refuge de Tuquerouye (2666m)
10 bat lagunek pasatu genuen gaua aterpe librean eta lauretarako paratu nuen iratzargailua. Zerbait jan eta gau ederrera atera nintzen.


Aterpearen hegoaldeko malda jaitsi eta Marbore lakua hegoaldetik inguratu nuen. Iparraldetik ere joateko aukera dago, baina elur-lauso bat zegoen bertan eta ez nuen lakuan bainu bat hartzeko arriskurik hartu nahi.


Hortik goiti gauaren iluntasunean han-hemenka ikusten nituen mugarrien laguntzaz egin nuen goiti. Oro har, terreno errazetik mendebalderako norantzan segitu behar da eta Gran Astazuren hegoaldeko malda inguratua dugularik iparraldera biratu Swan lepora ateratzeko.


5:37 : Col de Swan (2966m)
Swango lepotik ikuspegi bikaina irekitzen da iparraldera. Egunaren lehen izpiek Vignemaleko glaziarra erakusten zuten eta nire zangopean Gavarnieko argiak ageri ziren 1600 metro beheitiago.


Eskuinetara biratu eta harmailtxoz osatutako ertz erraza igateari ekin nion. Eguzkia ostertza gorrixka margotzen ari zen bitartean bakar-bakarrik nintzen han goitian. Momentu magikoak benetan!


5:54 : Astazu Oriental / Astazu Gran (3071m)
Eguzkia atera baino deznete fiteago Astazurik altuenean nintzen. Bertan egonen nintzen egunsentiaren zain.


Vignemale kaskotik...


Monte Perdido eta Cilindro, berez egun horretan igatekoak nituen mendiak...


Baina beno, egia erran ez nengoen batere gaizki han gainean.


Troumouseko zirkuaren gibeletik aterako zen eguzkia. Oroitzapen ederrak ekartzen dizkit zirku horrek ere...


Gavarnie han beheitian...


Eguzki izpi gorrixkak Marboretik Perdidora...


7:00 : Col de Swan (2966m)
Egunsentiaz bertze hiru kataluniarren konpainian gozatuta, Astazu handiena utzi eta txikirantz abiatu nintzen. Berriz ere Swan lepora itzuli eta ertzetik eginen nuen bigarren kaskorainokoa.


Swan korridoreari begiratu bat bota nion lepotik.


Argazkiren bat lepo ezagun honetan...


...eta Astazu ttipiaren ertzetik goiti abiatu nintzen. Argazkian ikusten den bezala ertzak bi irtengune ditu. Bat hegoaldetik gainditzen da eskaladatxo erraza eginez eta bertzea iparraldeko paretako balkoitxo estu eta ikusgarri batetik.


Argazkian ikusten den hau da aipatutako balkoia. Ertzetik balkoi au hartuta iparraldeko pareta izugarrian sartuko nintzen eta bertatik metro batzuk eginda ezkerretara dagoen tximinia (II) batetik ertzera itzuli. Pasabidea ikusgarria da, baina idor badago ez du zailtasun handirik. Duela hiru urte bertan ibili ginelarik ez ginen pasabide honetatik pasatu, ertzetik beretik eskaladatxo zailxeago bat (II+) eginez.


7:21 : Astazu Occidental / Astazu Chicot (3012m)
Swan lepotik kaskoraino 15 minutu edo izanen dira gehienez eta merezi du kasko altuena iganda honetara ere etortzea, Gavarnieko zirkura duen ikuspegia mundiala baita. Hirugarren aldia nuen tontor eder honetan.


Gavarnieko gainak kaskotik...


7:25 : Col d'Astazu (2955m)
Kaskoan egonaldi motza egin nuen. Segidan hegoaldera Astazuko lepora jaitsi nintzen eta handik ezkerretara eginda Marboreko laku aldera jo nuen.


Jaitsieran lakua iparraldetik inguratu nuen, bide motzenetik alegia.


Eta berriz Tucarroyako arrakalara eramanen ninduen malda igan nuen.


8:20 : Refuge de Tuquerouye (2666m)
Aterpean gaua pasatu zuten mendizale batzuk oraindik abiatzekoak zirela, ni jadanik bueltan nintzen. Lasai hartu nuen: lo-zakua eta utzitako trasteak bildu, zerbait jan eta Monte Perdidoren iparraldeari begira egon nintzen.


Pirinioetako lekurik ederrenetarikoa den hau utzi eta bezperan igandako bide beretik eginen nuen autorainokoa.


Korridore tentea jaitsi eta Borne de Tuquerouye orratzaren lepotik pasatu...


...eta ziztu bizian Estaubeko belardietan beheiti egin nuen.


Goiz ederra Pirionioen bihotzean...


Estaubeko bailara luzea nuen oraindik jaisteko.


Tarteka gibelera begiratuz...


Paradisu honetaz gozatzeko...



10:55 : Lac des Gloriettes (1667m)
Goizeko hamaikak baino lehen autoan nengoen. Berez biharamun arte luzatuko zen bidea ezin izan nuen egin, baina ateraldi bikaina egin izanaren kontsolazioarekin.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina