2024/08/04

Grand Quayrat (3060m), Maupas (3109m) eta Boum (3006m)

EGUNA: 2024/08/03-04

ABIAPUNTUA: Granges d'Astau (1139m)

ZAILTASUNA: Nahiko erraza (PD). Zailtasunik handienak gailurretako azken zatietan daude:
  • Grand Quayrat: Sasigailurretik gailurrerako azken zatian esposizio pixka bat duen balkoitxoa zeharkatu behar da edo bertzenaz III. graduko pausuren egin  ertzetik.
  • Maupas: Izen bereko pasabideak esposizio pixka bat du, baina erraza da (I).
  • Boum: Azken tximiniak (II) esposizio pixka bat du eta bertikala da.
DENBORAK:
  • Granges d'Astau - Grand Quayrat : Bortz ordu
  • Grand Quayrat - Refuge du Maupas : Lau ordu
  • Refuge du Maupas - Pic de Maupas : Bi ordu
  • Pic de Maupas - Pic de Boum : Bi ordu
  • Pic de Boum - Vallee du Lis (lakuetatik) : Lau ordu
NOLA AILEGATU:
Baionan A64 autopista hartuta, Montrejeau eta Luchongo irteera arte segituko dugu. Hemen Luchongo norabideari segika bertaraino ailegatuko gara. Behin Luchonen gaudela Col de Peyresourde mendatera igaten den errepidea hartu behar da Oô herrira doan bidegurutzera ailegatu arte. Oô herria gibelean utzi eta aitzinera segiko dugu errepide beretik Granges d'Astauko aparkaleku zabaleraino.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc

KRONIKA:
Iaz ezagutu nuen Maupaseko aterpe ingurua eta guziz liluratuta utzi ninduen tokia izan zen. Crabiouleseko zirkuaren izkina batean kokatutako aterpe hau Pirinioetako berezienetan sartuko nuke hotela baino goi-mendiko aterpe izaten segitzeagatik. Horrez gain, kokatua dagoen parajea ere ederra da arras. Inguru hartan igan gabe nituen mendi pare bat igateko eta leku berri batzuk ezagutzeko asmoz diseinatutako ibilbidea da hau, Oo eta Liseko bailara xarmangarriak lotuz.

2024/08/03
8:05 : Granges d'Astau (1139m)
Gaua bertan pasatuta, behe-lainopean utzi genuen aparkalekua. Hala ere, bagenekien goiti eguraldi garbia harrapatuko genuela.


Oo lakurainoko bidea hartuko genuen egunaren hasmentan, zabala eta erosoa da. Bide hau GR11arena ere bada, eta beraz zuri-gorriz markatua dago.


Hezetasuna nagusi bailara hauetan... Zerbaitengatik mantentzen dira hain berde.


Arbolapean ibiliko ginen gehienbat hasmentako zati honetan.


Lakuaren urtegia eta aterpea lainopean eskuinetara utzi eta ezkerretatik altuera irabazten hasten da bidea.


Puntu honetatik goiti lainoa saretzen hasi zen eta inguru eder honetaz gozatzen utziko zigun.


Goitirakoan kasik ikusten ez zen aterpea beheitian gelditzen zen jadanik.


GR11aren bidea argazkiko Espingoko lepoa baino fiteago ezkerretara biratzen du. Gu leporaino ailegatuko ginen GRa alde batera utzita.


9:46 : Col d'Espingo (1967m)
Lepotik eskuinetara metro batzuk jaitsi eta izen bereko aterpea dago.  Denboraz ongi gindoazen eta geldialdia egin genuen bertan kafe bana hartzeko.


Geldialdian zerua garbitzen hasi zuen eta lehen eguzki izpiak ere agertzen hasi ziren. Aterpea utzi, lepora itzuli eta Grand Quayrat mendiaren bide arrunta hartuko genuen.


Bidexka hau lepotik beretik ezkerretara ateratzen dena da, eta ez zuzen metro batzuk galduta doan bide nabarmenagoa. Azken hau Portillongo aterpera joaten da.


Gu mendebaldeko orientazioa duten belardiak zeharkatuz altuera irabazten hasiko ginen bidexka estu batetik, eta hau desagertzean mugarriei segituz.


Punturen batean marka urdinak ere harrapatu genituen, harrizko zati bat pasatzean.


Honela zailtasunik gabeko bidexkatik lehen harresia gainditzen lagunduko zigun tximiniara ailegatu ginen. Zailtasun handik gabe gainditu genuen (I).


Tximinia iganda, harresiaren gainetik zeharkaldi bat egiten du bidexka estuak.


Eta mantso-mantso belardiak harkaitzei lekua uzten hasten dira.


Ingurua ere gero ikusgarriagoa bilakatzen da altuera irabazi ahala...


Bidexka zati eta harri-mukuruei segituz bigarren harresia gainditzeko tximiniara ailegatuko ginen. 


Aitzinekoa baino luzeagoa da, baina erraza hau ere.


Eta bigarren tximiniatik goiti kanal baten ondotik eskalada errazak eginez ailegatuko ginen lepora.


11:54 : Col IGN 2749m (2749m)
Honenbertzez, Oo eta Lis-eko bailarak bereizten diren lepoan ginen.


Lepoaren bertze aldean gero inguratuko genuen Crabiouleseko lakutxoa ageri zen.


Alde hartara jaitsi aitzinetik, ordea, Grand Quayrat kaskora joan-etorria eginen genuen. Horretarako, iparraldeko ertza gainditu behar genuen, mendiaren bide arruntena dena. Plaka etzan batzuk iganez hasten da...


Tarte ederrean oinez segitzeko...


Sasigailurra begien bistan...


Sasigailurreraino arazorik gabe ailegatuko ginen. Handik benetako kaskora arteko zatia da teknikoena, granitozko bloke erraldoien artean II. mailako eskaladatxoak egin behar baitira.


Sasigailurretik hegoaldera tximinia bat jaitsi eta balkoitxo batetik esposizio pixka bat duen zeharkaldia eginez hasi ginen. Berez balkoitxo hori gehiago argituta, kasik zailtasunik gabe ailegatuko ginateke kaskora, baina gu eskuinetara joz berriz ertzera atera eta III. graduko eskaladaren bat egin behar izan genuen.


12:50 : Grand Quayrat (3060m)
Kaskoan kokatua dagoen blokera igateko ere bertze eskaladatxo bat egin behar da (III+). Dena den, bloke hori igan gabe ere tontorrean zaudela erraten ahal da.


Tontorretik pixka bat hegoaldera egin genuen Portillongo zirku alderako ikuspegi ederrak gozatzeko.


Mendebaldean duela bi urte ibilitako Belloc, Spijeoles, Gourgs Blancs eta gainerakoak...


Berriz iparraldeko ertzaren zatirik teknikoena zeharkatu eta gailur polit hau agurtu genuen.


Espingo eta Saussateko lakuak kasko ingurutik...


Eta iparralderantz jaitsi ginen, igoeran zeharkatu genuen lepora.


Lepotik Lis-eko isurialdera pasatzea gehixeago kosta zitzaigun. Berez lepotik iparraldera segitzen duen gandor zatia mendebaldetik inguratzea da onena eta errazena. Guk gandorretik segitu genuen eta ekialdera deseskalada zail samar bat (III) egin behar izan genuen, eta ondoren gandorreko arrakala bateraino zeharkaldi bat.


Arrakala honetara erran bezala gandorraren mendebaldetik mugarriz seinaleztatutako bidea ailegatzen da, errazagoa dirudiena.


Behin arrakalan, zailtasunak akitu eta harri-blokezko zatia zeharkatzen hasi ginen Crabiouleseko laku aldera.


Lakua eskuinetara utzi eta jaisten segitu genuen tarteka ikusten genituen mugarriei Edo ardiek egindako bidexka zatiei segituz.


Sarbideko etxola eta Maupaseko aterpea lotzen dituen bide handiagoa hartu arte jaitsi ginen beheiti. Tarteka bidexketatik eta bertze tarteka belardietatik, baina galbide handirik gabe. Behin bide nagusira aterata Crabiouleseko zirkua zeharkatzeari ekin genion.


Zentral elektrikoak elikatzeko egindako ubideari segitzen dio gehienetan bideak, batzuetan uraren kanaletik beretik. Erran bezala Crabiouleseko zirkuko magalak zeharkatzen ditu kasik altuerarik galdu edo irabazi gabe.


 Gure ezkerretara biharamunean jaitsiko ginen Lis-eko aparkalekua genuen...


Bide nagusi hau zati batean segitu eta zirkua osorik zeharkatuta, trapu gorri batean marraztutako seinaleak azken zatian Maupaseko aterpera joateko hartu beharreko bidea erakusten digu.


Bidexka nagusi laua utzi eta 100 metro pasatxoko malda gainditu beharko genuen argazkiko ertzera ateratzeko.


16:09 : Refuge du Maupas (2430m)
Ertzetik lau pausu eman eta aterpean ginen.


Arratsaldea egonen eman genuen aterpearen ondoko laku bazterrean: bainu bat, garagardo bana... Maupas biharamunera arte agurtu eta afalondoan lotara!


2024/08/04
7:11 : Refuge du Maupas (2430m)
Bigarren eguna zoragarri ernatu zen, eta aterpeko ikuspegi zabala egunsenti gorrixkak jantzi zuen.


Iaz Sarneseko etxola ingurutik argazkian ikusten den bidean beheiti jaitsi ginen.


Gosaldu eta aterpe gibeletik hegoalderako bidea hartu genuen. 


Maupaseko aterpe ederra bertze bat arte agurtuz...


Zirkuaren bertze puntan bezperan igandako Grand Quayrat mendia ikusten genuen, iaz egondako Crabioules eta Lezat mendiez gain.


Guk erran bezala hegoaldera egin genuen. Mugarri lerro aunitz daude segitzeko, baina denek leku berera eramaten dute. Argazkian Maupas eta Tusse de Maupas mendiak ageri dira. Lehena ezkerretik inguratuko genuen bi gailurren arteko pasabidearen bila.


Inguratzen...


Tusse de Maupas eta Maupas arteko Lepora aterako ginen eta gero bertatik Maupaseko pasabide ezagunera.


Pasabide hau ez da bertze munduko deus. Esposizio pixka bat duen balkoitxo batetik tximinia batera jo eta hau igatea da. 


Ekialdean mendien itzalak...


Behin pasabidea gaindituta, mendiaren iparraldeko magaletik erraz iganen ginen.


Iazko abenturak gogoan...


Azken eskaladatxo errazak eta kaskoan...


8:43 : Pic de Maupas (3109m)
Ordu eta erdi eskasean eguneko lehen kaskoan ginen.


Taldeko argazkia...


Perdiguero aldera... Oraindik egon gabea naiz bertan...


Mendebaldean Crabioules, Lezat, Grand Quayrat, Gourgs Blancs... Mendigune honetako aukera zabala da.


Ez ginen sobera egon kaskoan. Berriz gure urratsetatik beheiti abiatu ginen oraindik ibilaldi luzea baikenuen aitzinetik.


Maupaseko pasabidea jaitsi eta aterpe aldera segitu ordez, Boum aldera zeharkaldia abiatu genuen. Hura igatea zen hurrengo asmoa...


Antzinako glaziarra kokatua zegoen magal harritsuak zeharkatu genituen ekialdeko norabidean. Tarteka mugarriren bat edo bertze ikusten genuen, baina bide argirik gabeko parajea da.


Maupas gibelean utzi genuen...


...eta Boum mendiaren ipar-mendebaldeko paretzarraren azpian kokatu ginen, Boum glaziarrean.


Bertara ailegatzeko biderik errazenak ipar-ekialdera erortzen den ezproia inguratu eta Mail Barrat izeneko zirkuan goiti egiten du.


Behin zirkuan sartuta mugarriei segituz arestian aipatutako ezproiaren gainera aterako ginen.


Eta ezproitik goiti azken zatian plaken arteko ahulguneak bilatuz eskaladatxo errazak egin behar dira.


Altuera hartzen hasiko ginen gibelean Mail Barrat eta bere glaziar ttipia utzita.


Honela, azken pasabide bertikalera ailegatu ginen. Ipar-mendebaldeko isurialdera esposizio pixka bat duen tximinia motza da (II).


10:55 : Pic de Boum (3006m)
Ibilaldiko hirugarren eta azken kaskoa arras polita iruditu zitzaigun eta bertze biak baino ezezagunagoa.


Egonaldi motzaren ondotik, beheitirakoari ekin genion. Igandako bide beretik jaitsiko ginen Mail Barrateko zirkuaren azpiko alderaino.


Eta handik iparraldera zuzen jaisten segituko genuen blokeen artetik. Puntu horretatik Maupaseko aterpera ere itzultzen ahal ginen, baina gure asmoa Lis bailarara lakuen itzulia eginez jaistea zen.


Jaitsi ahala, eskuinetara genuen ertza arrakala batetik zeharkatu beharko genuen. Arrakala argazkian eskuineren ikusten dena da. Eguraldi garbiarekin erraza da harrapatzea, baina lainotuta badago bertze kontu bat izanen da, ez baitago mugarri handirik bidean.


Ertza zeharkatu gabe beheiti segituko bagenu, Lac Bleu eta Lac Vert lakuetara jaitsiko ginateke.


Irudiko tximinia erraza (I) iganda ailegatuko ginen Graueseko ertza zeharkatzeko arrakalara.


Eta arrakalaren bertze aldean segituko genuen "bidea". Bide argirik ez dago egia erran. Ezkerreko Charles izeneko lakura jaitsi ordez diagonal luzea marraztuko genuen harrizko bloke guziak zeharkatu eta bi harresiren artean irekitzen den balkoi gisako bat hartzeko.


Charles lakura jaistea ezinezkoa da harresi handiz inguratuta baitago.


Baina harresien artetik doan balkoi honetatik ekialdera segitzeak ez du zailtasunik. Hori bai, balkoi honen sarrera harrapatzea ez da hain erraza. Gure gibelean Graues ertza zeharkatzeko erabili genuen arrakala ere ageri da, ertzeko tontortxo handienaren ezkerreko aldean dagoena da.


Hartu berri genuen balkoitxoa segituz Port Vieil lakura ailegatuko ginen.


Argazkian ikusten ahal dira Port Vieil lakua, lepoa eta mendia (azken hau Mail Pintrat izenez ere ezagutua) . Lepo horretatik Benasqueko bailarara pasatuko ginateke.


Gu, ordea, lakuaren ertzetik pasatu eta ezkerretara malda bat pasatuta Celinda lakura joanen ginen.


Eta Port Vieil laku ingurua ederra bada, zer erran Celindari buruz...


Estauas edo Gorgutes izenez ezagutzen den mendi puntaduna azpiko zirkuan kokatua, paradisu ttipi bat da Celinda. Pirinioetako hamar laku ederrenen artean sartuko nuke. Zein ote dira bertze bederatziak? Auskalo, pentsatu behar... 


Paraje eder hau agurtu eta lakutik iparraldera belardien artetik doan bidexka nabarmena segitzen hasi ginen.


Poliki-poliki igan berri genituen mendien bertze perspektiba bat genuen.


Iparraldera egiten duten bizkar leunen gainetik lasterka pixka bat egiteko baliatu genuen.


Ikusgarria lekua...


Bailaratxo horretatik jaitsiko ginen pixka bat geroago Liseko aparkalekura.


Gure eskuinetara Sacroux mendia utzi genuen, duela bi urte eskiekin igandakoa.


13:36 : Col de Pinata (2152m)
Eta lepoa zeharkatuta mendebalderantz biratu ginen bidexka sigisagatsuan beheiti jaisteko.


Inguru berdeak...


Coumeko etxolaren ondotik pasatu ginen...


...eta azken zatian eguzkitik babestuko gintuen basotxo politetik ibiliko ginen.


14:20 : Vallee du Lis (1130m)
Liseko aparkalekuan akitu genuen ibilaldi bikaina. Beno, akitu, oinezko zatia akitu genuen; autoaren bila Ooko bailarara auto-stop eginez itzuli beharko baikenuen. Baina hori bertze kontu bat da...

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina