EGUNA: 2024/08/27
ABIAPUNTUA: Fer a Cheval (1332m)
ZAILTASUNA: Nahiko erraza (PD-)
IRAUPENA:
- Igoera : Lau ordu
- Jaitsiera: Bi ordu eta erdi
KRONIKA:
Bigarren mendi eguna Korsikan. Bezperan Punta Minuta mendira egindako igoera ederretik begiak behin eta berriz mendi dotore batera eskapatzen zitzaizkigun. Genbiltzen lekutik hegoaldera mendi bat bertze guzien gainetik altxatzen zen: Paglia Orba zen. Korsikako Cervino ere deitzen dioten gailur hau irlako ezagunenetakoa da, agian ezagunena Monte Cintu altuenaren gibeletik. Bertara igateko gogoa sartu zitzaigun eta Verghju lepora igaten den errepidetik goiti iganen ginela erabaki genuen; biderik arruntenetik, alegia. Bide honek gailurraz gain, Goloko bailara zoragarria ezagutzeko aukera emanen zigun.
6:37 : Fer a Cheval (1332m)
Gaua errepidearen bihurgune hetsian kokatua dagoen aparkalekuan pasatu eta lehen orduan abiatu ginen bezperan bezala. Eguerdirako ekaitzak iragarriak zeuden eta ez genuen haiek mendian harrapatzea nahi. Aparkalekutik beretik Ciuttulu di i Mori aterpera zuzentzen den bidea hartuko genuen.
Errepidetik abiatzen den bidexka goitiago Verghju lepotik datorren GR20aren bidearekin elkartzen da eta fite Raduleko etxoletara ailegatzen da.
Errekaren bazterretik altuera guti irabazten segituko genuen, bailararen sakonetik.
Autotik abiatu eta ordu eta erdi pasatxoan aterpera ailegatu ginen.
GRko ibiltari gehienak lekutuak ziren aterpetik ordu horretarako; eta beraz, lasaitasuna zen nagusi.
Sobera gelditu gabe, aterpearen gibeletik beretik goiti segitzen duen bidea hartuko genuen. Bide hau Paglia Orba eta Capu Tafunatu mendien arteko lepora igaten da.
Paglia Orbaren famarik ez du, baina Capu Tafunatuk harritu egin gintuen egun horretan; are gehiago, beranduago mendia aldez alde zeharkatzen duen zulo ikusgarria ikustean.
Eguneko helburua bertze hau zen ordea.
Aterpea gibelean uzten...
8:36 : Col des Maures (2155m)
Aterpetik lepora 15-20 minutuko bidea bertzerik ez dago. Bertan eskuinetara hartu eta Paglia Orba aldera eskaladatxo erraza (II) egiten hasiko ginen.
Nahiko fite arrakala honetara atera ginen...
...eta eskuinetara mendia igaten segitu genuen. Parean ikusten den dorre tentearen eskuinetara lepora aterako ginen zati hau guzia gaindituta.
Mugarriei segituz, eskaldatxo errazak oinezko zatiekin tartekatzen dira. Oro har, mendiaren mendebaldeko ertzetik igaten da bidea.
Altuera hartu ahala, Capu Tafunaturen zuloa ikusten hasi ginen gibelera begiratzean.
Urrunetik begiratuta, begi baten itxura hartzen genion. Irla honetara itzultzen bagara mendi horretara bisita egin beharko dugu.
Poliki-poliki konglomeratu gorrixkaz osatutako dorre kuriosoen artetik egin genuen goiti.
Hain zuzen ere, dorre horien arteko tximinia zabal honetan harrapatu genuen eguneko zailtasunik handiena. II. gradu inguruko eskaladatxo bat da eta nahi izanez gero parabolt batzuk ditu soka pasatu ahal izateko.
Tximinia gaindituta, eskaladatxo errazak egiten segituko genuen mendebaldeko ertz zabaletik.
Honela, sasigailurrera ailegatu ginen. Hasiera batean kaskoan ginela uste nuen, baina ordurako gu inguratzen zen lainoaren artetik parean altuago zen bertze puntu bat agertu zen. Sasigailurretik eskuinetara metro batzuk galdu eta bertara zuzenduko ginen.
Eskaladatxo errazen bat egin eta azken zatia oinez eginen genuen.
9:28 : Paglia Orba (2525m)
Harritzekoa bazen ere, aterpetik kaskorainoko bidean bikote bat bakarrik ikusi genuen eta tontorrean berean ere bakar-bakarrik izan ginen.
Gailurreko argazkia...
Lainopean ailegatu baginen ere, han ginen bitartean zerua garbitzen hasi zen eta ikuspegia irekitzen...
Mendebaldean Portoko golkoa ikusten zen, arratsalde horretan joanen ginen hara.
Iparraldean Monte Cintu erraldoia...
...eta bezperan igandako Punta Minuta.
Kaskoan egonaldi luze samarra egin genuen, denbora alde baikenuen. Ondotik, igandako bide beretik abiatu ginen beheiti.
Arazo handirik gabe jaitsi ginen zatirik konplexuenetatik...
Capu Tafunaturi argazki gehiago ateratzeaz gain, bere ekialdeko paretatik igaten den eskalada bide bat bilatzen ere aritu nintzen tarte batean.
11:14 : Refuge Ciuttulu di i Mori (1999m)
Berriz aterpera bueltan, kafe bat hartzeko geldialdia egin genuen behiti segitu aitzinetik.
Aterpetik beheiti igoerako bidearen ordez GRa segitzea erabaki genuen. Bide hau bailarara zuzenean jaitsi ordez, eskuineragoko bizkar batetik pasatzen da.
Bizkar honetatik Paglia Orba eta Capu Tafunatura ikuspegi ederra genuen.
Bizkarra utzi eta Goloko bailarara jaisten da segidan bidea eta goizean igandako bide berera ateratzen da.
Lasterka jaitsi ginen auto aldera zerua kolore mehatxatia hartzen ari zen bitartean.
Inguru polit hau agurtu...
...eta Raduleko etxoletan barrena, berriz ere goizean ibilitako parajeak zeharkatu genituen.
Radule...
12:29 : Fer a Cheval (1332m)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina