EGUNA: 2024/08/19
ABIAPUNTUA: Mittelberg (1632m)
ZAILTASUNA: Ertaina (5a)
IRAUPENA:
- Mittelberg - L'Avenue des Chamois : Ordu eta laurden
- L'Avenue des Chamois bidea : Hiru ordu
- LÁvenue des Chamois - Dent de Ruth : 45 minutu
- Dent de Ruth - Mittelberg : Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Euskal Herritik joanda, Suitzara Ginebratik sartuko gara. Horretarako Bordele-Clermont Ferrand-Lyon-Ginebra bidea eginen dugu autopistaz. Ginebratik Martigny hiriko norabidea hartu behar da, baina Leman lakua inguratua dugularik, Aigle herriko irteera hartu behar da. Aigletik goiti Mosseseko lepoan barrena Chateau-d'Oex herrira pasatuko gara eta hemendik Saanenera. Azken herri honetatik hartzen da Mittelberg lepora igaten den errepidetxoa.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Suitzako egonaldian eskalatzeko gogoz ginen eta bideak bilatzen hasiak ginen internetez. Harrapatzeko zailtasunak genituela, kasualitatez postal batean mendi harritsu bat ikusi genuen. Gastlosen mendigunea zen. Halako parajean eskalatzeko bideak egonen zirela konbentzituta, interneten behatzen hasi eta aukera aunitz zeudela ikusi genuen. Azkenean, aukera guzietatik Dent de Ruth mendia Avenue des Chamois bidetik eskalatuko genuela erabaki genuen. Ongi ekipatutako bide erraza da, gailur ikusgarri hau igateko aukera ematen duena.
9:05 : Mittelberg (1632m)
Lepoan berean pasatu genuen gaua, bide bazterreko aparkaleku ttipian. Bezperan egun eta gau osoa euritan pasatu ondotik, ederki bustita zeuden bazterrak ernatu ginelarik. Hori guti balitz, zerua hodeitsu ageri zen eta tenperatura ere freskoa zen ipar haizearen erruz.
Goitirakoan hetsia topatu genuen aterpea eta beraz kaferik gabe gelditu ginen. Beheitirakoan eginen genuen bisitatxoa zerbait hartzeko.
Aterpe inguruan akitzen da pista eta hortik marka zuri-gorrizko bidexkatik segitu genuen. Parean igatekoa genuen Dent de Ruth mendia ikustea hasi ginen lainoen artean erdi altxatua. Bertara igaten den bide errazena argazkian ezkerretara ikusten den lepotik goiti igaten da. Gu ere lepo horretatik pasatuko ginen bertze aldean dagoen eskalada bidera joateko.
Aterpe inguruak igoeratik...
9:51 : Izenik gabeko lepoa (1942m)
Aterpetik leporaino arras altuera guti irabazten da. Lohiz estalitako bidexkatik lepoa zeharkatu eta bertze aldera pasatuko ginen.
Lepoaren bertze aldetik iganen genuen eskalada bidea ikusten da. Dent de Savigny eta Dent de Ruth mendien arteko tontortxora ateratzen den plaka etzanetik igaten da Avenue des Chamois bidea. Bertara ailegatzeko metro batzuk galduko genituen bidexkatik.
Irristakor zegoen bidexka zati honetan eta tarte pare batean jaisten laguntzeko soka finko pare bat ere topatu genuen. Parean urrunago Pucelleseko orratzak ikusten genituen, inguru honek eskalatzeko duen bertze gune polit bat.
11:18 : Avenue des Chamois bidearen hasmenta (1897m)
Eguzkiari arroka idortzen denbora utzi genion eta berandu hasi ginen eskalatzen. 10 luzeko eskalada eginen genuen, balkoitxo batetik laugarren luzearen hasmentara ailegatuta. Bide originala honakoa da, baina gero beheitiago bertze hiru luze gehitu zaizkio.
- 1. luzea (4a,30m) : Belar eta harkaitz tarteak dituen III. graduko eskalada errazak eginez hasten da eta bukaeran plaka etzan leuna zeharkatzen da.
Lehen metro errazak (III) |
- 2. luzea (5a,30m) : Kanaltxodun plaka etzanetatik segitzen du hasmentan; baina gero, sabai baten azpian, eskuinetara dagoen bertze plaka batera pasatzeko bertikalago paratzen da bidea.
Bigarren bilkuratik lehenera |
- 3. luzea (5b,30m) : Bilgunetik eskuin metro pare bat egin eta goiti egiten du luzeak. Hasmentan helduleku onak dituzten plaketatik eta azken zatian irtengune bat ezkerretatik pasatzen da. Hor dago pasabiderik zailena.
Hirugarren luzea hasten |
- 4. luzea (4c,30m) : Bilkuratik ezker atera eta goiti egiten du plaka errazetatik.
Kanaltxodun plakak 4. luzean, eskalada gehienean bezala |
- 5. luzea (4c,30m) : Aitzinekoaren gisa hasten da, baina azken zatian ezkerretara zeharkaldi bat egin behar da pausu finagoekin, gehienbat pixkat bat jaisten delako.
5. luzea akitzen zeharkaldia eginez |
- 6. luzea (5a,30m) : Ezkerretara egiten den zeharkaldi polita da. Dena plaketatik, hasmentan kanaltxoak ditu, baina azken zatian leundu egiten da. Hori guti balitz, zati leunagoan hezeguneak zeuden eta fin eskalatzera behartu gintuen.
6. luzeko zeharkaldia, fina hezeguneen erruz |
- 7. luzea (4c,30m) : Bideak ezkerretara egiten segitzen du hasmentan, baina kanaltxo gehiago daude eta pixka bat errazagoa da beraz.
6. bilkuran |
- 8 . luzea (5a,30m) : Ezkerretarako zeharkaldia akituta, goiti egiten du bideak berriz. Kanaltxodun plakak bertze behin ere.
15:06 : Motteux Peteux (2105m)
Krokisaren azken luzea II.gradukoa denez, oinez egin genuen eta bidea akitzen den tontortxo honetara atera ginen. Honenbertzez, soka bilduko genuen ustez kaskoraino ez baikenuen erabili beharko.
Gailurrera ailegatu ginenerako lainoak bazterrak estaliak zituen berriz. Soka berriz bildu eta luze gabe jaisten hasiko ginen.
Jaitsiera konplexua duen mendia da Dent de Ruth, nahiz eta bide arruntena hortik pasatu. Gailurretik iparraldera metro guti batzuk jaitsita, argazkiko kanala (I+) jaitsiko genuen ekialdeko puntaren azpiko lepora.
Hortik eskuinetara (hegoalderantz) biratu eta harri solteak dituen kanal zabalago bat hartu behar da. Kanal hau amildegi batean akitzen da eta azpiko partean soka finkoz ekipatuta dago.
Kanala akitzen den puntutik ezkerretara segitu behar da esposiziodun zeharkaldi luze bati ekiteko. Zati batzuetan kablez eta sokaz ekiapatuta dago zeharkaldi hau eta eskerrak! Eskuinetara duen amildegia handia da, argazkietan ageri ez bada ere eta gainera, bidexka estua lohiz irristakor samarra zegoen. Arnesak oraindik jantzita generamatzanez, zinta batekin kablera lotu ginen zati batzuetan.
Zeharkaldia egin ahala, esposizio gutituz joaten da poliki-poliki.
Bizkar batera ailegatu eta hortik zuzenean goizean zeharkatu genuen lepora jaitsiko ginen. Tarte horretan zati bertikal bat jaisteko kateak, sokak eta grapak daude.
16:40 : Izenik gabeko lepoa (1942m)
Lepora atera ginelarik, zailtasunak akitu eta hatsa lasai hartu ahal izan genuen.
Belardi leunetatik eginen genuen paseotxoa bertzerik ez zitzaigun gelditzen aterperaino eta pista tentea handik autora.
16:56 : Grubenberghütte (1839m)
Aterpean zerbait hartzeko geldialdia egin genuen autora itzuli aitzinetik. Arras polita iruditu zitzaigun, ttipia eta ongi zaindua. Jende guti ibiltzen dela ematen zuen, inguruko mendiak ez baitira arras ezagunak. Guk, erraterako, ez genuen inor gurutzatu egun osoan zehar.
18:04 : Mittelberg (1632m)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina