2024/08/18

Pic Chaussy (2351m)

EGUNA: 2024/08/18

ABIAPUNTUA: Les Mosses (1537m)

ZAILTASUNA: Erraza (F)

IRAUPENA:
  • Igoera: Bi ordu
  • Jaitsiera (Lioson lakutik) : Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Euskal Herritik joanda, Suitzara Ginebratik sartuko gara. Horretarako Bordele-Clermont Ferrand-Lyon-Ginebra bidea eginen dugu autopistaz. Ginebratik Martigny hiriko norabidea hartu behar da, baina Leman lakua inguratua dugularik, Aigle herriko irteera hartu behar da. Aigletik goiti Mosseseko lepora igaten den errepidea hartuko dugu. Lepoan berean eski estazioa dago eta lepotik eskuin biratuta Lioson lakura igaten den errepide ttipitik iganen gara. Autoa asfaltoa akitzen den aparkalerkuan utzi behar da berez, baina errepide hau kilometro bat beheitiago hetsia zegoen egon ginelarik eta beraz beheitiagotik hasi ginen gu.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Valais eskualdea utzi eta iparralderago jo genuen Suitza barnealdea ezagutzeko asmoz. Vaud eskualdean paisaia erabat aldatu zen. Valaiseko mendi altu eta glaziarrak desagertu ziren, baina horien ordez azpiko bailararen edertasunak aunitz irabazi zuen: belardi berde leunak, ipuinetako herritxoak... Inguru honetan eman genuen bigarren egunean goiza lasai pasatu genuen euria zela eta, baina eguerdirako atertu eta Mosseseko lepotik ibilaldi motz bat egitea erabaki genuen.

Chaussy mendia Mosses ingurutik


14:39 : Les Mosses (1537m)
Laster-laster bazkaldu eta aterunea baliatzeko mendian goiti abiatu ginen. Normalean autoz egiten den hetsitako errepidetik egin genuen lehen zatia.


Inguru honen guziaren ezaugarriak izanen zituen eginen genuen ibilaldiak: zelai berdeak, han-hemenka pinu basotxoak, baserriak...


...eta azienda nonahi.


800 bat metroko errepide zatia gaindituta berezko aparkalekura ailegatu ginen. Hemendik ibilbide zirkularra egiteko aukera dago. Eskuinetara ateratzen den bidexkatik eginen genuen igoera eta Lioson lakutik jaisten den pistatik jaitsiera.


Bidea lehen zatian malda da eta pinu arteko bidexkan lohi aunitz harrapatu genuen. Arras irristakor zegoen zati hura. Behin zati tenteena gaindituta, Chaussy (parean lainopean), Triau eta Rionde mendiek hetsitako zirkutxora atera ginen.


Zirkutik bideak ezker egiten du eta 2079 metrora dagoen lepo izenik gabeko lepo batera ateratzen da.


Lepotik Lioson aldera jaisten hasteko aukera dago, baina nahiz eta euria hasi guk Chaussy mendiraino joan-etorria eginen genuela erabaki genuen. Eskuin hartu eta bidexka nabarmenetik goiti hasi ginen.


Malda tenteagoak gainditu eta gandorrean 2298 metrora dagoen lepo batera atera ginen. Hemendik eskuinetara biratu eta ertzeko bidexkatik minutu gutian zapalduko genuen kaskoa.




15:55 : Pic Chaussy (2551m)
Gailurretik ez genuen inolako bistarik, eta beraz argazki bat atera eta beheiti abiatu ginen.


Goitirakoan zeharkatutako bi lepoetatik jaitsi eta bigarrenean eskuin hartuko genuen Lioson lakura jaisteko.


16:29 : Lac Lioson (1848m)
Bidexka erosotik segidan izanen ginen laku polit honetan. Ingurua lainotua egonda ere, aunitz gustatu zitzaigun laku hau.


Laku bazterrean Lioson d'en Haut izeneko aterpe-jatetxea dago. Egun horretan inguruan ez zebilen jenderik, baina suposatzen dut leku ezaguna eta jendetsua izanen dela udan.


Lakua agurtu...


...eta bertara ailegatzen den pistatik beheiti egin genuen autorainokoa. Hala, egun euritsu eta grisari kolore pixka bat paratu ahal izan genion.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina