2024/08/30

Punta Scaldasole (2100m)

EGUNA: 2024/08/30

ABIAPUNTUA: Campu di Neve di Val d'Esi (1615m)

ZAILTASUNA: Erraza

DENBORAK:
  • Igoera (ertzetik) : 2 ordu
  • Jaitsiera (Pozzitik) : 2 ordu
KRONIKA:
Azken mendi eguna Korsikan. Ilunabarrean itzulerako itsasontzia hartu baino lehen Bastelica aldean geundela baliatuz, Val d'Esi eski estaziora hurbildu eta bertatik ibilbide hau egin genuen. Irlan hegoalderago kokatua dagoen Monte Rotondoko mendigune honetan paisaia hezeagoa eta leunagoa harrapatu genuen iparraldean baino. Pozziko putzuak kokatuta dauden zelaiak bisita bat merezi du.

11:14 : Campu di Neve di Val d'Esi (1615m)
Berandu abiatu ginen eski estaziotik. Berez egun horretan ez genuen mendian sobera ibiltzeko intentziorik eta bezperan Bastelican argazkiren batean ikusita Pozziko lautada bisitatzea zen asmoa.


Eski estazio xume honetan ez dago ez teleaulki, ez telekabinarik. Klima aldaketa garai honetan zenbat elur eginen duen ez dakit, baina bere xarma bazuen egia erran.


Estaziotik ezkerretara igaten den teleskiaren azpiko pistatik egin genuen lehen zatia. Inguruan belardi zabal eta berdeak genituen, iparraldeko mendiguneetan baino aise hezeagoak, baita pago eta haritzak ere.


Teleskia 1943 metrora dagoen bizkar honetara igaten da. Hori da estazioaren punturik altuena. Bertatik parean genuen bidexka segituko genuen.


Bidexkak bertze malda bat gainditu eta bigarren bizkar honetan utzi gintuen.


Seinaleari kasu eginez, guk ezkerretara hartu genuen Scaldasoleko lepo aldera.


Hortik Scaldasoleko ertz luzearen gainera atera eta aldez alde zeharkatuko genuen izen bereko mendiraino.


Gure ezkerretara Bastelica herria ikusten genuen, baita Aiacciu hiriko golkoa ere urrunean.


Ertza kasik laua da eta lasterka egiteko aukera eman zigun.


12:03 : Bocca di Scaldasole (1949m)
Lepo honetatik eskuin hartuta berez gure eguneko plana zen Pozziko zelai politera jaisteko aukera genuen. Azkenean, ordea, ibilbidea luzatzeko Scaldasole izeneko kaskoraino segitzea erabaki genuen eta handik Bocca della Calle izeneko lepoan barrena zirkularra egitea.


Hortik aitzin bidexka ezta hain zabala, baina egoera onean zegoen. Parean genuen Scaldasoleko kaskoa.


Bertara ailegatzeko azken metroetan eskuak erabili beharreko pausu errazen bat (I) pasatu behar izan genuen.


12:29 : Punta Scaldasole (2100m)
Ordu bat eta laurden inguru eman genuen autotik gailurrera ailegatzeko.


Tontorrean sobera gelditu gabe, iparraldeko kaskora pasatuko ginen eta handik Calle izeneko lepora jaitsi.


Kaskotik harkaitz arteko metro batzuk galdu behar dira bi punten arteko lepotxora.


Eta iparraldeko puntara igateko ertz zati bat gaindit behar da.


Belar eta harkaitz tarteak ditu ertzak; eta jende guti ibiltzen dela nabari den arren, zailtasun handirik ez du.


Behin iparraldeko puntara ailegatuta (2094m), harkaitzak gibelean utzi eta belarrezko bizkar erosotik jaitsiko ginen Calleko leporaino.


12:54 : Bocca della Calle (1946m)
Lepotik eskuinetara biratu eta markatutako bide zabaletik jaitsiko ginen Pozziko zelairaino.


Lasterka egiteko tarte aproposa hau ere...


Zezenak larre politean bazkatzen...


Bideak harkaitzezko harresi bat jaisten du eta belardi zabaletan barneratzen da.


Bertze malda bat jaitsi eta Pozziko lautada zabalera ailegatu ginen.


13:15 : Pozzi (1781m)
Ur-putzu eta meandroz osatuta hezegunea da Pozzi, leku berezia arras. Sarreran erran bezala bisitatzea merezi duten leku horietakoa.


Inguru honetan jende gehiago ikusi genuen, berez hona etortzen diren bisitari gehienen helmuga hau izaten baita.


Lautada osorik zeharkatu genuen Pozziko artzain-etxolaraino...


Bertan ura hartu eta horiz markatutako bidexkatik Esi aldera itzuliko ginen.


Hasieran bideak etxoletatik metro batzuk galtzen ditu, eta gaztain eta pagozko baso politean barneratzen da.


Iparraldeko pinudiekin zerikusi guti duten parajeak dira.


Euskal Herrikoen iduri gehiago dutenak...


Basoan goiti-beheiti batzuk egin eta gero, bideak hegoalderantz egiten du.


Barnetik egoera onean zegoen etxola honen ataritik pasatu eta...


...eski-estazioraino jaitsiera etzana eginen genuen.


14:49 : Campu di Neve di Val d'Esi (1615m)
Hala akitu genuen Korsikako egonaldia, baita udako oporraldia bera ere. Hondartzaz eta turismoaz gain, Korsikako mendietan ere zer egina badela argi gelditu zen.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina