2024/09/14

Bisaurin (2667m) eta Fetas (2539m), Agullas de la Balellaza (6b, 350m) bidetik

EGUNA: 2024/09/14

ABIAPUNTUA: Refugio de Lizara (1540m)

ZAILTASUNA: 6b , 350m


DENBORAK:
  • Refugio de Lizara - Agullas de Balellaza : 2 ordu
  • Agullas de Balellaza eskalatzea : 4 ordu
  • Agullas de Balellaza - Bisaurin : Ordu eta erdi
  • Bisaurin - Reefugio de Lizara : Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Iruñetik Esako urtegia inguratuz Jacako bidean, Puente la Reina de Jaca herriraino ailegatuko gara. Hemen ezkerretera biratu Hecho aldera. Jasa eta Aragües del Puerto herriak gibelean utzi eta gero, pista asfaltatu batek Lizarako aterpe politeraino eramanen gaitu.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Agullas de Balellaza Bisaurin mendigunearen ekialdean kokatua dagoen orratz-multzoa da. Bertan hainbat eskalada bideren artean orratzak aldez alde zeharkatzen dituen bidea dago, duela urte batzuk Sendero Limite talde ezagunak ekipatua. Jostaleku bikaina da, eskaladaz gozatzeko lekua, eta akituta oinez Bisaurineko kasko ezaguna bisitatzeko aukera ematen duena.

8:36 : Refugio de Lizara (1540m)
Gaua freskoa Aragües del Puerto herri ondoko aparkalekuan pasatu eta goizean igan ginen aterpe aldera. Bertan kafea hartu eta hurbilketari ekin genion.


Hasmentan Foraton lepora igaten den bidea hartu genuen; GR11aren bidea, hain zuzen ere.


10 bat minutuz ibilita, eskuinetara Estanes lakura doan bidexka ateratzen da. Hau hartuko genuen...


Bidea Oldecuako aterpe librearen ondotik pasatzen da...


...eta Bernera eta Bisaurin mendien artean irekitzen den errekara jotzen du.


Erreka edo bailara hau kasik osorik iganen genuen.


Gure eskuinetara Berneraren harresitzarrak utzi... Leku ederra da arras!


Eta bidean goiti egin ahala, lehen aldiz gure eskalada eremua izanen zen Balellazako ertza bistaratu genuen.


Bertara zuzenean jo gabe bidexkatik iparralderantz segituko genuen.


Tarteka geroxeago eskalatuko genituen paretei erreparatuz...


Bidexka nagusia irudian ikusten den Forestales aterpearen ondoan utzi behar da.


Bertara ailegatzear ginela, ezkerretara harkaitz arteko terrazatxo bat hartu genuen, bide jakinik gabea. Hori bai, tarteka mugarriren bat edo bertze ikusiko genuen.


Hegoalderantz zati bat egin genuen harresi baten azpitik eta harresiaren ahulgunea harrapatuta bertatik igan ginen. Azpian ikusten den kanal hori da aipatu ahulgunea.


Harri xehezko malda tentea igan eta eskalada bidearen hasmenta den tximinia nabarmenera ailegatuko ginen.


Bertan trasteak prestatu eta eskaladari ekin genion. Bederatzi luze eta bi rapel eginez eskalatu genuen bidea:
  • 1. luzea (6b, 40m) : Eskalada bidearen hasmentan dago bide osoko pausurik zailena. Tximiniaren lehen metroak igatea da. Ezkerreko plakan laguntzeko kordel bat dago, A0 moduan igateko. Modu horretara V+ zailtasuna ematen diote. Dena den, gorputza tximinian sartuz eta bertan trabatuta dagoen harkaitz soltetik eskuin besoarekin tira eginez pausua eskalatzea lortu nuen. Pausurik zailena gaindituta, koska bertikalagoak eta zati errazak tartekatzen dira tximinian.

  • 2. luzea (4b , 50m) : Luze bakarrean bidearen bigarren eta hirugarren luzea lotu genituen. Bilgunetik atera eta eskuineko tximiniatxo bat eskalatuz hasten da luzea. Hortik aitzin pareta etzan egiten da eta itsaskortasun pausuak eginez plaka bat gainditu behar da. Bilgunean ertzean berean dago.
  • 3. luzea (4b , 35m) : Hortik aitzin eskalada ertzetik da. Oro har, harkaitz oneko eskalada da, erraza eta ikusgarria. Bilgunea ertzaren arrakala batean kokatua dago.
  • 4. luzea (3c , 40m) : Aitzineko luzearen gisakoa da, baina pixka bat errazagoa.

  • 5. luzea (4c , 20m) : Hau ere ertzetik igaten den luzea da. Erraza.

  • 1. rapela (8m) : Ertzeko hiru luzeek orratz estu baten tontorrean uzten gaituzte. Hortik ondoko arrakalara rapel motz bat egin beharra dago.

  • 6. luzea (5b , 30m) : Bigarren orratz baten puntaraino eramaten gaituen luzea da. Tximia batetik hasten da eta eskuineko bertze batera pasatzean datza luzearen pausurik zailena. Bigarren tximinia honetatik orratzaren gaineraino segituko dugu.

  • 2. rapela (15m) : Bigarren orratzetik arrakala zabal batera jaisten da. Eskalatuz jaisteko modukoa da, baina guk badaezpada rapela muntatu genuen.

  • 7. luzea (5b , 40m) : Eskalada bide osoaren luzerik ikusgarri eta ederrena da. Dorre batean goiti eramaten gaituen eskalada, V. graduan mantentzen da eta zangopean amildegia du. Dorrearen akabailan, ezkerretara dagoen erlaitz batean dago bilgunea.


  • 8. luzea (4c , 40m) : Aitzineko luzeko dorrearen azken zatitxoa eskalatzen da bilgunetik eskuinetara aterata. Lehen metroetan dago zailtasunik handiena eta gero ertza etzan egiten da.

  • 9. luzea (4b , 35m) : Bilgunetik aterata orratz ttipi bat ezkerretik inguratzen da eta gero ertz etzanetik eskalatuz segitzen da. Arras erraza. Azken luzea da.

9. bilgunetik (bideko 10.a) ensanblean segitu genuen. 


Metro batzuk eginda, tontortxo baten gainera atera ginen eta kasu emanez bertze aldera pasatu eta lepotxo batera jaitsi ginen. Hortik zati estu bat zeharkatu eta belarrezko malda bat igan genuen bigarren tontortxo batera.


Belarrezko zati honetan katu oinak kendu eta zapatilak paratu genituen. Lehenago ere egiten ahal genuen aldaketa, baina...


Bigarren tontortxora ailegatzen...


Bigarren tontortxotik eskuinetara pareta motz baina bertikal bat jaitsi behar da. Soka finko bat dago paratua jaisten laguntzeko.


Paretatxoa jaitsita, berriz zati estuago batera ailegatu ginen. Ertza bertan akitzen da. Gure ezkerretara genuen inbutu itxura maldatik beheiti jaisteko rapel lerrora ailegatzen omen da. Gu, Bisaurin kaskora joateko asmoa genuenez, azken zati estua zeharkatu eta belardi batera ailegatu ginen.


Belardian eskalada trasteak bildu eta oinez segitu genuen goiti.


Gure gibelean Plana Mistresa zelaitxoa,Bernerako lepoa eta Sarrios bailara inguruak utziko genituen.


Malda bat iganda, bizkar zabal batera atera ginen.


Harri xehez tapatutako bizkar erosotik goiti segituko genuen mendebalderantz.


Bertze malda bat igan eta bidexkak Fetas mendia iparraldetik inguratzen du.


Tontorra bidexkatik hurbil gelditzen denez, bertaraino igatea erabaki nuen. Malda motz bat igan eta sasigailurrera atera nintzen. Bertatik benetako kaskoa metro gutira nuen. Ikusten den 3 bat metroko ezproitxoa eskalatuz ailegatu nintzen. Zati hau ezkerretik inguratzen ahal da errazago igateko.


14:55 : Fetas (2539m)
Fetas mendiaren gainetik Bisaurinera ailegatzeko falta zitzaigun azken zatia ikusgai nuen.


Gailur polit eta ezezagun hau utzi, eta bi tontorren arteko leporaino jaitsi ginen bizkar zabaletik.


Lepo honetik Bisaurinen ipar-ekialdeko magalera pasatuko ginen eta Plana Mistresatik igaten den bidearekin elkartu. Azken metroak hartxingadi tente batetik egiten dira isurialde honetatik iganez gero.


Ekialdeko sasigailurrera atera eta gandor erraza zeharkatzea bertzerik ez zitzagun falta.


15:23 : Bisaurin (2667m)
Arratsalde garbia lagun, ikuspegi zabala genuen Pirinioetako mendi ezagun honetatik. Argazkian erdialdeko Pirinio aldera Midi d'Ossau, Picos del Infierno, Balaitus...


Bigarrenez nintzen mendi honetan. Aitzinekoa 2010eko udaberrian izan zen, duela 14 urte.


Kaskotik Lizarako aterpera 1200 metroko jaitsiera genuen zain...


Agüerri mendiari argazki bat...


...eta bertze bat Castillo d'Acher aldera...


Jaitsiera bide arruntetik egin genuen. Gailurra utzi eta hego-mendebalderantz egin genuen malda zabaletik...


Ordura arte aski jende guti ikusia bagenuen ere, Bisaurinen bide arruntean mendizale aunitz harrapatuko genituen.


16:11 : Collado del Foraton (2016m)
Malda tentetik fite ailegatu ginen Foratongo lepora.


Eskuinetara Agüerri mendiari azken begirada bota...


...Bisaurin agurtu...


...eta GR11aren bidea hartuta aterperainoko azken zatia jaitsiko genuen.


16:48 : Refugio de Lizara (1540m)
Hala akitu genuen eskalada eta mendia konbinatuz pasatutako egun bikaina. Agullas de Balellazako ertza eskalatuz jostatzeko lekua da, ingurune zoragarrian kokatua dagoena.

 

BIDEOA:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina