2024/09/29

Foratata - La Joya del Gallego (6a+, 265m)

EGUNA: 2024/09/29

ABIAPUNTUA: Formigal (1617m)

ZAILTASUNA: 6a+ , 265m


DENBORAK:
  • Hurbiltzea: Ordu eta laurden
  • Eskalada: Hiru ordu eta erdi
  • Jaitsiera: Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Iruñetik Jakara joan eta hemendik Formigal eski estaziora joango gara. Herriaren goitiko partean dagoen aparkaleku ttipian utziko dugu autoa, Jaca eta Foratata karriken gaineko aldean.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Foratata mendia Tena bailarako sinboloa da eta baita eskalatzaileen mendi preziatua ere. Bere paretetan goiti igaten diren eskalada bide aunitz aurkitzen ahal ditugu. Horietako bat da La Joya del Gallego bidea. Mendiaren bi tontor nagusien arteko lepoaren ondoan dagoen puntatxo batera igaten da hego-mendebaldeko paretatik. Bide bertikala da, zailtasun orekatua duena eta arras ongi ekipatua, sobera aunitzen iritziz.

Hurbiltzea:
Formigal estazioko urbanizazioaren goitiko partetik beretik pista bat ateratzen da ekialderantz. Hori hartu behar da.


Pista akitzen den lekuan harri mukuruz markakatutako bidexka batek segitzen du.


Larreetatik goiti igaten da bidexka ipar-ekialdeko norantzan...


Mendiaren hegoaldera pasatzen da, Baladrias izeneko leporaino.


Hortik bide nagusia utzi eta ezkerretara ateratzen den bertze bat hartu behar da, bizkarrez bizkar igaten dena.


Lanuzako urtegia gibelean utziz...


Momentu batean bizkar nagusia utzi eta ezkerretara bide ttipiago bat hartu behar da, paretaren azpiko partera eramanen gaituena.


Eskalada:
Berez 10 luzetan eskalatzeko moduan ekipatua dago, baina guk 1. eta 2. luzeak eta 5. eta 6. luzeak elkartu genituen 8 luzetan eskalatuz:
  • 1. luzea (6a+, 35m): Erran bezala, luze honetan bidearen lehen eta bigarren luzeak elkartu genituen. Blokeen arteko arrakala batetik igaten da eta hasi eta fite tripatxo batek luzeari zailtasuna ematen dio. 1. luzearen bilgunetik ezkerretara hartu behar da plaka fin eta mantendu batetik. Luzeak elkartuta azken zatian sokak tiratu egiten du, beraz kontuan hartu aseguruak paratzeko momentuan.
  • 2. luzea (6a+, 25m): Bilgunetik atera eta eskuinetara iganen gara zeharka. Metro batzuk zuzen igan eta bilkurara ailegatzean eskuinetara pausu fin bat egin behar da.
  • 3. luzea (5c, 35m): Ezkerretara aterako gara sapaitxo bat inguratuz eta azken metroak belardi batetik eginen ditugu soka finko batez lagunduta.
  • 4. luzea (5c, 45m): Luze honetan bidearen 5. eta 6. elkartu genituen. Diedro bat iganez hasten da eta honen bukaeran ezkerretara pausu bertikal batetik atera behar da. Hurrengo zatian eskuinetarako joera hartzen du luzeak pareta bertikal bat eskalatuz.
  • 5. luzea (6a, 35m): Bilgunearen ezkerreko aldera aterako gara eta helduleku onak dituen zati erraza eskalatuko dugu. Bilgunera ailegatzeko eskuinetara itsaskortasun pausu zailago bat egin behar da.
  • 6. luzea (5b, 30m): Hemendik goiti harkaitza trinkoagoa da eta bidea pixka bat etzan egiten da. Harkaitz plakatik goiti kanaltxoen laguntzaz igaten da luze hau.
  • 7. luzea (5c, 40m): Itsaskortasun plaka ederra gainditzean datza. Arras polita.

  • 8. luzea (4c, 20m): Kanaltxoz osatutako plaka motz eta erraza.
Azken bilgunean Peña Foratata gibelean genuela


Jaitsiera:
Azken bilgunetik iparraldera Foratata mendira igaten den bide arrunta hartuko dugu.


Bide honek mendigunearen mendebaldeko partea inguratzen du.


Zeharkaldi luzea egin behar da horretarako hainbat tontortxo inguratuz.


Eskuineko aldean Barzapucherako lautadatxo polita uzten da eta urrunago Balaitus, Arriel eta enparauak...


Arriel...


Behin mendigunean inguratuta, Foratatako lepotik hegoaldeko isurialdera pasatuko gara.


Eta bertatik egiten da estaziorainokoa.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina