Orriak

Peyreget (2487m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Peyreget (2487m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2022/03/28

Peyreget (2487m)

EGUNA: 2012/03/27

ABIAPUNTUA: Parking de Cabane d'Araille (1725m)

ZAILTASUNA: S3

DENBORAK: 
  • Igoera: 2 ordu eta erdi
  • Jaitsiera: 45 minutu
NOLA AILEGATU:
Erratzutik aterata Behe Nafarroara pasatu behar da Izpegitik. Baigorritik Garazira jo eta hemendik Donapaleu aldera. Donapaleutik Sauveterre de Bearn aldera doan bidea hartu behar da, baina seinaleetan Oloron ikustean azken honetara joanen gara. Oloronetik Paue aldera hartu, baina hiria gibelean utzi eta gutxira Laruns eta Artouste aldera bideratzen gaituzten seinaleak ikusiko ditugu. Laruns gibelean utzi eta Portaleteko mendatea igotzeari ekinen diogu. Goiti ailegatu baino kilometro inguru lehenago dago gure abiapuntua.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Portaleteko sektorea ez da nire ingururik kuttunena mendi eskirako. Aukera aunitz eskaintzen ditu, Midiren itzalean paisaia polita ere bai; baina jendez lepo egoten da normalean, batik bat asteburuetan. Eguraldi iragarpen nahasia eta birus batek emandako errepasoa izan dira bertara bidean paratu gaituztenak. Helburua? Duela urte batzuk igandako Peyreget, Pombie aldetik igo eta Iouko lepo aldera jaitsiz. Bide anitza eta entretenigarria, erraza izateaz gain.

9:35 : Cabane d'Araille (1725m)
Errepide ondoan autoa utzi, eskiak bizkarrean hartuta metro batzuk jaitsi eta zubia zeharkatuta segidan paratu genituen eskiak oinetan. Hori da sektore honek uen abantailetako bat, eskiak fite ezartzen ahal direla.


Canal Roya eta Cuyalaret ezagunetarako bidea ezkerretara utzi eta eskuin biratuko ginen Peyreget mendia errreferentzia gisa hartuta. Zubia zeharkatu eta hego orientazioko malda leunetatik bidea bilatu behar izan genuen jadanik eskasten hasia den elurretik segitzeko.


Azpiko zatian elurrak jarraikortasuna zuen, gutigatik izan arren. Goitiago zati motz batean kendu behar izan genituen eskiak, Soum de Pombieko lepoaren  azpiko maldetan. Azken zatian jadanik elur geruza lodiagoa harrpatuko genuen. Gure gibelean iaz igandako Peña Blancako malda ederrak utzi genituen.


10:42 : Col de Soum de Pombie (2107m)
Ordubete pasatxoan eguneko lehen lepoan ginen. Toki honetatik Midi d'Ossauren ikuspegia zoragarria da. 


Foka-larruak kendu gabe pixka bat jaisten den zeharkaldia egin genuen Pombieko aterperaino. 


11:02 : Refuge de Pombie (2032m)
Aterpe ezagun honetara ailegatu gabe ezkerretara biratzen ahal ginen Peyregeteko lepora, baina hain hurbil egonda bertaraino segitu genuen bisitatzeko asmoz. Zati handia da neguan irekita uzten dutena: sarrera, jantokia eta gela bat.


Geldialde motzaren gibeletik aterpea utzi eta mendebaldekko norabidea hartu genuen Midiko paretazarren azpitik doazen malda politetatik.


Inguru honetatik Midiko bi gailurren paretek eta bien arteko Grande Raillereko korridoreak inpresioa eragiten dute. Hiru mendizale zebiltzan azken honen goitiko partean.


Jaitsiera ez genuen inguru honetatik eginen, baina malda hauek eskirako aproposak dira. Bertze baterako gelditzen da Peyreget Caillou de Socqueseko aparkalekutik igateko plana. Ederra izan behar du jaitsierak, 1100 metro ingurukoa.


Gailurra gero eta hurbilago ikusten genuen. Malda errazetatik ailegatuko ginen bertara.


Egunak aitzinera egin ahala mendiak hegoaldetik zetozen lainoz estaltzen hasi ziren mantso-mantso.



11:54 : Col de Peyreget (2325m)
Peyregeteko lepoan haize gogorrak eman zigun ongi etorria. Sobera gelditu gabe ezkerretara biratu eta malda etzanetatik gailurrera segitu genuen.


Azken maldan ere, bidean osoan bezala, elur guria harrapatu genuen eta zailtasunik gabe ailegatu ginen goitiraino. Pena bakarra inguratu eta ikuspenik gabe utzi gintuzten lainoak izan ziren.


12:19 : Peyreget (2487m)
Lainopean eta haizearekin gailurra ez zegoen bertan luze egoteko. Foka-larruak kendu eta jaitsierarako prestatu ginen ahal bezain fite. Denborarik galdu gabe mendebaldeko ertza jaisten hasi ginen eskiak paratzeko leku aproposa bat harrapatu arte.


Gailurreko eta ertzeko egonaldiak hormatuta utzi ninduten eta ez ginen nahi orduko eskapatu goitiko partetik. Hego-mendebaleko orientazioa duen gaineko malda esposizio handi samarra du. Kasu emanez jaitsi genuen zati hori eta Iouko lepora ailegatu baino lehen hegoaldeko malda ederretatik beheiti sartu ginen. Tarteren batean elurra motelago harrapatu bagenuen ere, oro har jaitsiera ona izan zen.


13:27 : Cabane d'Araille (1725m)
Errekaraino jaitsi ginen eskiatzen eta metro batzuk oinez egindako Aneouko zirku emankorra agurtu genuen. Eguraldia eta gure gorputz ahulak kontuan hartuta, ongi probestutako eguna bertze behin ere.

 

2013/04/14

Peyreget (2487m), Soum de Pombie (2134m)

EGUNA: 2013/04/14

IRTEERA: Parking de Cabane d'Araille (1750 m)

ZAILTASUNA: Igoera (PD) eta jaitsiera (S3)

DENBORAK: 2 ordu (Igoera)

NOLA IRITSI:
Iruñeatik Jaca aldera joan behar da eta Jacatik Formigal eski estaziorako norabidea jarraitu. Eski estazioa atzean utzita Pourtaleteko lepora igoko gara eta iparraldera kilometro bat jaitsita autoa errepide bazterrean utziko dugu.

DESKRIBAPENA:
Eguraldi zoragarriko asteburuaz  disfrutatzeko Pirinioetara hurbildu ginen bertze behin. Larunbatean Aspera igotzen saiatu ondotik (lepoan buelta hartu genuen lainoagatik), iganderakp zerbait motzagoa egitea erabaki genuen. Horretarako zonalde aproposa da Pourtalet ingurua. Kasu honetan Peyreget hautatu genuen baina goiz pasa egiteko mendi pila eskaintzen dizkigu. 

7: 27 : Parking de Cabane d'Araille (1750m).
Pourtaleteko benten artean gaua pasa ondotik, aparkaleku ingurura jaitsi eta goiz abiatu ginen eguerditik aitzin iragartzen zuten elur-jauzi arriskua saihesteko. Asmoa Peyreget iparraldetik igotzea zen gero hegoaldeko maldetatik jaisteko. Midi d'Ossau eta Peyreget abiapuntutik.



Metro batzuk jautsi, erreka zeharkatu eta Soum de Pombieko lepora eramango gintuen malda gogorra igotzen hasi ginen.


Leporako bidean Aneouko zirkuko gailur politak genituen gibelean.


Aitzineko eguneko elur-jauzien tartetik pasa ginen. Ez ziren handiegiak baina susto bat emateko nahikoak...


8:31 : Col de Soum de Pombie (2129m).
Lepora ailegatuta Midi d'Ossauren iparraldeko paretak egiten zigun ongi etorria. Ikusgarria baita Petit Midi eta Midi tarteko korridorea. Batzuk hori eskiekin jaisten dutela ere...


Eskiatzaileak lepora ailegatzen...


8:38 : Soum de Pombie (2134m).
Tita batean lepotik ondoko gailurtxora doan kresta zabal eta errexa gainditu nuen. Bista gailurtxotik Pourtalet ingurura.


Midi d'Ossau eta Peyreget Soum de Pombietik.


Segidan Pombieko aterperantz jarraitu genuen malda bat zeharkatuz.


Pombiera iritsi aitzinetik ordea, mendebaldera biratu eta Peyregeteko lepo aldera jo genuen. Gailurra gero eta hurbilago ikusten zen.


9:35 : Col de Peyreget (2300m).
Lepoaren mendebaldean Ayouseko lakuen zonaldea.


Iparraldean berriz, Midi handia.


9:52 : Pic de Peyreget (2487m).
Lepotik hegoaldera biratu eta gailurrera falta zitzaigun malda igo genuen.



Ikuspegia Aspe (bezperan kasik bere gailurrean izan ginen, laino madarikatuagatik izan ez balitz...) eta Bisaurin aldera.


Hegoaldean Anayet eta Canal Roya ezagunak bertzeak bertze.


Mendebaldean berriz, Lescuneko mendiak: Auñamendi, Hiru Erregeen Mahaia, Petretxema, Acherito...


Eta hau???

Argazki sesioa bukatu, zerbait jan eta beherakoari ekin genion. Elurra gogor xamar baina disfrutatzeko modukoa.


Peyregeteko hegoaldeko malda ederra jaitsi eta gero.


Hortik aparkalekurako bidea ziztu bizian egiten da elur gogor xamarra harrapatuz gero behintzat. Apirila izateko elur pila ederra dago.


Egunaren bukarean igotako mendiarekin. Bertze bat arte!!