2021/06/17

Ezkaurre (2045m)

EGUNA: 2021/06/13

ABIAPUNTUA: Argibielako lepoa (1297m)

ZAILTASUNA:
Zaila (D, 800m). Ertz luzea da eta teknikoki zaila izan ez arren zertxobait eskalatu behar da (IV+).

DENBORAK:
  • Argibiela - Ertzaren hasiera : Ordu erdi
  • Ezkaurreren ipar-mendebaldeko ertza : 4 ordu
  • Ezkaurre - Argibiela : Ordu eta laurden

NOLA AILEGATU:

 Erronkari ibarrera joateko Iruñetik Pirinioetako Autobidea hartu eta Irunberrira joan behar da. Hemendik Zaraitzuko bailarara doan errepidea hartu behar da Nabaskoize herrian utzi eta eta Burgi aldera jo arte. Coronaseko lepoa zeharkatu, Erronkarin sartu eta bailara igotzeari ekinen diogu. Izabatik goiti, Belaguan barneratuko gara eta adi egon beharko dugu kilometro gutxira eskuinetara Zurizara doan errepidetxoa hartzeko. Errepide honek utziko gaitu abiapuntutzat izanen dugun Argibielako lepoan.

ARRASTOA:

Powered by Wikiloc


KRONIKA:

Mendietara igotzen garelarik, gailurra aitzakia bertzerik ez da izaten aunitzetan eta bideari ematen diogu garrantzia. Nire ustez behintzat, bideak ematen dio edertasuna tontorrari, azken hau ateraldia borobiltzeko aitzakia delarik. 

Ezkaurre Euskal Herriko Pirinioetako mendi ezaguna da, mendilerroaren hegoaldean kokatua dagoena. Bertara ailegatzeko biderik motzena Argibielako lepotik GR11 bideari segituz egiten dena da. Bertatik igotzeak baino xarma gehiago du ordea Zurizaren goitiko aldean altxatzen den ipar-ekialdeko ertz dotoretik egiteak. Aspalditik agendan nuen bide hau ezagutzeko aukera izan nuen joan den asteburuan.

8:09 : Argibielako lepoa (1297m)

Gaua lepo inguruan eman genuen eta egun beroari aurre egin nahian goiz mugitzea erbaki genuen. Lepoa utzi eta Ezkaurreko gailurretik pasatzen den GR11 bidea hartu genuen.

Abiatu eta metro gutxira igoko genuen ertz ikusgarria bistaratu genuen. Puntu horretatik gero dena baino aise bertikal eta zailagoa ematen du.

 

Basotik doan bidean erne egon behar da harri-mukuru hau ikusi eta ertzaren azpiko aldera eramanen gintuen bidexka harrapatzeko.

 

Zeharkaldi batek ertzaren azpian paratu gintuen.


Zailtasunak puntu honetan hasten dira, beraz materiala jarri eta goiti abiatu ginen.


Ertzaren lehendabiziko zatia ez da konplikatua. II-III. graduko pausuak tartekatzen dira ibili beharreko zatiekin eta asegururik paratu gabe egin genuen. Zati batzuetan erorketa handia da hala ere eta kasu eman beharrekoa da.


Zatirik teknikoenera ailegatu ginen horrela eta hiru luze egin genituen:

  • 1. luzea (4b , 35 metro): Plaka etzan baten erditik arrakala batetik egiten da. Lau txapa daude aseguratzeko eta bilera plakaren amaieran pixka bat eskuinetara eginda aurkituko dugu.
0 bileran

Plakaren erdian dagoen arrakalan sartzen. Aseguru guziak eskuinetara harrapatuko ditugu.

1. bilerara ailegatzeko plakaren amaieran pixka bat eskuinetara jo behar da


  • 2. luzea (4b , 25 metro) : Bigarren luzea bileraren gaineko aldean dagoen plakatxo etzana gainditu behar da. Bileratik atera eta lehen metroetan aurkituko ditugu zailtasun bakarrak eta hor daude kokatuta txapa bakarrak. Gero oinez ailegatuko gara bigarren bileraraino.
  • 3. luzea (4c , 30 metro) : Hau da ertzari zailtasuna ematen dion luzea. Helduleku guti dituen plaka etzana da honakoa ere eta kasu honetan txapa bakarra ikusi genuen. Berez bileratik zuzen atera eta txapatik pasatu eta gero ezkerretara jo behar da bavaresa moduko pausu bat egiteko. Guk ordea eskuinetara jo genuen irudiko arbolaren gainetik pausu luze bat eginez. behin pausu hori eginda arazorik gabe bileraraino.
3. luzea, 4c edo IV+


Behin luze hau eginda elkarri lotzen gintuen soka askatu genuen, baina ez genuen bildu geroago rapel bat egiteko behartuko baikinen.


Puntu horretatik goiti ertzak bertikaltasuna galtzen du eta oinez segituko genuen, tarteka eskuak erabili beharreko pausuak gaindituz,


Hala ailegatu ginen 20 metro inguruko rapeleraino. Aipatu rapel honek amildegira botatzen zaituela eta ezkerretara egin behar dela zertxobait zuzenean jaitsi ordez.


Rapela pasatuta eguneko zailtasunak akituta zeuden, soka erabili beharrekoak behintzat bai. Beraz motxilan sartu eta goiti segitu genuen.

 

II. graduko tximinia panoramiko batetik Pitoi Handia (Gran Piton) deitzen den puntara ailegatuko ginen.


Bertatik gailurra begibistan genuen ertzean geundenetik lehendabiziko aldiz. Hala ere, oraindik lepotxo baterainoko jaitsiera eta azken igoera tente bat zain genituen.


Gogorra egin zitzaigun azken igoera, malda arras tentea baita eta ordu horretarako eguzkiak gogotik berotzen baitzuen.


Azken metroak...


11:44 : Ezkaurre (2045m)

Igotako ertza parean genuela tarte zabala hartu genuen kaskoan jan-edanean atseden hartzeko. Uda beteko egun zoragarria genuen.


40 bat minutuko egonaldiaren ondotik beheitirakoari ekion genion.


Beheiti arestian aipatu dudan GR11ko bidetik jaitsiko ginen.


Lehen zatian ingurune harritsu eta tentetik jaitsiko ginen Abizondoko leporaino.


Lepotik beheitirakoa eguzki berotik babestuko gintuzten zuhaitzen artetik eginen genuen ziztu bizian.


13:13 : Argibielako lepoa (1297m)

Igotako bideari poztasunez begiratzen geniola akitu genuen ateraldia.


 

BIDEOA:

2021/06/14

Alluitz (1034m), Larrano Urkulu Puntea (1012m), Gaintza (1008m), Larrano Puntea (981m), Kurutzeta (1214m), Elgoin (1243m), Saitzen Puntie (1247m), Anboto (1331m)

EGUNA: 2021/06/10

ABIAPUNTUA: Atxarte (290m)

ZAILTASUNA: 
Nahiko erraza (F+). Gandorraren zailtasunik handiena Infernuko Zubia deitzen den pasabidean dago. Bi aldeetara amildegi handia duen zubi formako pausu honen bukaeran gainditu behar den harkaitzak ematen dio zailtasuna. Hortik aparte I. graduko hainbat pausu gainditu behar dira, tarteka esposizio dezenteko lekuetan, baina erraza da.

DENBORAK:
  • Atxarte - Alluitz : Ordu eta erdi
  • Alluitz - Anboto : Hiru ordu
  • Anboto - Atxarte : Ordu eta erdi
NOLA  AILEGATU:
Atxartera ailegatzeko A8 autopistatik Durangora joanen gara eta hemendik Elorriora doan errepide zaharra hartu behar da. Abadiño herria gurutzatu eta herriaren irteeran Mendiola deitzen den auzora igotzen den errepidetxoa hartuko dugu. Errepide honetatik segituko dugu hau akitzen den arte eta harrobi zaharrak pasatuta zementuzko bide batetik igoko gara seinale batek pasatzea galarazten duen arte.

KRONIKA:
Alluitz eta Anboto arteko gandorra Euskal Herriko gandor ezagunenetarikoa da. Ezagunenetarikoa Anboto bezalako mendi batera ailegatzeko bide dotorea delako, baina baita bere edertasunagatik ere. Durangaldeko lautadetatik tente altxatzen da gris koloreko mendigune hau, ezerezetik bezala, eta ia osorik zeharkatzeko aukera dago gailurrezko gailur doan bide zirraragarri honetatik.

8:40 : Atxarte (290m)
Zortzi eta erdietarako paratu genuen abiatzeko ordua eskalada gune ezagun honetan eta Asuntzera igotzen den bidexka zabala hartu genuen Untzillatxeko Urrestei ertz ezaguna gibelean utzita.


Laster bide hori utzi eta ezkerretara biratuko ginen arras nabaria ez den bidegurtze batean. Alluitz mendi dotorearen pareten azpian igoera tentea genuen esperoan.


9:15 : Artolako lepoa (564m)

Goizeko freskotasunean ia sumatu gabe egin genuen Artolako leporainokoa. Hemen seinaleari segika eskuinetara biratu eta Alluitzera zuzenduko ginen.


Lepoaren bertze aldean Durangaldea goizeko behelainopean altxatuta zegoen oraindik.


Bideak Alluitzen magalak inguratzen ditu lehendabiziko zatian ipar-ekialdeko magalaren bila.


Behin magal hori hartuta atsedenik gabe goiti egiten da.


Argazkian ikusten den zuhaitz bakartira ermanen gintuen bideak. Hortxe berean hasten da gandorra.


Magalean goiti Durangalderako ikuspegia ederra bazen, zer erranik ez gandorrera atera ginelarik. Urkiola ingurua, Arabako lautadak, jaitsieran hartuko genuen bidea... dena gure oinetan... Ezkerretara hartu eta Alluitzeko kaskora ailegatzeko azken metro egin genituen ertz erraz eta politetik.

:

9:54 : Alluitz (1034m)

Uste baino aiseago eta lehenago ailegatu ginen gailur eder honetara. Ez du Anbotoren izenik, baina ezta beharrik ere! Zinez ederra iruditu zitzain eta gandor osoa egin gabe ere bertaraino igotzea aktibitate polita da.


Untzillatx mendia eta Durango gibelean, alde horretatik ailegatu ginen.


Sobera luzatu gabe gandorrari ekin genion Alluitz dotorea gibelean utzita.


Zati horizontal polit bat gaindituta beherazko biudea hartu genuen, gandorraren pausurik ezagunena zain genuen: Infernuko Zubia.


Irudian ikusten den bi mendien artean ikusten den pasabidea da Infernuko Zubia. Goitiago erran bezala metro eskas batzuetako pasabide horizontala da, bi aldeetara amildegia duena eta amaieran harrizko bloke bat gainditzea da duen zailtasunik handiena. Historia iluna omen du gibelean pausu honek, baina ez du aparteko zailtasunik. Pasabidea bera bezain arriskutsua iruditu zitzaidan bertara ailegatzeko egin behar den zeharkalditxoa. Harkaitza bustita baldin badago kasu eman beharreko lekua da, zalantzarik gabe.


Behin pausua gaindituta Larrano Urkulu mendira igotzen den ertz polita igo genuen zuzenean. Normalean gailur hau inguratu egiten da baina gu goitian plantatu ginen ustekabean.


Gailur ingurutik Alluitzera genuen ikuspegia zirraragarria da. Argazkian Alluitz bera eta Infernuko Zubira jaisteko deseskalatu behar den tximinia ikusten dira. Esposizio handiko lekua, lehen erran dudan bezala.


Zatirik estu eta ikusgarrienak puntu honetan akitzen dira eta lekuak arras ederra izaten segitzen duen arren, adrenalina puntu hori galdu egiten da.


10:19 : Larrano Urkulu Puntea (1012m)
Eguneko bigarren tontorrean...


Bigarrenean ere ez ginen kasik gelditu eta Urkuluko kanalerako jaisten hasi ginen. Parean genituen Gaintza (ezkerrean) eta Zorrotza (eskuinean) mendiak. Guk bigarren hau ez genuen igoko ohartu gabe pasatu baikinen.


Urkuluko kanal sakonaren gaineko lepotxotik pasatu ginen...


10:33 : Gaintza (1008m)
...eta belardi tenteetatik hirugarren gailurreraino igo ginen. Hemen ere gelditu gabe gandorreko zeharkaldiarekin segitu genuen.


Bertikaltasuna galdu arren, aski polita izaten segitzen du gandorraren zeharkaldiak... 


...eta tarteka harkaitzezko pausu polit eta errazak gainditu behar dira.


10:53 : Larrano Puntea (981m)
Eguneko laugarren tontor inguruan akitzen da gandorraren lehen zatia. Jaitsiera txiki bat genuen zain Larranoko leporaino bigarren zatiari ekin baino lehen.


Hortik heldu ginen...


11:02 : Larranoko lepoa (957m)
Metro batzuk galdu eta lepo polit honetara ailegatu ginen. Hemendik nahi izanez gero gandorra uzteko aukera dago eskuinetara Asuntze aldera jaitsita.


Pirinioetako paisaiak ekarri zizkidan gogora inguru honek...


Etxola pare bat dago eta edozein txokotan etzanda egoteko belardi leunak...


Lepoa utzi eta bigarren gandor zatian sartuko gintuen igoerari ekin genion. Eguna aitzinera joan ahala lainoak tontorrak inguratzen hasiak ziren eta bigarren zati hau lainoen joan-etorria lagun genuela eginen genuen.


11:31 : Kurutzeta (1214m)
Bortzgarrena sakelara eta berriz ere gandorraren gainean ginen. 


Hemendik aitzin berriz ere belardiek harri grisari utziko zioten lekua eta tarteka eskuak erabili beharreko pausuak gainditu beharko genituen.


Lainoak puntu misteriotsua ematen zion paisaia eder honi eta baita gure ezkerretara genuen amildegia estali ere.


11:38 : Elgoin (1243m)
Kurutzetatik zazpi minututan Elgoin mendian ginen. Anboto gero eta hurbilago genuen...


Hara ailegatzeko zati entretenigarri batzuk zeharkatu beharko genituen hala ere...


11:52 : Saitzen Puntie (1247m)
Loreak gandorrean, harkaitzaren erreinuan beren lekua aldarrikatuz...


Lainopean egonda ere galtzerik ez duen bidea da, une oro ertzetik segitu behar da eta. Azken zatian Anbotora Urkiolatik igotzen den bide normalarekin bat eginen genuen.


12:09 : Anboto (1331m)
Autotik atera eta hiru ordu eta erdian eguneko gailur nagusian gainen, Anbotoko kaskoan. Ailegatzearekin batera inguratzen gintuzten lainoek alde egin eta egonaldi luzea egin genuen tontorrean.


Gailurreko ikur berezia eta Otxandio inguruak urrunean. Hegoaldera bagenuen bista pixka bat, baina iparraldeak lainotuta segitzen zuen.


Egonaldiaren ondotik Urkiola eta Atxartera jaisten den bide arruntetik eginen genuen beheitirakoa.


Pago arteko bide maldatsua jaitsi eta Asuntzeko zelaietan barneratu ginen ziztu bizian.


Pista batek zeharkatzen ditu zelai hauek eta tarte batean bertatik eginen genuen bidea.


13:54 : Asuntzeko lepoa (876m)
Pol-Poleko iturrian ur tragoxka bat edan eta Asuntzeko lepoan Atxartera jaisten den bidexka hartuko genuen.


Pago zaharren artetik...


Untzillatx mendia parean genuela...


...eta ordu batzuk lehenago zehakatuta gandor bertikalaren azpitik pasatuz. Picos de Europako parajeak iduri dute...


Azken zatia bidexka zabal eta erosotik ziztu bizian egin genuen.


14:35 : Atxarte (290m)
Hala eman genuen akitutzat aspalditik agendan nuen ibilbide bikain hau. Euskal Herriko mendizaleendako ezinbertzekoa!