2021/06/17

Ezkaurre (2045m)

EGUNA: 2021/06/13

ABIAPUNTUA: Argibielako lepoa (1297m)

ZAILTASUNA:
Zaila (D, 800m). Ertz luzea da eta teknikoki zaila izan ez arren zertxobait eskalatu behar da (IV+).

DENBORAK:
  • Argibiela - Ertzaren hasiera : Ordu erdi
  • Ezkaurreren ipar-mendebaldeko ertza : 4 ordu
  • Ezkaurre - Argibiela : Ordu eta laurden

NOLA AILEGATU:

 Erronkari ibarrera joateko Iruñetik Pirinioetako Autobidea hartu eta Irunberrira joan behar da. Hemendik Zaraitzuko bailarara doan errepidea hartu behar da Nabaskoize herrian utzi eta eta Burgi aldera jo arte. Coronaseko lepoa zeharkatu, Erronkarin sartu eta bailara igotzeari ekinen diogu. Izabatik goiti, Belaguan barneratuko gara eta adi egon beharko dugu kilometro gutxira eskuinetara Zurizara doan errepidetxoa hartzeko. Errepide honek utziko gaitu abiapuntutzat izanen dugun Argibielako lepoan.

ARRASTOA:

Powered by Wikiloc


KRONIKA:

Mendietara igotzen garelarik, gailurra aitzakia bertzerik ez da izaten aunitzetan eta bideari ematen diogu garrantzia. Nire ustez behintzat, bideak ematen dio edertasuna tontorrari, azken hau ateraldia borobiltzeko aitzakia delarik. 

Ezkaurre Euskal Herriko Pirinioetako mendi ezaguna da, mendilerroaren hegoaldean kokatua dagoena. Bertara ailegatzeko biderik motzena Argibielako lepotik GR11 bideari segituz egiten dena da. Bertatik igotzeak baino xarma gehiago du ordea Zurizaren goitiko aldean altxatzen den ipar-ekialdeko ertz dotoretik egiteak. Aspalditik agendan nuen bide hau ezagutzeko aukera izan nuen joan den asteburuan.

8:09 : Argibielako lepoa (1297m)

Gaua lepo inguruan eman genuen eta egun beroari aurre egin nahian goiz mugitzea erbaki genuen. Lepoa utzi eta Ezkaurreko gailurretik pasatzen den GR11 bidea hartu genuen.

Abiatu eta metro gutxira igoko genuen ertz ikusgarria bistaratu genuen. Puntu horretatik gero dena baino aise bertikal eta zailagoa ematen du.

 

Basotik doan bidean erne egon behar da harri-mukuru hau ikusi eta ertzaren azpiko aldera eramanen gintuen bidexka harrapatzeko.

 

Zeharkaldi batek ertzaren azpian paratu gintuen.


Zailtasunak puntu honetan hasten dira, beraz materiala jarri eta goiti abiatu ginen.


Ertzaren lehendabiziko zatia ez da konplikatua. II-III. graduko pausuak tartekatzen dira ibili beharreko zatiekin eta asegururik paratu gabe egin genuen. Zati batzuetan erorketa handia da hala ere eta kasu eman beharrekoa da.


Zatirik teknikoenera ailegatu ginen horrela eta hiru luze egin genituen:

  • 1. luzea (4b , 35 metro): Plaka etzan baten erditik arrakala batetik egiten da. Lau txapa daude aseguratzeko eta bilera plakaren amaieran pixka bat eskuinetara eginda aurkituko dugu.
0 bileran

Plakaren erdian dagoen arrakalan sartzen. Aseguru guziak eskuinetara harrapatuko ditugu.

1. bilerara ailegatzeko plakaren amaieran pixka bat eskuinetara jo behar da


  • 2. luzea (4b , 25 metro) : Bigarren luzea bileraren gaineko aldean dagoen plakatxo etzana gainditu behar da. Bileratik atera eta lehen metroetan aurkituko ditugu zailtasun bakarrak eta hor daude kokatuta txapa bakarrak. Gero oinez ailegatuko gara bigarren bileraraino.
  • 3. luzea (4c , 30 metro) : Hau da ertzari zailtasuna ematen dion luzea. Helduleku guti dituen plaka etzana da honakoa ere eta kasu honetan txapa bakarra ikusi genuen. Berez bileratik zuzen atera eta txapatik pasatu eta gero ezkerretara jo behar da bavaresa moduko pausu bat egiteko. Guk ordea eskuinetara jo genuen irudiko arbolaren gainetik pausu luze bat eginez. behin pausu hori eginda arazorik gabe bileraraino.
3. luzea, 4c edo IV+


Behin luze hau eginda elkarri lotzen gintuen soka askatu genuen, baina ez genuen bildu geroago rapel bat egiteko behartuko baikinen.


Puntu horretatik goiti ertzak bertikaltasuna galtzen du eta oinez segituko genuen, tarteka eskuak erabili beharreko pausuak gaindituz,


Hala ailegatu ginen 20 metro inguruko rapeleraino. Aipatu rapel honek amildegira botatzen zaituela eta ezkerretara egin behar dela zertxobait zuzenean jaitsi ordez.


Rapela pasatuta eguneko zailtasunak akituta zeuden, soka erabili beharrekoak behintzat bai. Beraz motxilan sartu eta goiti segitu genuen.

 

II. graduko tximinia panoramiko batetik Pitoi Handia (Gran Piton) deitzen den puntara ailegatuko ginen.


Bertatik gailurra begibistan genuen ertzean geundenetik lehendabiziko aldiz. Hala ere, oraindik lepotxo baterainoko jaitsiera eta azken igoera tente bat zain genituen.


Gogorra egin zitzaigun azken igoera, malda arras tentea baita eta ordu horretarako eguzkiak gogotik berotzen baitzuen.


Azken metroak...


11:44 : Ezkaurre (2045m)

Igotako ertza parean genuela tarte zabala hartu genuen kaskoan jan-edanean atseden hartzeko. Uda beteko egun zoragarria genuen.


40 bat minutuko egonaldiaren ondotik beheitirakoari ekion genion.


Beheiti arestian aipatu dudan GR11ko bidetik jaitsiko ginen.


Lehen zatian ingurune harritsu eta tentetik jaitsiko ginen Abizondoko leporaino.


Lepotik beheitirakoa eguzki berotik babestuko gintuzten zuhaitzen artetik eginen genuen ziztu bizian.


13:13 : Argibielako lepoa (1297m)

Igotako bideari poztasunez begiratzen geniola akitu genuen ateraldia.


 

BIDEOA:

2 iruzkin:

  1. Buena!! Yo tengo pendiente la arista y un vivac en esa cumbre...

    ErantzunEzabatu
  2. Gracias David!

    Sí yo también lo tenía en la lista desde hace mucho. Es muy fácil y en la cumbre tienes sitio de sobra como para montar un campamentos entero.😂

    ErantzunEzabatu