EGUNA: 2021/06/10
ABIAPUNTUA: Atxarte (290m)
ZAILTASUNA:
Nahiko erraza (F+). Gandorraren zailtasunik handiena Infernuko Zubia deitzen den pasabidean dago. Bi aldeetara amildegi handia duen zubi formako pausu honen bukaeran gainditu behar den harkaitzak ematen dio zailtasuna. Hortik aparte I. graduko hainbat pausu gainditu behar dira, tarteka esposizio dezenteko lekuetan, baina erraza da.
DENBORAK:
- Atxarte - Alluitz : Ordu eta erdi
- Alluitz - Anboto : Hiru ordu
- Anboto - Atxarte : Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Atxartera ailegatzeko A8 autopistatik Durangora joanen gara eta hemendik Elorriora doan errepide zaharra hartu behar da. Abadiño herria gurutzatu eta herriaren irteeran Mendiola deitzen den auzora igotzen den errepidetxoa hartuko dugu. Errepide honetatik segituko dugu hau akitzen den arte eta harrobi zaharrak pasatuta zementuzko bide batetik igoko gara seinale batek pasatzea galarazten duen arte.
KRONIKA:
Alluitz eta Anboto arteko gandorra Euskal Herriko gandor ezagunenetarikoa da. Ezagunenetarikoa Anboto bezalako mendi batera ailegatzeko bide dotorea delako, baina baita bere edertasunagatik ere. Durangaldeko lautadetatik tente altxatzen da gris koloreko mendigune hau, ezerezetik bezala, eta ia osorik zeharkatzeko aukera dago gailurrezko gailur doan bide zirraragarri honetatik.
8:40 : Atxarte (290m)
Zortzi eta erdietarako paratu genuen abiatzeko ordua eskalada gune ezagun honetan eta Asuntzera igotzen den bidexka zabala hartu genuen Untzillatxeko Urrestei ertz ezaguna gibelean utzita.
9:15 : Artolako lepoa (564m)
Goizeko freskotasunean ia sumatu gabe egin genuen Artolako leporainokoa. Hemen seinaleari segika eskuinetara biratu eta Alluitzera zuzenduko ginen.
:
9:54 : Alluitz (1034m)
Uste baino aiseago eta lehenago ailegatu ginen gailur eder honetara. Ez du Anbotoren izenik, baina ezta beharrik ere! Zinez ederra iruditu zitzain eta gandor osoa egin gabe ere bertaraino igotzea aktibitate polita da.
Eguneko bigarren tontorrean...
Bigarrenean ere ez ginen kasik gelditu eta Urkuluko kanalerako jaisten hasi ginen. Parean genituen Gaintza (ezkerrean) eta Zorrotza (eskuinean) mendiak. Guk bigarren hau ez genuen igoko ohartu gabe pasatu baikinen.
Urkuluko kanal sakonaren gaineko lepotxotik pasatu ginen...
10:33 : Gaintza (1008m)
...eta belardi tenteetatik hirugarren gailurreraino igo ginen. Hemen ere gelditu gabe gandorreko zeharkaldiarekin segitu genuen.
Bertikaltasuna galdu arren, aski polita izaten segitzen du gandorraren zeharkaldiak...
...eta tarteka harkaitzezko pausu polit eta errazak gainditu behar dira.
10:53 : Larrano Puntea (981m)
Eguneko laugarren tontor inguruan akitzen da gandorraren lehen zatia. Jaitsiera txiki bat genuen zain Larranoko leporaino bigarren zatiari ekin baino lehen.
Hortik heldu ginen...
11:02 : Larranoko lepoa (957m)
Metro batzuk galdu eta lepo polit honetara ailegatu ginen. Hemendik nahi izanez gero gandorra uzteko aukera dago eskuinetara Asuntze aldera jaitsita.
Pirinioetako paisaiak ekarri zizkidan gogora inguru honek...
Etxola pare bat dago eta edozein txokotan etzanda egoteko belardi leunak...
Lepoa utzi eta bigarren gandor zatian sartuko gintuen igoerari ekin genion. Eguna aitzinera joan ahala lainoak tontorrak inguratzen hasiak ziren eta bigarren zati hau lainoen joan-etorria lagun genuela eginen genuen.
11:31 : Kurutzeta (1214m)
Bortzgarrena sakelara eta berriz ere gandorraren gainean ginen.
Hemendik aitzin berriz ere belardiek harri grisari utziko zioten lekua eta tarteka eskuak erabili beharreko pausuak gainditu beharko genituen.
Lainoak puntu misteriotsua ematen zion paisaia eder honi eta baita gure ezkerretara genuen amildegia estali ere.
11:38 : Elgoin (1243m)
Kurutzetatik zazpi minututan Elgoin mendian ginen. Anboto gero eta hurbilago genuen...
Hara ailegatzeko zati entretenigarri batzuk zeharkatu beharko genituen hala ere...
Lainopean egonda ere galtzerik ez duen bidea da, une oro ertzetik segitu behar da eta. Azken zatian Anbotora Urkiolatik igotzen den bide normalarekin bat eginen genuen.
12:09 : Anboto (1331m)
11:52 : Saitzen Puntie (1247m)
Loreak gandorrean, harkaitzaren erreinuan beren lekua aldarrikatuz...Autotik atera eta hiru ordu eta erdian eguneko gailur nagusian gainen, Anbotoko kaskoan. Ailegatzearekin batera inguratzen gintuzten lainoek alde egin eta egonaldi luzea egin genuen tontorrean.
Gailurreko ikur berezia eta Otxandio inguruak urrunean. Hegoaldera bagenuen bista pixka bat, baina iparraldeak lainotuta segitzen zuen.
Egonaldiaren ondotik Urkiola eta Atxartera jaisten den bide arruntetik eginen genuen beheitirakoa.
Pago arteko bide maldatsua jaitsi eta Asuntzeko zelaietan barneratu ginen ziztu bizian.
Pista batek zeharkatzen ditu zelai hauek eta tarte batean bertatik eginen genuen bidea.
13:54 : Asuntzeko lepoa (876m)
Pol-Poleko iturrian ur tragoxka bat edan eta Asuntzeko lepoan Atxartera jaisten den bidexka hartuko genuen.
Pago zaharren artetik...
Untzillatx mendia parean genuela...
...eta ordu batzuk lehenago zehakatuta gandor bertikalaren azpitik pasatuz. Picos de Europako parajeak iduri dute...
Azken zatia bidexka zabal eta erosotik ziztu bizian egin genuen.
14:35 : Atxarte (290m)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina