2017/04/22

Donejakue Bidea

SARRERA
Plan onenak egiten diren moduan moduan sortu zen honako bidaiatxo hau ere, Gin Tonic fresko baten bueltan ginela Iruñeko Alde Zaharreko Herrikoaren kanpoko aldean. Taberna zuloko solas merkea ordea, handik bi egunera gorpuztu zen Pirisek Whatsappez udaberriko oporraldian Donejakue Bidea egiteko ideia serio zihoala erran zidanean. Behin edo bertze buruan ibilia nuen bide hau bizikletaz egitearen ideia, eta Pirinioetako elurra gutxitzen hasia zela ikusita, eskiaren ordez plan ona izaten ahal zela pentsatu nuena baiezkoa erantzunez.

Zergatik bizikletaz?
Urtero-urtero milaka dira Santiagora bere hainbat bideetatik jotzen duten erromesak. Horietatik gehiengo zabal batek oinez egiten du bidea, tradizioak markatzen duen moduan. Ia 800 kilometro ditu guk hautatu genuenak, ezagunena den Frantziako Bidea deiturikoak. Oinez egiteko noski denbora luzea behar da eta guk udaberriko oporraldiko 10 egun bertzerik ez genuen. Horrez gain, nahiz eta mendian ibiltzea gustatu, bide hau pista zabal eta errepideetatik joaten da anitzetan eta egin ondotik, oinez egitea astuna izan behar dela uste dut. 

Zer eraman?
Ordagoa botata zegoen eta hiru egunetara ateratzeko gelditu ginen. hiru egun bertzerik ez dena prestatzeko beraz. Hasteko, lehen gauza (bizikletz gain noski), gauzak eramateko parrila eta alforjak lortzea da. Inoiz egin gabea nintzen bizikletaz horrelako bidaia bat eta bistan denez ez nuen horrelakorik. Pirisek berak utziko zizkidan etxean zituen batzuk beraz arazoa konpondua. Behin zakuak izanda zerekin bete ordea? Zerrendatxo bat prestatu nuen eta bete-betean asmatu nuen zer eraman, ia eramandako guzia erabili bainuen eta ez bainuen ezerren falta sumatu. Hau da eraman nuena, tartean Pirisek biendako hartutako materiala ere dagoelarik:
  • Lo zaku fina (aterpeetan mantak daude beraz finarekin nahikoa da, kanpoan lo egiteko noski lodiagoa eta esterila ere beharko lirateke)
  • Kulote motza eta luzea (luzea ez nuen erabili ere egin, aterpe gehienetan garbigailuak daude arropa garbitzeko)
  • Bi mallot
  • Mauka luzeko kamiseta termikoa 
  • Jertsea
  • Bi kamiseta (bat ez nuen erabili ere egin)
  • Barneko arropa
  • Galtza motz pare bat eta luze pare bat (garaiaren arabera luzea soberan egon daiteke)
  • Zira fina
  • Buruko zapia
  • Betaurreko beltzak
  • Nezeserra
  • Toalla
  • Eguzkitako krema eta krema hidratantea
  • Erabilera anitzeko herraminta
  • Kamarak
  • Argazki kamera
  • Bateria kargadoreak
  • Janaria (guk ez genuen ia ezer eraman zakuetan bidean denda eta taberna anitz baitaude erosteko eta ez du merezi pisua garraiatzen ibiltzeak)
Erran beharrik ez da, aterpeetan lo eta jateko eraman beharreko materiala dela honakoa. Bakoitzak bere janaria prestatu eta kanpoan lo egin nahiko balu gauza gehiago beharko litzateke. Dena den, aterpetxeetan lo egitea nahiko ekonomikoa da (6-10 euro artean, batzuk doan, askok sukaldea erabiltzeko aukera dute) eta jatetxe guzietan menu ekonomikoak aurki ditzakegu.



1. ETAPA: DONIBANE GARAZI - IRUÑEA (67 km)
Apirilak 14
Honela, dena prestatuta eta gutxi ibiltzeak sortzen zidan kezkarekin Donibane Garazira (165 m / 0 km) eraman gintuzten. Goiz goxoa zegoen, behelainoa bailaretan eta goiti oskarbi, bizikletaz ibiltzeko aitzakiarik gabekoa beraz. Aparkalekuan lagunak agurtu eta herri zaharreko harresietarako sarrera den zubira jo genuen handik hasteko asmoz. Lehen zalantza han bertan sortu zen. Zerin bide hartuko genuen? Nik anitzetan ikusia nuen jendea Ibañetako mendatean goiti bizikletetan bideari hasiera emanez. Berez Donejakue Bidea ordea Lepoederretik pasatzen da, Ibañeta baino 400 metro gehiago dituen lepotik. Horrez gogortasuna aise handiagoa izatea dakar, 20 kilometo inguruko igoera baitago bertaraino. Lau solas egin ondotik, berezko bidearekin ausartzea erabaki genuen. Igoera gogorra izan arren, lehen etapan zakurik gabe ibiltzeko aukera genuen, Iruñea arteko bidea eginen baikenuen eta han Pirisen etxean lo egin. Horrek animatuta goiti abiatu ginen.

Donibane Garazin abiatzeko prest

Zubia gibelean utzi eta zuzen kale osoa zeharkatu ondotik Santiagoko norabidea eralusten zigun lehen seinalea begiztatu genuen. Hortik helmugaraino ugariak izanen ziren seinale eta marka horiak, zalantzarako tarte arras txikia utziz. Bide ezaguna izanik arras ongi seinleztatua dago. Garaziko herria gibelean utzi bezain laster errepidetxo estu bat hartu eta igoera gogorra hasten da. Berotzeko %21eko malda bat! Zati leunago batetik segitu genuen, baina Hontoko aterpetxearen (500 metro / 5 km) ondoan hiru kilometroko infernua hasten da, hiru kilometroetan %11tik goitiko malda batezbertzekoa izanik. Horietako lehenak %15etik goitiko batezbertzekoa du! Hori gutxi balitz, markak segituz, bidea laburtzeko oinezkoek erabiltzen duten bidexka bat hartu genuen eta malda oraindik gehiago tentetu zen. Horrek eta bidearen zakartasunak hanka behin baino gehiagotan lurrean pausatzera behartu gintuzten. Orissongo aterpetxera (795 metro / 7,5 km) ailegatu ginenerako bide hau hartuta ongi egin ote genuen pentsatzen hasia nintzen. Agian hobe zela Ibañetako bide aspergarritik igotzea, ez ote zen gehiegi niretako lehen egunerako... Zorionez, Orissondik goiti malda nabarmen etzaten da eta ondoko kilometroak erraz egin genituen. Behe lainoa ere gibelean utzi genuen eta Pirinio elurtuen begiradappean animatuz joan ginen. Handik lasterrera ordea errepidetxoa utzi eta bidexka batetik segitu genuen. Zati batean malda eta bidearen zakartasunak berriz ere bizikletatik jaistera behartu gintuzten, nahiz eta zati txikian izan.

Lepoeder mandatea igotzen zati batzuetan bizikletatik jaitsi behar izan genuen

Behin Nafarroa Garaian sartuta bidearen maldak leundu eta bide politetik egiten dira Donejakue Bideko mendaterik gogorrena den Lepoederrera (1430 metro / 20,4 km) bitarteko kilometroak. Lepora ailegatzean Auritz inguruko lautadek eman ziguten ongietorria. horrek eta haize freskoak. Hortaz, arropa gehiago jantzi eta Ibañetara (1060 metro / 23,4 km) doan bidetik jaisten hasi ginen Orreagara (950 metro / 24,8 km) ailegatu arte.

Lepoeder. Bideko lehen mendatea eta ziurrenik gogorrena ere bai!

Bertako aterpetxe zaharrean kredentzialak hartu eta segidan Auritzeraino (890 metro / 27,6 km) segitu genuen zerbait jateko asmoz. Zati honetan Kataluniako Alberto batu zitzaigun. Bera ere egun berean hasia zen Bidea egiten eta Santiagoraino joateko asmoa zuen. Elkarrekin bazkaldu eta etaparen bigarren zatiari ekin genion.

Lehen zulatua Zubiri inguruan

Lehen zatiaren arras desberdina zen bigarrena. Auritzetik Iruñera ez da mendate handirik zeharkatzen baina bidexkak gorabehera handiak ditu eta arras zati politak bizikletaz ibiltzeko. Auritzeko zelai berde eta loredunen artetik doan pistak Aurizberrira (870 metro / 31,3 km) eraman gintuen eta jarraian bi mendate igo eta jaitsiko genituen. Hasteko, Mezkiritz gaina (920 metro / 33 km) eta ondotik pixka bat gogorragoa den Erro gaina (800 metro / 42,7 km). Azken hau igotzeko bidexka tentea gainditu behar da eta jaitsiera teknikoago batetik Zubirin (525 metro / 46,3 km) plantatu ginen. Egote ederra zegoen bertan, jadanik etapa akitua zuten erromesak errekaren ondoan atseden hartzen edo garagardo freskoak edaten terrazetan... Hantxe gelditzeko gogoa ematen zuen baina lehen etapa honetan, erran bezala, Iruñera ailegatu behar genuen eta aitzinera segitu genuen. Herritik atera bezain pronto Albertok zulatua izan zuen. Alokairuko bizikleta zuen eta gurpila kentzeko sistema berezia izanik denbora dexente pasa genuen bere matxura konpontzen. Horretan ari ginela, ardatza estutzekoa apurtu eta ez arriskatzeagatik berak errepidetik segituko zuela erran zigun. Guk gure bideari ekin genion beraz, zati arras politean, bidexkak etengabeko gorabeherak eta tarte politak baititu. Ikaragarri gustatu zitzaigun zati hau. Irotzen (470 metro / 57,6 km) Pirisek ere zulatua izan zuen. Hortik aitzin, Arga ibaiaren emariari segika Esteribarreko bailara zeharkatu eta ibai bazterreko pasealeku politetatik Iruñerrian sartu ginen. Frantziako Ataritik gurutzatu genuen harresia eta Nafarroako hiruburu zaharra den Iruñean (450 metro / 67 km) akitu genuen lehen etapa. Berriozarrera, pirisen etxera, lo egitera joan aitzinetik Herriko Tabernako garagardo fresko eta olibekin ospatu genuen etapa eder hau. nafarroako bi hiriburuak lotu genituen Pirinioez gaindi ibiliz. Biharamunetik aitzin, bizikletetan pisuarekin, bertze istorio bat izanen zen...


2. ETAPA: IRUÑEA - BIANA (85,5 km)
Apirilak 15

Berriozarren konpainia onean afaldu eta gaua pasa ondotik, bigarren egunean benetako bidaia hastera zihoan. Lehen egunean, bizkletetan pisurik gabe, erraz ibili ginen malda tenteetan eta jaitsiera teknikoetan barrena. Hori bukatua zen jadanik eta alforjak prest genituen Santiagorako erromesaldiari ekiteko. Goiza goibel baina goxo ernatu zen eta gauzak prestatu eta Iruñetik (450 metro / 0 km) pasatzen diren markak Zizur Txikia (465 metro / 4,9 km) inguruan hartu eta hirigunean utzi Erreniega edo Perdon deitzen den mendatea igotzeari ekin genion. Goitirakoan Zarikiegi herria (625 metro / 11 km) gurutzatu genuen eta bezperatik argi ez bagenuen Bidea fenomeno berezi bat dela argi utzi zigun. Herrixkako bazterrak jendez blai zeuden, erromesen pausaleku, Erreniegaren maldetan goitikoan atseden hartzen. Perdoneko (750 metro / 13,4 km) haize-erroten burrunbapean egin genituen azken metroak mendian goiti bidexka harritsuan. Freskoak hartu gintuen goian eta bertako monumentu ezagunean argazki bat egin ondotik Utergara (495 metro / 16,9 km) jaisten den bidexka harritsu eta maldatsutik beheiti abiatu ginen. Bezperan Erro mendatean beheiti jaitsitakoaren antzera, bidexka arriskutsua da eta kontuz jaitsi behar da, gehiago bizikletak pisuarekin genituela kontuan izanik. bai bata bai bertzea errepidetik jaits daitezke, baina guk "pureta" izan nahi genuen eta une oro bide orijinala segitzea erabaki genuen. Zertarako igo genuen bertzela bezperan horrelako mendatetzarra?

Erreniega mendatea, eguneko lehena

Jaitsiera teknikoa gaindituta izarbeibarreko bailaran barneratu ginen eta hor etorri zen eguneko sustoa. Muruzabal (440 metro / 19,6 km) eta Obanos (415 metro / 21,4 km) arteko pistan ziztu bizian jaisten ari ginela, irlandar erromes bat nire parera atera eta bete-betean jo nuen. Biak erori ginen lurrera eta momentu batean gure bidaiaren amaiera zela ere pentsatu nuen. Danbatekoaren eraginez hainbat zauri nituen hanka eta eskuetan eta eskumuturrean min nuen. Irlandarrak ere hainbat zauri zituen. Zorionez sustoan gelditu zen dena eta zauriak pixka bat garbituta biak ongi geundela ikusi eta aitzinera segitu ahal izan genuen. Denbora gutxian plantatu ginen Garesen (350 metro / 24 km) eta bertako alde zaharra zubi erromatar ezagunetik utzi ondotik Mañeruko "pareta" igotzeari ekin genion. Berez hau ez da mendate bat, baina dudarik gabe eguneko maldarik tenteena bertan harrapatu genuen eta estutu ederra eman zigun.

Gareseko zubi erromatarra zeharkatzen

Mañerun (450 metro / 29 km) Nina genuen zain, eta Pirisek abisatuta nire zauriak sendatzeko Betadinea, gurpilen kamarak eta fruitu lehorrak prest zituen guri emateko. Berarekin lau solas egin ondotik aitzinera segitu genuen. Baratze arteko bidexka estu eta dibertigarrietatik lotu genituen Mañeru eta Zirauki (490 metro / 31,7 km) eta bertze maldatzar batek bertako plaza eder eta mugituraino eraman gintuen. Larunbat goiza zen eta giro berezia sumatu nuen han. Ume eta gazteak, denak elkarrekin giro ederrean. Animo oihu artean, erromatar kaltzada tente batetik jaitsi ginen zubi zahar batera eta hau gainditzeko eskailerak bizikletak ahal genuen bezala bultzatuz gainditu genituen. Hemendik aitzin, erorketaren ondoko adrenalinaren efektua pasatzen hasita edo, neke eta ahultasun handia sumatzen hasi nintzen. Lorka (460 metro / 37,3 km) inguruan gainditu behar den bide sgisagatsuak eta bertako maldatxoek leher eginda utzi ninduten eta hustuta nengoela sentitzen hasi nintzen. Erorketagatik, bizikleta gutxi egiteagatik, lo faltagatik, gutxiegi jateagatik edo denagatik, baina neketan egin nituen ondoko kilometroak eta jota ailegatu nintzen Lizarrara (420 metro / 45,6 km). Zonbi bat bezala egin nituen azken kilometroak eta banabar plater bat jatea bertzerik ez nuen buruan. Horrela plantatu ginen Lizarrako alde zaharreko Katxetas tabernan. Parrandatik nuen ezaguna hau eta arraro sentitzen nintzen txirrindulariz mozorrotuta, bezperan Iruñeko Herrikoan gertatu bezala. Lehen garagardo katxia eskuan eta orain ur botelinarekin, "nola aldatzen diren gauzak, kamarada!" egin nuen nire baitan.

Terrazan jandako menua basamortuko oasia bezalakoa izan zen niretzat. Asterix eta bere herritarrak Panoramixen edabe magikoa edaten dutenean antzeko sentitzen direla pentsatu nuen. Indarberriturik. Hori uste nuen behintzat! Horrela, deposituak gasolinaz beteta, arratsaldeko etapa zatiari ekin genion. Lizarratik atera eta errepideak bertze behin goiti egiten du Iratxeko monastegi (510 metro / 48,5 km) aldera. Bertako upelategian, iturri majikotik tragoa egiteko aukera izan genuen. Majikoa da, edo berezia bai behinik behin, uraren ordez ardo beltza ateratzen baita. Tragoa egin bai, baina botelinak ondoko iturriko urez bete genituen...

Jarraian, Azketa herria (580 metro / 53,3 km) zeharkatu eta eguneko enegarren malda igo genuen Villamayor de Monjardin (675 metro / 55,1 km) herriraino. Perdon, Mañeru, Zirauki, Lorka, Iratxe eta orain hau pentsatu nuen nire baitan. Eta ni Iruñetik beheiti dena zelaia zela pentsatzen... Gustura hartu nituen Los Arcos (450 metro / 67,2 km) inguruko lautada eta pista zuzenak. Bat-batean Lizarraldea utzi eta munduz aldatu izan bagina bezala sentitzen nintzen. Gari zelaiak alde banatan eta zuzenguneak aitzinean. geroago Burgos inguruan topatuko genituen parajeen arras antzekoak.

Los Arcos inguruko zuzenguneak

Pistak utzita, errepide txiki batek Sansol (490 metro / 74,4 km) herrira eraman gintuen eta bertatik malda bat jaitsi eta bertze bat igota Torres del Rio (475 metro / 75 km) herri dotorera ailegatu ginen. Bertan etapa bukatua zuten erromesak gustura zeuden terrazetan arratsalde eguzki goxotan. Inbidia puntu bat sentitu nuen haiek ikustean baina guk aitzinera segitu genuen malda tente batetik herria utziz. Oraindik terrazak, garagardoak eta atsedena buruan nituela gorputzeko nekeak berriz goiti egiten zuela sumatu nuen eta pentsatzen jarri nintzen zergatik ez ote ginen han gelditzen bertze erromesen artean kontu-kontari. Gainera Biana inguruan gorabeherak gero eta handiagoak ziren eta nire indar apurrak nola bide bazterrean uzten nituen hasi nintzen sentitzen. "Malda honi Mataburros deitzen diote" aipatu zidan Pirisek malda horietako bat jaisten genuen bitartean. Jadanik errepidea hartuta genuen zati horretan, bidexkak malda are eta tenteagoak gainditzen baitzituen. Nire baitan malda horiek astoak ez dakit baina nirekin behintzat bukatuko zutela pentsatzen ari nintzen. Horretan ari nintzela Biana eta Logroño aldeko lautada zabalak bistaratu genituen eta horrek zertxobait animatu ninduen. Neke hura jadanik ez zegoen banabar plater batekin konpontzerik, baina etapa bukaera hurbil ikusteak indar pixka bat eman zidan eta Pirisi aipatu nion pentsatu bezala Logroñora iristeko moduan ikusten nuela nire burua. Beraz, Bianan (470 metro / 85,5 km) geldialdia egin eta badaezpada Logroñoko aterpetxeetara deitzeari ekin genion lekua hartzeko. Aste Sainduko oporraldiko larunbat gaua zen ordea eta Errioxako hiriburua toperaino beteta zegoen. Hortaz, Bianan bertan zerbait bilatzea erabaki genuen, bertzela Logroño pasatu eta Navarreteraino joateko erran baitziguten. nire indarrak ez zeuden ordea suziriak botatzeko eta Bianan ikusi genuen lehen aterpetxean sartu nintzen ziztu bizian. Lekurik ote zuten galdetu eta bertako emakumeak dena hartuta zegoela erran zidan, baina nahi bagenuen jangelan lurrean koltxoi batzuk jarriko zizkigutela. Bi aldiz pentsatu gabe bertan gelditu ginen, ez baikenekien zerbait gehiago harrapatuko ote genuen. gainera 7ak ziren jadanik eta ez genuen bila hasteko gogorik. Ailegatu bezala, jadanik prest zuten afaria eskaini zuguten eta guk tripontzi onen moduan ez genion ukorik egin. 8etarako afaldu eta dutxatuta, Bianako azken rock&roll tabernan trago bana hartu eta lotara joan ginen, eguneko nekeak errekuperatzeko asmoz.

Eguneko azken eguzki izpiak Bianan



3. ETAPA : BIANA - ATAPUERCA (112,3 km)
Apirilak 16
Ez genuen gau txarra pasa aterpetxeko jangelan, baina lehen erromesak gosaltzera altxatu zirenean ernatu gintuzten. Sakelekoari begiratu bat bota eta 6:17! "Zer nolako presa duten erromes osti hauek!" pentsatu nuen nire baitan. Arnedoko familia batekin aritu ginen hizketan gosaldu bitartean. Senar-emazteak beren bi seme-alabekin ari ziren Bidea egiten, alaba txikiena karrotxoan eramaten zutela. Dena den, haien Bidea Logroñon akituko zen. Biana (470 metro / 0 km) utzi eta egunaren lehen argitan zeharkatu genuen Logroño (380 metro / 9,6 km). Bertako kale zikinek bezperan izandako besta salatzen zuten. Hori zen hain zuzen ere gure nahia, bezperan Logroñora ailegatu eta bertan trago batzuk hartzea. Goizeko ordu horietan ordea, hori egin ez izanren damu gutxi nuen nik, izanen genuen gorputzaldi kaxkarra burutan. Sarrera eta irteera erosoak ditu Logroñok Donejakue bidetik, bertze hiri batzuk ez bezala. Alde zaharra zeharkatu eta Grajerako urtegiaren (432 metro / 15,4 km) ingurutik hiria gibelean utzi genuen. Hortik aitzin, perfilean ikusten den bezala, bidea goranzko joera du eta hori gutxi balitz haizea kontra edukita nahi baino motelago ibili ginen zati batean. Navarretetik (520 metro / 22,2 km) pasatzen ari ginela iazko udan Foruko barnetegian nengoela ezagututako Murueta harrizulatzailea topatu genuen. Bera ere Bidea egiten ari zen, ondoko udan Kubara joateko prestatzen, eta Astorga arte egiteko asmoa zuen. Murueta agurtu eta gure bideari segitu genion. Erran bezala, bideak goraka egiten zuen poliki bada ere San Anton gainera (670 metro / 30,7 km) ailegatu arte. Gainean, bidean aurkitzen den fauna desberdinaren adierazgarri, erromes bat zegoen zuhaitz baten itzalpean Metallicaren abesti bat jotzen kitarrarekin. Hamaika ikusteko jaioak gara!

San Anton gaina gibelean utzi eta Errioxari izena ematen dioten lur gorrizko pista azkarretatik ziztu bizian ailegatu ginen Najerara (485 metro / 38,9 km). Bertan, aitzineko eguneko ahulaldiari aurrea hartu asmoz, geldialdia egin eta pintxo bana jan genuen. Herritik ateratzeko bertze maldatzar bat gainditu behar da. Honetan geundela gure bidaiako bigarren matxura izan zuen Pirisek. Aldagailuaren sirga atera zitzaion eta hau sartzea pixka bat kosta zitzaion.

Beloradoko plaza

Santo Domingo de la Calzadarako bideak ez du misterio handirik, lur gorrizko pista azkarrak, tarteka malda bat edo bertzerekin. Malda horietako handienaren goikaldean dago Cirueñako (740 metro / 54 km) urbanizazioa golf zelai eta guzi. Baztanen Aroztegian egin nahi duten urbanizazioa etorri zitzaigun burura bioi. Golf zelaia, urbanizazioa... Krisi ekonomikoaren arrazoi nagusia izan den espekulazioaren adibide garbia dira Cirueñakoa eta Lekarozen egin nahi dutena. Egitea nahi duten guziak, hangoa ikustera gonbidatuko nituzke! Zer nolako itsuskeria!

Bertzelakorik gabe ailegatu ginen Santo Domingo de la Calzadara (640 metro / 59,9 km). Pazko igandea izanik ekitaldi berezi zuten elizan eta herriaren erdigunea jende lepo zegoen musika eta jantzi arrarodun jende zirelarik protagonista. Ahal den moduan pasa ginen jende artetik eta herri utzi genuen gure ezkerretara urrunean Valdezcaray inguruko mendi elurtuetara so egiten genuela. Goiza aitzinera zihoan eta bazkaltzera Beloradora (765 metro / 82,3 km) ailegatzea jarri genuen helburu moduan. Erritmo onean egin genituen mahasti artetik zihoan pistaren kilometroak hainbat herrixka gurutzatuz. Bezperan Lizarrara bezala, justu xamar iritsi nintzen egun horretan ere Beloradora eta gustura hartu nuen atsedenaldia eta bazkaria.

Bazkalostean, gorputzari ez lokartzeko kontra egin eta arratsalde sargorian eguneko zatirik gogorrenari ekin genion. Pista batzutatik Villafranca de los Montes de Oca (955 metro / 94,1 km) herrira zuzendu ginen eta hemendik aitzin Ocako mendiak gurutzatzeari ekin genion. Horretarako, Pedrajako gaina (1150 metro / 97,6 km) gainditu behar genuen. Ez da luzea, baina malda gogor batzuk ditu eta ia 100 kilometro generamatzala kontuan hartuta bazen zerbait. Dena den, bazkariko banabar zuriek indarberrituta utzi ninduten eta sentsazio arras onarekin igo nuen mendatea. Paisaia ere erabat aldatzen da inguru honetan eta Errioxako zelai monotonoak utzita, bagenuen gogoa pagadi artean "galtzeko". Mendatearen gainean 1936an hildako errepublikarrei egindako monumentu bat dago eta bertan geldialdia egin genuen. Uste genuen dena eginda zegoela, baina jaitsiera motz baten ondotik bertze igoeratxo gogor bat egin behar izan genuen mendatea erabat gainditzeko. Hemen, pagoek pinudiei utzi zieten lekua eta baso arteko bide politetik ibili ginen beheranzko joera hartuta.

Pedrajako mendatearen gainean

Antzina, zonalde honetan lapur eta basapiztiek erromesak erasotzen omen zituzten eta ordutik leku madarikatua izan da betidanik. Gu pasa ginen momentuan ere ez zegoen inor bertan eta istorio horiek lagun zirrara eragiten zuen handik pasatzeak. Denboran atzera egitea bezala izan zen. pentsamendu eta solas horietan genbiltzala bat-batean San Juan de Ortegako santutegia (1000 metro / 106,1 km) agertu zen gure aitzinean. Antza, erromesek jasaten zituzten erasoak zirela eta, San Juan de Ortegak babeserako santutegi hau eraikitzeko agindua eman omen zuen. Santutegiaz gain, aterpea eta taberna ere baditu eta giro ederra zegoen gu ailegatu ginenean. Lekurik ba ote zuten galdetu genien baina ezekoa eman ziguten eta aitzinera segitzea erabaki genuen. Indartsu sentitzen ginen 100 kilometrotik goiti eraman arren eta segidan ailegatu ginen bide polit batetik ondoko herrira, Agesera (960 metro / 109,8 km). Herri hau ere gustatu zitzaigun baina aitzinekoa bezala beteta zegoen eta segitzea erabaki genuen. Errepidetik Atapuercara (950 metro / 112,3 km) ailegatu ginen eta azkenean bertan aurkitu genuen lekua, aterpetxe polit batean gainera.

Atapuerca herri ezaguna da historiaurreko aztarnategi bat baitago bertan. Herri bezala dena den ez dauka misterio handirik. Dutxatu eta bizikletak garbitu ondotik, herriko taberna batean goiz afaldu eta aterpetxeko jendearekin sozializatzen akitu zen gure eguna, ardo botila batzuen bueltan.
San Juan de Ortega


4. ETAPA: ATAPUERCA - CARRION DE LOS CONDES (104,5 km)
Apirilak 17

Goiza hotz ernatu zen Atapuercan (950 metro, 0 km). Izotza belagietan, aterpetxetik atera eta azkar batean sartu ginen ondoko okindegiko berokira. Han gosalduko genuen, herriko bertze erromes guziek bezala, eta ikaragarrizko kaosa zegoen. Hori gutxi balitz, okindegiko nagusi nardagarriak ez zuen kaosa gutxitzen laguntzen. Noizbait ere, gure kafesne, te, opil eta zukuak eskatu eta lasi-lasai gosaldu genuen Burgoseko tipo batekin euskararen jatorriari buruz hitz egiten genuen bitartean.

Eguzkiak bazterrak goxatu baino lehen utzi genuen herria eta zorionez beroan sartzeko mndatetxo bat gainditu behar izan genuen segidan. Bidexka polit batetik igo ginen Cruz de Madera (1070 metro, 2,3 km) mendatera, batzuetan bizikleta gainean eta bertzeetan bizikletari bultzaka. Gainean gure aterpetxeko bizilagun izan ziren Zeelanda Berriko, Australiako, Alemaniako eta abarreko lagunak agurtu eta bide zakarretik jaitsiera azkar bat eginda Villalbal (950 metro / 4,5 km) herrian plantatu ginen. Hemendik aitzin errepidea hartzen da Burgoseraino. hasieran errepide txikia, baina Burgosera heldu ahala handiagoa eta trafiko gehiagorekin. Logroñok eta Iruñeak ez bezala, Burgosek ez du batere sarrera ona Donejakue Bidetik. Bizikletentzat ez behintzat. Errepidetik joanez gero marka horiak ez dira ikusten eta espaloietatik joatea ezerosoa eta arriskutsua da. Horrela, errepidea eta espaloiak freeride moduan tartekatuz Burgoseko (866 metro / 20 km) erdigunera iritsi ginen.

Behin han, lehen lana dirua ateratzea izan zen eta jarraian bizikleta denda bat topatzea. Lehen etapetan sortutako beharrak asetzeko hainbat gauza erosi genituen. Alde batetik, erorketatik atzeko gurpila pixka bat okertuta nuen eta suspentsioaren blokeagailua ez zebilen. Bertzetik, lehen egunetan pedalen kalak ez izateak deserosotasuna sortzen zidan eta plastikozko kala batzuk erosi nituen. Akitzeko, alforjak behin eta berriz bere lekutik ateratzen ziren eta hauei eusteko olagarro bat erosi nuen. Geldialdi teknikoaren ondotik, alde zaharra zeharkatu eta katedral ezaguna kanpotik ikusteko aukera izan genuen. Jarraian, hiritik atera eta Rabe de las Calzadasen (830 metro / 32,7 km). asfaltoa eta zibilizazioa utzi eta gari landetan barneratu ginen, niri ibilbide osotik gehienetarikoa gustatu zitzaidan eremuan.

Burgoseko katedrala

Lurrezko pistetatik hasi ginen aitzinatzen, inguruan berdea eta laua eta parean bide horixka, tarteka maldatxo batekin. Gaztelako lautadetan barneratzea bikaina izan zen niretzat, paraje desberdinak, baina xarma askorekin. Norbaitek Donejakue Bidea nola imajinatzen nuen galdetuko balit horrela erranen nion. Zelai zabal eta gari landa berdeekin, eta bertan arropa ilun, txapel eta bizar zuridun erromes bat ibiltari. Nire ustez hau da Bidearen benetako esentzia. Lautada zabalen artean gainera tarteka galdutako herritxo politak zeharkatzen genituen. Lehenengoa, Hornillos del Camino (830 metro / 40,7 km) izan zen eta ondoren Hontanas (870 metro / 51,4 km). Azken hau bereziki gustatu zitzaigun bioi, lautadaren sakonune batean bat-batean gure aitzinean agertu baitzen eta bzuen zerbait berezia. Geldialdi bat egin genuen zerbait jateko eta atseden hartzeko. Hemen, landetan galdutako pista uzten da eta tarteka asfaltotik eta bertze tarteka bidexka politetatik ondoko herrirantz segitu genuen. Hala ere, bertara ailegatu baino lehen San Antongo konbetuaren (810 metro / 57 km) ondotik pasatu ginen. Diotenez, bertako fraileek sendagile moduan gaitasu bereziak omen zituzten eta ukitze hutsarekin bertara iristen ziren zauritutako erromesak sendatzen zituzten.

Piraten taila Castrojerizeko elizaren paretean

Zuhaitz arteko zuzengune luze batetik iritsi ginen Castrojerizera (820 metro / 60,8 km). Inguruko herrirk handiena da eta farmazian kremak erosteko baliatu genuen. Eguzkitakoa, eta jadanik zigortutako ipurdietan emateko krema hidratantea ere bai. Castrojerizetik aitzinera eguneko aldaparik gogorrena etorri zen: Mostelares gaina (917 metro / 64,3 km). Egunaren ordurik beroenean igo genuen eta kilometro bat bertzerik ez badu ere, % 12ko batezbertzekoak ederki berotu zituen gure hauspo eta hankak. "Mendatetxoa" gaindituta eguneko bertze momentu polit bat etorri zen. Bertze aldean Palentziako probintziako meseta zabala ireki zen gure aitzinean. Begiradak urrunera ematen zuen eta han, urrunean, gure bideak nola segitzen zuen ikusten zen. Oinezkoendako etsigarria izan daitezke horrelako momentuak, baina guk beheranzko bidean ziztu bizian egin genituen ondoko kilometroak. Hemendik aitzin Palentziako herrixkak hasi ginen gurutzatzen eta Burgosekoen edertasunik ez bazuten ere, paisaiak zerbait berezia izaten segitzen zuen. Boadilla del Caminon (780 metro / 79,9 km) geldialdia egin genuen atseden hartzeko eta berotik ihes eginez aterpetxe baten itzalpean egon ginen pixka batean. Ondoren, Gaztelako Kanalaren ondotik Fromistara zuzendu ginen. Bertara iristear ginela ezagutu genuen Evelin, argetinar neska, bera ere bizikletaz bidea egiten ari zena. Oinez zihoazen argentinar batzuekin zegoen eta haietako batek arazoak zituen bere motxilarekin. Horrela, Pirisek haren motxila bere parrilan kargatu eta herriraino hurbildu zion. Behin Fromistara (780 metro / 85,6 km) ailegatuta neketan zihoan argentinarra eta bere lagunak agurtu eta zerbait jan ondotik, Evelinekin aitzinera segitu genuen.

Berarekin egin genuen Carrion de los Condeserainokoa. Hori izanen zen gure helmuga! Arratsaldeko eguzki berotan, Evelinen erritmoan arras lasai ibili ginen eta denbora dexente pasatu genuen iristeko. hasieran ibai baten ondotik zihoan bidexka politetik eta azken zatian autorik pasatzen ez zen errepide zabaletik ailegatu ginen Carrion de los Condesera (830 metro / 104,5 km). Lehen lana aterpetxea bilatzea izan zen eta aldi horretan ez genuen bezperako zorterik eduki. Ikusi genituen biak elizako aterpetxeak ziren eta giro "arraroa" zegoen bertan. Iritsi orduko bilera "berezi" batera gonbidatu gintuzten eta afaria ere komunitarioa zela eta nahi bagenuen joateko erran ziguten. Gu bistan denez, ez ginen ez batera ez bertzera joan eta menu eder bat afaldu genuen herriko taberna batean Evelinekin 10etako literetan etzan aitzinetik.
Mostelares gainera ailegatzen gibelean Castrojeriz genuela



5. ETAPA : CARRION DE LOS CONDES - LEON (94,6 km)
Apirilak 18

Bortzgarren etapa izan zen nire ustez, denetatik aspergarri eta itsusiena. Alde batetik, errepide anitz zuelako eta bertzetik, paisaiak ere ez zuelako ezer berezirik eskaintzen. Carrion de los Condeseko (830 metro / 0 km) taberna batean erregeak bezala gosaldu ondotik, Evelin agurtzeko ordua iritsi zen. Berak egun gehiago zituen eta gu baino askoz polikiago ibiltzen zen. Oporrak bukatu baino lehen Bidea egin nahi bagenuen ezin ginen bere erritmoan joan. Hortaz, Carrionetik atera eta landa arteko pistetan ziztu bizian abiatu ginen gorputzeko hotza lehenbailehen kendu nahiko bagenu bezala. Lehen zatia ez zegoen gaizki, pista batetik baitzihoan, eta 17 kilometroan landa artean ibili baikinen. Baina Calzadilla de la Cuezatik (854 metro/ 17,2 km) aitzin errepide dexente hartu behar izan genuen. Izan ere, hortik aurrera, oinezko bidea justu errepideari kolatuta zihoan eta ez zuen merezi bertatik ibiltzeak, errepideko paisaia bera baitzen eta motelago ibiltzen baikinen bertatik. gainera, errepideak trafikorik gabeak ziren eta ia ez zen autorik pasatzen. Hortaz etapa gehiena errepidetik eginen genuen handik aurrera. Dena ez zen txarra izan ordea, eta errepidetik joateak Sahagunen (820 metro / 39,4 km) bi amezketar ezagutzeko aukera eman zigun: Mikel eta Mikel. Beraiek ere Bidea egiten ari ziren eta Leonen bukatuko zuten. Errepidetik ari ziren egiten, bietako batek eskuekin ematen zaion bizikleta batekin egiten baitzuen bidea, istripu bat tarteko hankak ezin baitzituen mugitu. Ederra izan zen haiek ezagutzea eta gauean leonen zerbait hartzeko telefono zenbakiak elkar trukatu genituen.

Sahagun

Gure bidean segitu genuen segidan, haizeak gibeletik laguntzen zigula eta ibilbide lauean, ziztu bizian egin genuen etapa. Hamaiketakorako Reliegosen (820 metro / 70,1 km) ginen eta bertako taberna batean luze egon ginen  hainbat erromesekin sozializatzen. Etapa ia akituta genuen, eguneko asmoa Leonera joatea baitzen hango gaueko tapeoa ezagutzeko. Hamaiketakoaren ondotik bertze joaldi bat eta ordu bietarako Leonen (820 metro / 94,6 km) ginen. Lehen lana egunero bezala aterpetxea bilatzea izan zen. Honetakoan ere ez genuen zorte gehiegirik izan eta bertze parrokiako aterpetxe bat hartu genuen. Oraingoa gainera zorrotzagoa zen eta adibidez emakumezko eta gizonezkoak aparteko geletan geunden, pekatutik ihes egiteko edo. Horrez gain, gelak erraldoiak ziren eta nik behintzat kontzentrazio esparru baten antza hartzen nion hango masifikazioari. Dutxatu eta bazkalduta siesta egiteko aukera izan genuen Bidean lehen aldiz, bertze egunetan baino askoz ere lehenago akitu baikenuen etapa. Ondotik, alde zaharrean bueltaxka bat eman eta amezketarrekin elkartu ginen tapeorako. Gure berriketaldi interesgarria ordea ezin izan genuen gehiegi luzatu, 10:30ean ixten baitzuten aterpetxea eta korrika eta presaka itzuli behar izan genuen. Plazer bat izan zen amezketarrak ezagutzea!

Leongo katedrala



6. ETAPA: LEON - MOLINASECA (94,6 km)
Apirilak 19

Aitzineko egunetan bezala, hotz ederra egiten zuen Leonen (820 metro / 0 km). Aterpetxe eliztiarra utzi, taberna batean gosaldu eta martxan jarri ginen hiriko kaosetik ihes egin nahian. Bai sarreran eta baita irteeran ere, ez da erraza marka horiak segitzea eta espaloi, zebra-bide eta kaleak tartekatuz atera ginen. Gaueko zurrunga jaialdiaren ondotik nekatuta sentitzen nintzen eta erdi lo egin nituen lehen kilometroak, automata bat bezala pedaleatuz. Egunak pasa ahala gorputza bizikletara erabat ohitzen ari zen eta ohartu gabe egiten genituen mugimendu guziak. Bezperako etapari jarraituz, etapa honen hasieran ere errepide dexente hartu behar izan genuen, eta bezperakoa ez bezala, trafiko handikoa zen. Hospital de Orbigo (820 metro / 32,7 km) utzi ahal izan genuen behingoan errepidea. Ia ohartu gabe 30 kilometrotik goiti egin genituen auto artean eta bagenuen gogoa pista bakartietatik ibiltzen. Herriko zubi dotorea zeharkatu eta herri irteeran aukeran zeuden bi bideetatik luzeena hartu genuen, hau baitzen errepidetik urrunduko gintuena.

Hospital de Orbigo

Hemendik aitzin gozatzen hasi ginen beraz, baserri eta zelai artean mendi bide politaren gorabeherekin disfrutatuz. Horretan ginela, malda tente xamar bat igo ondotik "txiringito" dotorea harrapatu genuen muturren aitzinean. Bertan, janaria, zukuak eta abar zeuden borondatearen truke hartzeko eta leku hura zaintzen zuen Davidekin solasaldi luzea izan genuen. Txiringitoan bertan bizi omen da urte osoan zehar, ia paretarik eta estalperik gabe, eta gau eta egun uzten omen du janari eta edaria kjendeak har dezan. Benetan merezi du geldialdi bat egiteak, eta berarekin solasteak. Gustura egon ginen bertan, baina denbora aitzinera zihoan eta etapa luzea genuen aitzinetik, beraz segitzea erabaki genuen. Jaitsiera azkar baten ondotik Astorgara (870 metro / 49,3 km) ailegatu ginen. Herri dotorea da Astorga eta Donejakue Bideak alde zaharra erdiz erdi zeharkatzen du bertze herrietan bezala. Taberna batean hamaiketako azkarra egin eta etaparen bigarren zatiari ekin genion.

Oasi bat bide erdian


Hemendik aitzin azken egunetako lautadak gibelean utzi eta bideak poliki-poliki goranzko joera hartzen du Leongo mendietan barneratuz. Herriak eta paisaia kilometro gutxitan erabat aldatzen dira eta klima kontinentalak gogortutako mendiek hartzen dute protagonismoa. Ez dira mendi malkartsu eta ikusgarriak, baina bazuen toki hark ere xarma berezi bat. Autoak eta zibilizazioa ia erabat desagertu ziren eta errepide estu eta konkordunak goraka eramaten gintuen. Etengabeko sasiordeka, Rabanal del Camino (1153 metro / 69,5 km) herri politean akitzen da. Hemen, botilak urez bete eta igoera gogortzen da Cruz de Ferro mendateari hasiera ematen zaio. Ez da mendate gogorra eta erraz igo genuen. Bukaeran gindoazela Foncebadon (1430 metro / 75,1 km) herrixka zeharkatu genuen. Aterpetxe eta jatetxe batzutatik aparte ezer gutxi dauka herri honek eta geroago ezagutu genuen benidormeko txirrindulari batek komentatu zigunez, duela urte batzuk Donejakue Bidearen gorakada etorri arte hutsik zegoen herri erdi eroria bertzerik ez zen.

Foncebadon herrixka, Cruz de Ferroko igoeran. Urrunean Leongo meseta
Foncebadonetik goiti pista zati batetik laster harrapatu genuen Cruz de Ferroko (1500 metro / 77,2 km) gaina. Mendate ezaguna da benetan, hau baita Frantziar Bideak zeharkatzen duen punturik altuena. Gainean, harri mukuru baten erdian burdinezko gurutze bat dago eta honek ematen dio gainari izena. Eguneko zailtasunik handienak gaindituta genituen eta argazkia aterata beheranzko bidea segitu genuen.
Cruz de Ferro (1500 metro), bideko punturik altuena

Zati bat jaitsita Bideko bertze leku ezagun batera ailegatu ginen: Manjarinera (1445 metro / 79,5 km). Bertan kokatua dago bide osoko aterperik zaharrena omen dena. Ezer gutxi dauka aterpe hark, baina ezin da ukatu xarma baduela. Barnera sartu eta zaindariarekin solasaldi bat izan eta gero aitzinera segitu genuen. Bertze zatitxo bat haize ufada gogorrek zigortzen gintuztela igo ondoren, parez pare Bierzo eskualdean agertu zitzaigun gure oinetan. Momentu polita izan zen hura! Ponferrada hiria ikusten genuen bailaran eta bertarantz zuzendu ginen bidexka malkartsu eta teknikotik.

Majaringo aterpea
Lehen zati "pro" bat jaitsi ondotik El Acebo (1150 metro / 86,5 km) herrixkara ailegatu ginen. Lasaitasuna arnasten zen bertako kale bakarrean, denboran iltzaturik gelditu izan balitz bezala. Bertan gelditu edo ez erabakitzen aritu ginen pixka batean anitz gustatu baitzitzaigun herria, baina goiz zen oraindik eta hango haize freskoarekin aterpetxe barnean egon beharrak orduak luze eginen zizkigula pentsatu genuen eta ondoko goizeko hotzarekin jaisten hastea ere ez zela onena iritzita jaisten segitzea erabaki genuen.

Bakea El Acebon

Riego de Ambros (930 metro / 89,9 km) herriraino Benidormeko aita-alaba batzukin jaitsi ondotik, errepidetik atera eta berriz ere bidexka zakar eta maldatsuan sartu ginen. Anitz disfrutatu genuen zati honetan eta ziztu bizian sartu ginen gure etaparen bukaera izanen zen Molinaseca (580 metro / 94,6 km) herrira. Ia 1000 metroko jaitsiera teknikoaren ondotik, eskuak nekatuta genituen hainbertze frenatzeaz eta herri hau ikusi orduko bertan geldituko ginela erabaki genuen. Herri sarreran zegoen tipo batek Compostela aterpetxea gomendatu eta bertara zuzendu ginen segidan. Aterpetxe berria da eta ordura arteko onena zen. Hori gutxi balitz, ia bakarrik geunden bertan. Trukoa hartuta genion aferari! Izan ere, onena oinezko etapak akitzen ez diren herrietan gelditzea zela ikasi genuen, askoz ere jende gutxiago topatzen baitzen herri horietan. Dutxatu, garagardotxo batzuk hartu terraza batean eta afaldu ondotik Bide osoan izandako gaurik onena pasa nuen.

Molinaseca


7. ETAPA: MOLINASECA - TRIACASTELA (81,2 km)
Apirilak 20

Amaiera gero eta hurbilago ikusten genuen eta bukatzeko astia izanen genuela argi genuen. Gau ona pasata, Molinasecako (580 metro / 0 km) aterpetxe polita utzi eta gosaltzeko taberna baten bila hasi ginen. Horretan ari ginela, Burgoseko etapan ezagututako bikote euskalduneko neska, bakarrik, topatu genuen. Antza, Ibai bere bikotekideak arazo teknikoak omen zituen bizikletarekin eta El Acebotik Poferradara eraman zuten lo egin zuten aterpetxeko arduradunek, bizikleta tailer batera hain zuzenn ere. Gauzak horrela, plana aldatu eta Ponferradaraino Lorenarekin joanen ginela erabaki genuen eta han gosaldu. Lasai-lasai egin genituen Ponferrada (530 metro / 7,7 km) artekoak, eta han Ibairekin elkartu ondotik, gosaldu eta bikotea tailerrera joaten zen bitartean aitzinera segitu genuen. Hiria gurutzatu eta errepidetxo txikietatik azkar aitzinatu ginen. Kilometro batzuk egin ondotik, saihesbide bat hartu genuen eta pista batzutatik egin genuen Villafranca del Bierzo (500 metro / 31,4 km) herriraino bidea. Azken zati honetan perfilean agertzen ez den bide bat hartu genuen, gogorragoa eta luzeagoa, baina zinez gomendagarria, errepideetatik aparte baitoa. Honenbertzez, Leongo Bierzo eskualdea ia osorik zeharkatu genuen.

Villafrancatik goiti, errepide ondoan oinezko eta bizkletendako prestatutako asfaltozko bidegorri batetik bailara estu batean barneratu ginen. Poliki-poliki igotzen hasi ginen, Bideko bertze mendate ezagun baten bila. Hainbat herrixka pasata, Las Herreriasetik (675 metro / 51,5 km) goiti hasten da portu ezagun hau: O Cebreiro.  Leongo paisaia lehorretik, Bierzo eskualdeak hezeagoa izanik nolabaiteko transizio bat egiten du eta O Cebreiron jadanik eskualde berdeetan murgilduko ginen. Igotzen hasi aitzinetik, zerbait jan herrian eta mendateari ekin genion.

Ongi irabazia dauka bere fama igoera honek, bere gogortasuna baitu. Nire iritziz, lehen etapan gainditu genuen Lepoederrekoaren ondotik hauxe da bigarren gogorrena. Bizikletak asfaltozko errepide txiki batetik igotzen dira, oinezkoena maldatsuegia baita. Hasmentan malda batzuk atsendengune batzukin tartekatzen dira, baina eskuinetara hartzen den bihurgune estu batean %17ko aldapa batek ematen digu ongietorria eta hortik aitzin %14 malda anitz gainditu behar dira, ia atsedenik gabeko 3 kilometrotan. Horri zakuen pisua gehituta eta eguneko ordu horietan egiten zuen beroa kontuan hartuz, izerdi ederrak bota genituen. Laguna (1164 metro / 57,4 km) herrixkara iritsi baino lehen maldak nolabaiteko su-etena eskaintzen digu baina herritik goiti berriz ere tentetzen da ia goraino ailegatu arte. Horrela igo ginen Galiziako atea den O Cebreiro (1296 metro / 60 km) famatura. Berez, mendatea baino aterpetxe eta hainbat zerbitzuz jositako herrixka txikia da, Galizian hemendik aitzin aurkituko genituen bertze askoren antzekoa.

O Cebreiroko igoeratik Bierzo ingurua

Ia gelditu gabe, errepide zabalago bat hartu eta bertze bi gain pasa genituen: Alto de San Roque (1275 metro / 64,3 km) eta Alto do Poio (1335 metro / 68,6 km). Bi gain hauek perfilean ikusten den bezala maldatxo batzuk bertzerik ez dira benetako jaitsierari ekin aitzinetik. Poioko gaina gaindituta, Villafrancatik zapaltzen ari ginen asfaltozko bideak utzi eta bidexka eta bide zoragarrian Lugoko herrixka eta baso arteko jaitsiera zoragarrian barneratu ginen. Nekazal giroko zonaldea da hura eta hango herrixketako baserritar giroak Baztanen duela urte batzuk zegoena ekartzen zidan gogora. Ikaragarri disfrutatu genuen zati honetan, ziztu bizian jaitsiz! Azkar ailegatu ginen Triacastelara (662 metro / 81,2 km) eta oraindik nahiko goiz izan arren, herrian ikusi genuen aterpe polit batean gelditzea erabaki genuen. Atrio da aterpetxearen izena eta benetan ederra iruditu zitzaigun. Jabeek erran zigutenez, erortzen ari zen etxe bat erosi omen zuten eta beraiek egin zuten konponketa guzia. Bejondeiela! Arratsaldea garagardo artean pasa genuen aterpeko lorategi politean eta jatetxe batean primeran afaldu ondotik egun ederrari behar bezalako bukaera eman genion.

Galizian zeharkatu genituen hainbat herrixketako bat

8. ETAPA: TRIACASTELA - MELIDE (81,7 km)
Apirilak 21
Ikaragarria. Hau izanen litzateke hitz batean azken aitzineko etapa deskibratu beharko banu erabiliko nukeen hitza. Bai etaparen edertasunarengatik, eta baita neurri batean gogortasunarengatik ere. Galiziako zelai eta baso berdeen arteko bidexka gorabeheratsuetan egun bikaina pasatu genuen. Paisaia ederra zen, herrixka eta ipuinetako paisaiekin, eta bidea ere bizikletaz ibiltzeko arras entretenigarria. Aspertzeko tarterik gabea.

Jadanik lanak eginda dituenaren moduan, lasai atera ginen Triacastelatik (662 metro / 0 km). Asmoa Melidera heltzea zen eta 80 kilometro pasatxo genituela bagenekien. Aitzineko egun guzietan gehiago eginak genituen eta horrek lasaitasuna ematen zigun. Ez genekien ordea, 80 kilometro hauek atsedenik gabeak zirela, bizikletazko progresioa askoz mantsoagoa zela eta nekea handiago. Herria utzi eta dauden bi aukeretatik San Xilen (870 metro / 3,5 km) barrena pasatzen dena hautatu genuen. maldatsuagoa izan arren indartsu sentitzen ginen eta abentura gogoa genuen. Bidea hasieratik zoragarria zen, herrixka galdu pare bat zeharkatu eta mendian "galtzen" baitzen. Lehen igoera gogor eta motzak Riocabo gainean (900 metro / 5,5 km) utzi gintuen eta jaitsiera tente batean beheiti abiatu ginen ziztu bizian. Jaisten ari ginela, bidetik aterata 350 metrora zegoen alkimista baten etxearen iragarkia ikusi genuen eta zalantzarik gabe bidetik hara desbideratu ginen. Etxera ailegatu eta sukaldean sartu gintuzten eta te bat hartu genuen aita-seme eta azken honen bikotekidearekin. Aitak mineralak lantzen zituen eta etxea bere mineralekin egindako artelanez josia zegoen. Merezi izan zuen handik pasatzeak!
Ziztu bizian Lugoko mendi bidexketan


Denbora dexente eman genuen etxean eta halako batean joateko tenore ere etorri zitzaigun, bide luzea baikenuen zain oraindik. Horrela segitu genuen, gorabehera batzuk tarteko, bide politean eta Sarria (454 metro / 18,5 km) herrira ailegatu ginen. Herria zeharkatu eta bigarren igoera potenteari ekin genion, Barbadeloko (566 metro / 23,1 km) igoerari  hain zuzen ere. Hasiera gogor baten ondotik, bide etzanagoak herrixka honetatik pasarazi gintuen, baina igoera ez zen hemen akitu eta goiti beheiti handiak izan genituen hemendik aitzin. Mendi bide eta errepidetxoek herrixka batetik bertzera eramaten gintuzten (guztira 17 herrixkatatik pasatzen da), batzuetan goraka eta bertzeetan beheraka, paraje ikusgarrian. Niretzat Sarria eta Portomarin arteko Bide osoko zatirik politena izan zen bizikletaz egiteko.

Paisaia berdea eta baserri giro herrixka txikiak egun osoko protagonista

Amaigabeko txirristen ondotik, malda behera batek Miño ibaiaren ertzean dagoen Portomarin (387 metro / 41,6 km) herrian utzi gintuen. Hemen hasten zen eguneko hirugarren igoera luzea, nahiz eta erran bezala egun osoa igoeraz josita egon. Berriz ere lehen malda gogor bat eta igoera luzeak Ventas de Naronen (700 metro / 54,8 km) izanen zuen bere amaiera. jadanik nekatzen hasiak ginen ordurako eta pozez hartu genuen jaitsiera... baina bai zera! Pixka bat jaitsi eta bidea berriz ere gorabehera etengabeekin hasi zen.
Baita baso majikoak ere...

Hala ere, burugogor, gero eta nekatuago baina aitzinera segitu genuen, bidean pasatzen genituen aterpetxeetako deskantsuari uko eginez. Izan ere, gure asmoa eguna Meliden akitzea zen eta ez genuen etsiko bertako olagarrotegi famatuetan gure burua ikusi arte. Eguzki beropean eta nekatuta ailegatu ginen arratsalde erdian Melidera (454 metro / 81,7 km). Aterpea bilatu, dutxatu eta egun osoan zehar desiratutako olagarroa probatzera joan ginen. Etapa bikaina izan zen eta merezitako afariarekin ospatu genuen!

100 kilometro Santiagora ailegatzeko!

9. ETAPA: MELIDE - SANTIAGO DE COMPOSTELA 
(53,7 km)
Apirilak 22

Hasten den guziak omen du bere amaiera eta gure bideari ere bederatzigarren egunean ailegatu zitzaion berea. Bezperan Lugoko larreetan gozatua hartu ondotik 50 kilometro pasatxo bertzerik ez genituen utzi azken egunerako, asmoa goiz ailegatzea baitzen. Izan ere, azken egunean Santiagon lo lekua bilatzea zailagoa zela entzunda genuen eta bizkletak etxera bidaltzeko modua ere bilatu behar genuen. Hortaz, goiz ailegatzea komeni zitzaigun.

Aterpetxe ondoko tabernan gosaldu eta hala abiatu ginen Melidetik (454 metro / 0 km), azken etapa segidan eginen genuelakoan. Hau ordea, bezperako bide gorabeheratsuaren jarraipena zen eta bidegurutze, erreka, herrixka eta malda artean ez zuen zelai izpirik ere! Oraingo honetan, belagi berdeen artetik joan beharrean eukaliptozko baso arteko bide politak bihurtu ziren portagonista. A Coruñako probintziako herrixkak ez ziren bezperakoak bezain politak, ezta malda hain gogorrak ere baina etapa honek ere bazuen berea. Bideam pasa genuen herri handienean, Arzuan (388 metro / 13,9 km), egin genuen ura hartzeko geldialdi bat baina bertze zati guzia ia jarraian egin genuen.

Azken etaparen hasierako mugarria Meliden

Santiagora ailegatzeko hamar kilometro faltan bidean izandako matxura bakarra izan nuen. Nire hanken antzera, bizikletaren gibeleko zirrika gastatua zegoen eta ziri batetik zeharkatu zuen zulatua eraginez. Nola edo hala konpondu genuen eta berriz ere ez zulatzeko behatzak gurutzatuz azken kilometroei ekin genien. Momentu horretan iristea bertzerik ez nuen buruan, eta bizikleta bizkarrena eraman behar banuen ere iritsiko nintzela banekien. Azken kilometroak zorionez asfaltotik egiten dira eta bideko azken maldak gaindituta Monte do Gozoko (372 metro / 49 km) gaima harrapatu genuen poz batek hartu zidan barrena. Gurea zen Bidea!

Azken metroak Tourreko Eliseoetako etaparen antzeko izan ziren, lana eginda genuenaren lasaitasunarekin eta metro bakoitzaz gozatuz. Santiago osoa ikusi genuen Monte do Gozoko gainetik eta poliki-poliki hirian barneratu ginen alde zaharrera ailegatu arte. Azken kilometroetan erromes aise gehiago ikusteak harritu gintuen. Antza, azken 100 kilometroak egiten dituztenei ematen omen zaie Compostelana deitzen den agiria eta hortaz anitzeko azken zatia bertzerik ez omen dute egiten. Alde zaharra zeharkatu eta bizikletak eskuetan hartuta jaitsi genituen Obradoiroko plazara sartzeko jaitsi behar diren eskailerak. Galiziako gaita soinuek alaitzen zuten kalea eta momentu berezia izan zen hura! Bederatzi egun bikainen ondotik, lortu genuen gure helburua! Iritsi ginen Santiago de Compostelara (253 metro / 53,7 km)!
Obradoiroko plazan! Gora gu ta gutarrak!

Ametsa baino, behin baino gehiagotan izandako burutazio hutsa bertzerik ez zen bide hau bizikletaz egitearena... Ez ninduen erlijioak erakartzen eta ez nuen bere edo nire alde espirituala bilatzeko egiten ere... Bizileta hartu eta egunak joan eta egunak etorri momentuaz disfrutatzea, leku berriak ikustea, jendea ezagutzea zen nire nahi bakarra.  Ez nuen espektatiba berezirik jarrita, egun batetik bertzerakoa izan baitzen, baina nire nahi guziak bete eta espektatibak erraz gainditu zituen ibilaldia izan zen.  Biderik ez omen dagoen, eta eginez egiten omen denaren adierazgarri onena...

2017/04/13

Bacias (2760m)

EGUNA: 2017/04/13

IRTEERA: Baños de Panticosa (1636m)

ZAILTASUNA:
  • Eski zailtasuna : S3
DENBORAK:
  • Igoera : 3 ordu eta erdi
  • Jaitsiera: Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Iruñetik Jacako bidea hartu behar da Pirinioetako Autobidean barrena. Jaca zeharkatuta Sabiñanigo aldera jo behar da eta bertara ailegatu aitzinetik Formigal eski estaziora doan errepidea ikusiko dugu. Errepide horretan goiti segiko dugu, Tenako bailaran zehar, eskuinetara Panticosa herrira doan errepidea ikusi arte. Errepide horretatik igoko gara, herria gibelean utzi eta Balneario de Panticosara segituz.

KRONIKA:
Denboraldia arras aitzinatua dago eta mendirik altuenak bertzerik ez dira gelditzen eskiatzeko. Udaberriko oporraldiaren lehen egunean, Panticosako sektorera joan ginen bertako klasiko bat igotzera: Bacias mendia.

8:39 : Baños de Panticosa (1636m)
Casa de Piedrako aterpe zaharrean gaua pasa ondotik goizeko lehen argitan martxan jarri ginen. Casa Belio ondoko eskailerak igo eta GR10aren markei segituz, eskiak bizkarrean, mendia igotzeari ekin genion.


Elur-jausien harresiaren ondoan, Bachimañako aterpe aldera doan bidea utzi genuen eta Brazatoko lakuetara doan hartu.


Bidexkan goiti azkar irabazten dira metroak eskiak bizkarrean eramanagatik ere. 1950 metroko altueran elurra jarraian zen eta eskiak jantzi ahal izan genituen.


Hemendik aitzin eskiak oinetan, elur gogorrean eroso fokeatu genuen.


Panticosako bainuetxeak dauden zulotik atera ahala inguru mendiak agertzen hasi ziren. Irudietan eskuinean Foratula mendiak.


Mendian goiti lehen malda tenteagoak gaindituta zonalde lauagoan barneratu ginen. Leku ederra da neguan honako hau...


Ahal den heinean ezkerretara dauden malda igo behar dira Brazatoko lakuetara.


Tablato eta Foratula mendiak gure gibelean utzi genituen iparralderantz igo bitartean.


Bertze malda tenteago bat gaindituta Brazatoko lakuak dauden zelaia gainditu genuen izen bereko leporantz.


Aitzinean genuen lepoa. Bertara ailegatu eta Baciaseko azken malda ikusiko genuen parez pare.


11:43 : Cuello Alto del Brazato (2578m)
Lepora ailegatuta atseden hartzeko eta zerbait jateko tarte bat hartu genuen.


Bertze aldean Vignemale handia agertu zitzaigun Arako bailararen gaineko aldean.


Baita gure eguneko helburua zen Bacias mendiaren azken malda ere.


Bertara jo genuen segidan. Azken metroetan malda tentetzen da baina arrasto zabala zegoen eta erraz igo ginen.


Ertz zabalean tontorra zapaltzear...


12:42 : Bacias (2760m)
Inguruko mendien ondoan apala izan arren, bere kokapenak begiratoki aparta bihurtzen du bacias mendia eta gailurreko ikuspegia bikaina da. Ekialdean Vignemale eta Gavarnieko mendiak.


Ipar-mendebaldean Garmo Negro, Infierno eta enparauak...


Hegoaldean berriz Tendeñera ingurua, niretzat ezezaguna den zonaldea.


Zerbait jan, argazki batzuk eta beherakoari ekin genion. udaberriko elur ona harrapatu genuen, berandu izan arren mendebaldeko orientazioa baitu mendiak eta horrek beranduago transformatzea dakar.


15:03 : Baños de Panticosa (1636m)
Beherakoa gailurrean ezagututako goierritar kuadrila batekin egin genuen. Irteera ederra Casa de Piedran garagardo batzukin ospatu eta etxera, biharamunean bertze istorio bat zetorren eta...


BIDEOA: